188. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

234/2020 FORU AGINDUA, uztailaren 24koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez zuzentzen baita Eskubide Sozialetako kontseilariaren ekainaren 2ko 167/2020 Foru Aginduan atzemandako akatsa. Foru agindu horren bidez, sari honetarako deialdia egin zen: “Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren I. Saria”.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren ekainaren 2ko 167/2020 Foru Aginduaren bidez, sari honetarako deialdia egin zen: “Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren I. Saria”. Akats bat atzeman da xedapen horretan, eta bidezkoa da hura zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluaren arabera, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, noiznahi zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitezkoak edo aritmetikoak.

Hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluan, kasuan kasuko egintza edo xedapena eman duen organoari dagokio zuzentzea administrazio egintzetan eta xedapenetan egiten diren akats material, aritmetiko edo egitezkoak. Orobat, akats zuzenketan aipatu beharko dira zuzenketaren ondorio juridikoak eta, jakinarazi edo argitaratu diren egintzak direnean, nahitaez jakinarazi edo argitaratu beharko da zuzenketa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Zuzentzea Eskubide Sozialetako kontseilariaren ekainaren 2ko 167/2020 Foru Aginduan atzemandako akatsa. Haren bidez, sari honetarako deialdia egin zen: “Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren I. Saria”. Hortaz, bosgarren aginduan, honako hau dioen tokian:

“Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan”.

Honako hau behar du:

“Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten”.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Eskubide Sozialetako kontseilariaren ekainaren 2ko 167/2020 Foru Agindua eta haren eranskinak. Foru agindu horren bidez, sari honetarako deialdia egiten da: “Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren I. Saria”.

3. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Foru Agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Administrazio Aferetarako Bulegora eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 24an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M. Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Lehenbizikoa.–Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren I. Sariaren helburua da saritzea Nafarroan gizarte zerbitzuak ematen dituzten erakundeak. Erakunde horiek erabili izanen dituzte zerbitzu, produktu edo eredu berriak, berrikuntzako eta gizartea eraldatzeko parte-hartze prozesuetan garatutakoak, horien bidez aurre egitearren gizarteko erronkaren bati edo batzuei.

Deialdi honen ondorioetarako, “gizarte berrikuntza” da ideia berriak sortzea eta ezartzea (produktuak, zerbitzuak eta ereduak) gizartearen erronkei aurre egiteko. Ideia horiek izanen dira aurrekoak baino eraginkorragoak, efizienteagoak, jasangarriagoak, justuagoak edo eraldatzaileagoak, eta pertsonak gonbidatzen dituzte horien garapenean parte hartzera; horrela, harreman berriak sortzen dira, eta herritarrak ahalduntzea errazten da. Sozialak dira, hala helburuei nola bitartekoei dagokienez.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honetan Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen esparruan lan egiten duten entitate publiko eta pribatuek parte hartzen ahalko dute, irabazi-asmoa izan edo ez.

Hirugarrena.–Sariak.

6.000 euroko saria emanen da, eskudirutan.

Laugarrena.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta baldintzak.

1.–Eskabideak aurkezteko, nafarroa.eus egoitza elektronikoan eskura dagoen eredua erabiliko da.

2.–Hautagaitzak aurkezteko epea 2020ko irailaren 11n amaituko da.

3.–Hautagaitzak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira edo, bestela, Eskubide Sozialetako Departamentuko erregistroan (González Tablas kalea 7, Iruña), honako honetara zuzenduta: Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atala (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia). Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkez daitezke.

4.–Behin hautagaitzak jasota eta horiek onartzeko epea itxita, antolatzaileek lehen hautaketa bat egiten ahalko dute, eta memoriak epaimahaiari igorriko dizkiote, hark erabaki dezan saria nori eman.

Bosgarrena.–Hautagaitzak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.–Hautagaitza bat aurkezterakoan, saria jaso dezakeen “proiektutzat” hartuko da erakundearen jarduera bat, zeinari esleitu baitzaizkio epe bat, aurrekontua eta profesional talde bat, denbora tarte jakin baterako, eta deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan hasi baita. Ez da hartuko “gizarte berrikuntzako proiektutzat” erakundearen ohiko jarduera, ezta erakundeak normalean garatzen dituen programak edota duela zenbait urtetik hona behin eta berriz garatzen dituenak ere.

2.–Hautagaitza aurkezteko, nafarroa.eus egoitza elektronikoan eskura dagoen eskabide eredu normalizatua beteko da, behar bezala eta oso-osorik.

3.–Hautagaitza horrekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Gizarte berrikuntzako proiektuari buruzko deskripzio memoria, nafarroa.eus egoitza elektronikoan dagoen eredu normalizatuari jarraikiz idatzia.

Atal hauek edukiko dituzte:

1.–Identifikazioa.

1.1. Erakunde eskatzailea(k).

Erakundea edo erakundeak identifikatzeko datuak (izena, IFK, harremanetako datuak, deialdiaz arduratuko den pertsona...) eta zuen profilaren deskripzio laburra (gomendaturiko gehieneko luzera: 500 karaktere).

1.2. Proiektua.

Proiektuaren izenburua, non esku hartu den, noiz hasi eta bukatu den, aurrekontua eta deskripzio laburra.

2.–Zertan jarri duzuen arreta.

2.1. Erronka.

Jarduketa eremuko testuinguru sozial eta ekonomikoaren deskripzio laburra eta arazo sozialaren analisia. Proiektuaren xede izan den erronka zehatza (gomendaturiko gehieneko luzera: 1.500 karaktere).

2.2. Jatorria.

Nola sortu zen ekimena? Nortzuek pentsatu eta diseinatu zuten? (Gomendaturiko gehieneko luzera: 500 karaktere).

2.3. Helburuak.

Zer helburu finkatu zenituzten? (Gomendaturiko gehieneko luzera: 1.000 karaktere).

2.4. Pertsonak.

Deskribatu proiektuan parte hartu zutenen profila (onuradun esan ohi zaie), eta kopuruak eman, sexuaren arabera bereizirik (gomendaturiko gehieneko luzera: 500 karaktere).

3.–Zer egin duzuen.

3.1. Konponbidea.

Zer konponbide garatu duzue? (Gomendaturiko gehieneko luzera: 1.000 karaktere).

3.2. Berrikuntza.

Zergatik da konponbide hori berritzailea gizartearentzat? (Gomendaturiko gehieneko luzera: 750 karaktere).

3.3. Jarduera.

Zer jarduera zehatz egin dituzue? (Gomendaturiko gehieneko luzera: 750 karaktere).

3.4. Errekurtsoak.

Nortzuek aritu zarete proiektuan lanean, eta zer baliabide material eta ekonomiko erabili dituzue? (Gomendaturiko gehieneko luzera: 750 karaktere).

4.–Zeharkako ikuspegia.

4.1. Parte hartzea eta ahalduntzea.

Nola planteatu duzue parte-hartzea? Sistemarik garatu duzue norberaren garapena eta ahalduntzea sustatzeko eta autonomia eta gizarte sarea indartzeko? Zer eginkizun izan dute pertsonek proiektuaren garapenean eta erabakiak hartzean? (gomendaturiko gehieneko luzera: 1000 karaktere).

4.2. Generoa.

Nola landu duzue genero ikuspegia proiektuan? (gomendaturiko gehieneko luzera: 500 karaktere).

4.3. Ekitatea eta irisgarritasuna.

Neurri zehatzik hartu duzue zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen ekitatea eta parte-hartzea sustatzeko? Nola heldu diozue irisgarritasunaren gaiari? (Gomendaturiko gehieneko luzera: 500 karaktere).

4.4. Jasangarritasuna.

Kontuan hartu dituzue ingurumen jasangarritasunaren irizpideak? (Gomendaturiko gehieneko luzera: 500 karaktere).

5.–Lortu duzuen inpaktua.

5.1. Emaitzak.

Zer emaitza izan dituzue (kuantitatiboak eta kualitatiboak)? Proiektuak zer balio sozial eta ekonomiko ekarri die inplikaturiko interes taldeei? (Gomendaturiko gehieneko luzera: 750 karaktere).

5.2. Transformazioa.

Proiektuak sortu du egiturazko aldaketarik, arazoaren kausekin zerikusia duenik? Eraldatze sozialik izan du (harremanak, parte hartzea, enplegagarritasuna, aldaketak ekosisteman, kulturan, erabakitzeko gaitasunean, norbere autonomian...)? Aldaketa iraunkorrik sortu du, proiektua bukatu ondoren iraunen duenik? (Gomendaturiko gehieneko luzera: 750 karaktere).

5.3. Erreplikagarritasuna eta eskalagarritasuna.

Proiektuaren inpaktua handitu daiteke? Proiektua eskalagarria, erreplikagarria edo imitagarria da? Biderka daiteke bere inpaktua epe ertainean? Elkarlanean egin da, zabal dadin eta inpaktu handiagoa izan dezan? (Gomendaturiko gehieneko luzera: 500 karaktere).

5.4. Jarraitutasuna denboran.

Emaitzak edo jarduerak denboran luzatzen ahalko dira? Sortu da aldaketa iraunkorrik, mantenduko denik proiektua bukatuta edo finantzaketa etenda ere? Sozialki edo ekonomikoki autosufizientea da proiektua edo haren zati bat? (Gomendaturiko gehieneko luzera: 750 karaktere).

b) Aurkezten den gizarte berrikuntza erreproduzitu eta hedatzeko baimena, ziurtatua.

4.–Ez da aintzat hartuko beste lehiaketa batean saria eskuratu duen berrikuntzarik.

5.–Ez da onartuko hautagaitzarik baldin sari hau jaso badu azken bi edizioetan: Nafarroako Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzuen Kalitatearen Jardunbide Egokien Saria, Tomás y Lydia Recari García fundazioak emana.

Seigarrena.–Epaimahaia.

1.–Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

–Eskubide Sozialetako kontseilaria.

–“Tomás y Lydia Recari García” fundazioko lehendakariordea.

–Hala gizartean nola berrikuntzaren eta gizarte zerbitzuen arloan izen ona duten hiru pertsona. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia eta “Tomás y Lydia Recari García” fundazioa ados daudela izendatuko dira mahaikide horiek, eta horietariko bat izanen da epaimahaiburua.

–Epaimahaiko idazkaria izanen da, hitza duela baina botorik ez, Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Ataleko burua. Atal hori dago Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusian.

Epaimahaiaren osaera jendaurrean jarriko da epaimahaiak hartutako erabakiarekin batera.

2.–Epaimahaiaren funtzionamendua bat etorriko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean jasotako arauekin. Foru araudian xedatzen ez den orotan, berriz, aplikatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

3.–Epaimahaiak hautagaiak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie parte-hartzaileei, eta hautagai diren entitateak “in situ” bisitatzen ahalko ditu.

4. Bidezko baderitzo, epaimahaiak aholkulari teknikoei deitzen ahalko die.

Zazpigarrena.–Balorazio irizpideak.

1.–Saria emateko proposamena egiterakoan, epaimahaiak irizpide hauek aplikatuko ditu:

Garrantzia.

Proiektuaren xede den erronka sozialaren inportantzia eta proiektuaren helburuen egokitasuna eta garrantzia.

Parte hartzea.

Proiektuan garaturiko parte hartzeko eta ahalduntzeko prozesuen hedapena eta sakontasuna.

Berrikuntza.

Prozesuaren eta garatutako konponbidearen berrikuntza maila; hots, proiektua bera eta hura gauzatzeko era berritzaileak diren. Zenbateraino den desberdina eta hobea edo, bestela esanda, ohiko konponbideak baino efizienteagoa, bidezkoagoa, jasangarriagoa edo eraldatzaileagoa.

Eragina.

Proiektuaren bidez lortutako emaitzak eta sorturiko balio soziala.

Transformazioa.

Proiektuak gizartean sortu duen egiturazko aldaketa, arazoaren kausetan eragina izan duena, eta ez soilik haren sintometan. Proiektuak bultzatu dituen aldaketak (harremanetan, gaitasunetan, botereetan, zereginetan, aurreiritzietan, oztopoetan...), denboran iraunen dutenak.

Erreplikagarritasuna.

Proiektuak sortu duen gaitasuna bere inpaktua handiagoa izan dadin denboran aurrera egin ahala (haren diseinuari esker, irekia delako, elkarlanean aritu delako...), proiektua berriz garatzen ahal delako beste ingurune batean edota beste erakunde baten gidaritzapean (erreplikagarritasuna) edo hedatzen ahal delako (eskalagarritasuna).

Iraunkortasuna.

Proiektuaren jasangarritasun soziala eta finantzarioa; hau da, era autosufizientean denboran iraun ahal izatea etengabean berariaz finantzatzen egon beharrik gabe.

Generoa.

Nola eta zer mailatan hartu den kontuan eta landu den genero ikuspegia proiektuan.

Ekitatea.

Nola eta zer mailatan hartu den kontuan eta landu den ekitatearen eta irisgarritasunaren sustapena, zentzu guztietan.

Jasangarritasuna.

Ingurumenaren gainean sortu duen inpaktu positiboa.

Koherentzia.

Proiektuaren guztizko koherentzia, haren atalen arteko lotura logikoa; hots, erronka sozialaren, helburuen, jardueren, baliabideen, emaitzen, zeharkako ikuspegien eta inpaktuaren arteko lotura.

2.–Oro har, hautagai bakar bat proposatuko du epaimahaiak, saria hari eman dakion. Hala ere, salbuespenez, epaimahaiak honako hau ere proposatzen ahalko du:

• Hautagai bat baino gehiago saritzea, ex aequo. Epaimahaiak berariaz arrazoitu beharko du zergatik hartzen duen erabaki hori. Kasu horretan, sariaren diru zenbatekoa zati berdinetan banatuko da saritu guztien artean.

• Saria eman gabe uztea, ez baldin badago merezimendu aski frogatu duen hautagaitzarik, epaimahaiaren ustez.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

1.–Epaimahaiak erabakia hartzen duen egunean emanen da aditzera erabaki hori.

2.–Eskubide Sozialetako kontseilariak emanen du saria, foru agindu baten bidez. Interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Bederatzigarrena.–Saria ematea.

Jendaurreko ekitaldi bakar batean entregatuko eta zabalduko da saria, Eskubide Sozialetako Departamentuak deialdia eginik 2020ko azken hiruhilekoan, eta gonbita eginen zaie epaimahaikideei eta hautagaitza aurkeztu duten erakunde guztiei.

Hamargarrena.–Betebeharrak onartzea.

Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren I. Sarian parte hartzeak berekin dakar hura arautzen duten oinarri guztiak bere horretan onartzea.

Halaber, parte hartzea Gizarte Berrikuntzaren Saria entregatzeko eta zabaltzeko jardunaldietan, Eskubide Sozialetako Departamentuak antolatzen dituen horietan.

Hamaikagarrena.–Administrazioaren konpromisoak.

Sariketaren prozesuan parte hartzen dutenek konfidentzialtasuna gorde beharko dute haren nondik norakoez.

Eskubide Sozialetako Departamentuak, Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atalaren bitartez (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari atxikia), informazioa emanen du deialdiaren oinarrien gainean, telefonoz nahiz posta elektronikoz.

Eskubide Sozialetako Departamentuak ahaleginak eginen ditu saria eta sariduna komunikabide arrunt eta espezializatuetan ezagutarazteko.

Hamabigarrena.–Gorabeherak eta ustekabeak.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiak ebatziko du gerta litezkeen gorabeherez eta oinarriotan ezartzen ez diren kasuez.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Sariaren gaineko ebazpena ematen duen foru aginduaren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Izena emateko formularioa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2008381