173. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

224E/2020 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez turismoko ETEentzako dirulaguntzen deialdia onesten baita, Nafarroako turismo establezimenduek kalitate turistikoaren Q Ziurtagiria 2020. urtean zehar eskuratu eta manten dezaten. DDBN identifikazioa: 513513.

Turismo azpiegituren eta zerbitzuen kalitatea ezinbesteko jarduketa-ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategian.

Horregatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren helburu estrategikoetako bat kalitate turistikoaren Q marka lortzea sustatzea da; Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak ematen du Q marka, baita ziurtatu eta administratu ere, eta begiratzen du behar bezala erabiltzen dela. Marka hori eskuratzeari esker, agerian gelditzen da turismoko enpresen ahalegina haien azpiegituren eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Horrez gain, prestigioa, desberdintzea, fidagarritasuna eta zorroztasuna ekartzen ditu, baita Turismoko Estatu Idazkaritzaren eta autonomia erkidegoen sustapena ere.

2017-2025eko Turismoko Plan Estrategikoak jasotzen du jarduketa hau, “Enpresa-sarea indartzea, eta turismoaren kalitatea, jasangarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea” programaren barruan, zehazki “Kalitatea areagotzea produktuen eskuliburuen eta antzemandako kalitatearen sistemen bidez” izeneko 3.07 neurrian, hor adierazten baita produktuen eskuliburuen prestaketa bultzatu behar dela eta bidaia-proposamenak egin behar direla, ekoizleen eta merkaturatzaileen arteko konpromisoa izan dezaten, eta jarduera turistiko nagusiei buruzko (ostatu emate, jarduera eta abarri buruzko) zerbitzu emateko eskuliburuak garatu behar direla, eta ETEentzako laguntzak ezarri behar direla kalitate-ziurtagiriak lor ditzaten; izan ere, hortxe kokatzen da dirulaguntzen deialdi hau.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdia norgehiagoka ebatziko da, aurrekontuan behar adina dirua badago; izan ere, baremo bat aplikatuko da, dirulaguntzak emateko lehentasun ordena zehaztuko duena.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Turismoko ETEentzako dirulaguntzen deialdia onestea, Nafarroako turismo establezimenduek 2020. urtean kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta manten dezaten.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 20.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntza deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da: 830001-83130-4709-432102, Turismoko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak. Kalitate ziurtagiria (PET.M307).

4. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 30ean.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia. Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Turismoko ETEentzako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak; dirulaguntzen helburua da Nafarroako turismo establezimenduek 2020. urtean kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta manten dezaten sustatzea

1. oinarria. Xedea.

Turismoko ETEentzako dirulaguntzen araubidea erregulatzea dute xede oinarri arautzaile hauek, haien establezimenduek kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta manten dezaten; Turismoko Estatu Idazkaritzaren marka erregistratua da, eta Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (aurrerantzean EKTI) kudeatzen du.

Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria duten establezimenduek auditoretza zorrotzak gainditu dituzte, ziurtatzeko zerbitzu-prestazioak kalitatea, segurtasuna eta profesionaltasuna bermatzen dituela, eta bezeroek ahal den esperientzia turistiko hoberena jasotzen dutela.

Beraz, deialdi honen helburua da turistak jaso eta atzematen duen zerbitzuaren kalitatea hobetzea, bisitatzen gaituztenen poztasuna handitzearren, kalitate turistikoaren Q zigilua establezimenduaren atean izateak ederki asko laguntzen baitu gure azpiegitura eta zerbitzuen kalitatea agerian izaten.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 20.000 eurokoa da.

3. oinarria. Jarduketak gauzatzeko epea.

2020ko urtarrilaren 1tik 2020ko abenduaren 10erako epean, biak barne, eginiko eta fakturatutako gastuak dira diruz lagungarriak. Ondorio horietarako, ulertuko da gauzatu dela epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

4. oinarria. Enpresa onuradunak.

1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

1.2. Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. Eskatzaileek pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat eratzen dutenean, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako bat, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak konplitzeko.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskabidean zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

Ondorio horietarako, bete beharko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko entitateen erroldan duen inskripzio agirian jasotako partaidetza portzentajeak, non ez daukan eskatzaileak bestelako adierazpenik.

Gainera, berariazko beharkizun hau bete beharko dute:

1.4. Dirulaguntza eskatzen den unean, kalitate turistikoaren Q markaren ziurtagiria ezarri edo berritu duen establezimenduaren titular gisa agertzea Nafarroako Turismo Erregistroan.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalarekin batera, egiaztatuko du eskatzaileak dirulaguntza eskatzen duten establezimendu turistikoen titularrak direla, eta, gainera, establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribaturik daudela. Aipatu atalak aldeko txostena egiten ez badu bi baldintza horiek betetzeari buruz, ezetsi eginen da dirulaguntzaren eskaera.

2. Eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla, eta laguntzak kudeatzen dituen organoak ziurtatuko du berariazko baldintza betetzen dela.

5. oinarria. Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagungarriak diren jarduketak eta gastuak.

EKTIk bultzatzen duen kalitate turistikoaren Q markaren ziurtagiria lortu eta mantentzeko beharrezkoak diren jarduketak izanen dira diruz lagungarriak, eta, zehazki, gastu hauek joko dira diruz lagungarritzat:

a) Markari atxikitzeko kuota.

b) Deialdiaren epeari (hau da, 2020. urteari) dagokion marka erabiltzeko eskubidea.

c) Kanpoko auditoretza hasierako ziurtagiria lortzeko, eta berritzeko edo jarraipeneko kanpoko auditoretzak.

d) Kanpoko aholkularien laguntza teknikoa, hauek egiteko:

–Hasierako ziurtagiria.

–1. eta 2. jarraipen-auditoretzak.

–1. berritze-auditoretza, hasierako ziurtagiria lortu eta hirugarren urtera, edozein kasutan.

2. Gastu diruz lagungarrien mugak.

2.1. Ezin izanen da eskaera berean dirulaguntza eskatu markari atxikitzeko kuotarengatik eta marka erabiltzeko eskubidea ematen duen kuotarengatik.

2.2. Gastuen mugak kanpoko kontsulten laguntza teknikoengatik.

a) Hasierako ziurtagiria lortzeko laguntza teknikoarengatik diruz laguntzen ahal den aurrekontua 2.500 eurokoa da, gehienez.

b) Jarraipenarengatiko edo berritzearengatiko laguntza teknikoak diruz laguntzeko aurrekontua 1.000 eurokoa da, gehienez, establezimendu turistikoaren hasierako ziurtagiria lortzen den urtearen ondorengo hiru urteetako bakoitzean.

3. Diruz lagundu ezin diren kontzeptuak.

a) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

b) Turismo establezimenduko langileek egiten duten aholkularitza, laguntza edo kontsultoretza lanaren gastua.

c) Auditoreen eta kanpoko kontsultoreen egonaldi, mantenu eta joan-etorriko dieten gastuak.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa onartutako gastu diruz lagungarrien % 50 izanen da (BEZa kanpo).

6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak bitarteko telematikoen bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko Izapideen Katalogoko fitxa egokia erabiliz (https://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Sector+turistico/Inicio.htm) (hemendik goiti, laguntza fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

b) Pertsona fisikoen kasuan.

Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste erregistroetako edozein erabiliz.

3. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

4. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizietan eskaneaturik eta behar bezala identifikaturik):

4.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskabide ereduak honako adierazpen hauek ditu:

a) 4.1 oinarrian eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.

b) “De minimis” laguntzei eta jasotako beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, 12. oinarrikoa.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean dauden eskatzaileek adierazi ahal izateko, kasua bada, beren gain hartzen dituztela dirulaguntzaren ondoriozko konpromisoetan parte hartzeko portzentajeak, Nafarroako Zerga Ogasuneko entitateen erroldan inskribatzeko egiaztagirian jasota daudenez bestelakoak direnak.

d) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Ekonomia eta Ogasun Departamentura zuzendua (Diruzaintza Atala), soilik bete behar dena enpresa eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen dituenean laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.

e) Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa.

–Sozietateen kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak.

–Sozietate irregularren edo zibilen kasuan, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.

–Pertsona fisikoen kasuan: nortasun agiri nazionalaren kopia.

4.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

a) EKTIren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita egoteari buruzkoa (atxikipen berrien kasuan).

b) Diruz laguntzen ahal den kontzeptu bakoitzaren aurrekontua.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, deialdiak hartzen duen epean zer auditoretza motatara aurkeztuko den dioena, eta dirulaguntzaren berariazko eskabidean dagoena.

5. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzearren jarduketa mota bakoitzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira. Hala ere, eskatzaileren bati ezin bazaio osorik eman dagokion laguntza, kreditu aski ez dagoelako, 10 eguneko epea emanen zaio adierazteko ados dagoela dirulaguntza txikiagoa jasotzearekin. Berariaz uko eginez gero, hurrengo eskatzailearengana joko da, lehentasun hurrenkerari jarraikiz.

2. Hauek dira onartutako eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. irizpidea.–Turismo establezimenduak 2015, 2016, 2017, 2018 eta 2019an Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak kalitate turistikoaren Q ziurtagirirako egindako dirulaguntza deialdietan eskuratutako laguntzen arabera, hau izanen da puntuazioa:

HARTUTAKO DIRULAGUNTZEN ZENBATEKOA

PUNTUAK

Ez zen dirulaguntzarik jaso

20

500 euro gehienez

15

501 eta 1.000 euro bitartean

10

1.001 eta 2.000 euro bitartean

5

2.001 eta 3.000 euro bitartean

2

3.000 eurotik gora

0

Ondorio horietarako, turismo establezimendu bakoitzak jasotako dirulaguntzak batuko dira, kontuan harturik 5 urteko epe horretako titulartasun aldaketek ez dutela ukituko atal honetako puntuazioaren kalkulua.

2. irizpidea.–Turismo establezimenduaren kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortutako antzinatasunaren arabera, puntu hauek esleituko zaizkio:

–Ziurtagiri berriak: 15 puntu.

–Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortutako antzinatasuneko urte bakoitzeko: puntu 1 urte bakoitzeko, eta 15 puntu gehienez eta; ondorio horietarako, hilabetea eta eguna ez dira kontuan hartuko, urtea bakarrik.

3. irizpidea.–Turismo establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan izen emateko antzinatasunaren arabera, puntu bat urte bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez; ondorio horietarako, hilabetea eta eguna ez dira kontuan hartuko, urtea bakarrik.

3. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik, hauek lehenetsita:

a) 1. irizpidean aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntzen zenbateko txikiagoa lortu duten establezimendu turistikoak.

b) Nafarroako Turismo Erregistroan izen emateko antzinatasun handiena duten establezimendu turistikoak.

4. Onartutako eskabideei baremo hori aplikatzeko behar den informazioa deialdia kudeatzen duen organoak eskuratuko du, honela:

–1. eta 3. irizpideetako puntuazioa aplikatzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusian dauden datuen arabera.

–2. irizpideko puntuazioa esleitzeko, aintzat hartuko da Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuaren web-orrian dagoen informazioa (http://www.calidadturistica.es/), onartutako eskabideak ebaluatzen direnean.

8. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua) aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.

Ebazpenak honako hau jasoko du, gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda, jarduketa mota bakoitzeko, lortutako puntuazioaren hurrenkeran 7. oinarriari jarraikiz, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

Dirulaguntza onartzeko edo ukatzeko berariazko edo ustezko ebazpenen aurka, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria. Jarduketen justifikazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Noiznahi aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2020ko abenduaren 10ean.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 6.2 oinarrian aurreikusitako modu berean aurkeztuko da, laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuz gero, laguntzen fitxaren bidez aurkeztuko dira; fitxa horretan lotura bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak justifikatzeko erregistrora.

3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

a) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.

b) Diruz lagundutako jarduketa guztiei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradun den enpresaren izenean egin beharko dira.

c) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Ordainketa onuradunak eginen du, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainagiritzat hartuko da finantza entitateak egin eta enpresaren kontuan zordundutakoa. Ez da onartuko eskudirutan egindako ordainketarik edo hartze-agiririk.

Ordainagiri bakoitzarekin batera, dagokion faktura aurkeztuko da.

d) Kalitate turistikoaren Q marka lortu izanaren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (EKTI) edo beste erakunde eskudun batek luzatua, edo ziurtagiria mantentzeko edo berritzeko auditoretza gainditu izanaren ziurtagiria.

e) Establezimendu turistikoaren web-orriko informazioa egiaztatzeko enpresak lortutako dirulaguntza publiko egin duela eta establezimendu turistikoaren argazkiak dagokion kartela jarri duela egiaztatzeko. Nolanahi ere, egindako sustapen materialaren froga dokumentala betebehar hori bete dela egiaztatzeko, 11.f) oinarrian xedatutakoaren arabera.

f) Adierazpena, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: dirulaguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa adierazi behar dira; funts berekiak, bestelako baliabideak, bestelako dirulaguntzak edo diruz lagundutako jarduketak sortutako diru-sarrerak izan daitezke. Adierazpen hori justifikazio inprimakian dago.

10. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

Ordaintzeko ebazpena 2020ko abenduaren 31 baino lehen emanen da.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazten zaienetik hilabete pasatu baino lehen dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztea modu telematikoan (aitorpen hori irailaren 11ko 59/2013 Dekretuak arautzen du).

Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkeztu ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea, hamar egun balioduneko epea laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin jarduketa diruz lagungarria ez bada ezarritako aldian egin behar.

d) Baimena eskatzea diruz lagundutako jarduketetan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztuko da.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, baldin beste diru-sarrera, dirulaguntza edo babesletza bat lortzen bada deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako.

f) Iragartzea egindako gastuak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela; horretarako, dirulaguntza emateko datatik hasitako aldian eta dirulaguntza emateko zio izan zen ziurtagiriaren balio-denboran:

–Kartel bat jarriko da turismo establezimenduan argi ikusteko moduko toki batean, laguntzaren fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

–Enpresa onuradunaren web-orrian testu hau sartuko da: “Establezimendu honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du, kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta mantentzeko 2020ko deialdiaren bidez”.

–Sustapenerako materialetan, halakorik egiten bada, Nafarroaren marka turistikoa jasoko da. Horren erabilera laguntzaren fitxaren bitartez eskatuko da.

g) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen duen irudirik jarduketetan, publizitate euskarrietan eta diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9.e) artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

2. Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo diru hori itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) Egindako jarduketen frogagiriak ezarritako epea bukatu ondoren aurkezten badira, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza % 10 murriztuko da. Egun hori baino beranduago aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdutzat joko da.

b) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira, murrizketa hauek eginen dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren % 50etik % 75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntza % 50 murriztuko da.

–Diruz lagundutako jarduketaren % 50etik beherako prezioan egiten bada, galdutzat joko da emandako laguntza kobratzeko eskubidea.

12. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko aldian emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

13. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

14. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2007215