17. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1E/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 7koa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena toki entitateei, toki ekintzako taldeei, garapenerako lankidetzako GKE-ei, herritarren elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei dirulaguntzak emateko, 2020an Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte hartzea bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzeko. DDBN identifikazioa: 491460.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak ditu Nafarroako Gobernuaren herritarren parte hartzearen arloko politikaren eskumenak, eta Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez aplikatzen ditu. Zuzendaritza nagusi horrek esleiturik du, beste eskumen batzuen artean, herritarren partaidetza, arreta eta informazioa; horiek guztiak gauzatzeaz Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzua arduratzen da, halaxe baitagokio Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeak, partaidetzazko gizarte bat sendotzeko asmoz, sentsibilizazio neurri batzuk ezarri ditu 60. artikuluan, horien artean honako hau (b letran): gizarte entitateen eta herritarren elkarteen jarduera sustatzeko dirulaguntzen deialdia, urtekoak.

Nafarroako Gobernuak, aipatu Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuaren bidez, egokitzat jo du, herritarren partaidetzarako, babesa eta baliabide ekonomikoak ematea Nafarroako toki entitateei, toki ekintzako taldeei, bai eta garapenerako lankidetzako GKE-ei, herritarren elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei ere, 2020. urtean proiektuak gara ditzaten, Nafarroako Foru Komunitatean, aipatu helburua erdieste aldera.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoa kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea toki entitateei, toki ekintzako taldeei, garapenerako lankidetzako GKE-ei, herritarren elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei dirulaguntzak emateko, 2020an proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean herritarren parte hartzea bultzatzeko eta sustatzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, gastua baimenduko da, eta jarraian adierazten den gisan aplikatu (aldaketak egin daitezke, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta):

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B10007-B1320-4609-924900: toki entitateentzako dirulaguntza, herritarren partaidetza sustatzeko proiektuetarako, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago

2020

50.000,00

B10007-B1320-4819-924900: elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuentzako dirulaguntza, herritarren partaidetza sustatzeko proiektuetarako, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago

2020

30.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta eranskinen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

6. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 7an.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia. Joseba Asiain Albisu.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak dirulaguntzak eman diezazkien Nafarroako toki entitateei, toki ekintzako taldeei, garapenerako lankidetzako GKE-ei, herritarren elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuei, legez eratutakoei, herritarren parte hartzea bultzatzera eta sustatzera zuzendutako proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean 2020. urtean; hori guztia, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat eta kasuan kasuko aurrekontuko kredituak zehaztutako mugen barruan.

Deialdi honetan toki entitateek bultzatutako parte hartzea aipatzen denean, honi buruz ari gara: udalek, kontzejuek eta mankomunitateek bultzatzen eta sustatzen dituzten ekimen guztiak, herritarrek, berdin banaka zein taldean, gai publikoen gaineko erabakietan modu antolatuan parte har dezaten politika publikoak definitzean, proposatzean, betearaztean eta ebaluatzean.

Toki ekintzako taldeek, garapenerako lankidetzako GKE-ek, herritarren elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuek bultzatutako parte hartzea aipatzen denean, era honetako ekimenei buruz ari gara: erakundeek bultzatzen dituzten ekimenak, beren bazkideek edota boluntarioek barruko zein kanpoko dinamiketan parte har dezaten eta gobernu organoen erabakiak demokratikoak izan daitezen. Multzo horren barruan sartzen dira, era berean, komunitate garapena bultzatzeko asmoz erakunde horiek sustatzen dituzten ekimenak, eta sustatzen dituzten beste ekimen batzuk, herritarrek jarrera aktiboa izan dezaten bai inguruko arazo ekonomikoen, ingurumenekoen eta sozialen berri izateko eta horiei erantzuteko –nork bere aldetik zein taldean–, bai beren bizi baldintzak hobetzeko.

Kasu batean zein bestean, lan tresnatzat hartzen da herritarren parte hartzea, herritarrei aukera ematen diena beren ingurunean edota beren bizi baldintzetan eragina duten alderdien edo elementuen gaineko erabakietan parte hartzeko eta horiek guztiak taldean eraikitzeko. Parte hartze prozesuak entzute aktiborako eta eztabaidatzeko bide ematen du; komunitate bateko alde guztiak biltzen ditu, esparruak, baliabideak, estrategiak eta metodologiak partekatu behar baitituzte, komunitate horretako pertsonen eta taldeen bizi kalitatea hobetzea lortzeko.

2. oinarria. Onuradunak.

Deialdi honetara aurkeztu ahal izanen dira Nafarroako toki entitateak, toki ekintzako taldeak, garapenerako lankidetzako GKEak, herritarren elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuk, Nafarroako Foru Komunitatean legez eratuak badaude, Nafarroako Foru Komunitatean herritarren partaidetzarako proiektuak sustatzen badituzte, eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3. oinarria. Betekizunak.

Dirulaguntzen onuradun izateko, bigarren oinarrian aipatutako entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

3.1. Indarreko legeriarekin bat eratuak egotea, nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuak egotea –publizitate ondorioetarako soilik eska daiteke inskripzio hori–.

3.2. Nafarroako Foru Komunitatean bakarrik aritzea, salbu garapenerako lankidetzako GKEak.

3.3. Aurreikusia izatea 2020. urtean, beren eraginpeko eremuan, herritarren parte hartzerako interes publikoko edota kolektiboko proiekturen bat sustatzea eta garatzea bizitza sozialaren, ekonomikoaren, kulturalaren edo politikoaren edozein esparrutan.

3.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.

4. oinarria. Gauzatzeko epea eta proiektu nahiz ekintza diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2020ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra artekoa izanen da, eta horrek ez du galaraziko 4.5.1 oinarrian xedatutakoa deialdi honen aurreko laguntza teknikoko gastu eta jarduerei buruz.

4.2. Honako helburu hauekin bat datozen partaidetza proiektuak lagunduko dira diruz:

4.2.1. Nafarroako toki entitateek sustatutako proiektuak.

Helburu hauek betetzeko jarduera bat edo batzuk izanen dituzte proiektu horiek:

–Tokiko gobernantza eta kalitate demokratikoa hobetzea, herritarren parte hartze aktiboaren aldeko ekintzak bultzatuta politika publikoak ebaluatzean eta honako hauek onartzearen gaineko erabakiak hartzean: planak, programak, ordenantzak, aurrekontuak eta zerbitzu publikoen kudeaketa.

–Herritarrak inplikatzea eta partaidetza sendotzea proiektua sustatzen du(t)en entitate(ar)entzat interesekoak diren tokiko edota eskualdeko auzietakoren baten diagnostikoa egiteko eta horiei eman beharreko erantzuna sortzeko.

–Berdintasun eta inklusio maila handiagoak garatzea, inplikatutako eragile nagusiak kontuan hartuta eta tokian tokiko bizitzan parte hartzeko daukaten gaitasuna areagotuta.

–Belaunaldiarteko elkarlana sustatzea.

–Herritarrak parte hartzearen alde heztea, sentsibilizatzea, trebatzea, gaitzea eta komunikazioa bultzatzea.

Proiektuak banaka nahiz mankomunatuta aurkeztu ahal izanen dira.

Proiektuak mankomunatuta aurkezten badira, toki entitateek proiektuan ordezkatuko dituen toki entitatea izendatuko dute, eta ordezkapen hori ondorio guztietarako izanen da, barnean dela laguntza ekonomikoa jasotzea. Proiektua ordezkatuko duen toki entitatea izendatzeko, nahikoa izanen da proiektua sustatzen duten toki entitateen alkatetzen edo burutzen ardura duten pertsonek sinatutako adierazpena aurkeztea.

Toki entitateek ezin izanen dute proiektu bat baino gehiago aurkeztu, ez banaka ez beste batzuekin mankomunatuta.

4.2.2. Toki ekintzako taldeek, garapenerako lankidetzako GKE-ek, herritarren elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuek sustatutako proiektuak.

Helburu hauek betetzeko jarduera bat edo batzuk izanen dituzte proiektuek:

–Entitatearentzat estrategikoa den proiekturen bat garatzea pertsona edota entitate elkartuen partaidetzarekin.

–Herritarrak inplikatzea eta partaidetza sendotzea proiektua sustatzen du(t)en entitate(ar)entzat interesekoak diren tokiko edota eskualdeko auzien diagnostikoa egiteko eta horiei eman beharreko erantzuna sortzeko, baita ondasun komunak babesteko ere.

–Gizarteratzeko arazoak dauzkaten pertsonen edota gizarte bazterketa jasaten dutenen kolektiboen parte hartze soziala, haien gaitasunak sustatzeko eta bizi baldintzak hobetzeko.

–Berrikuntza soziala sustatzea.

–Belaunaldiarteko elkarlana sustatzea.

–Herritarrak parte hartzearen alde heztea, sentsibilizatzea, trebatzea, gaitzea eta komunikazioa bultzatzea.

Proiektuak banaka nahiz mankomunatuta aurkeztu ahal izanen dira.

Proiektuak mankomunatuta aurkezten badira, entitateek proiektuan ordezkatuko dituen entitatea izendatuko dute, eta ordezkapen hori ondorio guztietarako izanen da, barnean dela laguntza ekonomikoa jasotzea. Proiektua ordezkatuko duen entitatea izendatzeko, nahikoa izanen da proiektua sustatzen duten entitateen legezko ordezkariek sinatutako adierazpena aurkeztea.

Toki ekintzako taldeek aurkeztutako proiektuak ezin izanen dira beren eraginpeko toki entitateentzat bakarrik izan.

Entitateek ezin izanen dute proiektu bat baino gehiago aurkeztu, ez banaka ez beste batzuekin mankomunatuta.

4.3. Aurkezten diren partaidetza proiektuek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Zuzenean entitateak sustatu behar du, eta Nafarroako Foru Komunitatean egin.

b) Zerbitzu edo politika publiko baten garapenarekin loturik egotea, toki entitateen kasuan; edo interes kolektiboko helburu edo proiektu batekin loturik egotea, toki ekintzako taldeen, garapenerako lankidetzako GKE-en, herritarren elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuen kasuan.

c) Informazioa emateko, kontsultarako, eztabaidatzeko edota elkarrekin erabakitzeko ekintzak aurreikustea.

d) Parte hartzaileek aukera izan behar dute eragina izateko problema kolektiboa ebazten, edo partaidetza prozesuarekin lotutako gaian, eta, beraz, baita emaitzetan ere, dela diagnostikorako elementuak aurkeztuz, dela proposamenak planteatuz, dela erabakiak hartuz, dela konponbideak inplementatuz.

e) Entitateak herritarren proposamenak aztertu beharko ditu, eta horien gainean zer erabaki hartu duen jakinarazi beharko du, arrazoiak emanez.

f) Parte hartzaileek ebaluatua izan.

g) Sexuaren aldagaia sartuko da estatistika, inkesta eta datu bilketa guztietan. Genero adierazleak sartuko dira, bide emanen dutenak zehaztasun handiagoz jakiteko zer desberdintasun dauden emakumeen eta gizonen balioen, rolen, egoeren, baldintzen, nahien eta beharren artean. Parte hartzea nahikoa zabala izan dadin sustatuko da, emakumeen eta gizonen egoerak eta beharrak zein diren jakiteko.

h) Proiektuak gauzatzean, irisgarritasun unibertsalerako baldintzak beteko dira, beharrezkoak baitira pertsona guztien eta, bereziki, desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasuna, autonomia pertsonalaren sustapena, komunitateko inklusioa eta bizimodu independentea bermatzeko, gizartean erabat nahiz modu efektiboan txerta daitezen eta parte har dezaten lagunduta.

Prestakuntza proiektuen kasuan, ez dira kontuan hartuko aurreko c), d) eta e) atalak.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

Diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozen gastuek soilik jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta oinarri hauetan ezarritako epean gauzatzen badira. Zehazki, hurrengo gastu kontzeptuek jasoko dute dirulaguntza, merkatu balioa gainditu gabe.

4.4.1. Zuzeneko gastuak:

a) Entitateko langileria gastuak. Toki ekintzako taldeen, garapenerako lankidetzako GKE-en, herritarren elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuen kasuan, proiektuan lanean jarritako bi pertsonaren gastuak hartuko dira kontuan, gehienez ere, eta horietako bakoitzaren gastu justifikagarria ezin izanen da guztirako bere soldataren %20 baino handiagoa izan.

b) Laguntza teknikoa (entitate(eta)tik kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatzea). Pertsona fisiko edo juridikoen kontratazioa diruz lagunduko da baldin eta frogatzen badute deialdi hau egin baino hiru urte lehenago garatu diren parte hartzeko 3 prozesu publikotan edota pribatutan, gutxienez ere, jardun dutela prestakuntzan edota kudeaketa eta dinamizazio lanetan. Pertsona juridikoen kasuan, frogatuko da proiektuaren ardura duen taldeak baduela arestian aipatutako eskarmentua duen jendea, eta pertsona horiek dutela proiektua gauzatzeko ardura zuzena.

Eskarmentua frogatzeko, entitateak emandako ziurtagiria edo kontratatuen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

Diruz lagundutako jardueraren %100 ere azpikontrata daiteke.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 15.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), frogatu beharko da hornitzailea kontratazio publikorako baldintzak betez hautatu dela, toki entitateen kasuan, eta gainerako entitateei dagokienez, eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Entitate onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira kontu horiek.

c) Diruz lagundutako jardueren publizitate edo zabalkunde gastuak.

d) Materialak argitaratzeko gastuak. Programaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak soilik jasoko du dirulaguntza, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak baimendu ondoren.

e) Jarduera garatzeko beharrezkoa den ekipamenduaren gastuak edo material suntsikorrarenak.

f) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, eta abar).

g) Taldearen joan-etorrien gastuak proiektu mankomunatuetarako.

h) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Emandako dirulaguntzaren edo, hori baino txikiagoa bada, justifikatutako gastu guztiaren %10 ere erabil daiteke objektiboki, zeharkako gastu hauetarako: kudeaketa administratiboa, entitatearen lokalaren alokairua, argia, ura eta telefonoa; baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera gauzatzen den epean egin badira.

4.5. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak, jarduerak eta gastuak:

4.5.1. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira deialdiaren oinarrien araberakoak ez diren proiektuak edota aisialdiko jarduerekin, jarduera ludikoekin edota boluntariotzako jarduerekin lotura dutenak.

4.5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen deialdi honetan:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Aperitibo, otordu eta antzekoen gastuak.

e) Entitatearen beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen ez bada.

f) Material inbentariagarrien eta inbertsioen gastuak.

g) Jardueretan parte hartu dutenentzako eskersariak edo opariak, edonolakoak.

5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Onartutako dirulaguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:

–Nafarroako toki entitateek aurkeztutako proiektuen kasuan, 15.000 euro, gehienez ere, proiektuko, proiektuaren kostua handiagoa bada ere.

–Toki ekintzako taldeek, GKE-ek, elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateek aurkeztutako proiektuen kasuan, 10.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, proiektuko, proiektuaren kostua handiagoa bada ere.

5.2. Balorazio teknikoan gutxienez ere 70 puntu lortu dituzten proiektuei soilik emanen zaie dirulaguntza.

5.3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

–85 puntutik 100 puntura arte lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %85 gehienez ere.

–70 puntutik 84 puntura arte lortzen dituzten proiektuetarako, eskatutako zenbatekoaren %75 gehienez ere.

Tarte bakoitzeko portzentaje mugaren barruan lortutako puntuen araberakoa izanen da azkeneko kantitatea.

5.4. Honela banatuko da aurrekontu kontsignazioa:

• 50.000 euro, toki entitateek aurkeztutako proiektuetarako.

• 30.000 euro, toki ekintzako taldeek, garapenerako lankidetzako GKE-ek, herritarren elkarteek eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuek aurkeztutako proiektuetarako.

Onuradun mota bakoitzarentzat gordetako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste proiektuari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabidea eta eranskinak, behar bezala beteak, eskatutako zenbatekoa eta proiektuaren aurrekontua zein diren adierazita eta jardueren aurrekontua xehatuta. Dirulaguntzen eskaerak ereduaren arabera aurkeztuko dira nahitaez; Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxan eskura daiteke eskabide eredua. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehentasunezko bide gisa.

b) Entitate eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak (toki entitateen kasuan izan ezik).

c) Baimena, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak egiazta dezan entitateak (toki entitateen kasuan izan ezik) zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauzkala. Baimen hori eman ezean, ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko dute, deialdia argitaratu ondotik egindakoa, frogatzeko elkarteak edo entitateak badituela eguneratuak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Entitatearen legezko ordezkaritza daukan pertsonak egindako erantzukizunpeko adierazpena, puntu hauek baieztatzen dituena:

–Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.

–Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

–Entitate eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera, zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

–Proiektuan arituko diren pertsonen soldataren guztizko zenbatekoa, toki ekintzako taldeen, garapenerako lankidetzako GKE-en, herritarren elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuen kasuan.

e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

6.2. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, halaxe xedatu baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan. Azken kasu horretan, dokumentua zer espedientetan dagoen zehaztu beharko da, eta, hala ere, aurkeztea errekeri dakieke. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

7.1. Eskaerak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus atariaren bitartez (laguntzen fitxa), 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

7.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki entitateari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan egingo da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskaera ereduan Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den posta elektronikoaren bitartez.

Proiektua deskribatzeko dokumentazioa ezin da zuzendu.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari dagokio.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Baldin onetsitako proiektuei dagokien dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa handiagoa bada deialdi honetan onetsitako aurrekontu kredituak baino, horretarako bideratutako zenbateko osoa hainbanatuko da dirulaguntzaren onuradunen artean.

8.2. Eskaerak 1.1 eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz ebaluatuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Gutxienez ere 70 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsiko dira.

Proiektuak diruz lagungarriak ez diren ekintzak baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.

8.4. Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiari igorriko dio bere ebazpen proposamena. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzei buruzko ebazpena Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren atarian eta web orrian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

9.3. Deialdiaren ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

10. oinarria. Jazoerak proiektuak gauzatzean.

10.1. Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan. Hala ere, proiektuan aurreikusitako exekuzioa aldatzen duten inguruabarrak gertatzen direnean, aldaketa hauek egin daitezke:

a) Proiektua gauzatu bitartean egin beharreko jardueren aldaketak.

b) Proiektuan egin beharreko ekintzen berrantolaketa ekonomikoa.

10.2. Aurreko kasuetan, proiektuan egin beharreko ekintzak aldatzeko, aldez aurretik baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari. Entitate interesdunak proiektuan ez dagoen arren dirulaguntzaren helburua kontuan hartuta egokitzat jotzen den beste jarduera bat (edo batzuk) egitea proposa diezaioke Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari.

Proposatutako aldaketak behar bezala arrazoitu eta aurkeztu beharko dira, aurreikusitako jarduera egin baino gutxienez 20 egun lehenago.

Balorazioa egiteko, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, eta epe eta baldintza beretan justifikatu beharko dira.

Proposatzen den jarduera berriak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Ordezten duen jardueraren maila edota konplexutasun tekniko bera izatea.

b) Oinarrietan ezarritako baldintza berberak betetzea, eta oinarrietan ezarritako modu berean aurkeztea.

Instrukzio organoak baloratuko du salbuespenekoak ote diren aldaketak eta aldaketa horiek egiteko ematen diren arrazoiak, haiek onartu edo ukatzeko.

Balorazioa eginda, aipatutako aldaketa espresuki baimendu edo ukatuko du Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak, eta, behar izatera, egokiak diren doikuntza ekonomikoak eginen dira.

10.3. Proiektuan onartutako jardueretako bat egin gabe utzi behar denean, ez da aldaketarako aldez aurreko baimena eskatu beharko. Hala ere, jarduera horretarako aurreikusitako zenbatekoa ezin zaio gainerako jardueren aurrekontuari erantsi. Aurrekoa gorabehera, justifikazio agiriak aurkezten direnean, onuradunak behar bezala azaldu beharko ditu aldaketa horiek.

11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

11.1. Dirulaguntza ordainduko da diruz lagundutako proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.

11.2. Dirulaguntzaren xedeko jarduketa guztiak egin ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dute diruz lagundutako proiekturako jaso dituzten funtsak osorik aplikatu dituztela. Bi epe ezartzen dira jarduerako ordainketak eta gastuak egin izana frogatzeko: 2020ko ekainaren 15a eta azaroaren 15a, biak barne. Proiektua gauzatu izanaren justifikazio memoria aurkeztu beharko dute, 6. ereduko inprimakiaren araberakoa.

Memoriarekin batera, egindako ekintzen frogagiriak aurkeztuko dira, bai eta ekintza horien ondoriozko produktuen edo zabalkunde eta publizitaterako prestatutako produktuen frogagiriak ere.

–Proiektua gauzatzeko laguntza teknikoa kontratatuz gero, horren adierazpena, frogatzeko partaidetzaren arloan esperientzia duten pertsonak badituela eta horiexek direla proiektua gauzatzeko zuzeneko arduradunak.

–Fakturen zerrenda eta egindako ordainketen frogagiriak.

Justifikazio kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak. Kontuak dirulaguntzaren xede diren jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak zehazturik. Jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, baita horiek benetan ordaindu direla frogatzen duten agiriak ere. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.

–Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatiko gastu diruz lagungarria 15.000 eurotik gorakoa bada (BEZa barne), entitateak frogatu beharko du enpresa hautatu dela legezkotasun irizpideei jarraikiz (toki entitateen kasuan) eta efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz (gainerako entitateen kasuan), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu duela adierazteko betebeharra, hau da, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatzea egiten den publizitatean eta zabalkundean, eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, baita honako hau idaztea ere: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”. Testu horrek bete beharko ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak.

–Egindako jardueren dokumentu bidezko frogak.

–Proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Hala bada, zehatz-mehatz adieraziko da zer zenbateko jaso duen eta nondik.

–Proiektua gauzatu bitartean hartan lanean ari diren pertsonen soldata gordinari buruzko adierazpena.

11.3. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio entitate eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera egingo da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskaera ereduan adierazitako posta elektronikora.

11.4. Egindako gastutzat joko da, oro har, bi justifikazio epeak bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2020ko ekainaren 15a eta azaroaren 15a baino lehen. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko benetan ordain daitezela likidatzeko borondatezko aldia irekita ez egoteagatik aipatu data baino lehen ezin ordain daitezkeen finantza eta zerga gastuak. Mota horretako gastuen frogagiriak 2020ko abenduaren 5a baino lehen aurkeztu beharko dira.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren entitateek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, eta idatziz eskatzea aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena; horren barruan da, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru sarrerak edo baliabideak lortuz gero, horren berri ematea.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e) Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabideen berri ematea Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen berri ematea.

i) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honetako 14. oinarrian ezarritakoarekin bat.

j) Entitate onuradunak jakinarazpena jasotzen duenetik hiru hilabeteko epea du eman dioten dirulaguntzari uko egiteko, baldin horrelakorik egin nahi badu. Horretarako, posta elektroniko bidez mezua bidali beharko dio Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuari, participacionciudadana@navarra.es helbidera. Uko egindako zenbatekoa beste proiektu batzuei esleitzen ahalko zaie, baldin 5.2 oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu badute eta laguntzarik gabe gelditu badira aurrekontuan nahikoa kreditu ez izateagatik, edo, halako proiekturik ez badago, beste proiektu onuradunen artean hainbanatuko da.

14. oinarria. Gardentasuna.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

15. oinarria. Inbertitu gabeko gerakinak.

15.1. Dirulaguntza zertarako eman zen, helburu horiek bete ondoren eta baliabideak efizientziaz erabiltzearen poderioz gerakin inbertitugaberik baldin badago, horren barne direla diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak, onuradunek Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendariari eskatzen ahalko diote haiek erabiltzea izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz lagungarriak izan eta elkarte edo entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.

15.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.

15.3. Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendariak proposamena egin ondotik, ebazpena emanen du, gerakina zer dirulaguntzari aplikatu behar zaion, hura emateari buruzko ebazpena aldatuz, edo deskribatutako gerakinak itzul daitezen erabakiz.

16. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoek) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea ekarriko dute, baita berandutze interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

16.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, %20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

17. oinarria. Arau hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari jarraikiz.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratzen denetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

19. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

1.1. ERANSKINA

Proiektuak baloratzeko irizpideak

BALORAZIO IRIZPIDEAK

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

PUNTU BERARIAZKOAK

PUNTU OROKORRAK

KALITATEA

Proiektuaren helburu orokorren deskripzioa

3

45

Jardueren helburu berariazkoen deskripzioa

5

Jardueren deskripzioa

17

Proiektuen plangintza eta egutegia

3

Ebaluatzeko adierazleen deskripzioa eta koherentzia

7

Proiektuaren koherentzia orokorra

10

BERRIKUNTZA

Parte hartzeko aurreikusitako metodologiak

10

30

Proiektuaren helburu diren pertsonen interesa erakartzeko ahalmena

5

Beste entitate batzuetara transferitzeko eta errepikatzeko aukerak

5

Sormena eta originaltasuna

5

Proiektuaren jasangarritasuna

5

SAREKO LANA

Beste toki entitate batzuk proiektuan inplikatzea

5

10

Udalez gaindiko beste entitate batzuk proiektuan inplikatzea

5

GENERO IKUSPEGIA

Proiektua hizkera inklusiboz idaztea

1

5

Proiektuan genero irizpidea sartzeko aurreikusi diren neurriak

1

Proiektua gauzatzeko ardura duen lantalde teknikoak zer gaikuntza duen gizonen eta emakumeen egiazko berdintasunaren arloan. Hori frogatzeko, adieraziko da zer langilek gauzatuko duten, espresuki, kontratua, eta pertsona horiek zer titulazio, prestakuntza eta eskarmentu duten hizpide dugun arlo zehatz horretan

3

KOLEKTIBOEN INKLUSIOA

Integratzeko problemak dituzten kolektiboak sartzea proiektuan

2

5

Zer baliabide izanen diren, eta zer eskarmentu duten parte hartzaileen kategoria bakoitzaren behar espezifikoei buruzko proiektua kudeatzen dutenek

3

PROIEKTUAREN KOMUNIKAZIOA

Proiektuaren komunikazioa segurtatzeko proposatutako neurriak

5

5

100

1.2. ERANSKINA

Baimen eredua

1. eredua: Proiektuaren aurkezpena.

2. eredua: Zuzendaritza Batzordearen osaera (inprimaki hau ez da erabiliko toki entitateen kasuan).

3. eredua: Erantzukizunpeko adierazpena.

4. eredua: Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

5. eredua: Baimena, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak eska ditzan Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eman beharreko ziurtagiriak.

6. eredua: Memoria eta gastuen justifikazioa.

7. eredua: Gastuak justifikatzeko taula.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2000509