176. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

45E/2020 FORU AGINDUA, uztailaren 3koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalei dirulaguntzak emateko, 2020an birak egin ditzaten (Artem Exporta). DDBN identifikazioa: 514125.

Kultur Ekintza Zerbitzuak egindako txostenean proposatu du onets daitezela arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalei dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2020an birak egin ditzaten (Artem Exporta), deialdi horren oinarri arautzaileak, eta 15.000 euroko gastua egiteko baimena, eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak eta baldintzak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Nafarroako Gobernuak baimentzen du deialdi hau ekainaren 10eko Gobernu Erabakiaren bidez, banakako ebaluazioaren araubideko deialdia baita.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdia onestea arte eszenikoetako eta musikaletako profesionalei dirulaguntzak emateko, 2020an birak egin ditzaten (Artem Exporta).

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Honako aurrekontu-kreditu hauek baimentzea:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4709-334103: Artem Exporta: arte eszenikoen arloko ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko laguntzak

2020

15.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko uztailaren 3an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

OINARRI ARAUTZAILEAK, ARTE ESZENIKOETAKO ETA MUSIKALETAKO PROFESIONALEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIARENAK, 2020AN BIRAK EGIN DITZATEN
(ARTEM EXPORTA)

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiak helburu du laguntza batzuk arautzea, banakako ebaluazioaren araubidean, arte eszeniko eta musikaletako profesionalen mugikortasunerako, beren ekoizpenak Nafarroatik kanpo kontrata ditzaten, sostengua emateko Nafarroako artearen sektore profesionalari eta sustatzeko haren proiekzioa Foru Komunitatetik kanpo.

1.2. Deialdia zuzentzen zaie arte eszenikoetako eta musikaletako produkzioen mugikortasun proiektuei, baldin Nafarroako konpainiek eta/edo artistek sortuak badira edo Nafarroako enpresek banatuak (hau da, Foru Komunitatetik kanpoko emanaldien kontratazioa).

Salbuespenez, deialdi honek helburu du COVID-19ak eragindako osasun-krisiak produkzio proiektuen gainean izan dituen ondorioak arintzea.

1.3. Aurkezten ahal diren proiektuak Nafarroako konpainien, ekoizleen eta/edo artisten arte eszeniko, musikal eta plastikoen produkzioak izanen dira.

1.4. Pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

1.5. Deialdi honen xedeko jarduerak 2019ko azaroaren 19tik 2020ko azaroaren 17ra bitarte eginen dira, biak barne.

2.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Nafarroako Foru Komunitatekoak diren edo gutxienez 2019ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik dauden pertsona fisikoak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2019ko urtarrilaren 1etik.

Gainera, jarduera plastikoak, eszenikoak edo musikalak egitea agertu beharko da haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona edo entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, oinarri hauen 4.3 puntuan aipatutako ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean.

2.3. Laguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2020ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Arte ikasketen ikastetxeak, musikako, dantzako eta beste arte arlo batzuetako eskolak eta/edo akademiak.

e) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean, bai laguntza emateko ebazpenean, taldeko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira.

2.5. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsona eta entitateei.

2.6. Sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez zehapena edo zigorra jaso duten eskatzaileak ez dira laguntza hauen onuradun izaten ahal.

3.–Deialdiaren zenbatekoa.

3.1. Deialdiaren diru kopurua 15.000 eurokoa izanen da, guztira.

3.2. Laguntzaren zenbatekoa ez da 3.000 eurotik gorakoa izanen eskatzaile bakoitzeko.

3.3. Diruz lagundutako proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren % 70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak kenduta.

3.5. Aipatutako muga horiek betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginez, laguntzaren zenbatekoa eskatzaileek eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.6. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.7. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.8. Aurrekontu-baliabideak deialdi honek ezarritako epeetan bukatzen badira, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, itxitzat emanen du eskaerak onartzeko epea, xede horretarako ezarritako funtsak amaitu direlako. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) eta Kultura eta Kirol Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da.

4.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskaerak aurkezten ahalko dira oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, 2020ko urriaren 2ra arte.

4.2. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko da.

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean alta emanik egotearen frogagiria (egoki den udalak emana):

–1. atala (enpresa jarduerak): 96 edo 99 multzoak.

–2. atala (jarduera profesionalak): 85 eta 86 multzoak.

–3. atala (jarduera artistikoak): 1, 2 edo 3 multzoak.

b) Pertsona fisikoak ez diren eskatzaileen kasuan, gainera, sozietatearen kontratuaren kopia, eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena.

c) Eskatzailearen IFZ edo IFK.

d) Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak (IV. eranskina).

e) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa. Proiektuaren deskripzio-memoriak ez du 30 folio baino gehiago beteko, DIN A-4 formatuan, alde batetik idatziak, ohiko tipografian, gutxienez 11 puntuko letra mota erabilita, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera. Hortik aurrerako informazioa ez da baloratuko.

f) Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean jakinarazi beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

4.4. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko a), b) eta c) ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.5. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.6. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten direnak.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Horren ondorioetarako, honako hauek ez dira joko gastu diruz lagungarritzat:

1.–Langileak kontratatzeko gastuak eta gastu sozialak (Gizarte Segurantza eta antzekoak).

2.–Talde tekniko eta artistikoko kideen ostatu gastuak, mantenu gastuak eta joan-etorrien gastuak, bai eta emanaldia egiteko beharrezkoak diren garraio gastuak ere, kopuru hauek gainditu gabe:

–Ostatu eta mantenu gastuak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako eta 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17koan, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuko dira gastuak.

Deialdi honen ondorioetarako, mantenu gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak bakarrik (bazkaria eta afaria).

Dieten gastuak kalkulatzeko, kontuan hartuko da emanaldia/bira dela eta mugitu diren pertsonen, artisten eta/edo teknikarien kopurua.

–Joan-etorriak: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak.

Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Joan-etorrien gastuak lotuta badaude emanaldi bat baino gehiago duen bira batekin, talde artistikoak edo artistak joan-etorri bakarra sar dezake kontzeptu horretan.

–Emanaldia egiteko beharrezkoak diren elementuen garraioa: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak.

Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak.

Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

Laguntza eskatzen bada produkzio baten bira egiteko zenbait herritan, tarteko ibilbideak gehituko zaizkio joan-etorriaren distantziari, kilometrajea kalkulatzeko.

4.–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako, digitalizaziorako eta merkaturatzeko gastuak, gehienez ere % 15.

5.–Dirulaguntzaren xedeko proiektua prestatu edo gauzatzeko, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen duen materiala erosteko edo zerbitzuetarako egindakoak.

6.–Arte eszenikoetako proiektuen eta musika proiektuen parte diren jardueren gastuak, proiektuak ezin izan badira guztiz edo zati batean egin martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan edo haren luzapenetan aurreikusitako neurrien ondorioz (errege dekretu horren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez) edo agintaritza eskudunek COVID-19aren osasun krisiari aurre egiteko hartzen dituzten neurrien ondorioz.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

b) Balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeena, bai eta antzeko zergak ere.

c) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Kasu honetan, horien amortizazioa izan ezik, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (114/2017 Foru Dekretua, sozietateen gaineko zergaren erregelamendua onesten duena).

d) Jardunbide egokiekin eta gardentasunarekin bateragarriak ez diren guztiak.

e) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

f) Ez dira onartuko laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

g) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, ez eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak ere.

6.–Eskaeren tramitazioa eta ebaluazioa.

6.1. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak (Kultura eta Kirol Departamentua) tramitatu eta ebaluatuko ditu eskaerak, banakako ebaluazioaren araubidean.

Ebaluazio prozesu osoan zehar, eskatzaileen agerraldia eska daiteke, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

6.2. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du.

Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.5 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Kultur Ekintza Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusirik, laguntzak ematea proposatuko du.

7.–Proiektuen balorazioa.

Ondoko irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak; gehienez ere 100 puntu.

7.1. Proiektuaren ezaugarriak (50 puntu gehienez).

–Emanaldi kopurua:

Emanaldi solteak badira

10 puntu, emanaldi bakoitzeko

Birak badira (gutxienez 4 emanaldi deialdiaren epearen barnean)

12 puntu, emanaldi bakoitzeko

–Espazio eszenikoen kokalekuak:

Foru Komunitatearekin mugakide diren lurraldeetan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Aragoi, Akitania Berria)

5 puntu, espazio eszeniko bakoitzeko

Estatuko beste lurralde batean

8 puntu, espazio eszeniko bakoitzeko

Estatutik kanpo (Akitania Berria izan ezik)

10 puntu, espazio eszeniko bakoitzeko

–Dirulaguntzaren xede den ekoizpenak lortutako sariak (zuzendaria, egilea...):

Puntu 1 sari bakoitzeko

7.2. Eskaera egiten duen artistaren, enpresa ekoizlearen edo banatzailearen ibilbidea (gehienez 30 puntu).

JARDUERA

5 puntu azken 5 urteetan ekoitzitako produkzio garrantzitsu bakoitzeko

IBILBIDEA

Puntu bat konpainiak edo artistak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (10 puntu gehienez)

10 urtetik gora

10 puntu

9 urte

9 puntu

8 urte

8 puntu

7 urte

7 puntu

6 urte

6 puntu

5 urte

5 puntu

4 urte

4 puntu

3 urte

3 puntu

2 urte

2 puntu

Urte 1

Puntu 1

–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren azken 5 urteetako deialdietan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektua izatea.

4 puntu

Eskatzaileak jasotako dirulaguntza bakoitzeko

2 puntu

Onartu bai baina dirulaguntzarik gabe utzitako proiektu bakoitzeko (deialdian diru aski ez egoteagatik)

7.3. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez).

–Proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta (BEZik gabe), eskatutako dirulaguntzaren portzentajea.

% 40 bitarte

15,0 puntu

% 40 baino gehiago eta % 45 arte

14,0 puntu

% 45 baino gehiago eta % 50 arte

13,0 puntu

% 50 baino gehiago eta % 55 arte

12,0 puntu

% 55 baino gehiago eta % 60 arte

10,0 puntu

% 60 baino gehiago eta % 65 arte

7,5 puntu

% 65 baino gehiago eta % 70 arte

5,0 puntu

7.4. Nafarroako kultura zabaltzea eta euskara erabiltzea (5 puntu).

Nafarroako kultura zabaltzea bere egileak sustatuz

2 puntu gehienez

Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean

3 puntu gehienez

7.5. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak eskaera eginen du deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduari jarraikiz; eredu horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

7.6. Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

7.7. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo funsgabeak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8.–Laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Horretaz gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, interesdunek Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalera jo dezakete, helbide elektroniko honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

9.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsonek eta entitateek egiten badituzte, eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f) artikuluan aipatzen dira), arau horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

Ondorio horretarako, eskatzaileek IV. eranskina bete beharko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kultura eta Kiroleko kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10.–Onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz (dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen ditu).

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalaren bidez.

Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.3. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egindako proiektuak direla ulertuko da.

10.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak funtsean aldatzen ez badu onetsitako proiektua.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela.

Onuradunek Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Diruz laguntzen du: …).

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

10.7. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

10.11. Laguntzaren onuradunek amaierako ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko dute, proiektua amaituta.

Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

10.12. Kudeaketa lanean konpromiso etikoa begiratzearren, eskatzaileak konpromisoa hartu beharko du jardun egokiak izateko diruz laguntzen den jardueraren garapenean, bereziki lan eskubide eta betebehar oinarrizkoen esparruan.

10.13. Laguntzen onuradunek, bat etorriz Nafarroako Gobernuak ekainaren 19an hartutako erabakiarekin, konpromisoa hartzen dute betetzeko COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio neurriak eta Espainian jarduera eszeniko eta musikala berrabiarazteko Jardunbide Egokien Gidako gomendioak (COVID-19aren osasun-krisiaren aurreko neurri eta gomendioak, INAEMek argitaratua).

11.–Ordainketa.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Oro har:

Oro har, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren % 25, % 50, % 75 eta % 100 egindakoan.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Eskaera, ordainketa mota (likidazio partziala) eta eskatutako zenbatekoa adierazita.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

d) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

e) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

f) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.2. Konturako ordainketak:

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Ordainketa mota (konturako ordainketa) eta eskatutako zenbatekoa.

b) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren % 50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari eskatu egin beharko dio, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik eskuratu beharra duela justifikatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz: egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak (hilabeteka banatua) eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak.

12.–Justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Aurreko apartatuan aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntza likidatzeko, onuradunek ondoren aipatzen diren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte proiektua bukatu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2020ko azaroaren 26a izanen da, egun hori barne.

Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina dagoen kasuan, laguntza onartu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa, eta betiere 2020ko azaroaren 26a baino lehen.

Aurkeztu beharreko agirien zerrenda:

a) Proiektuaren amaierako memoria.

b) Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.

c) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

d) Emanaldiaren kontratuak edo ziurtagiriak.

e) 11.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

12.3. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu direla dioen frogagiria badute.

13.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

13.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

13.2. Kasu guztietan, bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura eta Kirol Departamentuak proiektu bererako ematen duen beste edozein dirulaguntzarekin.

13.3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14.–Dirua itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate edo pertsona onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa izanen da.

16.–Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzen dela ulertuko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

17.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Deskripzio-memoria.

III. ERANSKINA

Aurrekontu ekonomikoa.

IV. ERANSKINA

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2007266