175. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

215E/2020 FORU AGINDUA, uztailaren 17koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 30eko 199E/2016 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez Nafarroako 2014-2020 Osasun Planaren Koordinazio Batzordearen helburuak eta erantzukizunak ezarri ziren (foru agindu hori Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 16ko 328E/2016 Foru Aginduaren bidez eta ekainaren 22ko 500E/2017 Foru Aginduaren bidez aldatua izan da lehendik ere).

Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak txosten batean dio ezen, kontuan harturik zenbat denbora igaro den Nafarroako 2014-2020 Osasun Planaren Koordinazio Batzordea eta estrategiak abian jarri zirenetik, eta ikusirik Osasun Departamentuaren unitate eta zerbitzuetan izandako aldaketak, bidezkoa dela aldaketa batzuk egitea koordinazio batzorde horretako kide izateko izendatutako pertsonei dagokienez.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 30eko 199E/2016 Foru Agindua aldatzea, zehazki, 1. apartatuaren a) letra, Osasun Planaren Koordinazio Batzordeari dagokiona. Foru agindu horren bidez Nafarroako 2014-2020 Osasun Planaren Koordinazio Batzordearen helburuak eta erantzukizunak ezarri ziren (foru agindu hori Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 16ko 328E/2016 Foru Aginduaren bidez eta ekainaren 22ko 500E/2017 Foru Aginduaren bidez aldatua izan da lehendik ere). Horrenbestez, 1. apartatuaren a) letra honela idatzita geldituko da:

“a) Osasun Planaren Koordinazio Batzordearen egitura honako hauek osatzen dute:

–Nafarroako Gobernuko Osasuneko zuzendari nagusia, Batzordeko burua izanen baita.

–Osasun Planaren estrategien arduradunak.

Osasun Planak 12 estrategia baditu ere, Batzorde honetarako, kronikotasunaren estrategiaren ordezkari bat izendatuko da, honako lau estrategia hauen ordezkarien izenean arituko dena: neuroendekapenezko gaixotasunen estrategia, arnas aparatuaren gaixotasunen estrategia, gaixotasun baskularren eta diabetesaren estrategia eta paziente pluripatologikoentzako estrategia. Osasun Planaren arabera, kronikotasunaren estrategia funtsezko baliabidea da asistentziaren eredua eraldatzeko, eta horrek zuzeneko eragina izanen du osasun emaitzetan. Oso eragin zuzena du, patologia kronikoez arduratzeagatik, kronikotasunaren estrategiarekin batera hedatu behar diren lau osasun estrategietan.

–Kargu hauek betetzeko izendatu diren osasun kudeaketaren arloko arduradunak:

Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Zuzendaritza.

Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetza.

Lizarrako Osasun Barrutiko Kudeatzailetza.

Nafarroako Ospitaleguneko Zuzendaritza Asistentziala.

Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren Zuzendariordetza.

Nafarroako Ospitaleguneko Osasun Zainketen Zuzendaritza.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Zerbitzua.

Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritza.

–Osasun Planaren Unitate Teknikoaren arduraduna, hau da, Osasun Zerbitzuen Plangintza, Antolamendu eta Kontratazio Ataleko burua, idazkari gisa arituko dena”.

2. Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 30eko 199E/2016 Foru Aginduaren 2. apartatua aldatzea, estrategien arduradunei buruzkoa. Honela geldituko da idatzita:

“2. Osasun Planaren estrategien arduradunak izendatzea, honen arabera:

1. Elena Antoñanzas Baztán andrea, Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko burua, zeina haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategiaren arduraduna izanen baita.

2. Francisco Javier Lafita Tejedor jauna, Osasun Laguntza Integraturako Zuzendariordetzako Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko burua, zeina kronikotasunari arreta emateko estrategiaren arduraduna izanen baita.

3. Montserrat de la Fuente Hurtado andrea, Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko Arreta Soziosanitarioaren Ataleko burua, zeina desgaitasunari arreta emateko eta autonomia sustatzeko estrategiaren arduraduna izanen baita.

4. María José Pérez Jarauta andrea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko burua, zeina helduen autozainketak eta osasuna sustatzeko estrategiaren arduraduna izanen baita.

5. María Carmen Silvestre Busto andrea, Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren Ataleko burua, zeina pazientearen segurtasunaren estrategiaren arduraduna izanen baita.

6. José Joaquín Betelu Corcuera jauna, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren barruan Nafarroako Larrialdietako zuzendariordea eta Hil ala Biziko Larrialdiei Arreta emateko zuzendari teknikoa dena, zeina denboraren menpeko larrialdien arduraduna izanen baita.

7. Osasun Mentaleko Kudeatzailetzaren arduraduna, zeina osasun mentalari aurrea hartzeko eta arreta emateko estrategiaren arduraduna izanen baita.

8. Ruth Vera García andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Onkologia Medikoaren Zerbitzuko burua, zeina minbiziari aurrea hartzeko eta arreta emateko estrategiaren arduraduna izanen baita.

2. Aurrerantzean, betetzen duten kargua dela-eta aukeratzen diren pertsonek kargua uzten dutenean, izendatzen diren kargudun berriek ordeztuko dituzte, foru agindu berri bat onetsi behar izan gabe.

3. Foru agindu hau igortzea Osasun Zuzendaritza Nagusira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzara eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko uztailaren 17an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2007911