186. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

89E/2020 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Iruritako Ibur inguruko goi horniduraren proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona, Baztango udal-mugartean. Sustatzailea Santiago Ariztia Arraztoa da.

2019ko azaroaren 5ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Goi presioko ur horniduraren eta saneamenduaren garraiobideak, beste eranskinetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean egiten badira). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena emateaz edo ukatzeaz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko dituela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jarduerak ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluko ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren bidez, uraren goi hornidura sistema jarriko da, sustatzaileak Baztango (Irurita) 75. poligonoko 37. lurzatiko nabe batean daukan abeltzaintzako ustiategirako (behor aziendako 10 buru eta ardi aziendako 50 buru). Irurita-Eugi NA-1740 errepidearen mendebaldera 100 metrora, eta Artesiagako errekaren mendebaldera 20 metrora kokatutako belardia da lurzatia. Proiektatzen diren tutuak 330 metro luze izanen dira, polietilenozkoak, hazbete bateko diametrokoak, eta zanga batean lurperatuta joanen dira 40 cm sakon. Harguneko kutxatila 60x60x60 zentimetrokoa izanen da, hormigoizkoa, eta 70. poligonoko 184. lurzatitik igarotzen den errekan kokatuko da, baso eremuan. Hargunetik trazadura, 50 bat metroko luzeran, paraleloki proiektatzen da zidor sumagaitz batetik erreka horren eskuin ertzetik 3 metrora baino gutxiagora, eta 1.000 litroko (1x1x1 m) polietilenozko biltegi bat proiektatzen da, hargunetik 40 metrora lurperatuta, errekatik hain hurbil dagoen alde horretan. Gero trazadura belarditarako erabiltzen den 70. poligonoko 183. lurzatitik iragaten da, bide publikoa gurutzatzen du eta Artesiagako erreka zeharkatzen du zubiaren goialdetik; horren ondoren, hornitu behar den nabea dagoen belardi lurzatira iristen da. 170 metro inguruko azken zati hori Belateko ES2200018 KBEaren ekialdeko mugarekin bat dator.

Baso eremuko trazaduraren ingurua landarez osatzen da, haritz gorriz (Quercus rubra) eta hurritzez (Corylus avellana). Trazaduraren azken tartea (azken 170 metroak) Belate KBEaren ekialdeko mugarekin bat etorri arren, Artesiagako errekako gurutzagunearen inguruan, jarduketa eremuan ez dago Batasunaren intereseko habitatik, ez KBE horren kudeaketa planean nagusitzat jotzen den natura baliorik eta, gainera, erreka hori zeharkatzeko tutuak zubiaren goialdetik jarriko dira, haren ibilguari eragin gabe.

Espedientean Baztango Udalaren 2019ko azaroaren 4ko aldeko txostena jaso da. 2020ko ekainaren 11n Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena eman zuen. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Iruritako Ibur inguruko goi horniduraren proiektuari, Baztango udal-mugartean. Sustatzailea Santiago Ariztia Arraztoa da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Lanak hasi aurretik, argi mugatuko da tokian bertan hargunearen trazadura.

–Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lan eremuko eta ertzetako sastrakak kenduko dira; ahal dela, adarrak inausi eginen dira, zuhaitzak bota beharrean. Adarrak modu garbian ebakiko dira, urratu gabe.

–Obrak egitean, zuhaitz eta/edo zuhaixkak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Basoak Kudeatzeko Atalari, bat etorriz Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori) eta hura garatzen duen erregelamenduarekin.

–Egin beharreko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran zangaren azala estaltzen eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.

–Lur soberakinak jarri eginen dira, topografian ahalik eta gehien integratzen ahaleginduz eta malda etenak dituzten eremuak sortzea saihestuz. Gainera, topografia berriarekin ez da aldatuko lurrazaleko drainatze sarea. Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak.

–Ura hartuko den errekaren agorraldian eginen dira obrak, eta tamaina txikiko makineria erabiliko da.

–Proiektatutako biltegia beteta dagoenean, harguneko kutxatilak errekara bideratuko du ura, errekak une oro emaria izan dezan.

–Trazadura ahalik eta gehien urrunduko da ura hartuko den errekatik eta ahal diren bitarteko guztiak jarriko dira haren ibilgura lurrak isurtzea ekiditeko.

–Artesiagako erreka zubiaren goialdetik gurutzatuko da, landaretza naturalari inolaz ere eragin gabe, eta gainera pilaketa gunea haren ingurune hurbilenetik urrun jarriko da.

–Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia. Hormigoi freskoa ibilguan botaz gero, arrain fauna berehala hilko litzateke.

–Lanak bukatzean garbiketa eginen da, proiektuaren jarduketa-eremuan geratutako hondar eta zabor guztiak kentzeko. –Sortzen diren material soberakinak edo hondakinak era egokian kudeatu behar dira, haien izaeraren arabera, indarrean dagoen hondakinei buruzko araudiarekin bat etorriz.

–Sustatzaileak obrak hasi aurretik horren berri emanen dio Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoko Koordinazio Unitatea) 48 ordu lehenago, eta obretan gerta daitekeen edozein gorabeheraren berri ere emanen dio. Horretarako, gmabidasoa@navarra.es helbidera mezu elektronikoa bidali beharko du edo 608245812 telefonora deitu.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen horrek ura dagoen abeltzaintza nabera eramatea baino ez du babesten, aurkeztutako dokumentazio teknikoan ageri diren ezaugarriekin, sustatzaileak kudeatzen duen abeltzaintzako ustiategiari lotuta.

–Baimena hirugarrenak kaltetu gabe ematen da, lurzati pribatuetatik iragateari dagokionez.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk hornidura sarera konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.

–Herri-lurren Atalaren 2020ko ekainaren 9ko txostenarekin bat etorriz, Baztango Batzar Nagusiak espediente bat tramitatu beharko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezartzen denaren arabera. Foru dekretu horrek Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onetsi zuen. Espedienteak jendaurreko informazioa behar du, gutxienez 15 egunez, eta Foru Komunitateko Administrazioak onartzea.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, sustatzaileak Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko du, jarduketa Artesiagako errekatik hurbil baitago.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean, gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak automatikoki bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalteak sortzen baditu eremua lehengoratzeko edo kalteak gutxitzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Baztango Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoko Koordinazio Unitateari) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko uztailaren 21ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2008059