186. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

79E/2020 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 4ko 14E/2019 Ebazpena. Ebazpen horren bidez, 2019ko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren laguntza hauetarako: Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barneko 16.2 azpineurria, “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea”.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan. Bestalde, lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoak, landa garapenerako politikaren helburuak finkatzen ditu, testuinguru estrategikoa ezartzen du eta landa garapenerako politika gauzatzeko hartu beharreko neurriak zehazten ditu. Erregelamendu horrek, orobat, indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua. 35. artikuluan, “Lankidetza” izeneko neurria ezartzen du.

Batzordearen azaroaren 18ko 8143 (2015)C Exekuzio Erabakiaren bidez, Europar Batasunaren erakundeek Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programa onetsi zuten. Programa horretan M16 neurria ageri da, “Lankidetza” izenekoa, 16.2 azpineurria duena, “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea” izenekoa.

“Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea” izeneko laguntzen helburua da baliabideen produkzio eredu jasangarri eta eraginkorra lortzea, kudeaketa, produkzio, fabrikazio eta merkaturatze sistema berritzaileak eta diziplina anitzekoak erabiliz, batez ere nekazaritzako elikagaien sektorean. Ahalegin berezia egin behar da landa sektoreko eragile guztien lankidetza, kooperazioa eta koordinazioa hobetzeko, eta horretarako Zientzia-Teknologia-Enpresa-Gizartea-Administrazioa sistema aplikatu.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiak azaroaren 4an emandako 1182/2019 Ebazpenaren bidez, 2019ko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren laguntza hauetarako: Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barneko 16.2 azpineurria, “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea”, LGENFekin batera finantzatua.

Oinarri arautzaile horiekin bat, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 27E/2020 Ebazpenaren bidez erabaki zen laguntzak ematearen eta ezestearen gainean, eta lankidetzarako 12 proiektu pilotu berritzaile onetsi ziren, guztira 1.300.000,00 euroko laguntza publikoarekin, Nafarroako Gobernuaren Aurrekontuetako 2022ko ekitaldiaren kargura. LGENFen bidez finantzatu zen horren guztiaren %65.

Alabaina, bizi dugun alarma egoera honetan (halaxe deklaratu baitzuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, haren bidez deklaratu baitzen alarma egoera COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez), baliteke larriki kaltetu izana emandako dirulaguntzaren esparruan martxan dauden proiektu pilotu berritzaileetako jarduera batzuk, edo aurreikusitako berrikuntza prozesuen garapena ere. Horregatik, beharrezkoa da jarduketen prozesuak egokitzea edo aldatzea, ezarritako helburuak lortu ahal izateko eta saihesteko entitate eskatzaileek kalterik jasatea alarma egoeran hartutako neurrien ondorioz.

Neurri honi aplikatzen zaio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Ebazpen honek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2040 Programaren Kudeaketa Agintaritzaren oniritzia jaso du.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea, ebazpen honen I. eranskinean jaso bezala, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 4ko 14E/2019 Ebazpena, zeinaren bidez onetsi baitziren 2019ko deialdia eta oinarri arautzaileak laguntza hauetarako: Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barneko 16.2 azpineurria, “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea”.

2. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko uztailaren 24an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

ALDAKETA, LANDA GARAPENEKO ZUZENDARI NAGUSIAREN AZAROAREN 4KO 14E/2019 EBAZPENARENA. HORREN BIDEZ ONETSI ZIREN 2019KO DEIALDIA ETA OINARRI ARAUTZAILEAK LAGUNTZA HAUETARAKO: NAFARROAKO 2014-2020 LANDA GARAPENEKO PROGRAMAREN BARNEKO16.2 AZPINEURRIA, “PROIEKTU PILOTUEI ETA PRODUKTU, PRAKTIKA, PROZESU ETA TEKNOLOGIA BERRIEN GARAPENARI LAGUNTZEA”

Aldatzen da Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 4ko 14E/2019 Ebazpenaren I. eranskina, honela:

1. Bigarren paragrafo bat gehitu zaio azaroaren 4ko 14E/2019 Ebazpenaren I. eranskineko 12.3 oinarriari. Honela idatzita gelditu da:

“3. Parte-hartzaile bakoitzaren jardueren aurrekontua ezin da izan lankidetza-proposamenaren guztirako zenbateko diruz lagungarriaren %10etik beherakoa.

Nolanahi ere, ordaintzeko eskaeran antzematen bada parte-hartzaileren baten aurrekontua %10etik beherakoa dela, ez zaio proiektuaren guztirako zenbateko diruz lagungarriari jasanaraziko eta ez die gainerako parte-hartzaileei eraginen, baldin eta entitate koordinatzaileak frogatzen ahal badu, agintari eskudunak onartzeko moduan, horren arrazoia hau dela: hedapen-, transferentzia- eta/edo prestakuntza-jarduerei lotutako gastuek ezusteko eta ezinbesteko faktore batzuen eragina izan dutela, baldin faktore horiek hauen ondorio badira: COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak ekarritako ezohiko egoera, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren aplikazioa eta osasun arloko agintariek gerora jarritako mugak (hasiera batean planteatutako helburu eta justifikazio berarekin egin badira)”.

2. 19.2.d) oinarria gehitu zaio azaroaren 4ko 14E/2019 Ebazpenaren I. eranskinari. Honela geldituko da idatzita:

“d) Alarma egoera deklaratzen den egunetik aurrerako ondorioekin, laguntzak emateko ebazpena aldatzen ahalko da, entitate koordinatzaile onuradunak hala eskatuta, horrek partzuergo onuraduna aldatzea badakar, nahiz eta laguntzak emateko lortutako puntuazioa gutxitu. Betiere, baldintza hauek bete beharko dira modu metagarrian:

I.–Partzuergo onuradunak frogatu ahal izatea, agintari eskudunak onartzeko moduan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua aplikatzeak ekarritako ezohiko egoeraren ondoriozko ezusteko eta ezinbesteko faktore batzuk tarteko, entitate parte-hartzaile bat edo batzuk desagertu edo desegin d(ir)ela, edo bertan behera utzi behar izan ditu(zt)ela jarduerak, eta ezinbestekoa dela beste entitate batekin ordeztea, haren ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuaren jarduerekin jarraitu eta helburuak lortu ahal izateko. Goian aipatutako errege dekretuaren bidez deklaratu zen alarma egoera COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez. Ondorio horietarako, ezinbesteko arrazoitzat joko da, betiere, hartzekodunen konkurtsoa deklaratzea edo ezintasun materiala enplegu-erregulazioko espedienteek edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek aurreikusitako eginkizunak gauzatzeko, hiru kasu horietako edozeinetan, egoera alarma egoeraren adierazpenetik eratortzen denean. Norberaren konturako langileen kasuan, ezinbesteko arrazoitzat joko da aitortua izatea ohiz kanpoko prestazioa, hots, COVID-19aren inpaktu sozial eta ekonomikoari aurre egiteko presako neurri bereziei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan arautzen dena.

II.–Proposatutako entitate parte-hartzaile berriak ordezkatuko duenaren antzeko profila eta rola izan beharko ditu, eta, gutxienez, jatorrizkoaren balio bera eman beharko dio partzuergo onuradunari. Egiaztatu beharko da parte hartzen duen entitate onuradun berriak betetzen dituela araudian eskatzen diren baldintza guztiak. Beharrezkoa izanen da aurkeztea oinarri arautzaileetan eta deialdian aurreikusitako dokumentazio administratibo guztia, bai eta beste dokumentu lotesle edo hitzarmen bat sinatzea ere, non zehaztuko baitira elkarrekin hartzen dituzten konpromiso eta betebehar berriak diruz lagundutako jarduketak gauzatzeko.

III.–Ezinezkoa bada partzuergoa uzten duen entitatearen ordez antzeko profila eta rola dituen beste bat jartzea, partzuergoan parte hartzen duten gainerako entitateek beren gain hartzen ahalko dituzte jarduerak. Horretarako, dagokion aldaketa tramitatuko da, eta gastuak eta konpentsazioak doituko dira parte hartzen duten entitateen eta gastu-kategorien artean, deialdiak baimentzen dituen mugen barnean”.

Iragarkiaren kodea: F2008314