183. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

93E/2020 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana; honen bidez, ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio proiektu honi: “Orkoien-Ezkaba 2” eta “Cordovilla-Magdalena” izeneko 66 kV-eko zirkuitu bikoitzeko linea lurperatzea 213. euskarriaren eta “Magdalena” BTAren artean, Iruñeko udal mugartean. Sustatzailea I-De Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2020ko ekainaren 5ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektaturiko jarduketaren helburua da lurpeko bihurtzea “Orkoien-Ezkaba 2” eta “Cordovilla-Magdalena” 66 kV-eko aireko linea, zirkuitu bikoitzekoa, 213. euskarritik “Magdalena” BTAra. Lehenbizikoa lurzoru urbanizaezinean dago, Arga ibaiaren eskuineko ertzean, Magdalenako oin-zubien parean (Iruñeko 6. poligonoko 1985 lurzatia), eta bigarrena, hiri lurzoruan. Proiektua hiri lurzoruan garatzen da ia guztiz, baina lurzoru urbanizaezina ukitzen du Arga ibaia eta Caparroso errota gurutzatzean. Gurutzaketa horiek egiteko, lehendik dagoen lurpeko kanalizazioa erabiliko da.

Iruñeko Udalak aldeko txostena eman dio 2019ko azaroaren 13an, eta hala dago jasota espedientean. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du 2020ko ekainaren 23an, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin. Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

Ebazten dut:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Orkoien-Ezkaba 2” eta “Cordovilla-Magdalena” izeneko 66 kV-eko zirkuitu bikoitzeko linea lurperatzea 213. euskarriaren eta “Magdalena” BTAren artean, Iruñeko udal mugartean. Sustatzailea I-De Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Baimen hau dagokio soilik lurzoru urbanizaezinean proiektatu den linea elektrikoaren tarteari.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk elektrizitate sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, entitate sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, jarduketak Arga ibaiaren zaintza eremua ukitzen duenez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko da.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, instalazioak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Iruñeko Udalera, Basozainen Zerbitzura (7. Koordinazio Unitatea, “Iruña”) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko uztailaren 23an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2008209