175. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUNES

Zuzeneko dirulaguntzen deialdia COVID-19a dela-eta diru-sarrerak eta enpleguak murriztuta dituzten enpresa txiki eta ertainei eta langile autonomoei emateko. Laburpena

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/515977). DDBN (Identifikazioa): 515977.

1.–Xedea:

Deialdi honen xedea da segituan jardutea eta COVID-19a dela-eta izandako krisi ekonomikoaren ondorioak apaltzea, zuzeneko dirulaguntzak emanez COVID-19a dela-eta diru-sarrerak eta enpleguak murriztuta dituzten enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei, osasun krisiaren ondorio txarrak arintzearren eta aurre egitearren haien establezimenduak ixteagatik eta/edo jarduna eteteagatik izandako gastuei eta kalteei, likidezia emanen baitzaie Funesko udalerriko enpresei merkataritza jarduerari eta sustapen ekonomikoari eusteko.

Deialdi honen bidez, interes publikoa babestu gogo da, eta, horretarako, laguntza ekonomikoa emanen zaie autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei, COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioak apaltzearren eta lortzearren, osasun alarma bukatutakoan, Funesko udalerriko ekonomia suspertu dadin ahalik eta lasterren, gehien ukituta dauden pertsona fisiko eta juridikoekin jardunez zuzenean.

2.–Dirulaguntza honen organo kudeatzailea batzorde bat izanen da, kide hauek osatuko dutena:

–Ignacio Felipe Domínguez Martínez, Funesko Udaleko alkatea.

–Miguel Ángel Los Arcos Díaz, Funesko Udaleko alkateordea.

–José Antonio García Marín, Funesko Udaleko zinegotzia.

–Ruth Alcalá Tuñón, Funesko Udaleko idazkaria.

–Juan Manuel Garcés Laplaza, Funesko Udaleko kontu-hartzailea.

–Jennifer Moya Gázquez, Funesko Udaleko administrari laguntzailea.

–María Gabriela Freire Dueñas, Funesko Udaleko administrari-ofiziala.

3.–Aplikatu beharreko araudia:

1.–Deialdi honek honako hauek bete beharko ditu, oro har: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; hura garatzeko Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretu bidez onetsi zena; 2020ko ekitaldirako Udal Aurrekontua exekutatzeko oinarriak; eta, modu gehigarrian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta haren izaera dela-eta aplikatzekoa den beste edozein arauzko xedapen.

2.–Dirulaguntza hauek kudeatzean, printzipio hauek bete beharko dira: gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, eraginkortasuna helburuak betetzean eta efizientzia baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean. Baliabide elektronikoekin tramitatuko da lehentasunez, aplikatu beharrez Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan xedatutakoa; hala ere, eta oraingo osasun krisia kontuan izanik, kalterik egin ez dakien erakunde ofizialek emandako ziurtagiri elektronikorik ez duten eskatzaileei, onartuko da dokumentazioa posta elektroniko bidez aurkeztea.

3.–Aurrekontuko kreditua. Dirulaguntza hauei heltzeko, 40.000 euro erabiliko dira indarrean dagoen udal aurrekontutik, “COVID-19aren egoeretarako dirulaguntzak” izeneko 2390-78900 aurrekontu-egozpenaren kargura. Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58. artikulua aplikatuz (errege dekretu horren bidez Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onetsi zen), zenbateko gehigarri bat ezartzen da, kredituak aldatzearen ondorioz handitzen den aurrekontuko kreditu eskuragarria adinakoa. Hura eskuratzeko moduan dagoela adierazi beharko da, zenbateko gehigarri horren laguntzak ematen hasi baino lehen.

4.–Laguntzen zenbatekoa:

Laguntzaren zenbatekoa langile autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei banatuko zaie. Hiru kategoriatan sailkatuko dira:

1. kategoria: 2019ko ekitaldi ekonomikoan 300.000 euro baino gutxiago fakturatu duten langile autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak, kasuan kasuko establezimenduak itxi edo jarduna eten behar izan dutenak, alarma-egoeran emandako araudian ezarritakoaren arabera. Kategoria honetako langile autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek zuzeneko laguntza bat jasoko dute, gehienez ere 500 eurokoa eskatzaile bakoitzeko. 1. kategoriaren barnean automatikoki sartuko dira ondotik zehazten diren kolektiboak, ezertan galarazi gabe beste langile autonomo eta enpresa txiki eta ertain batzuk sartzea, baldin bertan sartzeko baldintzak betetzen badituzte eta hala eskatzen badute egoki den eskaeran behar den epean eta moduan: –Ile-apaindegiak, estetika establezimenduak eta antzekoak. –Argazkigintza establezimenduak. –Ehungintza sektoreko establezimenduak. –Lore-dendak. –Haurtzaindegiak. –Burdindegiak. –Irudi, soinu eta teknologiako establezimenduak. –Liburu-dendak. –Gimnasioak. –Fisioterapia establezimenduak. –Ostatu eta jatetxe establezimenduak. –Loteria administrazioak. –Jokatzeko behiak. –Ardiak. –Margolariak.

2. kategoria: 2019ko ekitaldi ekonomikoan 300.000 euro baino gehiago fakturatu duten langile autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak, kasuan kasuko establezimenduak itxi edo jarduna eten behar izan dutenak, alarma-egoeran emandako araudian ezarritakoaren arabera, edo aurreikusten dutenak egoera horren ondorioz urteko fakturazioak/diru-sarrerak % 50 baino gehiago murriztuko zaizkiela 2019ko ekitaldi ekonomikoan. Kategoria honetako langile autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek zuzeneko laguntza bat jasoko dute, gehienez ere 2000 eurokoa eskatzaile bakoitzeko.

3. kategoria: Funesen 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera merkataritza ez egonkorrean (merkatu txikia) aritzen diren langile autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak, kasuan kasuko saltokien jarduna eten behar izan dutenak, alarma-egoeran emandako araudian ezarritakoaren arabera. Kategoria honetako langile autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek zuzeneko laguntza bat jasoko dute, gehienez ere 200 eurokoa eskatzaile bakoitzeko. Zenbateko horiek kategoria bakoitzeko onuradunen artean banatuko dira, deialdi honetan ezartzen diren epemugak eta baldintzak betez eta onartutako eskaera kopuruaren arabera.

2. Dirulaguntza horien zuzkidura 40.000 eurokoa da gehienez, honela banatuta: 26.000 euro 1. kategoriarako, 12.000 euro 2. kategoriarako eta 2.000 euro 3. kategoriarako. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, ikusten bada kreditu erabilgarria dagoela aipatutako kategorietako baten aurrekontu-zuzkiduran, kreditu hori erabil daiteke gainerako kategorietako dirulaguntzak emateko, haien gehieneko aurrekontu-zuzkidura agortu badute. “COVID-19aren egoeretarako dirulaguntzak” izeneko 2390-78900 aurrekontu-egozpenean ezarritako 40.000 euroko gehieneko zuzkidura handitzen ahalko da, kasua bada, kreditu sorrera ekarriko luketen beste administrazio publiko batzuen funtsekin.

Ematen diren laguntzen zenbatekoak, guztira, ezin du inola ere dagoen kreditua gainditu, ezertan galarazi gabe aurreko paragrafoan xedatutakoa.

5.–Dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak.

1.–Pertsona fisikoek edo juridikoek eskatzen ahalko dute dirulaguntza, baldin eta dirulaguntzaren xedeko enpresa jarduerak egiten badituzte eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Jarduera ekonomikoa egiten duen pertsona autonomoa edo enpresa txiki eta ertaina etengabe aritu izana 2019ko urtarrilaren 1etik orain arte.

b) Egiten duten jarduera ukituta gelditu izana alarma-egoeran emandako araudiak xedatutako establezimendu itxierarekin, edo, hala ez bada, jarduera egiten duen enpresak aurreikustea gutxienez % 50 murriztuko zaizkiola urteko fakturazioa edo diru-sarrerak, 2019ko ekitaldi ekonomikoan lortutakoen aldean.

c) Alarma-egoerak xedatutako establezimendu itxierak ukitu duen jarduerak konpentsaziorik jaso ez izana fakturazioa handitzeagatik online edo telefono bidezko negozio-bolumenaren gehikuntzarekin.

d) Alta emanda egotea Gizarte Segurantzan edo kasuan kasuko lanbide mutualitatean, bai eta Nafarroako Foru Ogasunean ere, eskabidea aurkezten den unean.

e) Funesko udal-mugartean kokatuta egotea egoitza fiskala eta, kasua bada, jarduera egiteko lokala. Eguneraturik izan behar ditu jarduera ekonomikoen gaineko zergaren ordainketak Funesko Udalean.

f) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasoriko egoeretako batean ere; bereziki, egunean izatea Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko tributu-betebeharrak. Baldintza hori bete behar da eskaera aurkezten den egunetik dirulaguntza ordaintzen den arte, kasua bada.

g) Zorretan ez egotea Funesko Udalarekin, arrazoia edozein dela ere. Baldintza hori bete behar da eskaera aurkezten den egunetik dirulaguntza ordaintzen den arte, kasua bada. Baldintza horiek justifikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat eginen da, deialdi honen I. eranskinean jaso dena. Eskaera ofizialarekin eta deialdiaren 8. puntuan eskatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztuko da adierazpena.

2.–Deialdi honetatik kanpo uzten dira administrazio publikoak, haien erakunde autonomoak, enpresa publikoak eta beste entitate publiko batzuk, bai eta elkarteak, fundazioak eta, oro har, irabazi-asmorik gabeko erakundeak ere, halakoekin lan egiten duten langile autonomoak barne.

3.–Dirulaguntzaren zenbatekoak ezin du gainditu jarduerak koronabirusaren krisiaren ondorioz izan duen diru-sarreren galera, edozein administraziok edo entitate publikok edo pribatuk xede bererako ematen dituen beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk batuta.

6.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Geroago antzeko programa baten beste dirulaguntza bat jasoz gero, bateraezina dena udal dirulaguntza honekin, uko egin dakioke dirulaguntza honi programa honen esparruan. Horretarako, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, eta kasuan kasuko berandutze-interesak ordaindu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezartzen den bezala.

7.–Bateraezintasunak.

Deialdi honetan ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira Espainiako, Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeetako edozein administraziok edo entitate publikok edo pribatuk xede bererako ematen dituen beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta ez bada gainditzen enpresa txiki eta ertainak edo langile autonomoak jarduera ixteagatik eta/edo 2019ko ekitaldi ekonomikoaren aldean fakturazioa/diru-sarrerak % 50 murriztuta izateagatik izandako galeraren gehieneko zenbatekoa.

8.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1.–Deialdi honetan araututako dirulaguntzak jasotzeko eskaera eredu normalizatua udal webgunean dago eskura (www.villadefunes.com).

2.–Eskaerak Funesko Udaleko Idazkaritzara zuzenduko dira, eta bide telematikoak erabiliz aurkeztuko, Funesko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, edo ruth@villadefunes.com posta elektronikoaren bidez.

3.–Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.–Dirulaguntzaren eskaera ezarritako epetik kanpo aurkezten bada eta nahitaezko inprimaki normalizatuak ez badira erabiltzen, eskaera ez da onartuko.

9.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1.–Eskaera normalizatua, interesdunak edo haren legezko ordezkariak sinatua, eta deialdi honen 5. puntuan zehaztutako erantzukizunpeko adierazpena, honako dokumentazioarekin batera:

a) NANa, bi aldeetatik, edo AIZ, pasaportearekin batera, autonomoen kasuan; enpresen kasuan, pertsona juridikoaren IFZren fotokopia.

b) Jarduera ekonomikoaren identifikazioa, barne daudela altaren data, egoitza fiskala eta, kasua bada, jarduera egiteko lokalaren helbidea.

c) Langile autonomoen araubide berezian edo kasuan kasuko lanbide mutualitatean altan egotearen ebazpena/ziurtagiria, eta kasua bada, Gizarte Segurantzan alta emandako besteren konturako langileen kopuruaren justifikazioa. Aurreko a), b) eta c) letretako agiriak ez dira aurkeztu behar Funesko Udalak dagoeneko baldin baditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1 d) artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

d) 2019ko ekitaldi ekonomikoko urteko fakturazioa edo diru-sarrerak, frogatzen dutenak 300.000 urtetik gorakoak edo beherakoak direla. d) apartatuan zehazten den dokumentazioa aurkeztu ordez, deialdi honen I. eranskineko erantzukizunpeko adierazpenean dagoen laukitxoa markatu daiteke.

e) Nafarroako Foru Ogasunaren ziurtagiria, dioena beterik dituela zerga arloko betebeharrak.

10.–Prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

1.–Deialdi honetan araututako dirulaguntza Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoa emanen da. Udal batzordeari dagokio prozeduraren instrukzioa. Hark ofizioz eginen ditu ebazpen proposamena egiteko beharrezko datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen jarduketak oro.

2.–Dirulaguntzak zuzenean emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.c) artikuluan xedatutakoarekin bat, salbuespenekoak baitira eman gogo diren dirulaguntzak, interes publikoaren, sozialaren, ekonomikoaren edo humanitarioaren arrazoiak direla eta; izan ere, zaila da deialdi publikoa egitea pandemia egoeran egonda. Eskaera guztiak onartuko dira, deialdian eskatzen diren baldintzak bete eta dokumentazioa biltzen badituzte. Dirulaguntza ematean, kontuan hartuko da zenbat diren onartutako eskaerak. Dirulaguntzaren kontzeptuan ematen den zenbatekoari dagokionez, berdintasunez banatuko dira kategoria bakoitzeko eskaera guztiak, eskura dagoen zenbateko guztia hainbanatuta eskatzaile guztien artean, baldin eta eskaerak gehiago badira gehieneko kreditu eskuragarria baino dauden bi kategorietan. Hala ere, kontuan hartuko da hasiera batean emandako dirulaguntza handitzen ahal dela kreditu gehikuntza dela eta; alabaina, 4. atalean aurreikusitako gehieneko zenbatekoak ezin dira inola ere gainditu.

3.–Unitate instrukziogileak egiaztatuko ditu jasotako eskaerak epearen barrenean.

4.–Erabakiaren proposamena prestatu aurretik, zerrenda hauek argitaratuko dira jakinarazpen ondorioetarako Udalaren webgunean eta ediktu elektronikoen taulan: a) Eskaera aurkezteagatik proposatutako onuradunak, betetzen dituztenak deialdian eskatzen diren baldintza eta agiri guztiak. b) Deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileak, eta hortaz eskaera ezetsita dutenak. c) Deialdiko 8. puntuan eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ez duten eskatzaileak, adierazita zer dokumentazio eskatzen zaien. b) eta c) puntuetan aipatutako eskatzaileei 5 egun balioduneko epea emanen zaie alega dezaten bidezkotzat jotzen dutena, edo, kasua bada, eskaera zuzendu eta eskatzen zaien dokumentazioa aurkez dezaten.

5.–Alegazioak egiteko eta eskaerak zuzentzeko epea iraganda eta instrukzio organoak txostena eginda, hark erabaki proposamena igorriko du organo eskudunak onets dezan.

6.–Erabakia argitara emanen da Udalaren webgunean eta ediktuen taula elektronikoan eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean. Argitaratze horrek jakinarazpenaren ondorioak izanen ditu.

7.–Dirulaguntzak emateko erabakiak zehaztuko ditu, alde batetik, dirulaguntzen emakida, zenbatekoa berariaz finkatuko duena eta, kasua bada, ezarriko dituena dirulaguntzen onuradunak bete beharreko baldintza, betebehar eta determinazio osagarriak, eta, beste aldetik, gainerako eskarien berariazko ezespena, kasua bada.

8.–Erabakia eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita. Erabaki horrek amaiera emanen dio administrazio bideari. Haren kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, ebazpena eman duen organora zuzendua, edo errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegira zuzendua, epe berean, edo zuzenean errekurritu administrazioarekiko auzien maila jurisdikzionalean, jurisdikzio hori arautzen duen legean aurreikusten diren moduan eta epeetan.

11.–Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

Honako hauek dira onuradunen betebeharrak: a) Dirulaguntzaren xedeko jarduerari eustea 2020an Funesko herrian. b) Enpresaren lan-bizitzaren txostenean zehaztutako plantillaren % 75ri gutxienez eustea 2020an. Txostena eskaerarekin batera aurkeztuko da. c) Men egitea egiaztapeneko eta finantza-kontroleko jarduketei, dirulaguntzen arloan indarra duen araudian xedatuaren arabera. d) Jasotako funtsak itzultzea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitako kasuetan; bereziki, dirulaguntza lortzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz, edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako egiaztapen eta finantza-kontrolen aurrean jarkitzea, desenkusa, oztopoa edo ukoa agertzen denean. e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 1ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea.

12.–Laguntzen justifikazioa.

1.–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30.7 artikuluarekin bat, dirulaguntza horiek emateko, apartatu honetan zehaztutako justifikazioa baino ez da behar, ezertan galarazi gabe geroago egin daitezkeen kontrolak. Funesko Udalaren dirulaguntzen batzorde kudeatzaileak kontrolatuko ditu deialdiaren 10. puntuan eskatzen diren betebeharrak, ofiziozko egiaztapenak eginez.

2.–Onuradunak dokumentazio hau aurkeztu behar du 2021eko lehendabiziko hiru hilabetean:–Langileak bere kargura izanez gero, enpresaren lan-bizitzaren txostena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak emana, 2020ko ekitaldi osoa biltzen duena.–Onuraduna 2. kategoriakoa baldin bada, fakturazio eta diru-sarrera guztiei buruzko dokumentazioa, 2019 eta 2020 ekitaldietakoa, zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, eta, edonola ere, diru-sarreren eta gastuen bidez; pertsona fisikoa beharturik ez dagoenean jardunaren bolumena frogatzen duten liburuak eramatera, gutxienez % 50eko murriztapena izan dela frogatu beharko du zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz. Baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa, deialdiaren 5. Apartatuak aipatzen duen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

3.–Organo emaileak onetsi beharko du dirulaguntzen justifikazioa, dirulaguntzak kudeatzen dituen udal batzordearekiko adostasun txostena eman ondoan.

13.–Dirulaguntzaren ordainketa.

1.–Dirulaguntzak ordainketa bakar batean pagatuko dira, emandako zenbateko guztiarekin, bankuko transferentziaren bidez, emakidaren ebazpenaren egunetik aurrera; horretarako, bermeen eraketa ez da beharrezkoa izanen.

2.–Deialdi honetan zehaztutako betebeharrak konplitu ezean, organo kudeatzaileak (udal batzordea) administrazio espediente bat abiatuko du ofizioz, eta, interesdunari entzunaldia eman ondoan, dirulaguntza ematen duen organoari proposatuko dio prozedura bat abiatzea justifikatu gabe dauden funtsak itzul daitezen, baita kasuan kasuko berandutze-interesen likidazioa ere.

14.–Dirulaguntzen itzulketa.

1.–Jasotako zenbatekoa itzultzeko, bidezkoa denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. tituluan xedatua bete beharko da, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren III. tituluan xedatua ere.

2.–Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan aipatzen diren arrazoiez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta berandutza interesak pagatu, dirulaguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitarte, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eskuarki aurreikusten diren kasuetan. Onuradunak ez baditu betetzen deialdiaren 10. eta 11. puntuetan ezarritako betebeharrak, itzuli beharko du kontzeptu honengatik emandako dirulaguntza.

3.–Ezertan galarazi gabe itzultzeko prozeduraren hasiera, dirulaguntza ematean ezarritako betebeharrak konplitzen ez badira, onuradunek horren berri ematen ahal diote organo kudeatzaileari sarrera erregistro bidez, eta jasotako zenbatekoa borondatez itzuli. Horretarako, harremanetan jarri beharko da organo kudeatzailearekin, bete beharreko tramiteen ondorioetarako. Orobat, berandutze-interesak kalkulatuko dira, itzulketa benetan egiten den unera artekoak.

Funesen, 2020 uztailaren 16an.–Alkate udalburua, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.

Iragarkiaren kodea: L2007631