169. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

56/2020 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLU izendatzen duena nodoko solaskide bakar 400 kV-eko Muruarte azpiestazioko posizio berri batean (sortutako energia berriztagarria ebakuatzeko 1. posizioa).

2020ko otsailaren 27an, Jesús Fernando Rodríguez-Madridejos Ortega jaunak, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLU ordezkatuz eta haren izenean, eskabide bat aurkeztu zuen Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusian, zeinean eskatu baitzuen nodoko solaskide bakar izendatzeko 400 kV-eko Muruarte azpiestazioko posizio berri batean.

Eskabide horretan adierazten denez, 2020ko otsailaren 27an, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLU enpresak Red Eléctrica de España SAU sarean eskabide bat erregistratu zuen, eguzki energia fotovoltaikoa sortzen duten planta hauetara sartzeko: “Serena Solar 1”, “Serena Solar 2”, “Serena Solar 3”, “Serena Solar 4”, “Serena Solar 5”, eta “Serena Solar 6”, bakoitza 50 MWp-koa eta guztira 300 MWp-ko potentzia instalatuta.

Bestalde, 2020ko martxoaren 2an, Jesús Martín Buezas jaunak, Green Capital Power SLU ordezkatuz eta haren izenean, eskabide bat aurkeztu zuen, nodoko solaskide bakar izendatzeko 400 kV-eko Muruarte azpiestazioko posizio berri batean.

Aipatu eskabidean adierazten denez, Green Capital Power SLU enpresak Red Eléctrica de España SAU sarean eskabide bat erregistratu du, “Pauga” eta “Templarios” parke eolikoetarako, 49,8 MW eta 45,045 MW-ekoak, hurrenez hurren, Nafarroan, bai eta “Muno” parke eolikorako (450 MW) eta “Saroa” planta fotovoltaikorako (104 MW) ere, Zaragozan.

Bi merkataritza sozietate interesdunek trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarria aplikatzeko eskatu dute. Honako hau ezartzen du, zehazki:

“1. Garraio-sareko instalazio planifikatu eta inbertsio-planetan sartutakotzat joko dira, gehienez ere, kale baten baliokide diren posizioak, azpiestazioaren konfigurazioaren arabera; horiei gehitu behar zaizkie lehendik badiren posizioak eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren babesean onartutako garraio-sarearen planifikazioaren dokumentuan jasotakoak, bai eta garraio-sarearen erabiltzaileek erabiltzeari uzten dioten posizioak ere, 23.2 artikuluan azaltzen diren arrazoiengatik sarbide- eta konexio-baimenak iraungitzen badira.

2. Garraio-sareko instalazioen titularrek eta garraio-sarearen kudeatzaileek sarbide- eta konexio-baimenak ematen ahalko dituzte sortutako energia ateratzeko edo banaketa nahiz kontsumoa konektatzeko aurreko apartatuan adierazitako posizioetan, baldintza hauek batera betetzen direnean:

a) Teknikoki eta fisikoki posible izatea.

b) Sorgailuen kasuan, lehendik badiren posizioen bitartez edo garraio-sarearen plangintzan berariaz sartutako posizioen bitartez konektatzea ezinezkoa izatea, arrazoi tekniko nahiz administratiboengatik edo sortutako energia ateratzeko azpiegituren titularrekin akordiorik ez dagoelako sare horien bidez energia atera ahal izateko.

c) Lotutako inbertsio-kostuak posizio horretarako konexioa nahi duten subjektuek ordainduko dituzte, sarearen titularrak beste sare batera konektatzen direnean izan ezik”.

Bestetik, Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren XV. eranskinean jasotzen denez, “sortzaile batek baino gehiagok garraio sarearekin konektatzeko puntu bera dutenean, batera eta nodoko solaskide bakar batek koordinatuta egin beharko da sarerako sarbide eta konexiorako prozeduren tramitazioa, sistemaren operadorearen eta garraiolariaren aurrekoa, eta solaskide horrek sortzaileak ordezkatuz jardunen du, ezartzen diren baldintza eta eginkizunekin”.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarri zituen Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLUren eta Green Capital Power SLUren eskabideak, iragarkia argitaratuz 2020ko martxoaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 63. zenbakikoan. Epe horretan ez da alegaziorik jaso, ezta hirugarrenen iradokizunik ere.

Bestalde, 2020ko ekainaren 15ean, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLU eta Green Capital Power SLU enpresek baterako eskabidea aurkeztu zuten, 400 kV-eko Muruarte azpiestazioko posizio berrian nodoko solaskide bakar Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLU izendatu dadila proposatzeko.

Aurrekoa ikusirik, eta Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren XV. eranskinean ezarritakoarekin bat, bidezkoa da Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLU izendatzea nodoko solaskide bakar posizio berri batean, 400 kV-eko Muruarte azpiestazioko posizio berrian, urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLU (B87878518) izendatzea nodoko solaskide bakar 400 kV-eko Muruarte azpiestazioko posizio berri batean (energia berriztagarria ebakuatzeko 1. posizioa), urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat.

2. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLUri (B87878518), Green Capital Power SLUri (B85945475) eta Red Eléctrica de España SAUri (A85309219) jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialerako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan, espediente zenbakia adierazi beharko da.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 13an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F2007333