186. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

603E/2020 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Esteribarko arau subsidiarioak Ilurdotzen aldatzeari buruz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Udalak 2020ko otsailaren 6an onetsi zuen aldaketa hasiera batez. Aldaketaren xedea da Ilurdozko hiri lurzorua handitzea, 6. poligonoko 368. lurzatiko 622,51 m² inguruko azalera gehituta, hiri lurzoru finkatugabe gisa, familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko.

Proposamen horrek berekin dakar lurzoruaren sailkapena aldatzea: hirigunearen inguruko lurzoru urbanizaezin izatetik hiri lurzoru izatera. Horrez gain, bide berri bat definitzen du, ekialdetik mendebaldera doana, eta, bide publiko batetik abiatuta, etorkizunean izan daitezkeen bizitoki zabalkundeetan luza daitekeena. Azkenik, lagapenik gabeko eremu bat sortuko da, eta aparkaleku eremu bat.

Hiri lurzoruaren handitzea hiri periferiako lurretan eginen da. Lur horiek indarrean diren arau subsidiarioetan jaso ziren, herria hazteko eta handitzeko espazio potentzial gisa. Larretarako eremu bat da, eta hartan ez da identifikatu ingurumen aldetik balio nabarmena duen elementurik. Bestalde, lurzatian badaude hornidurarako oinarrizko azpiegiturak; hori dela eta, ez da egin behar ingurumen ukipena ekar lezakeen jarduketarik.

Aldaketaren ezaugarriak ikusirik, ondorioztatu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Esteribarko arau subsidiarioen aldaketaren (Ilurdotzen, Santos San Martin Equizak sustatua) ingurumen txosten estrategikoa egitea, ingurumenean eragin aipagarririk ez duela iritzita.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Udalen Hirigintza Planeamendurako Atalari eta Esteribarko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2008117