170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

45/2020 FORU DEKRETUA, ekainaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitatean erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera ematen du. Lanbide-sektore edo -arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehazten dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide-ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza-sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa-zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide-gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide-kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide-heziketari dagokionez, helburu hau dauka ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko produkzio-sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide-gaitasunetara, lanbide-heziketako tituluak eguneratzeko eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza-administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, lanbide-heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde-eremuan. Bestalde, lanbide-heziketako erdi-mailako eta goi-mailako zikloetako irakaskuntzetan sartzeko bete beharreko baldintzak aldatzen ditu.

Hezkuntza Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren zenbait alderdi eguneratzen ditu, lanbide-heziketari dagokionez, besteak beste haren xedeak eta helburuak, oinarrizko lanbide-heziketa eta lanbide-heziketa duala ezartzen ditu, eta funtsean aldatzen ditu lanbide-heziketako zikloetan sartzeko eta onartuak izateko baldintzak, garrantzizko gai batzuk aipatzearren.

Foru-dekretu honen bitartez, erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi-mailako heziketa-zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Honako curriculum honek irailaren 12ko 772/2014 Errege Dekretua garatzen du, erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-titulua ezartzen eta horren gutxieneko ikasketak finkatzen dituena, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza-sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak Lanbide Heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitzen du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum-autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak.

2

Erregulazio honetan elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide-erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide-erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkezten eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide-profila eta haren lan-jarduerari lotutako produkzio-sistemaren ingurunea. Lanbide-profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide-kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide-kualifikazio oso bat, SAN127–3 Erradioterapia, irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretuak arautzen duena, bai eta kualifikazio osatugabe hauek ere: Diagnosi-irudirako SAN627–3 lanbide-kualifikazioa ekainaren 24ko 887/2011 Errege Dekretuan arautua da, eta hainbat gaitasunek definitzen duten lanbide-jarduketarako gune bat da. Gune horrek, euskarri gisa gehitu diren lanbide-moduluekin batera, baditu zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa teknikari honek lana lortzen ahalko duela bermatzeko.

Produkzio-sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun honek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Testuinguru hau bi dimentsio osagarri gutxienez dituen sistema batean oinarritzen da. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide-jarduera estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin loturik dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.

3

4. artikulua, hari lotuta dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatuta. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide-moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza-jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako esparruaren barneko mugikortasunarekin eta ikasketa unibertsitarioen eta lanbide-heziketako goi-mailako heziketa-zikloen arteko baliozkotzearekin zerikusia duena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan-unitateen eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi ikasmailetan, eta lanbide-modulu bakoitza prestakuntza-unitatetan banatzen da. Zatiketa horrek aukera ematen du lanbide-prestakuntzarako beste eskaintza batzuei ekiteko, batetik, langileen hobekuntza lortzeko, eta bestetik, halako ibilbide batzuk diseinatzeko, eta horrela, prestakuntza eskaintzan berean integratzeko gaitasunak ebaluatu eta aitortzeko prozedura. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak batxilergotik heziketa-ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu; 7. artikuluak zehazten du nola igaro daitekeen beste ikasketa batzuetara erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-titulurako heziketa-zikloa amaitu eta gero. 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (5. eranskinean garatua) lanbide-moduluen eta titulu honetako kualifikazioko gaitasun-unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

6

Azkenik, foru-dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 6. eta 7. eranskinetan deskribatzen da, heziketa-ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko ekainaren hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru-dekretu honen xedea hauxe da: Nafarroako Foru Komunitatean erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Osasunaren lanbide-arlokoa da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-titulua elementu hauek identifikatzen dute:

a) Izena: Erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikaria.

b) Maila: 3-Goi-mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Osasuna.

e) Europako erreferentea: HNSN - 5b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua. Lanbide-erreferentea eta lanbide-jarduera.

Foru-dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide-profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun-unitateak, lanbide-gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, baita produkzio-sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz (dekretu haren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza-sistemaren esparruan lanbide-heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira).

4. artikulua. Curriculuma.

1. Foru-dekretu honen 2. eranskinean ageri dira erradioterapia eta dosimetriako heziketa-zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide-moduluak.

2. Heziketa-ziklo hau ematen duten lanbide-heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide-moduluetarako. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan-unitateen bitartez eginen da.

3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum-egokitzapenak jasotzen ahalko dira, desgaitasunak eragindako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.

5. artikulua. Lanbide-moduluak eta prestakuntza-unitateak.

1. Heziketa-ziklo hau osatzen duten lanbide-moduluak foru-dekretu honen 2 B) eranskinean garatzen dira, erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-titulua ezartzen zuen eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen zituen irailaren 12ko 772/2014 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide-modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru-dekretu honen 2 B) eranskinean ezarritako denbora-banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora-banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa-ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

3. Lanbide-moduluak foru-dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza-unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatze aldera. Lanbide-modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza-unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

4. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtapenak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bereko prestakuntza-unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide-moduluaren ziurtapenerako eskubidea izanen du. Ziurtapenak Estatu osoan izanen du balioa, heziketa-zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira.

6. artikulua. Heziketa-zikloan sartzeko bideak.

1. Foru-dekretu honetan arautzen den heziketa-zikloan sartzeko, Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

2. Zientziak eta Teknologia modalitateko batxilergoa ikasi duten ikasleek lehentasuna izanen dute heziketa-ziklo honetan sartzeko, irailaren 12eko 772/2014 Errege Dekretuaren 13. artikuluak ezarritakoari jarraikiz.

7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

1. Erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-tituluak zuzeneko sarbidea ematen du goi-mailako beste edozein heziketa-ziklotarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

2. Erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-tituluak zuzeneko sarbidea ematen du unibertsitateko gradu-tituluak eskuratzeko ikasketetarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

3. Irailaren 12ko 772/2014 Errege Dekretuaren 14.3 artikuluaren arabera, baliozkotzeen araubidea errazteko, lanbide-heziketako goi-mailako teknikari tituluen eta unibertsitateko gradu ikasketen arteko kreditu-onarpenari buruzko arauaren esparruan, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru-dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa-ziklo honetako lanbide-moduluen artean banaturik.

8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. 4. eranskinean zehazten dira Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-heziketako tituluen lanbide-moduluen eta dekretu honetan egitura eta curriculumaren garapena ezarriak dituzten lanbide-moduluen arteko baliozkotzeak.

2. Lanbide-moduluak beste lanbide-modulu batzuekin, gaitasun unitateekin eta goi-mailako heziketaren irakasgaiekin baliozkotzeari eta salbuesteari dagokienez, irailaren 12ko 772/2014 Errege Dekretuaren 15. artikuluan eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 38. artikuluan araututakoa aplikatuko da.

9. artikulua. Lanbide-moduluen eta gaitasun-unitateen arteko korrespondentzia.

1. Foru-dekretu honen 5.A) eranskinean ageri dira Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun-unitateen eta erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide-moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak.

2. Halaber, foru-dekretu honen 5 B) eranskinean zehazten dira titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide-moduluen eta gaitasun-unitateen arteko korrespondentziak, haiek egiaztatzeko erabiliko direnak.

10. artikulua. Irakasleak.

1. Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei dagokie heziketa-ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide-moduluetan irakaslanean aritzea. Foru-dekretu honen 6 A) eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege-dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera-araubide iragankorra arautzen da. Irakaslanari dagokionez, foru-dekretu honen 6 B) eranskinean ageri dira aurrekoen baliokideak diren tituluak, irakasleen espezialitatea zein den.

3. Titulu hau osatzen duten lanbide-moduluak irakasteko, foru-dekretu honen 6 C) eranskinean azaltzen dira ikastetxe pribatuetako irakasleei edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak.

4. Foru-dekretu honen 6.D) eranskinean azaltzen dira eskatzen diren tituluak eta titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko bete behar diren gainerako baldintzak, ikastetxe pribatuetako edo Hezkuntzakoak ez diren administrazioen ikastetxe publikoetako irakasleentzat.

5. Irakasle espezialistek salbuespenez eta aldi baterako izanen dute eskumena foru-dekretu honetako 6 A) eranskinean zehazten diren modulu profesionaletan irakasteko.

6. Irakasle espezialistek otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko. Izan ere, errege-dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako araubidea.

7. Gainera, lanbide-moduluaren barnean sartutako prozesuen beharrei erantzuten zaiela bermatzeko, irakasle espezialistek, izendapen bakoitzaren hasieran, dagokien lan-esparruan ezagututako lanbide-esperientzia egiaztatu beharko dute, behar bezala eguneratua –gutxienez bi urteko lanbide-jarduna izendapenaren aurreko lau urteen barruan–.

8. Hezkuntzakoak ez diren beste administrazioetan barnean hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, foru-dekretu honen IV. eranskinaren 6 C) eranskinean ematen dira aditzera titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da ziurtagiri bidez –ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak–.

11. artikulua. Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa-ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren irakaslekuak foru-dekretu honen 7. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa eta behar dena izanen dute haietako bakoitzean ematen den lanbide-moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza-jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Nahikoa leku izanen da altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Bete beharrekoak izanen dira laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera-berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatu beharreko gainerakoak.

3. Ikasle-talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa-ziklo edo hezkuntza-etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatutako irakaslekuetan ematen diren lanbide-moduluetako ebaluazio-irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, hala bermatuko baita ikasketen kalitatea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Tituluaren baliokidetasunak.

1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek –ondoren zerrendatzen dira– erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izanen dituzte, zeinak errege-dekretu honetan ezartzen baitira. Hona aipatutako tituluak:

a) Erradioterapiako teknikari espezialista, Osasun adarrean.

b) Medikuntza nuklearreko teknikari espezialista, Osasun adarrean.

2. Era berean, apirilaren 7ko 544/1995 Foru Dekretuan arautzen den erradioterapiako goi-mailako teknikari-tituluak eta foru-dekretu honetan araututako curriculuma duen erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikariak ondorio akademiko eta profesional berberak izanen dituzte.

Bigarren xedapen gehigarria.–Beste lanbide-trebakuntza batzuk.

1. Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak izeneko moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide-erantzukizunak hartzeko (Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan daude ezarrita), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, ekainaren 24ko 881/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 3. zenbakian ezarritakoarekin bat.

2. Foru-dekretu honetan lanbide-modulu bakoitzerako prestakuntza ezarririk, 2008ko urtarrilaren 30eko IS-17 Instrukzioaren babesean, barnean hartzen ditu diagnostiko medikorako X izpiak erabiltzeko kreditaziorako behar diren eduki guztiak.

3. Bestalde, instalazio nuklear eta erradioaktiboen erregelamendua onesten duen abenduaren 3ko 1836/1999 Errege Dekretuaren eta erregelamendu hura aldatzen duen urtarrilaren 18ko 35/20008 Errege Dekretuaren babesean, Erradioterapiaren alorrean operadore-lizentzia lortzeko Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak 5.6 Segurtasun Gidan zehazten dituen edukiak jasotzen ditu.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Genero-neutraltasuna.

Erregelamendu honen gaztelaniazko bertsioan erabiltzen den terminologian, batzuetan maskulinoa erabiltzen da, baina ulertuko da ez dela inolako bazterketarik egiten, baizik eta hizkera-ekonomiagatik eta testuak sinplifikatzeko egin dela horrela; beraz, generoari dagokionez testu neutroa da osotasunean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru-dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2020-2021 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru-dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru-dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko ekainaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculum honen dokumentu osoa PDFn:

Erradioterapiako eta dosimetriako goi-mailako teknikari-titulua.

Iragarkiaren kodea: F2005533