174. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 6a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

598/2020 EBAZPENA, abuztuaren 5ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezartzen baitira gaueko aisialdiaren esparruan, indarra izan dezaten Nafarroako Foru Komunitate guztiko herrietako festak izanen liratekeen aldian.

Uztailaren 22an, onetsi zen 7/2020 Foru Lege-dekretua, uztailaren 22koa, zeinaren bidez ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartzen baitira koronarabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren. Foru lege-dekretu hori 2020ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 23koan, eta Nafarroako Parlamentuak hura berretsi zuen 2020ko uztailaren 30ean.

Foru lege-dekretu horren I. tituluan ezartzen denez, ohiz kanpoko neurriak hartuko dira gaueko aisialdiaren esparruan; besteak beste, 02:00etan itxiko dira ikuskizun publikoetarako eta josteta jardueretarako zenbait establezimendu, baita elkarte gastronomikoak eta peñak ere, eta zenbait muga jarriko zaizkie espazio publikoetan egiten diren bizikidetzako eta aisialdiko ospakizunei.

Arau horren bigarren xedapen gehigarrian, gaikuntza ematen zaie Osasun Departamentuko titularrari eta Osasun Zuzendaritza Nagusiko titularrari ikuskizun publikoetarako eta josteta jardueretarako establezimendu iraunkorrak ixteko ordutegiak murrizteko, baldin eta horretarako justifikazioa osasun egoeraren bilakaera baldin bada eta neurriak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoari eragiten badio. Halaber, xedapen horren 4. paragrafoan, gaikuntza ematen zaie osasun arloko agintariei behar diren aldi baterako neurri osagarriak har ditzaten lokalizatuak dauden agerraldien hedapena saihesteko. Neurri horiek, betiere, proportzionalak izanen dira, eta ezinbestekoa den denboran aplikatzekoak.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b letra) eta jarduerak bertan behera uztea (d letra).

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostenaren arabera, azkenaldian gero eta gehiago dira astean baieztatzen diren kasuak; zehazki, gorakada izan da uztailaren 6tik 12ra bitarteko astean hasi eta uztailaren 20tik 25ra bitarteko astera arte. Gorakada horrek batez ere 15 eta 34 urte artekoei eragin die azkeneko lau asteetan. Halaber, une honetan, 53 agerraldi aktibo daude, eta horietatik jendetsuenak direnek zerikusia dute ekitaldi sozialekin eta aisialdiarekin, batez ere gauekoarekin. Agerraldi jendetsu horietako batzuetan, 15 eta 29 urte bitartekoak dira kutsatuen %76. Hauteman da ezen kutsatzeak izaten ari direla gaueko aisialdian, herrietako festak izanen liratekeen egunetan. Nahiz eta foru lege-dekretuak neurriak hartzeko ahalmena ematen dien tokiko agintaritzei, Osasun Departamentuan uste dugu Nafarroa osorako arautu behar direla zenbait alderdi, era orokorrean, hasiera batean 7/2020 Foru Lege-dekretuan ezarritakoaz haratago, ikusirik zein den une honetan egoera epidemiologikoa. Hori dela eta, beharrezkoa da neurri murriztaileagoak hartzea ixteko ordutegiari dagokionez, Nafarroa guztiko herrietako festak izanen liratekeen aldietan aplika daitezen, kontuan harturik zenbat agerraldi izan diren uztailean Nafarroan.

Horrenbestez, egoera ahula da oraindik ere, eta osasun sistemaren nahiz herritar guztien ahalegina beharrezkoa da agerraldiei eusteko eta balizko kutsatze kateak eteteko; hori guztia, Nafarroako herritarren osasuna babesteko xedez.

Aurreko guztia ikusirik, aipatu araudian oinarrituz eta bat etorriz Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txosten teknikoarekin, bidezkoa da zenbait prebentzio neurri ezartzea gaueko aisialdiaren esparruan, indarra izan dezaten Nafarroako Foru Komunitate guztiko herrietako festak izanen liratekeen aldian.

Era berean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen da administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokiela osasun agintariek osasun publikoari begira presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak judizialki baimentzea edo berrestea, neurri horiek askatasuna edo oinarrizko beste eskubide batzuk kentzen edo mugatzen dituzten kasuetan.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluarekin bat, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak proposatuta, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren eta Nafarroako Trantsiziorako Batzordearen (COVID-19) iritzia entzun ondoren,

EBAZTEN DUT:

1. Honako prebentzio neurri hauek hartzea, indarra izan dezaten Nafarroako Foru Komunitate guztiko herrietako festak izanen liratekeen aldian:

a) Tabernak, kafetegiak, jatetxeak, taberna bereziak, ikuskizunetarako kafetegiak, josteta aretoak, ziberzentroak, bingo aretoak, joko aretoak, kirol aretoak, diskotekak eta dantzalekuak 00:00etan itxi beharko dira. Ixteko ordu hori ezin da atzeratu, eta ordu horretarako lokala jenderik gabe egon beharko da.

b) Murriztea elkarte gastronomikoetan eta peñetan egiten diren jarduerak; horiek erabili gabe egonen dira 00:00etatik 06:00ak arte.

c) Tokian tokiko udal ordenantzetan jasotzen diren berariazko debekuak deusetan galarazi gabe, berariaz debeku da bizikidetza-topaketak eta aisialdiko ospakizunak egitea (botila-festak izenekoak eta antzekoak) bide publikoetan, parke eta plaza publikoetan eta bestelako igarobide publikoetan, 00:00etatik 06:00ak arte.

2. Ebazpen hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren Aholkularitza Juridikora, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

3. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 5ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

Iragarkiaren kodea: F2008794