189. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

126/2020 EBAZPENA, uztailaren 6koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira Ledean eta Esan goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.

2020ko urtarrilaren 2an, Eduardo Ryan Murúa jaunak, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU ordezkatuz, proiektuaren administrazio baimena eta onespena eskatu ditu honako instalazio elektriko hau jartzeko:

–Eskatzailea: I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU.

–Espedientea: SAT11059 (Erref.: 2019-061 GES2A Obra 100722345).

–Instalazioaren kokalekua: Esako eta Ledeako udal mugarteak.

–Xedea: inguru horretako horniduraren kalitatea hobetzea.

–Ezaugarri teknikoak: Elkartzea 13,2 kV-eko bi linea elektriko, “Zangoza-Ledea” eta “Zangoza-Esa” izenekoak, eraztun formako sare elektriko bat sortzeko (100-AL1/17-ST1A eroalearen 6.556 metro, eta HEPRZ1 12/20 1x240 K Al+H16 eroalearen 898 metro). Horri esker, matxuraren bat gertatuz gero, puntu hori isolatzen ahal da, eta hornidura bermatu.

–Aurrekontua: 249.848,07 euro.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betez, jendaurrean jarri ziren I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza (2020ko urtarrilaren 31ko Diario de Navarran eta egun bereko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean), eta Esako eta Ledeako Udalei bidali zitzaizkien, jendaurrean jar zitzaten.

Ledeako Udalak, 2020ko otsailaren 26an, txosten bat aurkeztu zuen baimen eskaeraren gaineko adostasuna emanez, baina adierazi zuen ez zirela zenbait ukipen sartu proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendan, honako hauen gainekoak: hiri bideak, herriko bideak (lurperatzea eta airez gurutzatzea) eta linearen trazadurarako sarbide berriak irekitzea.

Txostena igorri zitzaion enpresa banatzaileari, eta, 2020ko martxoaren 6an, I-DE Redes Electricas Inteligentes SAUk honako hau adierazi zuen:

–Jendaurrean jarri da ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatza, eta han sartu dira nahitaez desjabetu beharrekotzat jotzen diren ondasun eta eskubideak. Horregatik, ez dira zerrenda horretan sartu Mártires kalearen gaineko ukipenak edo herriko bideen gaineko ukipenak eta gurutzaketak, horiek guztiak besterenezinak direlako.

–Udalaren txostenean aipaturiko lurzatietan eginen diren sarbideen kasuan, aldi baterako okupaziotzat hartuko dira, instalazio elektrikoaren lanek iraun bitartekoak, eta lurrak hasierako egoerara leheneratuko dira, baita kalteak ordaindu ere, halakorik eginez gero.

Esako Udalak, 2020ko otsailaren 17an, udal arkitektoaren txostena igorri zuen, honako hau adierazten zuena: “Nafarroako Gobernuko Herri-lurren Departamentutik adierazi dute 36. zutoinak partez ukitzen duela 2. poligonoko 309. lurzatia, eta duela 30 urte 7.000 m²-ko desafektazio bat onartu zen lurzati horretan, gasolindegi bat eraikitzeko. Espedienteko planoan ez da argi gelditzen non laga ziren 7.000 m² horiek. Kontuan hartzen bada 7.000 m²-ko eremu hori dagoela lurzatiaren ekialdeko eta mendebaldeko mugen barnean eta errepidearekiko paraleloa dela (hegoaldeko muga), 36. zutoina sartuko zen gasolindegiari lagatako lur horien barnean. Hori arazo bat izan liteke, nahiz eta desafektazioa aurtengo ekainean iraungitzen den.

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk, Esako Udalaren txostenari erantzunez, adierazi du ezen Udalak proposaturiko irizpideak kontuan harturik, egiaztatu dela 36. zutoina ez dagoela gasolindegiari lagatako lur horien barnean.

2020ko apirilaren 7an, Esako Udalak beste txosten bat igorri zuen, gogorarazteko ezen eraikitzeko administrazio baimena eman aurretik honako alderdi hauek bete beharko direla: Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena, NA-2420 errepidea ukitzen delako; arroko erakundearen baimena, eta 20.000 euroko fidantza jartzea, bermatzeko baimenduriko jarduerak sorturiko kalteak leheneratzen edo gutxitzen direla, halakorik sortzen bada.

I-DE Redes Electricas Inteligentes SAUk, Esako Udalaren bigarren txosten horri erantzunez, igorri zituen Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena, eta adierazi zuen eskaturiko fidantza jarriko duela behar den unean.

Red Eléctrica de España SAUren txostenaren arabera (Erref: M/L/20-0225), proiektatutako lineak gurutzatzen ditu Sabiñanigo-Zangoza / Sabiñanigo-Cordovilla 220 kV-eko zirkuitu bikoitzeko lineako 4-5 baoa eta Sabiñanigo-Zangoza 220 kV-eko lineako 538-539 baoa, eta gurutzaketa horiek araudiaren araberakoak dira.

Txostenean jasotzen da Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena (Erref: 2019-L-153), linea elektrikoa gauzatzean airez gurutzatzeko Regallón erreka eta izenik gabeko erreka bat, Ledean eta Esan.

Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 17ko 18/2020 Ebazpenaren bidez, baimena eman zitzaion I-DE Redes Electricas Inteligentes SAUri linea elektrikoa gauzatzean airez gurutzatzeko NA-2420 errepidea (Dorre Elortzibar-Esa), 38+580 KPan (AOP 2020/9 espedientea).

Espedientean Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 6ko 25E/2020 Ebazpena dago, non baimena ematen baitzaio jarduketari, baldin eta baldintza jakin batzuk betetzen badira.

Nafarroako Gobernuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 20ko 89E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion instalazioari.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT:

1. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri administrazio baimena ematea aipatutako instalaziorako.

2. Zehazki deklaratzea instalazioak onura publikoa duela, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

4. Onestea instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Fermín Manrique Larraza bide, ubide eta portuetako ingeniariak sinatua. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak gauzatzeko.

5. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

7. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Zainketa Zerbitzura eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzura.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

10. Ebazpen hau jakinaraztea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Red Eléctrica de España SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

11. Ebazpen hau jakinaraztea Esako eta Ledeako udalei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta aditzera ematea ezen honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko uztailaren 6an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2008878