183. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUNES

Aldaketa, Eremu publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu berezien tasa publikoak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Funesko Udalak, 2020ko martxoaren 11n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Eremu publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu berezien tasa publikoak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Iragarkia 2020ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 2an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Funesen, 2020ko uztailaren 15ean.–Alkatea, Ignacio Domínguez Martínez.

ORDENANTZA FISKALA, EREMU PUBLIKOKO ETA HERRI-LURRETAKO LURZORU, LURGAIN ETA LURPEKO APROBETXAMENDU BEREZIEN TASA PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA 7. ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honako arau hauetan xedatuaren babespean ezarri da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikuluan; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 93. artikuluan eta hurrengoetan; eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan.

2. artikulua. Eremu publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu edo erabilera pribatibo hauetarik edozein egitea da zerga-egitatea:

a) Erabilera publikoko lurretako lurpea okupatzea.

b) Erabilera publikoko lurrak salgai, material edo antzeko instalazioekin okupatzea.

c) Soto edo erdisotoei argia edo aireztapena emateko eta haietara pertsonak edo gauzak sartzeko, bide publikoko zoladura edo espaloietan kokatutako argi-zulo, arnasbide, ate, kargatze-aho edo antzeko elementuak, bai eta argi-sare publikotik egindako harguneak ere.

d) Bide publikoaren gainetik dauden edo fatxada-lerrotik ateratzen diren markesina, eguzki-oihal edo antzeko instalazioak, eraikinaren egiturazko elementu berekiak ez direnean.

e) Bide publikoan edo haren lurgaineko espazioan kokatutako errailak, aldamioak eta antzekoak, kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo konexio kaxak, baskulak, salmenta automatikorako aparatuak eta antzekoak.

f) Irabazi-asmoz, mahai eta aulkiak paratuz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

g) Bide publikoan kokatutako kioskoak.

h) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta atrakzioak, kalez kaleko industriak jartzea eta zinemako filmaketak egitea.

i) Erakusleiho eta bitrinak.

j) Balkoiak eta terrazak kristalez ixtea.

3. artikulua. Honako hauek daude beharturik ordenantza honetan ezarritako tasa publikoak ordaintzera:

a) Udal lizentzien edo emakiden titularrak eta aprobetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentzia edo emakidarik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak egiten dituztenak.

c) Aprobetxamenduari utzirik, toki entitateari haren baja aurkezten ez diotenak.

d) Bide publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrak edo aprobetxamenduaz baliatzen direnak. Edukiontzien jabeak eta etxegileak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat.

4. artikulua. Ordenantza honetako tasa publikoaren zenbatekoa finkatzeko, aprobetxamenduaren iraupena (egun kopuruaren arabera) eta ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera (m²-en arabera) hartuko dira kontuan, honen eranskinean xedatzen denari jarraikiz.

5. artikulua. Tokiko zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresak salbuetsirik egonen dira tasa publikoen ordainarazpenetik.

6. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakarrenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasa publikoaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Kalteak konponezinak badira, desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen zaio ordainetan Udalari. Toki entitateak ez ditu inola ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru-itzulketak.

7. artikulua. Tasa publikoa ordaindu beharra aprobetxamendua onartzen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasi bada.

8. artikulua. Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe aprobetxamendua egiten bada, tasa publikoa ordaintzeagatik ez dira egindako aprobetxamenduak legeztatuko eta, beraz, instalazioak kentzeko agindu daiteke kalte-ordainik eman gabe.

9. artikulua.

1. Ordenantza honetan araututako tasa publikoei lotutako aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira.

2. Erabilera publikoko lurrak, irabazi-asmoz, mahai eta aulkiekin okupatzeari dagokionez, toki entitateak balio gabe utzi dezake baimena edo aldi baterako kendu, bidezko arrazoiak, obrak, konponketak eta abar badaude, eta kobratutako tasa publikoaren zati proportzionala itzultzea beste beharkizunik ez du izanen.

3. Lizentzia ematen den unean ordainduko da balkoiak edo terrazak kristalen bidez ixteko tasa.

10. artikulua.

1. Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bestelako arau-hausteei dagokienez, eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Toki entitateak, agindu bidez, lizentzia edo baimenik gabeko instalazioak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta instalazio hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den beste edozergatik sortutako gastuak jabearen kargu geldituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko da Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

ZENBATEKOEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Lurzoruko aprobetxamendu bereziak.

I.1.–Mahaiak, aulkiak, mahai hankabakarrak, metro koadro edo zatiki bakoitza:

–Herriko festak (tasa kalkulatzeko, 15 egun hartzen dira halakotzat): 0,20 euro/m².

–Udako denboraldia (90 egun hartuko dira halakotzat, ekainaren 15etik irailaren 15era arte): kuota kalkulatzeko aplikatuko da 15 egun, 0,20 euro/m²/eguna gehi 75 egun, 0,15 euro/m²/eguna.

–Urteko denboraldia: aplikatuko da 180 egun, 0,10 euro/m²/eguna.

I.2.–Osteguneko merkatu txikia, metro lineal edo horren zati bakoitza:

–4 metro lineal artekoak: 3,60 euro/eguna

–4 metrotik goiti bada: 0,60 euro/m/eguna

I.3.1.–Postuak eta barrakak festetan.

a) Herriko festetan jartzen diren azoka-postu ibiltariak (bisuteriako eta artisautzako postuak, txurro-dendak...).

Lehena.–Egun kopurua:

–Gazteriaren festak: 3 egun

–San Isidro festak: 3 egun

–Herriko festak: 9 egun

Bigarrena.–Aplikatu beharreko tarifak:

–Festa guztiak (hirurak): 0,12 euro/ m²/eguna

–Bi festa: 0,24 euro/ m²/eguna

–Festa bat: 0,36 euro/ m²/eguna (ferietako atrakzioa herriko festetan jartzen bada 0,30 euro/ m²/eguna aplikatuko da)

b) Postuak

–20 m²-raino: 1,20 euro/ m²/eguna

–20 m²-tik goiti: 0,90 euro/ m²/eguna

–Gutxieneko tasa postuarengatik: 15,03 euro.

l.3.2.–Feria esparrua Nafarroako Ferietako Saltzaileen Elkarteari adjudikatzea

Feria esparrua Nafarroako Ferietako Saltzaileen Elkarteari adjudikatzea Funesen urte guztian ospatzen diren festa guztietan (Gazteriaren festak, San Isidro eta Herriko festak): 400 euro

I.4. –Salmenta automatikorako gailu finkoak:

15,00 euro urtean.

I.5.–Lurzoruaren okupazioa garabiekin: garabi hori instalatzeko onartutako proiektuan agertzen den denbora bera eta hamar egun gehiago erabiltzen badira, ez da deus ere kobratuko; hala ere, hamar egun horiek gainditzen dituen egun bakoitzeko 6,01 euro kobratuko dira eguneko.

Iragarkiaren kodea: L2007587