170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

40/2020 FORU DEKRETUA, ekainaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitatean Kirol Instalazioetako Sarbide eta Kontserbazioko laguntzailearen Lanbide Heziketa Bereziaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ‘Ekitatea hezkuntzan’ izeneko II. Tituluan ezartzen du hezkuntzako administrazioek beharrezkoak diren baliabideak jarriko dituztela ikasle guztiek ahalik eta gaitasun pertsonal, intelektual, sozial eta emozionalik handiena lor dezaten. Era berean, administrazio publikoek ikasleen berariazko beharrei egokitutako prestakuntza eskaintzak sustatuko dituzte ikasleak gizarteratu eta laneratzeko xedez.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza-administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, Lanbide Heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan.

Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren bidez, oinarrizko hamalau lanbide titulu onetsi dira, haien oinarrizko curriculumak finkatu dira, eta, halaber, Ikasketa eta lanbide tituluak emateari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua aldatu da, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagokienez. Lege organiko horren laugarren xedapen gehigarrian xedatzen da hezkuntza administrazioek zilegi dutela lanbide heziketako beste prestakuntza eskaintza batzuk ezarri eta baimentzea, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen beharretara egokituak.

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Departamentuak 2016-2017 ikasturtean Lanbide Heziketako zenbait programa arautu eta ezartzea erabaki du, honako hauen babesean: otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuko laugarren xedapen gehigarria, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 22ko 52/2015 Foru Agindua, haren bidez arautzen baitira otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren Lanbide Heziketako prestakuntza programak, «Lanbide Heziketa Bereziko zikloak» deituak, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan. Prestakuntza programa hauek Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen barnean daude. Lanbide Heziketa Bereziko zikloen helburua da hezkuntza premia bereziak, aldi baterakoak edo iraunkorrak, dituzten gazteen prestakuntza eta kualifikazio beharrei erantzutea; gazte horiek, haien berariazko hezkuntza premien ondorioz, hezkuntza arloko sostengu eta arreta jakin batzuk behar dituzte eta haien autonomia pertsonal eta sozialak arrazoizko itxaropenak ematen dizkie zenbait lanpostu eskuratzeko.

Foru dekretu honen bidez ezarri dira Kirol Instalazioetako Sarbide eta Kontserbazioko laguntzailearen Lanbide Heziketa Bereziaren heziketa zikloaren egitura eta curriculuma, Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan dituen eskumenak erabiliz, zeinak Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan aitortzen baitira.

Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Instalazioetako Sarbide eta Kontserbazioko laguntzailearen Lanbide Heziketa Bereziaren curriculuma maiatzaren 22ko 52/2015 Foru Aginduan ezarritako diseinu-jarraibideen arabera prestatu da.

2

Erregulazio honetan ziklo honen curriculumeko elementu hauek jorratzen dira: xedea, identifikazioa, lanbide erreferentea eta lanbide jarduna, curriculuma, euskararen tratamendua, ikasketen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ikasketak ezartzeko baldintzak, lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

Ziklo honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko zenbait alderdi ditu: lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu den lanbide kualifikazioa azaltzen da. Lanbide kualifikazio hau: AFD 500–1 Kirol instalazioetako jardueren antolaketa eta funtzionamendurako lan osagarriak, otsailaren 4ko 146/2011 Errege Dekretuan arautua, hainbat gaitasunek definitzen duten lanbide jarduketarako gune bat da. Gune horrek, euskarri gisa gehitu diren lanbide moduluekin batera, badu zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa teknikari honek lana lortzen ahalko duela bermatzeko.

Produkzio sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, ziklo hau gainditu duten ikasleek beren lanean eta lanbidean izanen duten inguruneari buruz eta, orobat, tituluarekin zerikusia duen sektorearen edo duten sektoreen prospektibari buruz.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den lanbide heziketa bereziko zikloaren curriculumari buruzkoa da, eta hiru zatitan dago banatua. Lehenik, ziklo honen helburuak daude; bigarrenik, orientabide didaktikoak, eta, hirugarrenik, lanbide moduluen garapena eta iraupena (modulu horiek laneratzeko ikaskuntzaren gunea dira).

Curriculum-diseinuan bereziki azpimarratu da proiektu bidezko ikaskuntza sistema bultzatu behar dela. Metodologia honekin nahi da ikasleek beren garapen pertsonal eta profesionalerako garrantzi handiko balio eta gaitasunak ahalik eta modu zabalenean eskuratzea. Horretarako, proiektuen kudeaketa erabiliko da ikaskuntzaren benetako testuingurua emateko (testuinguru horretan gaitasun horiek eskuratzea errazagoa izanen da).

Ikasgelan lan egiteko metodologiak gero eta gehiago aldatzen ari dira. Irakasleek zuzendutako eta haiengan oinarritutako planteamendu batetik ikasleak oinarri dituen beste ikaskuntza paradigma batera goaz. Edukietan oinarritutako ikusmoldea gainditu eta ikaskuntza integralari buruz aurrera egiten ari diren metodologiak sartzen ari dira; metodologia horietan edukiak sendotzen dira ikaskuntza trebetasunetan, hots, ikasleei beren lan-bizitzan eta norberarenean prestakuntzari aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak ematen dizkienetan. Gaur egun gero eta beharrezkoagoak ditu pertsonak beste pertsona batzuekin batera ikasteko gai eginen duten trebetasunak, sareko gizarte batean bakarka ikastea egunetik egunera garrantzia galtzen ari baita.

Metodologia horiek ahalik eta gehiena aplikatzeko eta, betiere, curriculumak ikaskuntza testuinguru zehatzei egokitzeko, kontuan izan behar da, arau honen eremuan, lanbide moduluen erreferentzia-sekuentziazioa arautzen dela zikloaren lau ikasmailetan, lanbide modulu bakoitzaren curriculum erreferentea erabiliz eta lau ikasmaila horietan zehar proiektuetan garatuz.

Foru dekretu honetan ezarritako curriculuma ematen duten ikastetxeek aipatutako erreferentzia-sekuentzian aldaketak egitea eska dezakete, behar bezala argudiatuz. Aldaketa horiek horretarako ezarriko den araudiaren arabera onetsiko dira.

Era berean, ikasleen tutoretzarako guneak gehitu dira zikloaren lau ikasmailetan. Tutoretzak, banakako prestakuntza prozesua orientatzeaz gainera, gaitasun pertsonalak, pertsona artekoak eta sozialak eskuratzen lagunduko du. Orobat, gune honetan sartu beharko lirateke lanbide orientazioari buruzko alderdiak, eta haien hezkuntza eta lanbide arloetako etorkizuna programatu eta kudeatzeko gaitasunak eta trebetasunak sustatu ere bai.

4

5. artikuluan berariaz lantzen da Euskararen curriculum-tratamendua, lanbide heziketa bereziko zikloa sartuta dagoen hizkuntza-ereduaren arabera.

5

6. artikuluan heziketa ziklo honetan nola sartu arautzen da.

6

7. artikuluan (3. eranskinarekin batera) lanbide moduluen eta gaitasun-unitateen arteko korrespondentzia arautzen da.

7

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 8. artikuluan (hari dagokion 4. eranskinarekin batera) eta 9. artikuluan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko ekainaren hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da: Nafarroako Foru Komunitatean Kirol Instalazioetako Sarbide eta Kontserbazioko laguntzailearen Lanbide Heziketa Bereziaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea. Titulu hori Gorputz eta Kirol Jarduerak lanbide arlokoa da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Kirol Instalazioetako Sarbide eta Kontserbazioko laguntzailearen Lanbide Heziketa Bereziaren zikloa ondoko elementuen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Kirol instalazioetako Sarbide eta Kontserbazioko laguntzailea.

b) Maila: 1 - Lanbide Heziketa Berezia.

c) Iraupena: 4000 ordu.

d) Lanbide arloa: Gorputz eta Kirol Jarduerak.

3. artikulua. Lanbide-erreferentea eta lanbide-jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira zikloaren lanbide profila, gaitasun orokorra, lanbide kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak eta etengabeko ikaskuntzarako gaitasunak, oinarrizko gaitasunak edo giltzarriak, bai eta produkzio-sistemaren erreferentziak eta haren prospektiba ere.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Heziketa ziklo honen helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2 A) eranskinean ageri dira.

2. 2 B) eranskinean zikloa osatzen duten modulu guztietarako erreferentziazko orientabide didaktikoak ezartzen dira.

3. Heziketa ziklo honetako lanbide moduluak garatu dira foru dekretu honen 2 C) eranskinean, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 22ko 52/2015 Foru Aginduan aurreikusitakoaren arabera. Foru Agindu horren bidez Lanbide Heziketako prestakuntza programak arautu ziren, hain zuzen ere otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuko laugarren xedapen gehigarrian aipatzen direnak. Errege dekretu horren bidez arautu ziren hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak, haien oinarrizko hamalau lanbide titulu onetsi ziren, haien oinarrizko curriculumak finkatu eta, halaber, ikasketa eta lanbide tituluak emateari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua aldatu, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagokienez. Hori guztia hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleendako, Nafarroako Foru Komunitatean «Lanbide Heziketa bereziko zikloak» izenpean.

4. Lanbide modulu horiek lau ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2 C) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da edozein aldaketa egiteko.

5. Modulu soziolinguistikoan eta modulu zientifiko-teknologikoan etengabeko prestakuntzaren gaitasunak garatzen dira.

6. Autonomia Pertsonala eta Laneko Orientabidea lanbide moduluan ikasleek lanpostu jakin batzuetan arrazoiz sartzeko dituzten itxaropenak garatzen dira.

7. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

5. artikulua. Euskara irakasgaiaren tratamendua.

1. Euskara irakaskuntzako lehen hizkuntza (1H) denean, ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio irizpideak eta erreferentziako edukiak curriculum honetan behar diren ataletan egonen dira, modulu soziolinguistikoan.

2. Modulu soziolinguistikoaren garapenean ezarritakoaren ondorioetarako, lehen hizkuntza (1H) beti irakaskuntza prozesuan erabilitakoa izanen da, eta ez nahitaez ikasleen ama hizkuntza.

6. artikulua. Heziketa-zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 22ko 52/2015 Foru Aginduko 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua. Lanbide-moduluen eta gaitasun-unitateen arteko korrespondentzia.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Kirol Instalazioetako Sarbide eta Kontserbazioko laguntzailearen Lanbide Heziketa Bereziaren zikloko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 3. eranskinean ageri dira.

8. artikulua. Irakasleak.

1. Lanbide modulu soziolinguistikoa, lanbide modulu zientifiko-teknologikoa, eta «Autonomia Pertsonala eta Laneko Orientabidea» izeneko lanbide modulua emanen dituzte:

a) Jabetza publikoko ikastetxeetan, Pedagogia Terapeutikoko espezialitatea duten maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioek.

b) Titulartasun pribatuko ikastetxeetan edo hezkuntzakoak ez diren administrazioetako titulartasun publikokoetan, irakaskuntza hauek emateko baimenduta badaude, dagokien moduluko irakasgairen bat emateko indarra duen araudian ezarritako baldintzak eta titulua duten irakasleek.

2. Gainerako lanbide moduluetarako, 4 A) eranskineko sektore publikoko irakasleen espezialitateak (irakasle horiei esleitu zaie dagozkien lanbide moduluak irakastea).

3. Curriculuma osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 4 B) eranskinean azaltzen dira.

4. Lanbide moduluak irakasteko gaikuntza ematen duten tituluak, titulartasun pribatuko ikastetxeetarako edo hezkuntzakoak ez diren administrazioetako ikastetxe publikoetarako, 4 C) eranskinekoak dira.

5. Espezialitate jakin bateko irakaslerik ez dagoenean edo irakaskuntza horiek emateko baimenduta dauden hezkuntzakoak ez diren bestelako administrazioetako titulartasun pribatuko edo titulartasun publikoko ikastetxeetan irakasteko behar diren tituluak dituenik ez dagoenean, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuko 20.3 artikuluan xedatutakoa kontuan izanen da.

9. artikulua. Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Irakaslekuek azalera nahikoa eta behar dena izanen dute haietako bakoitzean ematen den lanbide modulu bakoitzeko ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, zenbat lagunentzat den hartuko da kontuan. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipoek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak eta gainerako arau aplikagarriak beteko dira.

2. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

3. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

4. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (ekipoak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

5. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Nafarroako Foru Komunitatean, Osasun arloko zeladore laguntzailearen eta Lanbide Artistikoetako laguntzailearen Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako 3. eranskinak ezabatzea.

1. Indarrik gabe geratzen da Nafarroako Foru Komunitatean Osasun arloko zeladore laguntzailearen Lanbide Heziketa Bereziaren egitura eta curriculuma ezartzen dituen irailaren 13ko 82/2017 Foru Dekretuaren 3. eranskina.

2. Indarrik gabe geratzen da Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Artistikoetako laguntzailearen Lanbide Heziketa Bereziaren egitura eta curriculuma ezartzen dituen ekainaren 21eko 57/2017 Foru Dekretuaren 3. eranskina.

Bigarren xedapen gehigarria.–Genero neutraltasuna.

Erregelamendu honetan, gaztelaniazko bertsioan, erabiltzen den terminologian batzuetan maskulinoa erabiltzen da, baina ulertuko da ez dela inolako bazterketarik egiten, baizik hizkera-ekonomiagatik eta testuak sinplifikatzeko egin dela horrela, eta, beraz, generoari dagokionez testu neutroa da osotasunean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da irailaren 13ko 79/2017 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean Kirol Instalazioetako Sarbide eta Kontserbazioko laguntzailearen Lanbide Heziketa Bereziaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena, bai eta foru dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2020-2021 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den curriculuma.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko ekainaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculum honen dokumentu osoa PDFan:

Kirol Instalazioetako Sarbide eta Kontserbazioko laguntzailearen Lanbide Heziketa Berezia.

Iragarkiaren kodea: F2005537