185. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

418E/2020 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, hartutako kalte zerebrala duten 18 urtetik beherako haurren tratamendua osatzeko asmoz, 2019ko urritik 2020ko irailera bitarte egiten diren zenbait gastutarako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 517049.

2020ko Nafarroako Gastu-aurrekontuetan, “HKZ duten haurrendako laguntzak” izeneko 511004 51120 4819 311107 aurrekontuko partida dago.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatu 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea hartutako kalte zerebrala diagnostikatua duten haurrentzako terapia okupazionalean, irensketaren errehabilitazioan eta autonomia pertsonalerako laguntza produktuetan 2019ko urritik 2020ko irailera bitarte egiten den gastua osorik edo zati batean estaltzeko.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago Ogasunak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hartutako kalte zerebrala diagnostikatua duten 18 urtetik beherako haurrentzako terapia okupazionalean, irensketaren errehabilitazioan eta autonomia pertsonalerako produktuetan 2019ko urritik 2020ko irailera bitarte egiten den gastua osorik edo zati batean ordaintzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; oinarri horiek eranskinean ageri dira.

2. Gehienez ere 25.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastu-aurrekontuko “Hartutako kalte zerebrala duten haurrendako laguntzak” izeneko 51120 511004 4819 311107 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Dirulaguntzen deialdi hau Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

Iruñean, 2020ko uztailaren 13an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

ERANSKINA

Hartutako kalte zerebrala duten 18 urtetik beherako
haurren tratamendua osatzeko asmoz, 2019ko urritik 2020ko irailera bitarte egiten diren zenbait gastutarako dirulaguntzen
deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Dirulaguntzen xedea eta helburua.

Dirulaguntza hauek erabiliko dira hartutako kalte zerebrala duten 18 urtetik beherakoen honako behar hauek betetzeko asmoz 2019ko urritik 2020ko irailera bitarte egiten den gastua osorik edo zati batean estaltzeko:

• Terapia okupazionala.

• Irensketaren errehabilitazioa.

Horrelako kasuetan, terapia okupazionala eta irensketaren errehabilitazioa behar bezalako titulua duten profesionalekin egin beharko dira, jarduera horiek garatzeko baimenduta dauden zentroetan.

• Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak finantzatutako material ortoprotesikoa izan ezik. Horrelakotzat joko da desgaitasuna duten pertsonek edo pertsonentzat erabiltzen den edozein produktu (gailuak, ekipoa, tresnak eta softwarea barne), berariaz fabrikatu dena edo merkatuan salgai dagoena, parte-hartzea sustatzeko, babesteko, laguntzeko, entrenatzeko, neurtzeko edo gorputzeko eginkizunak/egiturak eta/edo jarduerak ordezteko erabiltzen dena, edo gabeziei, jarduteko mugei edo parte hartzeko murrizketei aurrea hartzeko, UNE EN ISO 9999:2011 arauaren arabera. Produktu horiek Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Mendekotasun egoera erregelamenduz baloratzeko jarduera profesionalean orientatzeko gidaliburua: Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak” izenekoan jasotzen dira.

Dirulaguntza honek onura publikoa du komeni delako hartutako kalte zerebrala diagnostikatua duten adingabeen tratamendua aipatutako behar horietan osatzea.

2. Onuradunen betebeharrak:

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–Hartutako kalte zerebrala izatea, neuropediatra batek diagnostikatua.

–18 urtetik beherakoa izatea, esku-hartze diagnostikoa edo terapeutikoa egiten den edo laguntza produktuak erosten diren unean.

–Adingabeak ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hau da, 2020ko irailaren 30 baino lehen urtebete bizitzen eramatea, egiazki eta jarraian, Nafarroako Foru Komunitatean. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo-eskatzaileak eta beren familia-unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia luzapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Terapia okupazionala edo autonomia pertsonalerako laguntza produktuak erabili beharra behar bezala akreditatua dagoen eta onuradunaren arretan inplikatua dagoen profesional batek gomendatu behar du.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

3. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

3.1. Aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eska ditzake deialdi honetan ezarritako laguntzak, onuradunaren izenean, hura adingabea baita.

3.2. Eskaera, beti, onuradunaren izenean egonen da, eta eskaera aurkezten duena ordezkari gisa agertuko da.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea 2020ko irailaren 1etik 30era bitartekoa izanen da.

3.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak, lehentasunez, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa egokiaren bidez aurkeztuko dira, eskaera izapidetzeko botoia sakatuta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31003), Osasuneko zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak adieraz daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

3.5. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

3.6. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4. Baldintzak betetzen direla frogatzea:

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NAN/ANTaren fotokopia, edo onuraduna identifikatzen duen agiriarena.

b) Haurraren Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasuna edo, hala denean, asilo-eskubidea ematen dion ebazpena adierazita.

c) Txosten medikoa, neuropediatra batek egina, hartutako kalte zerebralaren berariazko diagnostikoa agertzen duena.

d) Txostena, behar bezala akreditatua dagoen eta adingabearen arretan inplikatua dagoen profesional batek egina, terapia okupazionalaren, irensketaren errehabilitazioaren eta autonomia pertsonalerako laguntza produktuen beharra adierazten duena.

5.2 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

e) Adingabearen legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama bada, familia-liburuaren kopia eta guraso baten NANaren kopia. Dibortzio kasuetan, edo guraso bakar bati dagokionean zaintza, dibortzioaren epaia, hitzarmen arautzailea eta guraso horren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

f) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

g) Egindako gastuaren justifikazioa fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Onuradunaren izena.

–Materialaren hornidura edo zerbitzua egiten duen enpresa, entitatea edo profesionala.

–Laguntza produktua, jasotako tratamendua edo egindako jarduketa.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

h) Egindako ordainketaren frogagiria.

i) 5.3 oinarrian adierazi bezala hainbanatzetik salbuesten ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta/errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

j) Beste laguntza batzuei buruzko adierazpena, ereduaren araberakoa, 8. oinarrian xedatutakoarekin bat.

k) Eskatzailearen adierazpena, ereduaren araberakoa, adostasuna emateko datu pertsonalen tratamenduari, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat.

Ez da beharrezkoa izanen a), b), c), e) eta f) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, baldin aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren aitaren, amaren, tutorearen edo legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, adierazten duena datuak ez direla aldatu.

5. Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak:

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzorde batek eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.

5.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Elena Antoñanzas Baztán andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko burua, batzordeko burua izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezkoa Marife Idoate Cervantes andrea izanen da, Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko burua.

–M.ª Eugenia Yoldi Petri andrea, Nafarroako Ospitaleguneko barrutiko fakultatibo espezialista. Beharrezkoa izanez gero, ordezkoa Sergio Aguilera Albesa jauna izanen da, Nafarroako Ospitaleguneko barrutiko fakultatibo espezialista.

–Eva Lorente Elía andrea, Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko burua, idazkaria izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezkoa Mikel Biurrun Elizaga jauna izanen da, Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko burua.

5.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 2. oinarrian dirulaguntza emateko ezartzen diren betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

–Esku-hartzeetarako, gehieneko tarifa hauek ezarri dira:

• Terapia okupazionalaren edo irensketaren errehabilitazioaren bakarkako ordua: 40 euro.

• Terapia okupazionalaren edo irensketaren errehabilitazioaren taldekako ordua: 16 euro.

–Gehienez, terapia okupazionalaren edo irensketaren errehabilitazioaren zortzi ordu lagunduko dira diruz hilean, bai banakako terapiarako, bai taldeko terapiarako.

–Pertsona bakar batentzako laguntza produktuetan diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa laguntza-lerroaren guztirakoaren %10 izanen da.

–Onuradun berak deialdian adierazitako esku-hartze mota eta/edo laguntza produktu bakar baten edo gehiagoren gastuak aurkezten ahalko ditu, ez baitira baztertzaileak haien artean.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ezarri diren gehieneko zenbatekoak eta hartutako kalte zerebrala duen pertsona bakoitzarentzako esku-hartzeen eta/edo laguntza produktuen kostua hartuko dira aintzat, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

–Eskatutako zenbateko guztien baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eskatzaile bakoitzak egindako gastuaren gaineko portzentaje bera jaso dezan. Onuradunei ez zaie hainbanaketa hori aplikatuko baldin eta haien familia unitatean 2019an eta/edo 2020an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze-errentaren/errenta bermatuaren hartzaile den kiderik badago.

–Eskaera guztiak baloratu ondoren aurrekontuko partidan soberakinik badago, ezarritako mugetatik gorako gastua egin dutela frogatu duten onuradunen artean banatuko da, norberak egin duen gastuarekiko proportzioan.

–Dirulaguntza ez da inola ere izanen egindako esku-hartzeen eta/edo erositako laguntza produktuen kostu osoa baino handiagoa.

6. Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, aurretik proposamena eginda Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak.

6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahal dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7. Bateragarritasuna:

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko jasotako esku-hartzearen eta/edo erositako laguntza produktuaren kostu osoa.

8. Onuradunen betebeharrak:

Onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, beren legezko ordezkariaren bidez, xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin bezain laster komunikatu beharko da, eta, betiere, 2021eko ekainaren 30a baino lehen.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

9. Dirulaguntzaren ordainketa:

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren.

10. Laguntza itzultzea:

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Helburu bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzen den kasuetan, aipatutako erantzukizunpeko adierazpena epearen barruan aurkeztuta ikusten bada, jasotako beste laguntzak ere kontuan hartuta, guztira jaso beharreko zenbatekoak gainditzen duela finantzatu beharreko gastua, itzulketa-prozedura hasiko da, baina berandutze-interesa eskatu gabe, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan xedatuakoarekin bat. Erantzukizunpeko adierazpena epez kanpo aurkezten bada, itzulketa-prozedura foru lege horren 35.2.i) artikuluan xedatutakoaren arabera irekiko da”.

11. Arau-hausteak eta zehapenak:

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

12. Datuen babesa:

Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Tratamenduari buruzko informazioa Osasun Departamentuaren “Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa” izeneko tratamenduan dago, Nafarroako Gobernuko Atarian ikusgai dagoena, honako helbide honetan:

http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datu-pertsonalen-tratamendua

13. Argitaratzeko araubidea.

Ematen diren dirulaguntzak ez dira argitaratuko, zeren, dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunen datuak zabaltzea pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

14. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15. Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2008208