186. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

152E/2020 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: “Laguntzak, lehiakortasunerako eta enpresa berrikuntzarako plataformen eta klusterren elkarlan proiektuak gauzatzeko 2020an”. DDBN identifikazioa: A motako proiektuak: 507.689. B motako proiektuak: 507.697.

Nafarroako Gobernuak Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (S3-Nafarroa) eguneratu zuen 2016an, eta ahalegina egin zen baliabide gehienak bideratzearren eskualdeko ekonomia pizteko ahalmenik handia duten arlo ekonomikoetara. Hori horrela, klusterrekin lan egitea da estrategia hori ezartzeko tresna nagusietako bat.

Klusterretan parte hartuz enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duen elkarlana sustatzearren, 2016. urtetik laguntzen deialdi bat onesten da urtero, zeina aldatu egiten baita biltzen den esperientziaren arabera eta xedeko elkarteen errealitatearen arabera.

2020ko deialdi honen berrikuntza da, iazkoarekin alderatuta, bi jarduketa mota lagunduko direla diruz: alde batetik, klusterrak berak egindako sendotze jarduketak; eta, bestetik, klusterren, plataformen eta beste elkarte batzuen elkarlan proiektuak, urte batekoak edo gehiagokoak izanen direnak, nolakoa den proiektua.

Jarduketa horiek premia berezia dute COVID-19aren osasun krisiak eragindako aparteko egoeran, horrek era globalean eragiten baitio Nafarroako enpresa-ehunari, eta, hortaz, ekonomiari. Klusterretan integraturiko elkarlan eredua tresna garrantzitsua da informazioa lortzeko, behar komunak hautemateko, erronkei aurre egiteko eta ekintza estrategikoak martxan jartzeko, zeinak lagungarri izanen baitira Nafarroako enpresentzat eta gizartearentzat, pandemiak eragin duen krisi ekonomiko eta enpresarialari aurre egiteko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak, foru legea baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea lehiakortasunerako eta enpresa berrikuntzarako plataformen eta klusterren elkarlan proiektuei laguntzak emateko 2020ko deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretatik:

810001-81100-4819-422200: Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana

456.246,00

Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretatik, 2020ko Aurrekontuan dagoen partidaren balio bereko partida:

810001-81100-4819-422200: Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana

150.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko uztailaren 29an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza honen helburua da Nafarroako enpresen arteko elkarlana sustatzea, eta, orobat, enpresek beren eraginkortasuna hobetzen duten proiektuetan parte har dezatela, lehiakortasunerako eta enpresa berrikuntzarako plataformen eta kluster erakundeen bitartez.

Lehiakortasuna hobetzeko jarduketa horiek premia berezia dute COVID-19aren osasun krisiak eragindako aparteko egoeran, horrek era globalean eragiten baitio Nafarroako enpresa-ehunari, eta, hortaz, Nafarroako ekonomiari. Klusterretan integraturiko elkarlan eredua tresna garrantzitsua da informazioa lortzeko, behar komunak hautemateko, erronkei aurre egiteko eta ekintza estrategikoak martxan jartzeko, zeinak lagungarri izanen baitira Nafarroako enpresentzat eta gizartearentzat, pandemiak eragin duen krisi ekonomiko eta enpresarialari aurre egiteko.

Elkarlan eredu integratu hori enpresekin komunikatzeko bide zuzena da, bereziki, erakunde horietan taldekaturik dauden enpresarik txikienetara ailegatzeko, eta horri esker azkar eta kapilaritate handiz helarazten ahal dira informazioa eta kontsultak, une bakoitzean sortzen diren fronteei aurre egiteko (aplikatzea alarma egoerak eskatzen dituen betebeharrak, lan arloko neurriak, segurtasun protokoloak, jarduerari berriz ekiteko babes neurriak, beharrizanen azterketa, berpizteko estrategiak, etab.).

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) Kluster erakundea (hemendik aurrera, klusterra): balio kate baten ezagutza entitate, erakunde eta enpresen multzoa, bere bazkideen lehiakortasuna hobetzea bilatzen duena elkarlanaren bitartez; balio kate hori izan daiteke S3-Nafarroa estrategiaren lehentasunezko arloetako merkatu batera edo merkatuaren segmentu batera orientatua, edo teknologia erraztailea eskaintzera.

b) Enpresa berrikuntzarako eta lehiakortasunerako plataforma (hemendik aurrera, plataforma): entitate independenteek (konparazio batera, enpresak, ikerketa eta ezagutza erakundeak eta antzeko beste eragile ekonomiko batzuk) osatutako egiturak edo talde antolatuak, izaera juridikoa bai baina irabazteko asmorik ez dutenak, jarduera berritzailea edo lehiakorra sustatzeko helburua dutenak proiektu pilotuak gauzatuz, ezagutza teorikoa eta praktikoa trukatuz eta balioztatuz, sareak sortuz, informazioa hedatuz eta enpresen eta beste erakunde batzuen arteko elkarlanaren bidez.

2. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Honako eremu hauetan sartu beharko dira jarduketa diruz lagungarriak:

a) S3-Nafarroa Estrategiaren lehentasunezko arlo ekonomikoak (Automozioa eta mekatronika, Elikakatea, Energia berriztagarriak eta baliabideak, Osasuna, Turismo integrala eta Sorkuntza industriak eta industria digitalak).

b) Arlo horietako teknologia erraztaile bat.

c) Nafarroako 2020 Industria Planean identifikatutako balio kate erraztaileetako bat.

2. Jarduketa ildo diruz lagungarriak honako hauek dira:

2.1. A ildoa. Klusterrak sendotzea.

Ildo honetan, klusterren egitura sendotzeko jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

2.1.1. Klusterraren funtzionamendurako oinarrizko jarduerak:

a) Kudeaketa: Kudeaketako jarduera komunak: klusterra sustatzea, bisitak eta bazkideak lortzea, batzarrak eta bilerak antolatzea, erakundeen ordezkaritza, erakundearen kudeaketa ekonomiko administratiboa (kontuak, laguntzak, kuotak...).

b) Komunikazioa: Klusterraren komunikazio jarduketak, sarean presente egotea, informazio aldizkariak, hirugarrenen jardunaldietan elkarlanean aritzea, jarduera propioak eta hirugarrenenak zabaltzea.

c) Jardunaldiak eta networkinga: Jardunaldiak antolatzea, baita prestakuntza ekintzak, mintegiak eta ekitaldiak ere, klusterraren edo sektorearen zabaltze jardueraz, teknologiei buruzko informazioaz edo joera orokorrez.

d) Urteko kudeaketa planak: egokitzapen lanak, plan estrategikoa oinarri hartuta urteko jarduerak definitzeko.

2.1.2. Egiturazko jarduera aurreratuak:

a) Lankidetza dinamizatzea: enpresetako taldeak, batzordeak edo lan mahaiak (iraunkorrak edo aldi baterakoak) dinamizatzea eta haien gaineko jarraipena egitea, lan egituratu baten bidez, gai bat ardatz hartuta edo baterako helburu bat betetzera bideratuta (adibidez, I+G proiektuak definitzea, zerbitzu partekatuak...).

b) Merkaturatzea eta nazioartekotzea: Nazioarteko nahiz estatuko merkataritza sustatzeko ekitaldiak antolatzea, atzerrian egiten diren azoketara joatea, zuzeneko eta alderantzizko misio komertzialak, merkatu azterketak, edo Nafarroako Nazioarteko Planeko jarduketekin elkarlanean aritzea.

c) Berrikuntza: zerbitzu propioak, bideraturik daudenak I+G+b-a (teknologikoa nahiz ez-teknologikoa) sustatzeko enpresetara, eskaria-eskaintza bitartekaritza edo zaintza teknologikoa.

d) Estrategia: klusterra epe ertainean antolatzeko plan estrategikoa, klusterraren mapaketa edo ezaugarritzea, zaintza estrategikoa eta lehiakortasunerako adimena.

2.1.3. COVID-19ari loturiko premiazko neurriak:

a) COVID-19 neurriak: oinarri honetako 2.1.1 eta 2.1.2 apartatuei dagozkien ekintzak, berariaz bideraturik daudenak egungo osasun krisiari eta haren ondorio sozial, ekonomiko eta enpresarialei aurre egitera, hala nola komunikazio eta informazio ekintzak, erakunde publikoekin solaskide aritzea, informazioa ematea laguntzei eta aplikatzen den araudiari buruz, batera hausnartzeko espazioak, arrisku ekonomikoan dauden enpresak identifikatzea eta suspertzeko jarduketak (esaterako, balio katearen etenerako irtenbideak edo eskaria berrindartzekoak, norbera babesteko ekipamenduak taldean erostea...).

2.2. B ildoa. Elkarlan proiektuak.

Jarduketa ildo honen xedea da kluster bateko edo berrikuntza plataforma bateko enpresen lehiakortasuna eta berritzeko ahalmena sendotzea.

Ildo honen barnean, diruz lagunduko dira bazkideen lehiakortasuna hobetzeko asmoz esparru hauetakoren batean egiten diren proiektuak: berrikuntza teknologikoa, berrikuntza ez-teknologikoa edo kudeaketakoa, nazioartekotzea, marketina, banaketa eta merkaturatzea, hobekuntza produktiboak, azpiegitura komunak ezartzeko azterketak, estandarrak eta kalitate arauak garatzea edo aldatzea, zaintza estrategikoa edo teknologikoa egiteko sistemak garatzea, eta merkatuak eta konpetentzia. Ikusirik nolakoa den egungo egoera, proiektuak bereziki baloratuko dira baldin eta, aurreko esparruetan oinarriturik, bideratuta badaude asetzera COVID-19aren osasun krisiaren ondoriozko beharrak, gaur egungoak nahiz etorkizunekoak.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak diruz lagungarritzat jotzeko, proiektu bakoitzaren gastu aurrekontuak 20.000 eurotik gorakoa izan behar du.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako hauek izanen dira onuradunak, jarduketa ildo bakoitzaren arabera:

–A ildoa (Klusterrak sendotzea): 1. oinarriari jarraikiz “kluster” definizioan sartzen diren eskatzaileak.

–B ildoa (Elkarlan proiektuak): 1. oinarriari jarraikiz “kluster” edo “plataforma” definizioan sartzen diren eskatzaileak.

2. Onuradun izan ahal izateko, eskatzaileek betekizun orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Berezko nortasun juridikoa izatea, zeinahi delarik ere haren izaera juridikoa, betiere irabazi asmorik ez badu.

b) Egoitza soziala Nafarroan izatea, eta lehentasunezko jarduketa eremu geografikoa Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea izatea. Gainera, bazkideen edo kideen %50ek gutxienez Nafarroan izan beharko dute egoitza soziala edo lantokia.

c) Gutxienez ere hogeita bost bazkide izatea taldean, kluster baten kasuan, edo hamar bazkide, plataforma baten kasuan.

d) Bere helburu sozialen artean izatea bazkide guztien lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzea.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero bazterketatzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako kondena epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

g) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

3. Horiez gain, A ildoko (“Klusterrak sendotzea”) jarduketen onuradunek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Lan eremu nagusia balio kate bat izanen da, merkatu batera edo teknologia erraztaile bat eskaintzera orientatua, betiere Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren lehentasunezko arlo ekonomikoen barruan; hau da, arlo ekonomiko horietan teknologiaren, ondasunen edo zerbitzuen eskaintza eta diseinua sustatu behar dira.

Kluster batek ezin izanen du erabat edo partez bikoiztu Nafarroako Gobernuak aurretik finantzatutako beste kluster baten lan eremua, baldin eta finantzaketa hori klusterretan elkarlanean egiten diren ekintzetarako dirulaguntzen deialdiren batetik badator.

b) Bazkideek klusterraren lan eremuaren balio katea ordezkatu beharko dute, eta gutxienez ikerketa, teknologia eta/edo ezagutza zentro bat egon beharko da.

c) Urteko jarduketa plan bat eduki beharko da, epe ertainerako plan estrategiko baten ondoriozkoa.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak dira kontzeptu hauengatik izandako zuzeneko gastuak:

a) Langileria, lan eta lanbide kostuak, diruz laguntzen den jarduketari zuzenean lotuak badaude. Kluster managerraren kasuan, hautaketa 5. oinarrian adierazten den moduan eginen da.

b) Bidaia eta ostatu gastuak. Kilometraje kostuak ezin dira 0,32 eurotik gorakoak izan kilometro bakoitzeko. Ostatu gau bakoitzeko gastu diruz lagungarria 120 eurokoa izanen da gehienez.

c) Aholkularitza teknikorako edo komunikazioaren edo ezagutzaren arloko kanpo zerbitzuen kontratazioa.

2. Oinarri honetako 1. ataleko c) letrako gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunek frogatu beharko dute hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dituzte, eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintza aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude, eta hori arrazoibidez frogatu beharko da.

Ezin izanen da zuzendu inprimakia (eta, kasua bada, hiru eskaintzak) behar bezala beteta ez aurkeztu izana. Ez dira diruz lagunduko 2. apartatu honetan adierazitako moduan justifikatzen ez diren gastuak.

3. BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduerak BEZetik salbuetsiak badaude eta onuradunek kenkaria egiteko eskubiderik ez badute. Tratamendu fiskal hori Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.

4. Gastu diruz lagungarriek fakturaturik eta ordaindurik egon behar dute 6. oinarrian adierazitako gauzatze aldian.

5. oinarria.–Kudeatzailearen edo kluster managerraren hautaketa.

Kudeatzailea edo kluster managerra kontratatu nahi bada –harekin laneko edo merkataritzako lotura izan gorabehera–, hautaketa egitean irizpide hauei jarraitu behar zaie: inpartzialtasuna, profesionaltasuna eta gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna.

Orobat, egiaztatu beharko da klusterraren batzordeak gutxienez 4 pertsona baloratu dituela (bi gizon eta bi emakume), eta baloratu diren lan profilak edo proposamenak aurkeztuko dira. Frogatuz gero ezinezkoa dela lau pertsonaren proposamenak aurkeztea eskatutako profila daukaten behar adina hautagai ez izateagatik edo laguntza eskaera aurkeztu zenerako kontratazioa egina izateagatik, nahikoa izanen da hautatutako pertsonaren profila aurkeztea.

Kontrataziorako betebeharrak, ahal den guztietan, honako hauek izanen dira:

a) Klusterraren lan eremuan goi mailako prestakuntza teknikoa izatea (nagusiki arlo horretakoa edo baliokidea), arlo horretan lanbide esperientzia izatea eta enpresen kudeaketa arloa ezagutzea.

b) 5 urteko esperientzia izatea, gutxienez, lanpostu exekutibo batean, lan taldeen arduradun gisa, aholkulari gisa edo enpresa proiektuak dinamizatzeko antzeko profilarekin.

c) Esperientzia izatea proiektuak, politika publikoak eta lehiarako estrategiak kudeatzen.

d) Hizkuntzak jakitea, batik bat ingelesa.

6. oinarria.–Gauzatzeko aldia.

Jarduketak gauzatzeko aldia hau izanen da:

1. A ildoa (Klusterrak sendotzea): 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra, egun hori barne.

2. B ildoa (Elkarlan proiektuak): eskaera aurkezten denetik 2021eko irailaren 30era, egun hori barne.

Proiektu hauetara bideratutako laguntzak pizgarri izan behar dira; horregatik, ezin dira proiektuak hasi laguntza eskaera aurkeztu aurretik (2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikulua, zeinetan barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria ezartzen baitira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

7. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta zenbatekoa.

Laguntzak honenbestekoak izanen dira, jarduketa ildo bakoitzaren arabera:

1. A ildoa (Klusterrak sendotzea):

a) Laguntzen intentsitatea izanen da gastu diruz lagungarrien %90. Organo kudeatzaileak erabakiko du zer gastu diren diruz lagungarriak. Intentsitatea kalkulatzeko, kontuan hartuko da zer puntuazio lortu duen eskaerak 9. oinarriko irizpideak aplikatu ondoan, eta hori alderatuko da A ildoko gainerako eskaerek lortutako puntuazioarekin:

Intentsitatea = %90 * P / PMAX

b) Onuradun bakoitzari 65.000 euroko laguntza emanen zaio gehienez.

2. B ildoa (Elkarlan proiektuak):

a) Laguntzen intentsitatea izanen da gastu diruz lagungarrien %50. Organo kudeatzaileak erabakiko du zer gastu diren diruz lagungarriak.

b) Onuradun bakoitzari 75.000 euroko laguntza emanen zaio gehienez.

8. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea zazpi egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 14. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Kluster bakoitzak eskaera bakar bat aurkeztuko du A ildoko jarduketetarako. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira (adibidez, “Estatutuak”):

a) Eskaera orria, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena Excel formatuan; besteak beste, klusterra sustatzen duten kideen edo entitateen zerrenda sartuko da, adierazita izena, jarduera, tipologia (enpresa txiki eta ertaina, enpresa handia, ezagutza zentroa, etab.), gutxi gorabeherako fakturazioa, langile kopurua eta sarrera urtea.

b) Klusterraren eraketa agiria edo akta.

c) Klusterraren estatutuak.

d) Klusterraren plan estrategikoa, barnean hartzen dituena lehiakortasunaren analisia eta epe ertainerako agenda estrategikoa, lehenesten diren lehiakortasun eta berrikuntza ildoak zehaztuta.

e) Klusterraren jarduketa plana, aurtengoa eta, laguntza zer urtetarako eskatzen den, horretakoa. Barnean, laguntzen fitxan jasotako eduki espezifikoa ere izanen du, zehaztuta egin beharreko jarduerak eta aurrekontua jardueraz jarduera.

5. Kluster edo plataforma bakoitzeko eskaera bakarra aurkeztuko da B ildoko jarduketetarako, eta bertan adieraziko da 2. oinarriko elkarlan proiektuetatik zeinetarako eskatzen den laguntza. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira (adibidez, “Estatutuak”):

a) Eskabidearen inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena, Excel formatuan.

b) Entitate eskatzailearen eraketa agiria edo akta.

c) Entitate eskatzailearen estatutuak.

d) Hala badagokio, finantzatu beharreko jarduketaren iturri den plan estrategikoa.

e) Memoria bat, eskatzen den proiektu bakoitzeko. Memoria bakoitzean jaso beharko da laguntzen fitxan adierazitako eduki espezifikoa, zehaztuta egin beharreko jarduerak eta aurrekontua jardueraz jarduera.

6. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lehiakortasunaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Zuzenketa nahitaez telematika bidez egin beharko da, 14.1 oinarrian adierazitako moduan.

9. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzearren jarduketa mota bakoitzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Bi zerrenda eginen dira horrela, jarduketa ildo bakoitzeko bana.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 7. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte:

a) 350.000 euro, A ildoko jarduketetarako, 2020ko gastu aurrekontuko partida honen kargura: 810001 81100 4819 422200 “Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana”.

b) 106.246 euro, B ildoko jarduketetarako, 2020ko gastu aurrekontuko partida honen kargura: 810001 81100 4819 422200 “Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana”.

c) 150.000 euro, B ildoko jarduketetarako, 2021ko gastu aurrekontuan partida honen baliokide izanen denaren kargura: 810001 81100 4819 422200 “Klusterrak eta plataforma erraztaileak bultzatzeko plana”.

Ildo bateko jarduketak diruz laguntzeko kreditua agortzen ez bada, beste ildoko jarduketak finantzatzeko erabiltzen ahalko da.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

2.1. A ildoko jarduketetan, alderdi hauek baloratuko dira, gehienez 100 puntu bildu arte:

a) Interes publikoa COVID-19aren aurrean. Baloratuko da ea ekintzaren bat sartu den berehala aurre egiteko COVID-19aren osasun krisiari eta haren ondoriozko krisi enpresarial eta ekonomikoari, eta, halaber, ea jarduketaren bat aurreikusi den, epe ertain eta luzerako jarduketak definitzen lagunduko duena, egoera berrian enpresen estrategia egokitzeko edo bestelako aukerak bilatzeko, horrek onura ekarriko baitio Nafarroako gizarte osoari (25 puntu).

b) Jarduketen balio erantsia. Honako hauek baloratuko dira: jarduketen anbizioa, jarduera aurreratuetara orientaturik ote dauden, proposaturiko jarduketen kalitatea, eta jarduketek sortzen duten balioa klusterreko bazkideak lehiakorragoak izan daitezen eta berrikuntza sustatu dadin (25 puntu, gehienez).

c) Lerrokatze estrategikoa. Honako hauek baloratuko dira: nola egokitzen diren jarduketak klusterraren lehiakortasun beharretara, plan estrategikoarekin bat egiten ote duten, eta zer-nolako helburuak proposatu diren (15 puntu, gehienez).

d) Elkarlana. Honako hauek baloratuko dira: jarduketetan parte hartzen duten bazkideen kopurua, bazkideen konpromisoa eta bateragarritasuna, beste eragile batzuen inplikazioa eta nola koordinatzen diren Nafarroako Gobernuaren ekintzekin (15 puntu, gehienez).

e) Proposatutako jarduketen aurrekontua. Baloratuko da aurrekontuaren egitura eta koherentzia, erabiltzen diren baliabideen egokitasuna eta efizientzia egin beharreko jardueretarako, bai eta beste finantzaketa batzuk, publikoak edo pribatuak, lortzeko gaitasuna ere (20 puntu, gehienez).

2.2. B ildoko proiektuetan, alderdi hauek baloratuko dira, gehienez 100 puntu bildu arte:

a) Interes publikoa COVID-19aren aurrean. 2.1 apartatuko a) letran adierazi gisan baloratuko da (25 puntu).

b) Proiektuen balio erantsia. Honako hauek baloratuko dira: proiektuen anbizioa, proposaturiko jarduketen kalitatea eta proiektuek sortzen duten balioa berrikuntza sustatzeari begira (25 puntu, gehienez).

c) Lerrokatze estrategikoa. Baloratuko da zenbateraino egokitzen den plataformaren lehiakortasun beharretara eta haren bazkideen beharretara (15 puntu, gehienez).

d) Elkarlana. Honako hauek baloratuko dira: proiektuan parte hartzen duten bazkideen kopurua, bazkideen konpromisoa eta bateragarritasuna, beste eragile batzuen inplikazioa eta nola koordinatzen diren Nafarroako Gobernuaren ekintzekin (15 puntu, gehienez).

e) Proiektuen aurrekontua. Baloratuko da aurrekontuaren egitura eta koherentzia, erabiltzen diren baliabideen egokitasuna eta efizientzia egin beharreko jardueretarako, bai eta beste finantzaketa batzuk, publikoak edo pribatuak, lortzeko gaitasuna ere (20 puntu, gehienez).

3. 50 puntu edo gehiago lortzen dituzten eskaerei baizik ez zaie dirulaguntzarik emanen.

Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, jarduketa ildo bakoitzerako ezarritako a) irizpideko puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta, berdinduta segituz gero, b) irizpidekoa.

10. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzen kudeaketa organoak ebaluatuko ditu eskaerak, hots, Politika Ekonomikoaren Zerbitzuak, Nafarroako Garapena SL (SODENA) sozietate publikoaren laguntzaz, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, adieraziz, errekerimenduari ezarritako epean erantzuten ez badio, eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta hartan jaso behar da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio. Emakida horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Epe hauek izanen dira diruz lagundutako jarduketak justifikatzeko:

1.1. A ildoa: 2020ko azaroaren 15a baino lehen.

1.2. B ildoko proiektuak, 2020ko azaroaren 1a baino lehen bukatzen badira: 2020ko azaroaren 15a baino lehen.

1.3. B ildoko proiektuak 2020ko azaroaren 1etik aurrera bukatzen badira, bi justifikazio egin beharko dira, epe hauetan:

a) Diruz lagundutako jarduketaren justifikazio partziala: 2020ko azaroaren 15a baino lehen.

2020ko urriaren 31ra arte gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta gastuen zerrenda aurkeztu beharko dira (Excel formatuan, eta proiektu bakoitzerako ordenatuta).

b) Azken justifikazioa: 2021eko urriaren 15a baino lehen.

2. Bi ildoetako jarduketak justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da (B ildoaren kasuan, baita justifikazio partziala ere, 1.3.a apartatuan adierazitakoa):

a) Egindako jarduerak eta lortutako emaitzak justifikatzen dituen memoria, bai eta onuradunari ezarritako betebeharrak bete dituela ere (laguntzen fitxan eredu bat dago).

b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel formatuan. Erabili beharreko kalkulu orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) 4. oinarriko langileria gastuak justifikatzeko, aurkeztuko dira nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, zehaztapenak eta ordainagiriak.

d) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuta aurreko apartatuan eskatzen den Excel taulako gastuen ordenari jarraikiz. Hala fakturak nola ordainagiriak onuradunen izenean egon beharko dira, eta gauzatze aldiaren barnean emanak beharko dute izan, kontuan harturik zer epe adierazten den 6. oinarrian, jarduketa bakoitzerako.

e) “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena. 4.2 oinarrian adierazitako edukia izanen du.

f) Beste edozein agiri, onuradunak egokitzat jotzen duena egindako proiektuak eta gastuak justifikatzeko.

g) Bidezkoa bada, kudeatzailearen edo kluster managerraren lanposturako kontratazioa 5. oinarrian adierazitako moduan justifikatuko da.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza honela ordainduko da, ildoa zein den:

1. A ildoko jarduketak:

a) Diruz lagundutako jarduketak modu egokian finantzatu ahal izateko, onuradunek eska dezakete ordainketa bat edo bi egin dakizkiela, epe diruz lagungarriko edozein hilabete amaitu arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura (2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra arte).

Horretarako, proiektu bakoitzeko, honako hauek aurkeztu beharko dituzte 14.1 oinarrian adierazitakoarekin bat: gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta gastuen zerrenda (Excel formatuan, eta proiektu bakoitzerako ordenatuta).

b) Nolanahi ere, frogagiriak aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

c) Frogagiriak aztertzerik ez badago, eta ziurtatzearren ordaintzeko ebazpenak 2020an ematen direla, konturako ordainketa bat eginen da, 2020ko urriaren 31ra arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntza ordaintzeko, salbu eta dirulaguntza osoa ordaindu bada oinarri honen 1.1. apartatuan adierazi bezala. Horretarako, laguntzak kudeatzen dituen organoak 11.2 oinarriko a) eta b) letretan adierazitako frogagiriak aztertuko ditu.

d) Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, onuradunak 11.2 oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu beharko ditu, kasua bada.

2. B ildoko proiektuak:

a) Konturako ordainketa bat eginen da, 2020ko urriaren 31ra arte gauzaturiko jarduketei dagokien dirulaguntza ordaintzeko, egiaztatu ondoan 11.1.3.a) oinarrian eskatzen den justifikazio partziala egin dela.

b) Proiektuak modu egokian finantzatu ahal izateko, onuradunek eska dezakete, 2021eko maiatzaren 15a baino lehen, ordainketa bat egin dakiela 2020ko azaroaren 1etik 2021eko apirilaren 30era gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura. Horretarako, 11.1.3.a) oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

c) Nolanahi ere, 11.2 oinarrian adierazitako frogagiriak aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

3. Laguntza ordaintzeko ebazpenak gehienez ere 6 hilabeteko epean emanen ditu organo eskudunak, behar diren frogagiriak aurkezten direnetik hasita kontatuta.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar orokor hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza emanen zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea diruz lagundutako jarduera egin dela.

c) Lehiakortasunaren Zerbitzuari aurretik jakinaraztea deialdi honen bidez diruz lagundutako proiektuetan gertatzen den aldaketa garrantzitsu oro (esate baterako, onetsitako aurrekontuan edo proiektuen gauzatze mailan gertatzen diren desbideratzeak), aipatu zerbitzuak horretarako baimena eman dezan.

d) SODENAk onuradunentzat antolatutako jarduketetan parte hartzea (jarraipen mahaiak, prestakuntza jarduerak, etab.) eta aldian behin sozietate publiko horri informazioa ematea diruz lagundutako jardueren segimendua egiteko, eta, orobat, ebaluazio lanetan laguntzea.

e) Nafarroako Gobernua eta SODENA gonbidatzea jasotako laguntzekin finantzatzen diren jarduketetan parte hartzera, baita diruz lagundutako proiektuak koordinatzeko edo zuzentzeko bileretan parte hartzera ere.

f) Enpresentzako ekintzetan erabiltzen diren materialak hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliz erredaktatzea, baita dirulaguntza justifikatzeko dokumentazio guztia ere.

g) Diruz lagundutako jarduketei buruz egiten den zabalkunde publikoan eta erakundearen webgunean adieraztea jarduketa horiek Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela. Horrez gain, A ildoaren onuradun diren klusterren kasuan, “Nafarroa Klusterrak” logotipoa txertatu beharko da zabalkunderako erabiltzen den webgunean eta materialetan.

h) Diruz lagundutako jarduketen zabalkunderako materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, ez da hizkera sexista erabiliko dirulaguntzaren xedeari loturik prestatzen den dokumentazio guztian.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

j) Koordinatzea Nafarroako Gobernuarekin, SODENArekin eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin, COVID-19ari aurre egitera bideraturiko informazio eta komunikazio jarduketei dagokienez.

2. A ildoko dirulaguntzen onuradunek, gainera, betebehar hauek izanen dituzte:

a) Kuotak ezartzea bazkideei, egitura finantzatzeko.

b) Klusterraren esportazio ekintzak Nafarroako 2017-2020 aldirako Nazioarteko Planean jasotako ekimenekin koordinatu beharko dira, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuarekin batera.

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki, diruz lagundutako proiektuaren gauzatze maila %70etik beherakoa bada (kontuan harturik dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua), emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

14. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxa erabiliz. Fitxa hori eskura dago Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoan.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa eskura daiteke Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, helbide horretan bertan egin beharko da Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza.

15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduketa beretarako ematen dituen dirulaguntzekin.

Bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan horiek beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak, edo estatuko nahiz nazioarteko partikularrenak. Kasu horretan, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

16. oinarria.–De minimis laguntzak (A ildoko laguntzak).

Deialdi honetako A ildoko dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko aldian emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

17. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea (B ildoko laguntzak).

Deialdi honetako B ildoko laguntzei dagokienez, Administrazio hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 27. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituelako (erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan).

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lehiakortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

19. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2008379