186. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

97E/2020 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen diona Natur-All instalaziorako sarbide berria, 1. poligonoko 1267. lurzatiaren bidezkoa (Las Foyas parajea), egiteko proiektuari, Corellako udal-mugartean. Natur-All BBVV-2018 SLU da sustatzailea.

2019ko urriaren 16an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D letran sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena bilduko duela; uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektatutako jarduketa honetan datza: Corellako 1. poligonoko 1267. lurzatian zehar bide berri bat egitea, gutxi gorabehera 500 m luze eta 7 m zabal dena, argiteriarekin (hasierako eskaeran) eta ur hornidura lurperatuko hoditeriarekin.

2019ko abenduaren 10ean, Ingurumen Eraginaren Atalak txosten bat eman zuen. Horren bidez, adierazi zuen ezen, ingurumen izapidetzearekin jarraitu ahal izateko, sustatzaileak ingurumen ukipenen azterketa bat aurkeztu behar zuela. Bertan, 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan aipatutako edukiak jaso behar ziren, eta bereziki alderdi hauek egokiro bildu behar ziren: a) izan litezkeen alternatiben azalpena (badauden bideetatik), b) paisaia ukipena, c) proiektuak sustatzaile berak Natur-All Precosaren antzinako pabiloietan ezarri zenetik egindako beste jarduketa batzuekin metaturik duen eragina eta d) argi kutsadura eta hori txikiagotzeko neurriak.

2020ko apirilaren 14an, Ingurumen Eraginaren Atalean ingurumen ukipenen azterketa jaso zen. Dokumentazio horretan, bideei dagokienez dauden bi alternatibak aipatzen dira –nahiz eta horietan egon litekeen hobekuntzarik ez garatu, ezta proiektua justifikatzen duen mugikortasunaren azterketarik ere– eta zehazten da ez dela luminariarik jarriko eta, beraz, ez dela egonen argi kutsadurarik. Hizpide dugun proiektuaz bestelako proiektu batean izapidetuko da Moncayoko ur hornidurarako gunearen aldaketa. Dokumentuan polietilenozko Ø200 mm-ko hoditeria baten aurreikuspena soilik exekutatzen da, etorkizuneko hargune baterako.

Espedientean Corellako Udalaren 2019ko urriaren 16ko txostena dago jasota, proiektuaren aldekoa, indarrean dagoen udal planaren arabera. Bertan, adierazten da bideak zeharkatuko lukeen lurzatia lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela, nekazaritza produktibitate altuko kategoriarekin. Hala ere, gaineratzen da izapidetzen ari den hirigintzako udal planean (behin-behineko onespen fasean dago) gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa dagoela jasota, “hiri inguruko” eta “laborantzetarako” lurzoruaren azpikategoriekin; halaber, “bateraezintasuna egon liteke “hiri inguruko” lurzoruaren kategoriarekin, “laborantzetarako” kategorian bateragarritasuna egon arren”.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak kontrako txostena eman du, 2020ko ekainaren 12an, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Txostenean adierazten denez, “1267. lurzatian bide berri bat egikaritzeko irtenbidea neurrigabea da oraingo sarbidea handitzeko alternatibarekin erkatuta. Aurkeztutako alternatiben azterketak ez du behar bezala arrazoitzen alternatiba hori (Cascajoko bidea) baztertzeko erabakia, kontuan izanik eragin txikiagoak izanen lituzkeela lurzoru urbanizaezinean eta izapidetzen ari den Corellako udal planaren aurreikuspenetan”. Izapidetzen ari den udal plan horretan, herrirako ekialdeko saihesbide baten trazadura aurreikusten da, bidea proiektatuta dagoen lurzatitik igarotzen dena, bidearekiko zut. “Bestalde, bide berriaren egikaritzeak ez ditu guztiz hobetzen luzera osoan instalazioetan sartzeko baldintzak; beraz, proposaturiko jarduketak ez du dimentsioen eta beharrizanen arteko proportzionaltasuna betetzen (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikulua)”.

Ingurumen Eraginaren Atalak bide proiektuaren aurkako txostena eman du, hobekuntza txikiak eginda paisaia eragina saihestuko lukeen sarbide alternatiba bat dagoelako. Txostenean zera azpimarratzen da: “Natur-All-en instalazioa industrialdetik kanpo dago, lehorreko nekazaritza ingurune batean, non zurezko landareen eta larreen laborantzak nagusi diren, baita aisialdiko baratzeak ere. Azken urteetan, jarduerak azpiegiturak eta instalazioak handitzeko elkarren segidako zenbait espediente eduki ditu; beraz, proiektu zatikatu horiek eragin metatua daukate eta lurzoruaren erabilera eta paisaia eraginak handitu egin dira Las Foyasko magaletan eta Cañete ibaiko ibarretan, alegia, kalitate altuko paisaia batean. Horri, kasu honetan, bide berria gehitu behar zaio, zeina luzetara zatituta geratuko den almendrondo lurzati batean trazatzen baita eta, hiri periferiako ingurune horretako antropizazioa kontuan izanik, paisaiaren narriadura nabarmena ekarriko bailuke.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Natur-All instalaziorako sarbide berria, 1. poligonoko 1267. lurzatiaren bidezkoa (Las Foyas parajea), egiteko proiektuari, Corellako udal-mugartean, badagoelako lurzoru urbanizaezinean, paisaian eta Corellako udal planak (izapidetzen ari baita) jasotako aurreikuspenetan eragin txikiagoak izanen lituzkeen sarbide-alternatiba bat. Natur-All BBVV-2018 SLU da sustatzailea.

2. Ukapen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezinetako jarduketak baimentzeko prozedura.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Corellako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Taldera (Tuterako barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko uztailaren 24an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2008310