175. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Etxegabeen udal zentroaren barne araubidearen erregelamendua. Behin betiko onespena

2020ko otsailaren 3ko Osoko Bilkuran hasiera batez onetsi zen Etxegabeak Artatzeko Udal Zentroaren Barne Araubidearen Erregelamendua, eta 2020ko otsailaren 27an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (40. zenbakia) hasierako onespenaren erabakia, bai eta administrazio espedientea jendaurrean 30 egunez jartzea ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, herritarrek eta bidezko interesa dutenek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Horrenbestez, bete da Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean xedatutakoa eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa, bai eta udal erregelamenduak eta ordenantzak izapidetzeaz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa ere.

Bestalde, 2020ko uztailaren 20ko Osoko Bilkuran, Etxegabeak Artatzeko Udal Zentroaren barne araubidearen erregelamendua behin betiko onestea erabaki zen, bai eta onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ere erregelamenduaren testu osoarekin batera, zeina indarrean sartuko baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Tuteran, 2020ko uztailaren 21ean.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

ETXEGABEAK ARTATZEKO UDAL ZENTROAREN BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

Dokumentu hau prestatzeko, honako hauek hartu dira kontuan:

–Etxegabeak Artatzeko Udal Zentroa arautzen duen ordenantza (2019ko maiatzaren 6an onetsia eta 2019ko ekainaren 20an argitaratua Nafarroako Aldizkari Ofizialean) (Erregelamendu hau egiteko funtsezko oinarria).

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Etxegabeak Artatzeko Udal Zentroa (aurrerantzean, EAUZa) etxegabeentzako harrera zentro bat da, eta gune bat, garatu daitezen jarduketak eta zerbitzuak etxegabeen prebentziorako, sustapenerako eta haiek gizarteratzeko, Udaleko gizarte zerbitzuek kudeatutako programen eta zerbitzuen esparruan.

Horrek bere baitan hartzen du banakako esku-hartze sozialeko programak garatzea, Tuteran bizileku-bazterketako egoeran eta/edo egoteko arriskuan dauden pertsonentzat.

Baliabide horren bidez, artatutako pertsonentzako gizarteratzeko prozesuak sustatutako ditugu, haiei laguntza pertsonala eta akonpainamendu soziala eskainiz, hau da, artatutako pertsonarekin osoki jardunez (eta ez bakarrik arazoa kontuan hartuta). Pertsonen arteko harremanak eta haien ahalmenak lehenesten ditugu, pertsonei ulertzen saiatuz, haiek berek has daitezen beren egoera eta beren zailtasunak mendean hartzen; horretarako, lagundu eta bitartekoak emanen dizkiegu, kontuan hartuta haien ahalmenak eta gaitasunak.

2. artikulua. Izaera.

EAUZa Udalaren zentroa da antolaketari, funtzionamenduari eta zuzkidura ekonomikoari dagokienez, deusetan galarazi gabe beste erakunde edo entitate batzuek dirulaguntzak eman ahal izatea. Tuterako Udalak beretzat hartuko du ahalmena erabakitzeko zein den kudeatzeko, aldatzeko edo azkentzeko modua.

3. artikulua. Kokapena, egunak eta ordutegiak.

Etxegabeak Artatzeko Udal Zentroa Tuterako Eza kaleko 2. zenbakian dago, 1. eta 2. solairuetan (sarrera La Milagrosa pasabidetik).

Zentroa eguneko 24 orduetan egonen da irekia, urteko 357 egunez (itxita egonen da uztailaren 24an eta 31n, biak barne).

Pasadizoko etxegabeak artatzeko programari eta Tuteran erroldatutakoak edo ohiko bizilekua Tuteran duten etxegabeak aldi baterako artatzeko programari dagokienez, sartzeko eta artatzeko ordutegia 08:00etatik 22:30era da.

Bai adierazitako ordutegiak eta bai egunak aldatu daitezke, dagokion zinegotziak, egoera dela eta, hala egitea gomendatzen badu.

Artatzen diren lagunek errespetatu eginen dute ordutegia, salbu udaltzaingoarekin edo beste segurtasun kidego batekin etortzen diren kasuetan.

Zentroko jarduera 07:30etik 23:00etara bitartean antolatuko da.

4. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Barne araubidearen erregelamendu hau EAUZean egonen da. Erabiltzaileek horren berri izateaz gain, eskuragarri ere izanen dute. EAUZean eskaintzen diren programa orotan parte hartzen duten pertsona guztiei da aplikatzekoa.

5. artikulua. Arreta, zerbitzuak eta programak.

EAUZak arreta integrala garatuko du artatzen diren pertsonentzako, honako zerbitzu hauek emanez: ostatua, mantenua, garbiketa eta higienea, eta laguntzako, hezkuntzako/prestakuntzako jarduerak eta jarduera okupazionalak, eta, horrezaz gain, laguntza, orientabidea eta esku-hartze soziala ere eskainiko zaie.

1) Pasadizoko etxegabeak artatzeko programa.

Programa honen xede direnek ezaugarri hauek bete behar dituzte: 18 urtetik gorakoak izatea, Tuteran erroldaturik egon gabe eta bizilekua ere bertan izan gabe, gizarte-bazterketa larrian egotea, eta, gainera, baliabide ekonomiko eta pertsonalik ez edukitzea egoera horri aurre egiteko.

Programa honetan parte hartzen duten pertsonek eskubidea dute zerbitzua hiruhileko bakoitzean bi egunetan erabiltzeko, eta zentroan dauden bitartean han programatutako jarduera guztiak eginen dituzte.

Jarduera horiek, gizarte lanaren printzipioak oinarri hartuta, pertsonei laguntzea eta orientabidea ematea dute xede, eta printzipio horietan errespetua eta autonomia pertsonala funtsezko ardatzak dira, sentsibilizatze aldera autozaintzako eta babes zein segurtasuneko jarraibideetan.

Akonpainamenduko jarreretan funtsezkoak dira tratu ona, banakako arreta pertsonala, entzute aktiboa eta enpatia, baldin eta haien gizarteratzean eragina izanen badute.

Zentroan antolatutako jarduerak egiten dituzten pertsonek eskupeko ekonomikoa jasoko dute.

Hotz boladak eta bero boladak direla eta, hiruhileko bakoitzean bi egunetan baino gehiagotan erabil daiteke zerbitzua, betiere hotz edo bero bolada luzatzen bada; nolanahi ere, horrek ez du eraginik izanen hiruhileko bakoitzean bi egunetan erabiltzeko eskubidean, lehen adierazitakoan.

Atsedenerako ezarritako ordutegietan, programatutako jardueretan parte hartzen dutenek aukera izanen dute zentroan bertan geratzeko edo handik irteteko.

2) Aldi baterako arreta programa, Tuteran erroldatutako edo ohiko bizilekua Tuteran duten etxegabeentzat.

Programa honen xede direnek ezaugarri hauek bete behar dituzte: 18 urtetik gorakoak izatea, Tuteran erroldatutakoak edo ohiko bizilekua Tuteran dutenak gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunez, zaurgarritasun soziala izatea, gizarte-bazterketako eta/edo bizileku-bazterketako egoeran egotea, eta hasia izatea Udalaren gizarte zerbitzuen esku-hartze eta sustapen sozialeko ibilbide bat (askotariko programak eta baliabideak).

Programa honetan hilabete batetik hiru hilabetera bitartean egoten ahalko dira, eta egonaldia luzatzen ahalko da teknikari batek eta pertsonak berak balorazioa egin ondoren, xedetzat hartuta esku-hartzeari jarraipena ematea eta abian jarritako gizarteratzeko prozesuari amaiera ematea.

Derrigorrezkoa da zentroak antolatzen edo programatzen dituen jardueretan parte hartzea, baldin eta esku-hartze sozialaren elementutzat hartzen badira. Akonpainamendu sozialaren berezko metodologia baliatuz hartuko da esku.

3) Protokoloa, hotz boladetarako eta bero boladetarako.

Hotz eta bero boladetarako protokoloaren bidez koordinatu nahi dira behar diren bitarteko tekniko eta humanoak, eguraldi txarrak eragindako larrialdietarako, halako moduz non gure hirian etxegabe bakar bat ere ez dadin gelditu oinarrizko zerbitzu hauek jaso gabe: ostatua, mantenua, garbiketa eta higiene pertsonala eta arropa garbiketa.

Bi kasu horietan, arrazoi horrengatik emandako egunak ez dira kontuan hartuko hiruhileko bakoitzean bi egunez egoteko eskubidea baliatzeko. Hiruhilekoaren barruan zerbitzuak erabili ahalko dituzte.

–Bero boladarako protokoloa:

Erabiltzaileek zerbitzuak erabiltzeko eskubidea izanen dute, baldin eta egunez tenperatura maximoa 37 gradu edo gehiagokoa bada. Osasun Publikoak emandako aholkuei jarraituko zaie, eta pertsonek aholku horiek bete ditzaten saiatuko da zentroa. Egonaldiak iraun bitartean, zentroak eskaintzen dituen jardueretan parte hartzen ahalko dute. Kalera ez irtetea gomendutako orduetan, zentroan egonen dira. Protokoloa uztailaren 1etik abuztuaren amaiera arte egonen da indarrean, betiere aipatutako tenperatura baldin badago.

Bero bolada dela-eta zentroan dauden bitartean, hautazkoa da jardueretan parte hartzea, eta ez du bermatzen prestazio ekonomikoa jasotzea.

–Hotz boladarako protokoloa:

Zentroko zerbitzuak erabiltzen ahalko dituzte, egoera klimatologikoa txarra bada (tenperaturak behera egitea edo sentsazio termikoa 3 gradu zentigradu edo gutxiagokoa izatea, edo antzeko baldintza klimatologiko txarrak badira). Protokoloa azaroaren 1etik otsailaren amaiera arte egonen da indarrean, betiere aipatutako tenperatura baldin badago.

Hotz bolada dela-eta zentroan dauden bitartean, hautazkoa da jardueretan parte hartzea, eta ez du bermatzen prestazio ekonomikoa jasotzea.

II. KAPITULUA

EAUZak eskaintzen dituen zerbitzuak

6. artikulua. Zerbitzuen deskribapena.

EAUZak adierazitako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztientzako zerbitzu hauek eskaintzen ditu: ostatu emateko zerbitzua, mantenu zerbitzua, garbiketa eta dutxa zerbitzua, arropa garbiketako zerbitzua, farmazia zerbitzua eta arreta sozialeko zerbitzua.

Zerbitzu horien xedea laguntzea, prebenitzea eta heztea (gizarte eta hezkuntza alorrean) da, eta honako hauek hartzen dituzte beren baitan:

–Ostatatzea.

–Mantenua (gosaria, bazkaria eta afaria).

–Garbiketa eta higiene pertsonala.

–Arropa garbiketa.

–Kontsigna.

–Farmazia.

–Gizarte eta hezkuntza alorreko eta arreta sozialeko jarduerak.

–Izaera sozialeko banakako arreta programa.

7. artikulua. Ostatu emateko zerbitzua.

Ostatatze zerbitzuaren xedea gaua pasatzeko tokia ematea da, arretarako lehen azaldutako programetako bakoitzean adierazitako baldintzak betetzen dituzten guztiei. Zerbitzu honetaz baliatzeko, ezinbestekoa da identifikazioko agiria aurkeztea, eta ostatatze arauak errespetatzeko konpromisoa hartzea.

Artatzen edo arrera egiten zaien pertsonei ohe bat eta logela bat emanen zaie, bai eta norberaren gauzak uzteko armairu bat ere. Armairu horrek giltza bat du, eta derrigorrezkoa da itzultzea zentrotik irtetean. Logelak zenbait pertsonaren artean partekatzekoak dira.

Bainugela eta komunetan laguntza teknikoak jarri dira, irisgarritasun alorreko betebeharrak betetzeko.

Jabetza pertsonaleko gauzak zaintzeko sistema bat ere badago.

Egonaldiari eta bizikidetzari begira, oinarrizko portaerazko jarraibide batzuk ezarri dira, eta zentrora bertaratzen diren pertsonek haiei jarraitu behar diete.

Norbaitek zentroan objekturen bat aurkituz gero, horren ardura duen pertsonari eman behar dio.

Bizikidetzako, higieneko eta elkarrenganako errespetuko oinarrizko arauak bete behar dira, bai eta isiltasun ordutegia ere; isiltasuna gorde beharreko ordutegi horretan ezin izanen da musika entzuteko tresnarik erabili (entzungailuekin bai).

Geletan ezin da janaririk gorde.

Eremu komunetako egonaldian eta bizikidetzan ezinbestekoa da elkarrenganako errespetua, eta ezin izanen da ez liskarrik ez istilurik eragin.

Debekatuta dago zentroan erretzea.

Eremu komunak egokiro erabili behar dira, zentroko altzariak eta bestelako gauzak behar bezala erabili eta zaindu, eta txukun utziko dira.

Debekatuta dago zentroaren inguruan janaria, zaborra eta bestelako hondakinak paperontzietatik eta horretarako propio jarritako tokietatik kanpo uztea.

Eguneroko jarduerek beren baitan hartzen dute zentroaren kanpoaldeko eremuak garbi eta txukun edukitzea.

Zentroko eremuak garbitzeko eta desinfektatzeko, egoitza zentroetarako indarrean dagoen araudian xedatutako produktuak erabiltzen dira.

Gelak eta komunak egunero garbituko dira, eta bulegoak zein eremu komunak, berriz, zentroan antolatutako jardueren arabera.

Nork bere eskuko telefonoa erabiltzen ahalko du zentroko gela guztietan, eta nork bere telefonoaren ardura izanen du, ez beste inork.

Jarduerak egin ahal izateko emandako materiala zuzen erabiliko da, bai eta zentroko geletan daudenak eta beste pertsonen jabetzako gauzak ere.

Etxe-animaliarik edukiz gero, zentroko kanpoaldean egonen dira, horretarako propio egokitutako eremuan.

Zentrotik ateratzen ahal da jarduerak zein kudeaketak egiteko, beste zerbitzu edo profesional batzuengana joateko, eta erreferentziazko profesionalarekin batera programatutako irteera bereziak egiteko. Irteera edo jarduera horiek baimenduta daude, eta mota askotarikoak dira: aisialdi eta denbora libreko jarduerak, jarduera kulturalak, komunitatean gizarteratzekoak, prestakuntza-jarduerak, lanean hasteko eta lana bilatzekoak, etab.

Egunaren joanean antolatuta dauden atsedenaldietan ere irteten ahal da. Beste irteera jakin eta berezi batzuk egiteko aukera ere izanen da, baldin eta zentroak horretarako baimena ematen badu.

8. artikulua. Mantenu zerbitzua.

Mantenu zerbitzuaren helburua zentroko erabiltzaileei elikagaiak ematea da (gosaria, bazkaria eta afaria), modalitate guztietan eta haietara egokituta.

Elikadura orekatua eta osasungarria bermatuko da.

Hotz eta bero boladetan gutxienez bi otordu eskainiko dira, eta zerbitzuan ematen den denboraren arabera erabakiko da nola jardun.

Jan-edariak catering zerbitzu baten bidez hornitzen dira, eta osasunez egokia den formula erabiltzen da sukaldaritza-lantegietan menuak egiteko, bai eta prestatutako menuak zentrora eramateko eta kontserbatzeko ere.

Otorduak horretarako propio ezarritako ordutegian eta eremuan izanen dira, eta jangelaren erabileraren arauak bete behar dira.

Debekatuta dago jangelan ordena nahasmendua eragitea, bai eta jan-edariak eta sendagaiak beste pertsona batzuekin trukatzea ere.

Hilabetean emanen diren menuak beti egonen dira ikusgai, eta menu bereziak prestatuko dira, beti kontuan hartuta pertsonaren beharrizan indibidualak, medikuaren aginduak, eta erabiltzaileen sinesmenak zein balioak (dieta arrunta, begetarianoa, glutenik gabea, eta diabetea, gastroenteritisa eta bestelako eritasunak dituztenentzat).

Otorduetan beste alderdi batzuk ere lantzen dira, hala nola mahaiko ohitura egokiak, mahai tresnen erabilera, gorputz-jarrera, ohitura osasungarriak eta gainerako kideekiko harremana.

9. artikulua. Garbiketa eta higiene pertsonaleko zerbitzua, eta arropa garbiketakoa.

Komun eta dutxen zerbitzuaren xedea higiene pertsonala erraztea da, bai zentroko erabiltzaileei eta bai Tuteran bizi baina higiene pertsonalerako bitartekoak ez dituztelako zentrokoak erabili behar dituztenei.

Higiene pertsonala eta arropa garbi edukitzea funtsezkotzat hartzen dira osasunerako eta ongizaterako, bai eta autoestimurako eta gizarteratzea lortzeko ere. Ezinbesteko baldintza da hartu-eman onak izateko, edozein dela ere esparrua. Nahitaezkoa izanen da dutxak erabiltzea Etxegabeak Artatzeko Udal Zentroko gainerako zerbitzuak erabiltzeko.

Irudi ona edukitzea lortzeko eta, era berean, norberaren irudia zainduz autoestimua hobetzeko, behar bezala eta tenperaturara egokituta janzteak duen garrantzia sustatzen da. Higiene pertsonala sustatu eta iraunarazteko, arropa garbitzeko bitartekoak edukitzeaz gain, janzki hornidura ere eskaintzen da, kontuan hartuta hura zaintzea zein itzultzea.

Horretarako, eskuragarri daude dutxa zerbitzu bat, eta desgaitasun fisikoa edo laguntza premia dutenentzako komun egokitu bat, bai eta arropa garbigailua zein lehorgailua eta ile lehorgailua ere.

Pertsona bakoitzak bere higiene eta garbitasun produktuak erabiliko ditu, modu indibidualean.

Arropa garbitzeko produktuei dagokienez, behar adina emanen zaie.

Zeregin okupazionalen barruan eta xede hezitzailea izanik, erabiltzaileek arropa garbiketako eta zaintzako zereginetan laguntzea aztertuko da.

10. artikulua. Farmazia zerbitzua.

Farmazia zerbitzuak botikak emanen ditu, aurretik medikuak aginduta.

Farmazia zerbitzua zentroko langileek emanen dute beti, egonaldiak iraun bitartean (pertsonak programan parte hartzen duen denbora epean, edozein dela programaren modalitatea ere).

Zerbitzu hau emateak honako esku-hartze honekin du lotura, besteak beste: osasun zerbitzuetara joatea, osasuna zaintzea eta botikak behar bezala hartzea. Alderdi horiek osasun arloaren eta programatutako jardueren barruan landuko dira, esku-hartze sozialaren funtsezko alderdietako bat den aldetik.

11. artikulua. Gizarte eta hezkuntza alorreko eta arreta sozialeko jarduerak.

11.1. Egokitze pertsonal eta sozialeko jarduerak.

a) Gizarteratzeko eta autonomia pertsonalaren garapenerako jarduerak, banakako esku-hartze programen bidez.

b) Komunitatean eskaintzen diren baliabideetan parte hartzeko jarduerak (txertatze soziokomunitarioa).

c) Trebetasun sozialekin lotutako jarduerak (interakzio soziala, autonomia, bulkaden kontrola eta frustrazioarekiko tolerantzia, enpatia eta autoestimua).

d) Bizi-ohitura osasungarriak lortzeko jarduerak.

11.2. Tratamendu psikosozialeko jarduerak.

a) Artatutako pertsonen ongizate psikiko eta sozialarekin zerikusia duten jarduerak.

b) Etengabeko prestakuntzako jarduerak.

c) Eguneroko bizitzarako trebetasunak eta ohitura pertsonalak sustatzeko jarduerak.

d) Aisiako eta denbora libreko jardueretan parte hartzearekin eta parte-hartze soziokomunitarioarekin zerikusia duten jarduerak.

12. artikulua. Arreta sozialeko zerbitzuaren xedapen orokorrak.

Arreta sozialeko zerbitzuak, behin oinarrizko beharrak aseta, zerbitzua emanen du kontuan izanik artatutako pertsona bakoitzaren gaitasunak eta ahalmenak, gaikuntza pertsonala, soziala eta lan merkatura sartzekoa. Horretarako, honelako jarduketak eskainiko ditu: arreta jasotzen dutenei akonpainamendu soziala, gainbegiratzea eta jarraipena; jarduera okupazionalak eta prestakuntza eta hezkuntzakoak, horretarako erabiliz zentroaren beraren funtzionamendu-dinamika; eta beste jarduera okupazional batzuk, establezimendu honen barnean eta kanpoan, herriko beste baliabide komunitario batzuekin elkarlanean eta koordinazioan.

13. artikulua. Ostatu prestazioak.

Larrialdietan, salbuespenez, eta aurrekontu-aukeren arabera, ostatua eman daiteke Udalarekin hitzartutako hotel batean, baldin eta zentroa beteta badago, edo hala behar bada etxegabearen inguruabar bereziengatik.

III. KAPITULUA

Giza baliabideak

14. artikulua. EAUZeko langile profesionalak.

Gaur egun, EAUZak profesional hauek ditu:

–Zerbitzuaren koordinatzaile 1.

–Gizarte-langile 1, lanaldi partzialean.

–5,5 gizarteratzaile: haietako 5 lanaldi osoan, eta 1 lanaldi partzialean.

–Garbiketa eta jangelako laguntzaile 1, lanaldi erdian.

Profesional taldea aldatu ahalko da, beharrezkotzat hartzen bada eta Udaleko gizarte zerbitzuetakoek hala egitea erabakitzen badute; aldaketa horiek Tokiko Gobernu Batzarrak baimenduko ditu.

15. artikulua. Zentroko langileak eta eginkizunak.

EAUZeko lantalde teknikoa arlo sozialeko eta Gizarte Lanean eta Gizarteratzearen alorrean espezializatuta dauden teknikariez osatuta dago, eta eginkizun hauek dituzte:

a) EAUZa koordinatzeko eginkizunak.

–Zentroa koordinatzea orokorrean, hau da, langileak ikuskatzea eta antolatzea (ordutegiak, txandak, etab.), eta funtzionamendua eta pertsonen arreta ona dela ziurtatzeko kudeaketaz arduratzea.

–Zerbitzuko langileak koordinatzea, garatutako jardueraren jarraipenari eta balorazioari dagokionez, zerbitzuak gauzatzen dituen prozesu pertsonaletan aurrera egiteko eta baliabideen gehieneko optimizazioa lortzen saiatzeko.

–Zerbitzuaren erakunde titularrarekin, Tuterako Udalarekin, koordinazioan aritzea, arloko arduradunak horretarako propio izendatutako teknikariaren bidez.

–Portaera egokia dela eta erregelamendua betetzen dela ziurtatzeko jarraipena egitea eta ikuskatzea.

–EAUZaren ordezkari izatea, gizarte zerbitzuetakoek erabakitzen duten esparruetan.

b) EAUZeko gizarte langileen eginkizunak.

–Pertsonak erroldatutakoen programan sar daitezen onartzea, kasuan kasuko pertsona udaleko gizarte zerbitzuetakoak zentrora bideratu ondoren.

–Erroldatuta dauden eta aldi baterako egoiliarrak diren pertsonentzako egin beharreko banakako esku-hartze plana diseinatzea, planean akonpainamendua egitea eta planaren jarraipena egitea. Gizarteratzeari buruzko txostenak egitea.

–Orientabidea eta informazioa ematea, eta baliabideak bideratzea.

–Larrialdiko egoerak artatzea, beharrezkoa izanez gero, eta larrialdiko osasun zentroetara bideratzea eta/edo joaten laguntzea, egoera dela-eta beharrezkotzat joz gero.

–Zentroko erabiltzaileak beste egoitza baliabide batera joateko irteerak prestatzea. Jarraipena egitea.

–Egoiliarren osasunaren jarraipena egitea.

–Beste baliabide soziokomunitario batzuekin koordinazioan aritzea.

–Jarduketa eta jarduera okupazionalak edota prestakuntzakoak diseinatzea, programa ikuskatzean edo koordinatzean hautemandako beharrei aurre egiteko; horretarako, lantaldearen laguntza izanen dute eta Tuterako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikarien proposamenak jasoko dituzte.

–Lantalde profesionalaren eginkizunetan laguntzeko bestelako lanak egitea.

–Zentroaren jardunarekin eta funtzionamenduarekin lotutako beste eginkizun batzuk egitea.

–Zerbitzuaren kudeaketan sortutako gorabeherei aurre egitea.

–Langileekin lankidetzan eta koordinazioan aritzea, EAUZeko baliabideen gehieneko optimizazioa lortzeko.

–Hornitzaileak (garbiketa, cateringa, etab.) kontrolatzea.

–Gastua kontrolatzea.

–Txosten ekonomiko eta teknikoak aurkeztea, eta EAUZaren funtzionamenduari buruzko kudeaketa administratiboak izapidetzea.

–Zentroan eginen diren jarduera okupazionalak koordinatzea.

–Zentroaren okupazio-maila kontrolatzea.

–Hartu-emanak izatea gizarte eta osasun larrialdiko zerbitzuekin, Tuterako Udaleko Gizarte Zerbitzuekin, Espetxeko Gizarte Zerbitzuarekin, osasun zentroekin eta abar.

–Erabiltzaileen eta zentroko langileen artean bizikidetza eta harreman sozial egokiak sustatze eta bultzatze aldera, zeregin hezitzaileak egitea.

c) EAUZeko gizarteratzaileen eginkizunak.

–Ostatua eskatzen dutenak onartzea eta haiei harrera egitea, bai eta udaltzainek, ospitaleek eta beste baliabide batzuetakoek zentrora bideratutakoak edo haiek lagunduta etorritakoak ere.

–Zentroaren funtzionamenduari buruz informatzea.

–Datuak biltzea, erabiltzaileetako bakoitzaren fitxa bat egitea, eta datu hauek jasoko dituen datu base bat kudeatzea: identifikazio pertsonaleko datuak, erreferentzia pertsonala eta familiarena, jasotzen dituen prestazioak, osasun egoera eta beharrezkotzat hartutako informazio oro.

–Artatutako erabiltzaileek behar dituzten oinarrizko zerbitzuak eta prestazioak bermatzea ( komuna, mantenua, garbiketa, oinarrizko trebetasunak, etab.).

–Gaua pasatzen dutenen erregistroa egitea egunero.

–Sarrera-irteeren erregistroa egitea.

–Erabiltzaileei laguntza ekonomikoa ordaintzea, jarduera okupaziolanak egin ondoren, zentroan dauden bitartean.

–Orientabidea eta informazioa ematea, eta baliabideak bideratzea.

–Zaintza lanak egitea egunez eta gauez, eta zentroan bereizita dauden bi eremuetan ordena eta bizikidetza gordetzen direla zaintzea.

–Txandetan gertatzen den gorabehera oro jakinaraztea, eta horretarako, dagokion kontingentzia partea betetzea.

–Otorduetan (gosaria, bazkaria eta afaria) jangelan egotea eta laguntzea, bai eta botikak hartzen dituztela ikuskatzea ere.

–EAUZeko instalazioak eta zerbitzuak behar bezala daudela eta erabiltzen direla zaintzea.

–Edozein dela arrazoia, gaixo edo ondoezik dauden zentroko pertsonen zaintzaz arduratzea.

–Zerbitzuko zuzendaritzak erabaki dezakeen lanetan laguntzea eta lanak egitea.

–Zentroko gizarte langilearen eta erabiltzaileen erreferentziazko profesionalen artean prestatutako banakako esku-hartze plana gauzatzeko laguntza hezigarria eskaintzea egoiliarrei.

–Gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatuetako bakoitzean hautemandako zailtasun edo arazoen berri ematea, bai eta zehaztutako helburuen betetze mailaren berri ematea ere.

–Behin ibilbidea betetzeko zer zailtasun dauden jakindakoan, gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatua aldatzeko aukerak proposatzea.

–Jarduera okupazionalak eta prestakuntza zein hezkuntzako ekintzak garatzea.

–Zeregin hezitzaileak egitea, erabiltzaileen artean bizikidetza eta harreman sozial egokiak sustatze eta bultzatze aldera, bai eta gizarteratzeko eta lanean hasteko ibilbidea garatzeko pertsona bakoitzaren ahalmenak sustatze eta bultzatze aldera ere.

–EAUZeko erabiltzaileen irteera bultzatzea, eta ostatatze normalizatuagoa lortzeko beste aukera batzuk bila daitezen sustatzea.

d) Garbiketako eta jangelako laguntzailearen eginkizunak.

Profil profesionalak berezko dituen eginkizunak izanen ditu; besteak beste, honako hauek:

–Jangelan laguntzea.

–Garbiketako lanak egitea.

–Mailari eta kategoria dagozkion guztiak.

16. artikulua. Langileen eskubideak.

Zentroetako langileek indarreko legediak aitortzen dizkien eskubide eta askatasunak izanen dituzte. Eskubide hauek jasoko dira, besteak beste:

a) Zentroaren jardunari eta funtzionamenduari buruzko informazioa aldian-adian jasotzeko eskubidea, zehazki, zentroko arduradunak edo horretarako propio izendatutako teknikarien lantaldeko erreferentziazko pertsonak helarazitakoa.

b) Zentroaren funtzionamendua eta erabiltzaileei ematen zaien arreta hobetzen lagunduko duten proposamenak aurkezteko eskubidea.

c) Beren eginkizunak egiteko eskubidea, zentroko programazio orokorraren helburu zein edukien arabera.

d) Artatutako pertsonen onerako beren eginkizunak behar bezala garatze aldera, beharrezkoak dituzten tresnak eta bitartekoak haien eskuragarri jartzeko eskubidea, betiere zentroaren aukerak kontuan hartuta.

e) Zentroan esku-hartze profesionalaren arloetan egiten denari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

17. artikulua. Langileen betebeharrak.

Langileen betebeharrak, besteak beste, hauek dira:

a) Betetzea eta betearaztea Barne Araubidearen Erregelamendua, beren eginkizunekin bat etorrita.

b) Artatutako pertsonen eskubideak babestea, Barne Araubidearen Erregelamenduan adierazitakoak eta indarreko legedian aitortzen zaizkienak.

c) Artatutako pertsonen datu pertsonalei buruzko konfidentzialtasuna zorrotz gordetzea.

d) Lanpostuak berekin dakartzan eginkizunak eta erantzukizunak betetzea.

18. artikulua. Zaintza, kontrola eta segurtasuna zentroan.

Zentroaren barruko zaintza eta segurtasuna zentroko langileei dagokie. Giro segurua eta babeslea eskaintzen da, bizikidetzarako ingurune lasaiarekin, helduen eta berdinen artean afektibitate- eta laguntza-loturak indartzen dituena, bai eta elkarrenganako errespetua eta onarpena ere indartzen dituena.

Langile guztiek gauzatuko dituzte istiluak prebenitzeko jarduketa sistematikoak (eremuen kontrola, tresna edo material arriskutsuen kontrola, instalazioen zaintza, etab.).

Ezarrita dago laneko arriskuen prebentziorako protokoloa.

Taldeak aktiboki hartuko du parte erabiltzaileek eragindako istiluak konpontzen, baldin eta zentroko jardueren ohiko garapena oztopatzen badute eta diziplina falta bada.

Erabiltzaileen jarreren eta/edo portaeren ondorioz bitartekaritzaren bidez konpondu ezin daitezkeen istiluak sortzen badira, udaltzaingoari esku hartzeko eskatuko zaio.

19. artikulua. Koordinazio lanetarako bitartekoak.

Zentroak kanpo koordinaziorako bideak ditu, garatu beharreko arreta eta gizarteratze prozesuan parte hartzen duten eragile eta erakunde guztiekin koordinazioan aritzeko.

Barne koordinazioari dagokionez, jardueren egutegia du, bai eta horretarako beharrezkoak diren erregistroak ere, bermatuta gera dagin esku hartuko duten pertsonen parte hartzea eta komunikazioa osotara.

20. artikulua. Boluntariotza.

Zentroak esku hartuta, boluntarioen partaidetza sustatzen da, oinarrizko 3 jardueren bidez:

a) Arreta kalean, hautemateko etxerik ez duten eta kalean lo egiten duten pertsonak, zerbitzua erabiltzeko aukera emate aldera. Zerbitzu hau edo bestelako batzuk erabiltzeko pertsonak hautematea eta arrazoitzea.

b) Gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei buruz sentsibilizatzea herritarrak: sentsibilizatzea eta pertsonen eskubideak jakinaraztea xede duten komunikazioko jarduerak egiten laguntzea; gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei buruzko jarduerak antolatzea; mahai inguruak eta ekitaldiak antolatzea, dibulgaziozko eskuliburuak egitea, etab.

c) EAUZak programatutako tailerretan hartutako pertsonekin lankidetzan aritzea, besteak beste: jarduerak egiten laguntzea; tailer okupazionaletan artatutako pertsonei laguntzea; eta jarduerak, kanporako irteerak eta beste mota batzuetakoak egitera motibatzea.

IV. KAPITULUA

Zentroaren funtzionamendua

21. artikulua. Zerbitzuen erabilera.

EAUZak argibideak eta azalpenak emanen dizkie artatutako pertsonei, zentroaren dinamikaren eta funtzionamenduaren berri izan dezaten: sarrera eta egonaldia, eremuen erabilera, gauzak egiteko ordu garaiak eta baldintzak, ordutegiak eta pertsonen eta zentroaren helburuen arteko loturan erabakigarria izan daitekeen alderdi oro.

Barne Araubidearen Erregelamendua da horretarako bitarteko nagusia.

22. artikulua. Kexak eta iradokizunak.

Erreklamazioen liburua izanen dute eskuragarri erabiltzaileek, kexak edo ekarpenak idatziz egin ahal izateko. Horiek guztiak Udalean erregistratuko dira, eta ahalik eta azkarren erantzunen zaie.

Artatutako pertsonek postontzi bat dute zentroan, han sartu ahal izateko zentroari buruz duten iritzi edo iradokizun oro (premiak, instalazioak, arauak, antolaketa, tratua, etab.).

Aintzakotzat hartuko dira iradokizun guztiak.

23. artikulua. Gaixotasuna dela-eta osasun zentroetara eta arreta berezietara bideratzea.

Norbaitek eritasun kutsagarria izan badezake, aktiboa, osasun zentrora bideratuko da.

Mendekotasuna duen pertsona bat (eguneroko bizitzako jardueretarako aldi baterako eragozpenak dituena) gaixotu egiten bada edo bestelako zerbait gertatzen bazaio, eta horregatik komeni bada EAUZera bideratzea, Udaleko gizarte zerbitzuak baloratuko du EAUZeko langileekin batera hura artatzeko aukera, eta egokiro artatzeko behar diren laguntzak jarriko dira abian.

24. artikulua. Hartu-emana herritarrak babesteko kidegoekin.

Zentroak etengabe izanen du hartu-emana gauez harrera egiteko moduko kasu eta egoerak hautematen eta pertsona horiek harrera egiteko baliabidera bideratzen parte hartzen duten herritarren babeserako eta/edo segurtasunerako kidegoekin.

V. KAPITULUA

Erabiltzaileak

25. artikulua. Etxegabeak: definizioa.

Etxegabetzat hartzen dira honako ezaugarri hauek dituztenak: non bizi ez edukitzea, gizarte-bazterketa eta bizileku-bazterketako egoeran egotea, eta baliabide pertsonal eta ekonomikorik ez izatea egoera pertsonalari aurre egiteko.

26. artikulua. EAUZean sartzeko baldintzak.

Baldintza hauek bete behar dira EAUZean onartzeko:

a) Aurreko artikuluan eta baliabidea erregulatzeko ordenantzan xedatutako baldintzak betetzea.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Eguneroko bizitzaren garapen normalerako laguntzarik behar ez izatea.

d) Administrazio eskudunak pertsona identifikatu ahal izateko igorritako dokumentazioa edukitzea.

27. artikulua. Zentroan alta hartzea.

Etxegabeak Artatzeko Udal Zentroko langileek erabakiko dute norbait zentroan sartzea, eta haiek zehaztuko dute zenbat denbora emanen duen, kontuan izanik eskatzailearen egoera pertsonala.

28. artikulua. Zentroan egon daitekeen gehieneko denbora.

Zehazteko norbait zenbat denboraz egonen den EAUZean, kontuan hartuko da zer programatan sartuko den:

a) Pasadizokoak artatzeko programa: 2 egunez hiruhilekoan; salbuespenak egin daitezke osasun arrazoiengatik eta teknikariek aldez aurretik baloratutako arrazoiengatik egoera berezian dauden pertsonen kasuan.

b) Aldi baterako artatzeko programa: arau orokor gisa, programa honetan 3 hilabetez egonen dira gehienez ere, salbu teknikariek proposatzen badute egonaldia luzatzea beharrezkoa dela.

c) Hotz eta/edo bero boladetarako protokoloa: behar den denbora, eguraldiaren arabera, protokoloan ezarritakoarekin bat. Larrialdietan eta ezbeharretan, ezarritakoaren arabera erabakiko da.

29. artikulua. Eskaintzen diren programen onuradunak eta haietatik kanpo utzitakoak.

1. Pasadizoko etxegabeak artatzeko programa.

Programa honen xede direnek ezaugarri hauek bete behar dituzte: 18 urtetik gorakoak izatea, Tuteran erroldaturik egon gabe eta bizilekua ere bertan izan gabe, gizarte-bazterketa larrian egotea (etxerik gabe eta/edo pasadizoan), eta, gainera, baliabide ekonomiko eta pertsonalik gabe egotea uneko egoerari aurre egiteko.

1.1. Onuradunak:

a) 18 urtetik gorakoak, bizitegi-bazterketako egoeran daudenak eta Tuteran erroldatu gabeko pasadizoan daudenak.

b) Gizarte-bazterketako arriskua eta kalteberatasun sozial larria duten pertsonak, haien artean sartzen direla, halaber, espetxetik atera direnak eta ospitaleko alta duten etxegabeak (gizarte eta osasun arloko laguntza sarearekin koordinaturik).

c) Udaleko gizarte zerbitzuek, osasun zerbitzuek, gizarte erakundeek eta segurtasun kidegoek, besteak beste, bideratutako pertsonak.

d) Ezinbestekoa da erabiltzaileak dokumentuen bidez identifikatu ahal izatea.

e) Erabiltzaileek beren buruaz baliatzeko gaitasuna izan behar dute.

1.2. Kanpoan utzitakoak:

a) Gizarte eta osasun zerbitzuen sareko zentroetan ostatua duten pertsonak, edo ostatua barne hartzen duten programetan edo baliabideetan daudenak.

b) Genero indarkeriaren biktima diren emakumeak edo etxetik alde egin behar duten pertsonak, baina haien problematika dela-eta harrerako beste bitarteko edo baliabide mota batera bideratu daitezkeenak.

c) Adingabeak (18 urte arte).

d) Zentroak onartutako barne araudian jasota dagoen faltaren bat egitearen ondorioz zigortu diren pertsonak, zigor horrek irauten duen bitartean.

2. Aldi baterako arreta programa, Tuteran erroldatutako edo ohiko bizilekua Tuteran duten etxegabeentzat.

Programa honen xede direnek ezaugarri hauek bete behar dituzte: 18 urtetik gorakoak izatea, Tuteran erroldatutakoak edo ohiko bizilekua Tuteran dutenak gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunez, zaurgarritasun sozial handiko eta gizarte-bazterketa eta bizileku-bazterketako egoeran egotea, eta hasia izatea Udalaren gizarte zerbitzuen esku-hartze eta sustapen sozialeko ibilbide bat.

Eriondo soziosanitarioko egoeran izateagatik muga bat duten pertsonentzat ere bada, egoera horrek sustapen soziala galarazten dienean eta babes integrala behar dutenean, badutelako egoerari aurre egiteko balio duen laguntza-sarea.

Udalaren gizarte zerbitzuek onetsi egin behar dute pertsona horiek programan sartzea. Programa honetan egoteak hau du xede: gizarteratze prozesuan aurrera egin ahal izateko, esku-hartze sozialeko plan bati jarraitzea.

2.1. Onuradunak:

a) Tuteran gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunez (kasu bereziak izan ezik, gizarte langileak behar bezala justifikatutakoak hura bideratzeko txostenean) erroldatuta dauden 18 urtetik 65 urtera bitarteko pertsonak (65 urtetik gorakoekin salbuespenak egiten ahalko dira, baldin eta bere erreferentziazko udal gizarte zerbitzuak hala egitea erabaki badu, bere egoera sozial eta pertsonalari hobeki datorkion beste baliabide bat aurkitu arte).

b) Gizarte-bazterketako arriskuan eta/edo egoeran egonik, laguntza eta jarraipen espezifikoa behar dutenak ibilbide bat egiteko eta ezin daitezkeenak artatu bestelako udal baliabideen bidez.

c) Bizitegiaren aldetik bazterkerian daudenak.

2.2. Kanpoan utzitakoak:

a) Gizarte eta osasun zerbitzuen sareko zentroetan ostatua duten pertsonak, edo ostatua barne hartzen duten programetan edo baliabideetan daudenak.

b) Genero indarkeriaren biktima diren emakumeak edo etxetik alde egin behar duten pertsonak, baina haien problematika dela-eta harrerako beste bitarteko edo baliabide mota batera bideratu daitezkeenak.

c) Adingabeak (18 urte arte).

d) Gizarte eta/edo gizarte eta osasun zerbitzuen saretik edo bizitokia eskaintzen duten bertze programetatik espresuki aditzera emandako bertze egoera batzuk.

e) Zentroak onartutako barne araudian jasota dagoen faltaren bat egitearen ondorioz zigortu diren pertsonak, zigor horrek irauten duen bitartean.

f) Gizarteratze prozesuan aurrera egiteko banakako arreta sozialeko plana onesteko asmorik ez duten pertsona guztiak, oro har.

3. Protokoloa, hotz-boladetarako eta bero-boladetarako.

Zerbitzu honen bidez koordinatu nahi dira behar diren bitarteko tekniko eta humanoak, eguraldi txarrak eragindako larrialdietarako, halako moduz non gure hirian etxegabe bakar bat ere ez dadin artatu gabe (kalean lo egiten duten pertsonak). Osasun Departamentuak emandako jarraibideak eta Udalak adierazitako datak hartzen dira kontuan aktibatzeko.

3.1. Onuradunak:

Neurri humanitarioa eta larrialdikoa, arriskuei aurrea hartze aldera ezinbestekoa dena, oso hotz edo bero handiko uneetan eta baldintza klimatologikoek osasunean kalteak eragiten dituzten uneetan Tuteran kalean bizi diren pertsona guztiei bideratuta dago.

Premia justifikatuta dagoenean, eta Gizarte Zerbitzuen, Babes Zibilaren arloaren eta Udaltzaingoaren artean koordinatuta, libre dauden ostatuetara edo beste ostatatze mota batzuetara bideratu ahalko dira (zentroan nahikoa lekurik ez dagoenean, larrialdiko egoeretan, etab.).

30. artikulua. Banakako Arreta Programa (BAP). Ebaluatzeko adierazleak.

–Esku-hartzea banaka gauzatzen da, Banakako Arreta Planaren (BAP) bidez, eta esku hartzeko oinarrizko bitartekotzat hartzen da.

–Erabiltzaileetako bakoitzak berari egokitutako tratamendua jasotzen du, eta, horretarako, interesak eta motibazioak hartzen dira kontuan, bai eta ezaugarri pertsonalak, familiarenak eta sozialak ere.

–Esku-hartzea progresiboa eta sekuentziatua izanen da, eta pertsona bakoitza une oro jabetuko da nolakoa den bilakaera eta zer ari den lortzen; azken batean, emaitza ebaluatu daiteke.

–Artatutako pertsona bakoitzak lortu beharreko helburuak izanen ditu, xedetzat hartuta autonomia sustatzea eta kanpoko baliabideetara egokitzea, eta hori guztia bermatuta sozializazioan eta gizarteratze prozesuan aurrera egiten duela.

–Erreferentziazko profesional batek zainduko du gizarte eta hezkuntza alorreko prozesuaren bilakaera.

–Hasierako Banakako Arreta Plana (BAP) zentroan sartu eta lehenbiziko astean eginen da, eta kasuari buruzko hasierako informazioa hartuko da kontuan. Plan hori baloratu, zehaztu eta denek onartutakoan, behin betikoa izanen da; nolanahi ere, ebaluazio jarraitua eginen denez, aldatu ahalko da beharrezkotzat hartuz gero.

–BAP horren berri emanen zaie zentroko profesionalei, eta plan hori izanen da eguneroko lanerako bitartekoa, han jasoko baitira ohar guztiak eta kontuan hartu beharreko alderdi guztiak.

–Banakako proiektu honetan, artatutako pertsonari buruzko informazioa biltzen da, zehazki, zein den bere “egoera”, zein diren “lortu beharreko helburuak” eta zein den “gauzatu beharreko esku-hartzea”. Informazio hori programak bere baitan hartzen duen arloetako bakoitzean biltzen da; hauek dira arloak: pertsonala, soziala, bizilekua, psikologikoa, sanitarioa, familia, aisia eta denbora librea, eta prestakuntza-lana.

–Hilean behin ebaluatuko da BAPa, eta koordinatuta eginen dute lan Tuterako Udaleko teknikariekin.

–Landu beharreko arloetako bakoitza ebaluatuko da, zenbait adierazleren bidez.

31. artikulua. Erabiltzaileen parte-hartzea.

Hauek dira parte hartzeko mekanismoak:

–Zentroak prozesu formalak zein informalak ditu, parte-hartzaileek zentroko antolaketari eta eguneroko bizitzari buruzko iradokizunak eta proposamenak eginez parte hartu dezaten.

–Norberaren prozesuarekin zerikusia duen alderdi orotan hartzen dute parte erabiltzaileek: bileretan, tailerretan, talde eztabaidetan, erabakiak hartzen, proposamenak adosten, etab.

–Artatutako pertsonek parte hartzen dute, besteak beste, jarduerak planifikatzen, erabili zein eskuratu beharreko bitartekoak erabakitzen (erosketak eta aurrekontua), arazoak konpontzeko eta erabakiak hartzeko trebetasunak baliatzeko aukera ematen duten arauak edo bestelakoak erabakitzen eta norberaren BAPa prestatzen, bai premien ebaluazio prozesuan, bai helburuak programatzean eta bai lorpenen balorazioa egitean.

–Zentroak barne ebaluazioa egiten du, eta, horretarako baliatzen duen prozeduretako bat artatutako pertsonek jasotako arretaren gogobetetze mailaren balorazioa egitean datza, horren arabera hobekuntza mota oro ezartzeko (elkarrizketak erabiltzearekin, gogobetetzeari buruzko inkestak, eta beste batzuk).

–Parte-hartzaileek zentroari kexak eta iradokizunak helarazteko hainbat modu dituzte, eta haietan adierazi nahi duten oro idatz dezakete. Haiek une oro iritzia ematea eta parte hartzea lortu nahi da.

32. artikulua. Erabiltzaileentzako informazioa.

Pertsona orok, zentroan sartzean, informazioa jasotzen du jakinarazteko zein diren bere eskubide eta betebeharrak, zertan datzan zentroko barne araubidearen erregelamendua, zer modu dituen eskaerak zein kexak egiteko, eta baliabideei edo funtzionamenduari buruzko iritzia emateko, bai eta zentroak eskaintzen duen eta berak jasoko duen laguntzari edo arreta sozialari buruzkoak adierazteko ere.

VI. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak

33. artikulua. Zentroko erabiltzaileen eskubideak.

Hona hemen EAUZaren erabiltzaileen eskubideak:

a) Zentrora jotzea eta arreta jasotzea baztertua izan gabe sexuagatik, arrazagatik, erlijioagatik, ideologiagatik nahiz beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

b) Tratu duina jasotzea zentroko langileen aldetik eta gainerako erabiltzaileen aldetik.

c) Norberaren historia sozialaren datuen sekretu profesionala gordetzea.

d) Zentroko barne funtzionamenduaren arauen berri izatea.

e) Arreta banakakoa jasotzea, norberaren beharraren arabera.

f) Erraztasunak izatea arreta soziala eta osasun arlokoa jasotzeko.

g) Zentroaren espazioak eta zerbitzuak erabiltzea, ezartzen diren ordu eta baldintzen barnean.

h) Zentroan programatzen diren jardueretan parte hartzea eta horietan laguntzea.

i) Zentroko zuzendaritzari idatziz proposamenak egitea zerbitzuak hobetzeko.

j) Informazioa eta aholkua jasotzea norberaren beharrei aurre egiteko baliabideez eta prestazioez.

k) Onartua izateko eta ostatu hartzeko baldintzak edukitzen jarraitzea, galarazi gabe erregelamendu honen 26. eta 27. artikuluetan ezarritakoa.

l) Norberak nahita, zentroko egonaldiari bukaera ematea.

m) Kexatzeko eskubidea, erreklamazio orrien bidez. Erabiltzaileen eskura egonen dira.

34. artikulua. Zentroko erabiltzaileen betebeharrak.

Hona hemen EAUZaren erabiltzaileen betebeharrak:

a) Gainerako erabiltzaileen sineste erlijioso, moral eta politikoak errespetatzea, baita zentroko langileenak ere.

b) Zentroaren funtzionamenduko arauak jakitea eta konplitzea.

c) Bizikidetza, higiene eta garbitasun arauak begiratzea, bai norberari dagokionez bai zentroko espazioei dagokienez.

d) Zentroko instalazioak zuzen erabiltzea eta haiek zaintzen laguntzea.

e) Zentroko zuzendaritzari jakinaraztea zentroan bertan ikusitako okerrak edo irregulartasunak.

f) Norberaren ohea egitea, eta erabilitako maindireak eta dutxako eskuoihalak horretarako propio prestatutako lekuan uztea.

g) Erabiltzen diren espazioak garbi, txukun eta lehen bezala uzten laguntzea.

h) Zerbitzuaren antolaketa errespetatzea, eta, zehazki, zentroan ez hartzea edari alkoholdunik nahiz bestelako substantzia toxikorik, edo errezetarik gabeko botikarik. Zentroan onartua ez izateko arrazoia izanen da aurretik halakorik kontsumitu izana eta han egoteko moduko egoera onean ez egotea.

i) Zentroaren barruan ezin da substantzia mendekotasun sortzailerik hartu, eta ezin da edari alkoholdunik edo bestelako drogarik zentroan sartu. Ezin izanen dute, halaber, armarik edo objektu puntazorrotzik eduki.

J) Bizikide diren pertsona guztien duintasuna eta osotasun fisikoa errespetatzeak, zera esan nahi du:

–Zentroko ezein pertsona ez iraintzea, ez umiliatzea eta eraso fisikorik ez egitea.

–Zentroko kideen espazioa edo prozesu pertsonala ez inbaditzea.

–Zentroko kideen intimitatea eta konfidentzialtasuna errespetatzea.

–Zentroko kideen bisitak errespetatzea.

–Zentroko kideenak eta ez beste inorenak diren gauzak errespetatzea.

k) Ez irtetea zentrotik jakinarazi gabe dagokionari eta horretarako baimenik gabe.

l) Pertsona orok bete behar du, orduan-orduan, eguneroko jarduerak egiteko ezarritako ordutegia.

35. artikulua. Adierazitako betebeharrak ez betetzea.

Aurreko artikuluetan aipatutako betebeharrak ez betetzeak berekin ekarriko du erabiltzaile izaera galtzea, eta, beraz, zentroan ematen diren zerbitzuak erabili ezin izatea. Ez-betetze hori xedatuta dagoen zehapen prozedurarekin bat etorrita izapidetuko da.

36. artikulua. Zerbitzuen erabilera.

Baldin eta pertsona batek uzten badio eskatutako zerbitzuetako bat erabiltzeari, aurretik jakinarazi gabe eta justifikatu gabe, ulertuko da zerbitzuari uko egin diola.

VII. KAPITULUA

Zehapen prozedura

37. artikulua. Zehapen ahalmena.

Tuterako Udalak du zehapen ahalmena.

Zentroan gertatzen den gorabehera ororen berri ahalik eta lasterren emanen zaio Tuterako Udalari, eta Udalari dagokio zehapena baloratzea eta erabiltzaileari jakinaraztea.

Administrazio Publikoen zehapen ahalmenaren gaineko araudi orokorrarekin bat izapidetuko da zehapen prozedura.

Tuterako Udalari dagokio beti falta arinak, astunak edo oso astunak jakinaraztea, eta xedatutakoari jarraituz, idatziz jakinaraziko du zer ondorio dakartzan egindako faltak, zehapen prozeduraren arabera.

38. artikulua. Faltak honela sailkatzen dira: arinak, astunak eta oso astunak.

Falta astunak eta oso astunak badira, kautelazko neurriak hartuko dira espedienteari hasiera ematean, kasuan kasuko falta egin duen pertsonak zentroan jarraitu dezan galarazteko espedientea abiarazten denetik ebazten den arte. Hala erabakitzearen arrazoia da zerbitzuen funtzionamendu arauak larriki urratzen duen jarduketa baten ondoan, behin-behineko neurri batzuk ez hartzeak arazo latzak ekarriko lizkiekeela zerbitzuei, zerbitzuko langileei eta/edo erabiltzaileei. Kautelazko neurri horien berri ahalik eta lasterren emanen zaie zerbitzuen ardura duten udal teknikariei.

Zehapen prozedura Administrazio Publikoen zehapen ahalmenaren gaineko araudi orokorrarekin bat etorrita tramitatuko da.

Erabiltzaileek eginik, zehapena duten faltak honela sailkatzen dira:

–Falta arinak.

–Falta astunak.

–Falta oso astunak.

39 artikulua. Falta arinak.

1. Zentroaren ordenantzan eta erregelamendu honetan xedatutako betebeharren ez-betetze arina. Bizikidetza arauetan nahasmendua sortzea eta ezinegona eragitea (besteei errespetua galtzea, ezarritako ordutegiak ez betetzea, nahitaezko lanak ez egitea, ezarritako ordutegietatik kanpo irtetea).

2. Instalazioak eta bestelako objektuak desegoki erabiltzea eta haietan konpon daitezkeen kalteak eragitea.

3. Zerbitzuen jarduerak nahastea.

4. Betebeharrak eta arau orokor eta partikularrak ez betetzea.

40. artikulua. Falta astunak.

1. Zentroaren ordenantzan eta erregelamendu honetan xedatutako betebeharren ez-betetze larria.

2. Hiru falta arin egitea.

3. Bizikidetzako arauak behin bano gehiagotan urratzea: desordena, oihuak, objektuak botatzea, pertsonenganako eta gauzekiko agresibitatea, eta, oro har, funtzionamenduko arauen aurka jardutea.

4. Baimendu gabeko tresnak eta/edo gailuak erabiltzea.

5. Besteei errespetua galtzea, irainen bidez edo indarkeriazko beste modu batzuen bidez (hitzekin, keinuekin), bai eta osotasunari mehatxu egitea eta kolpatzea ere.

6. Zentroan alkohola edo drogak edukitzea.

7. Altzariak edo instalazioak modu larrian hondatzea: kalte konponezinak eta / edo hausturak.

8. Falta arin bat egitearen ondorioz jarritako zehapena ez betetzea.

41. artikulua. Falta oso astunak.

1. Zentroaren ordenantzan eta erregelamendu honetan xedatutako betebeharren ez-betetze oso larria.

2. Armak edo bestelako objektu puntazorrotzak edukitzea; oro har, kalte fisikoa eragin dezakeen oro edukitzea.

3. Edozein ondasun edo objektu mota ebastea, bai eta delituak egitea ere (droga trafikoa, agiriak edo antzekoak faltsutzea).

4. Liskar, okasio edo borrokak piztea edo haietan parte hartzea, kalte larriak eragiten badizkiete bertze erabiltzaileei edo zerbitzuetako langileei.

5. Indarkeria fisikoa, hitzezko indarkeria eta/edo mehatxuak, alkohol eta drogen kontsumo eta trafikoa zentroaren barnean, armak edukitzea, lapurreta, altzariak eta instalazioak modu oso larrian hondatzea etab.

6. Hiru falta larri egitea.

7. Pertsonen osotasunari eta intimitateari errespetua galtzea.

8. Falta astun bat egitearen ondorioz jarritako zehapena ez betetzea.

42. artikulua. Zehapen prozedura.

Tokiko Gobernu Batzarra arduratuko da zehapena jartzeaz, aurretik txostena eginda, falta astun edo oso astunen kasuan; eta Gizarte Zerbitzuen Arloko zinegotzia, falta arinen kasuan. Falta astuna edo oso astuna denean, zehapen espedientea abiarazi aitzin, aldez aurreko informazio aldia irekitzea agindu daiteke, egitateak argitzeko, helburu izanik kasu zehatzaren inguruabarrak ezagutzea eta prozedura abiatzeko komenigarritasuna aztertzea. Izan daitezkeen gainerako erantzukizunez aparte, zehapenak egindako arau haustearen neurrikoak izanen dira, eta kontuan hartuko dira inguruabar pertsonalak, falta nahita egin ote den eta zerbitzuaren funtzionamenduari zer ondorio ekarri dion.

43. artikulua. Zehapenak.

Zehapenak honako hauek izanen dira:

1. Falta arina egiteagatik:

–Hitzezko kargu-hartzea.

–Zerbitzua erabiltzeko debekua, gehienez ere 7 egunez.

2. Falta astuna egiteagatik:

–Zerbitzua erabiltzeko debekua, gehienez ere 12 hilabetez.

–Erabiltzaile izaera galtzea betiko, eta horrek baliabide sozial honetatik bidaltzea eraginen du.

3. Falta oso astuna egiteagatik:

–Zerbitzua erabiltzeko debekua, gehienez ere 3 urtez.

–Erabiltzaile izaera galtzea betiko, eta horrek baliabide sozial honetatik bidaltzea eraginen du.

VIII. KAPITULUA

Txostenak, dosier pertsonala eta gertakarien erregistroa

44. artikulua. Txostenen eta gertakarien liburuaren inguruko printzipio orokorrak.

–Tuterako Udalak eskatutako txosten guztiak helarazi behar dizkio zentroak hari.

–Erabiltzaile bakoitzari buruzko informazioa kasuan kasuko erabiltzaileari dagokion banakako espedientean gorde behar da.

–Erabiltzailea beste zentro batera bideratzen bada, bilakaeraren amaierako txostena egin behar da.

–Zentroan erregistro liburuak egonen dira, haietan egunero jasotzeko garrantzitsutzat jotzen diren gertakariak eta datuak, altak, zentroan emandako egun kopurua eta beharrezkotzat hartutako beste ohar batzuk.

IX. KAPITULUA

Datuen babesa

45. artikulua. Izaera pertsonaleko datuen tratamendua.

Esku hartzean parte hartzen duten pertsonen konfidentzialtasuna errespetatzen dela zaindu behar da.

Egoera ahulean eta gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonak artatzen dituzten profesionalen lanaren jarrera eta balio garrantzitsuenetako bat konfidentzialtasuna errespetatzea da. Zentroaren eguneroko jardunean informazio pertsonal asko erabiltzen da, besteak beste, arlo sanitario, sozial eta pertsonalari buruzkoa. Funtsezkoa da datu horien konfidentzialtasuna bermatzea, jarduketa profesionalaren zati bat den aldetik; funtsezkoa da, halaber, informazio hori dagokion xederako soilik erabiltzea, hau da, behar bezala eta kalitate onez artatuko dela bermatzea. Sekretu profesionalari buruzko betebeharra, etab. Konfidentzialtasuna babestuta dago, bai Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, eta bai 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduan (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari buruzkoa).

Lege horietan xedatutakoaren arabera, langile orok isilean gorde behar du informazio pertsonala, soziala eta sanitarioa, besteak beste. Isilean gorde behar du, halaber, bai modu formalean lortutako informazioa txostenekin eta espedienteekin lan egiteagatik, eta bai modu informalean lortutakoa, hau da, bileretan edo pertsonaren bat artatzean jakindako informazioa. Ezinbestekoa da, beraz, kontu handia izatea eguneroko lanean izaten diren solasaldietan; izan ere, hirugarren pertsonek entzun dezakete solasaldietan hitz egindakoa, eta informazioak erreferentzia egiten dion erabiltzaileak baimenik ematen ez badu, haren intimitatea urratuko genuke eta delitua izan daiteke. Horregatik guztiagatik, eguneroko lanean, ez da egoiliarrei edo haien egoerari buruzko informazioa mintzagai izanen pasabideetan edo erabilera publikoko aretoetan. Hau da, informazioa testuinguru egokian izanen da mintzagai, adibidez, beste profesional batzuekin eta horretarako dauden espazioetan, bermatuko bada intimitatea errespetatzen den ingurune batean behar bezala artatuko dela egoiliarra.

Horrezaz gain, arreta bereziz zainduko dira artatutako pertsonari buruzko informazioa duten espedienteak, formatuak, fitxak eta gertakarien liburuak; ez dira ikusgai edo edonoren eskura utziko, eta horretarako prestatutako leku batean gordeko dira, non erregistratuta geratuko baita nork duen informazio hori eskuratzeko aukera. Zentroko kudeaketaren arduradunak agiri bat eman behar die langileei, haiek agiri horretan sinatzeko artatutako pertsonen informazio konfidentziala sekretupean gordetzeko betebeharra beren gai hartzen dutela. Aurkeztutako esku hartze programa hau gauzatuko duten profesional guztiak behartuta daude informazioaren konfidentzialtasuna gordetzera eta zaintzera; horrezaz gain, sekretu profesionalaren mendean daude, informazio etiko eta profesionalaren erabilerari dagokionez.

X. KAPITULUA

Laneko arriskuen prebentzioa

46. artikulua. Xedapen orokorrak.

Nahitaezkoa da zentroak laneko arriskuen prebentzioa integratzea lanpostu guztietan, eta pertsona bakoitzak bere gain hartuko du dagokion funtzioa eta erantzukizuna gai horretan.

Zentroa kudeatuko duenak, halaber, langileei laneko arriskuei buruzko prestakuntza teoriko eta praktikoa eskaini behar die, bai eta informazioa ere.

Aldian-aldian berrikusiko dira laneko arriskuei buruzko ebaluazioak eta larrialdiko eta norberaren babeserako planak, bai eta simulazioak ere. Langileek komunikaziorako modu bat baino gehiago izanen dituzte eskuragarri, haien bidez laneko arriskuei buruzko iradokizunak eta jakinarazpenak, zuzenak zein zeharkakoak, egin ahal izateko.

Bestalde, arriskuen ebaluazioetako emaitzen arabera planifikatuko dira ekintzak, eragozteko eta/edo murrizteko ebaluazioetan hautemandako arriskuak, eta azterketa medikuen egutegiak prestatuko dira; azterketa horiek hautazkoak izanen dira.

Iragarkiaren kodea: L2007940