170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

39/2020 FORU DEKRETUA, ekainaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitatean Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

1

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egiteko aukera eman du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolaturik, eta horiexek osatzen dute Lanbide Heziketako tituluen curriculumaren muina.

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak adierazten du helburu estrategikoetako bat dela lanbide ikaskuntzaren aukera indartzea norberaren garapen nahiarekin bat datorren aukera gisa, eta, gainera, sistemako gainerako ikasketei begira irekia izatea; horretarako, beste ekimen batzuen artean, oinarrizko lanbide titulu berria sortu da, horretatik erdi mailako lanbide heziketara pasatzeko bidea ematen duena.

Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, lanbide heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan. Bestalde, helburu modura ezartzen ditu lanbide heziketaren eta hezkuntza sistemako gainerako irakaskuntzen arteko mugikortasuna arautu eta erraztea eta, orobat, hezkuntza sistema behar baino lehenago utzi duten gazteak berriro hezkuntzara itzultzen laguntzeko neurriak antolatzea.

Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren zenbait alderdi eguneratzen ditu lanbide heziketari dagokionez, besteak beste, xedeak eta helburuak, oinarrizko lanbide heziketa eta lanbide heziketa duala ezartzen ditu, eta funtsean aldatzen ditu lanbide heziketako zikloetan sartu eta onartuak izateko baldintzak, garrantzizko gai batzuk aipatzearren.

Foru dekretu honen bidez, Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Curriculum honek Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide titulua ezarri zuen otsailaren 19ko 73/2018 Errege Dekretua garatzen du, Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan dituen eskumenak erabiliz, zeinak Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan aitortzen baitira.

Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean kontuan hartu dira otsailaren 19ko 73/2018 Errege Dekretuan diseinuari buruz ezarritako jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko zenbait alderdi ditu: tituludunaren lanbide profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide profilaren barrenean, haren gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio horiek, alegia, Kirol instalazioetako jarduerak eta funtzionamendua antolatzeko laguntza lanak (otsailaren 4ko146/2011 Errege Dekretuaren bidez arautua), Zerbitzu administratibo eta orokorretako laguntza lanak (otsailaren 1eko 107/2008 Errege Dekretuaren bidez arautua) eta Merkataritzako jarduera lagungarriak kualifikazio osatugabea (uztailaren 11ko 1179/2008 Errege Dekretuaren bidez arautua), hainbat gaitasunek definitzen duten lanbide jarduketarako gune batean biltzen dira. Orobat, gehitu diren euskarri moduluekin batera, badute zabaltasun nahikoa eta behar adinako espezializazioa teknikari horrek lana lortu ahalko duela bermatzeko.

Ekoizpen sistemari dagokionez, tituludun honek lan egin dezakeen lanbide inguruneari buruzko ohar batzuk ezarri dira, bai eta tituluarekin zerikusia duten sektoreen edo sektorearen prospektiba ere.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena.

5. artikuluan berariaz lantzen da Euskararen curriculum tratamendua, hizkuntza ereduaren arabera.

Curriculum diseinuan bereziki azpimarratu da problemak ebaztearen bidezko ikaskuntza sistema bultzatu behar dela. Metodologia honekin nahi da ikasleek beren garapen pertsonal eta profesionalerako garrantzi handiko balio eta gaitasunak ahalik eta modu zabalenean eskuratzea. Horretarako, proiektuen kudeaketa erabiliko da ikaskuntzaren benetako testuingurua emateko (testuinguru horretan gaitasun horiek eskuratzea errazagoa izanen da).

Era berean, ikasleen tutoretzarako guneak gehitu dira zikloaren bi ikasmailetan. Tutoretzak, banakako prestakuntza prozesua orientatzeaz gainera, gaitasun pertsonalak, pertsona artekoak eta sozialak eskuratzen lagunduko du. Orobat, gune honetan sartu beharko lirateke lanbide orientazioari buruzko alderdiak, eta haien hezkuntza eta lanbide arloetako etorkizuna programatu eta kudeatzeko gaitasunak eta trebetasunak sustatu ere bai.

Metodologia horien aplikazioa ahal den gehien errazteko eta, betiere, curriculumak ikaskuntza testuinguru zehatzei egokitzeko, kontuan izan behar da, arau honen eremuan, lanbide moduluen erreferentziazko sekuentziazioa arautzen dela zikloaren bi ikasmailetan. Beraz, foru dekretu honetan ezarritako curriculuma ematen duten ikastetxeek aipatutako erreferentzia sekuentzian aldaketak egitea eska dezakete, behar bezala argudiatuz. Aldaketa horiek horretarako ezarriko den araudiaren arabera onetsiko dira.

4

Sarbideei dagokienez, 6. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik heziketa ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasa daitekeen beste ikasketa batzuetara Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide titulua lortu ondoren, 8. artikuluak baliozkotzeak eta salbuespenak arautzeko esparrua zehazten du, eta 9. artikuluak (3. eranskinean garaturik) lanbide moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko loturak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

5

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 4. eta 5. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko ekainaren hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat, honako hau

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da: Nafarroako Foru Komunitatean Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea. Titulu hori Gorputz eta Kirol Jarduerak lanbide arlokoa da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide titulua honako elementu hauen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide titulua.

b) Maila: 1 - Oinarrizko Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arloa: Gorputz eta Kirol Jarduerak.

e) Europako erreferentea: HNSN - 3.5.3 (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

3. artikulua. Lanbide erreferentea eta lanbide jarduera.

Tituluaren lanbide profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak eta etengabeko ikaskuntzarako gaitasunak, baita produkzio sistemari buruzko erreferentzia eta prospektiba ere, foru dekretu honen 1. eranskinean zehaztuta daude.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Heziketa ziklo honen helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2.A) eranskinean ageri dira.

2. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2.B) eranskinean garatzen dira, eta bat datoz Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide titulua ezarri eta curriculumaren oinarrizko alderdiak zehazten dituen otsailaren 19ko 73/2008 Errege Dekretuaren eranskinaren 3.2 eta 3.3 apartatuetan ezarritakoarekin.

3. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2.B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da edozein aldaketa egiteko.

4. “Komunikazioa eta Gizartea I” eta “Komunikazioa eta Gizartea II” izeneko moduluetan komunikazioko eta gizarte zientzietako blokeko gaitasunak garatzen dira (Gaztelania, Atzerriko Hizkuntza, Gizarte Zientziak eta, hala behar denean, Euskara irakasgaietan sarturik daude gaitasun horiek).

5. Heziketa ziklo hau ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute haren ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetarako. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

6. Programazio didaktikoetan sartuko dira hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei zuzendutako aniztasunari erantzuteko neurriak ere.

5. artikulua. Euskara irakasgaiaren tratamendua.

1. Euskara irakaskuntzako lehen hizkuntza (1H) denean, ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio irizpideak eta erreferentziako edukiak curriculum honetan behar diren ataletan egonen dira, Gaztelania irakasgaiari dagozkion “Komunikazioa eta Gizartea I” eta “Komunikazioa eta Gizartea II” moduluetan, alegia. Nolanahi ere, euskarak kodearen ezagutzan eta dialektologian dituen berezko salbuespenak izanen dira kontuan.

2. Modulu hauetan euskara irakaskuntzako bigarren hizkuntza (2H) denean, ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio irizpideak eta erreferentziazko edukiak curriculum honetan behar diren ataletan egonen dira, Ingelesa irakasgaiari dagozkion “Komunikazioa eta Gizartea I” eta “Komunikazioa ea Gizartea II” moduluetan, alegia. Nolanahi ere, euskarak kodearen ezagutzan eta kultura eduki berariazkoetan dituen berezko salbuespenak izanen dira kontuan.

3. Komunikazioa eta Gizartea I eta II moduluen garapenean ezarritakoaren ondorioetarako, lehen hizkuntza (1H) irakaskuntza prozesuan erabilitakoa izanen da beti, eta ez nahitaez ikasleen ama hizkuntza.

6. artikulua. Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Hezkuntzaren Kalitatea hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara pasatzea.

Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide tituluak zuzeneko sarbidea ematen du erdi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, betiere onarpenerako ezartzen diren baldintzetan. Gainera, titulu honek lehentasuna izanen du honako lanbide arlo hauetako erdi mailako titulu guztietan onartzeko:

–Gorputz eta Kirol Jarduerak.

–Administrazioa eta Kudeaketa.

8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

Baliozkotzeei eta salbuespenei dagokienez, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

9. artikulua. Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztaturiko gaitasun unitateen eta Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko loturak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 3. eranskinean ageri dira.

10. artikulua. Irakasleak.

1. Multzo komunei lotutako moduluak ikastetxe hauetan emanen dira:

a) Titulartasun publikoko ikastetxeetan, espezialitateren bateko Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako funtzionarioek, dagokien multzo komuneko edozein irakasgai emateko gaituta badaude.

b) Titulartasun pribatuko ikastetxeetan edo hezkuntzakoaz bestelako administrazioetako titulartasun publikokoetan, irakaskuntza hauek emateko baimenduta badaude, dagokien multzo komuneko irakasgairen bat emateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak eta titulua duten irakasleek.

2. Gainerako lanbide moduluetarako, 4.A) eranskineko sektore publikoko irakasleen espezialitateak (irakasle horiei esleitu zaie dagozkien lanbide moduluak irakastea).

3. Titulu hau osatzen duten lanbide moduluak irakasteko, ikastetxe pribatuetako irakasleei edo hezkuntzakoaz bestelako administrazioetako ikastetxe publikoetako irakasleei eskatuko zaizkien tituluak foru dekretu honen 4.B) eranskinean azaltzen dira.

11. artikulua. Irakaslekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 5. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Irakaslekuek azalera nahikoa eta behar dena izanen dute haietako bakoitzean ematen den lanbide modulu bakoitzeko ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak garatu ahal izateko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Irakaslekuaren azalera zehazteko, zenbat pertsonarentzat den hartuko da kontuan. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza-ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko tresna lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta ekipamenduek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatu beharreko gainerako arauak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte irakaslekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Irakaslekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Irakasleku bakoitzean behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Ekipamenduak (tresnak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu irakaslekuetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da irakasleku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela ikasketen kalitatea bermatuko baita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.–Genero neutraltasuna.

Foru dekretu honen gaztelaniazko bertsioan erabiltzen den terminologian batzuetan maskulinoa erabiltzen da, baina ulertuko da ez dela inolako bazterketarik egiten, baizik hizkera-ekonomiagatik eta testuak sinplifikatzeko egin dela horrela, eta, beraz, generoari dagokionez, testu neutroa da osotasunean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2020-2021 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den tituluaren lehen ikasmaila.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko ekainaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculum honen dokumentu osoa PDFn:

Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide titulua.

Iragarkiaren kodea: F2005536