169. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

49/2020 FORU DEKRETUA, uztailaren 15ekoa, Hondakinen Funtsa arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

LaEkainaren 18ko 14/2018 Foru Legeak, hondakinei eta haien fiskalitateari buruzkoak, Nafarroako administrazio publikoetako politikak garatzeko oinarriak ezarri ditu hondakinen prebentzioaren eta kudeaketaren alorrean.

Foru lege horren zioen azalpenean xedatuta dagoen moduan, Nafarroako Hondakinen Funtsa sortu da hondakinen alorrean gizakien osasunean eta ingurumenean sor daitezkeen ondorio kaltegarriak arintzeko, eta, hala, ingurumen emaitza orokor onena sustatzeko: hondakinen alorreko prebentzioa, hondakinak berriz ere erabiltzeko prestatzea eta hondakinak birziklatzea.

Horregatik, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 42. artikuluan ezarrita dago erregelamendu bat onetsi behar dela Hondakinen Funtsaren kudeaketarako, antolaketarako eta banaketarako irizpideak ezartzeko.

Modu horretan, Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakinen Planean ezarritako neurriak gauzatzen ari dira, hondakinen kudeaketaren eta bereziki fiskalitatearen gobernamenduari buruzkoak, bai eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/851 Zuzentarauan aurreikusitakoak ere (horren bitartez hondakinei buruzko 2008/98/EE zuzentaraua aldatzen da), hondakinen kudeaketaren hierarkia hobetzeko tresna ekonomikoei buruzkoak baitira.

Bestalde, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluan ezarrita dago Hondakinen Funtsa banatzeko modua ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuak erabakiko duela urtero, Nafarroako Hondakinen Entitate Publikoari kontsulta egin ondoren, hondakinen hierarkiako goiko mailak lehenetsiz eta helburuak betetzea eta ingurumen premiak kontuan hartuta, hondakinen fluxu bakoitzak hartarako egiten duen ekarpen ekonomikoaren proportzioan eta artikulu horretan berariaz aipatzen diren alorren arabera.

Azaldutakoa dela-eta, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak proposatuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria ordezkatuz, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren ekainaren 25eko 10/2020 Foru Dekretuaren indarrez, eta Nafarroako Kontseiluaren ekainaren 29ko 17/2020 irizpenarekin eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko uztailaren hamabosteko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Hondakinen Funtsaren kudeaketarako, antolaketarako eta banaketarako irizpideak ezartzea, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean aurreikusi bezala.

2. artikulua. Hondakinen Funtsaren helburua.

Hondakinen Funtsaren helburua da hondakinak sortu eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari sortzen dizkien eragin kaltegarriak arintzeko neurriak finantzatzea.

3. artikulua. Definizioak.

Foru dekretu honen ondorioetarako, definizio hauek erabiliko dira:

1. Hondakinen fluxuak: sortutako baliabide ekonomikoak sailkatzen diren hondakin taldeak, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 42.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Foru dekretu honen ondorioetarako, honako hauek dira:

a) Etxeko hondakinen fluxua: Etxeko hondakinak kudeatzeko sortutako baliabide ekonomikoak dira.

b) Eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen fluxua, eta hondeatutako material naturalak: Eraikuntzetako eta eraisteetako hondakinak kudeatzeko sortutako baliabide ekonomikoak dira.

c) Arriskutsuak ez diren bestelako hondakinen fluxua: Aurreko fluxuetatik kanpoko gainerako fluxuek sortutako baliabide ekonomikoak dira.

2. Ingurumen larrialdiko jarduketa: Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean gertatutako egoera, ingurumenean eta/edo pertsonengan kalteak sortzen dituena edo sortzen ahal dituena, hondakinak gaizki kudeatzearen ondorioz.

3. Jarduketa orokorrak: Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakinen Planean eta hondakinei buruz aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako helburuak betetzeko beharrezkoak diren ekintzak.

4. artikulua. Hondakinen Funtsa urtero nola osatuko den.

Hondakinen Funtsa bereizita integratzen da ingurumen alorrean eskumenak dituen departamentuaren aurrekontuan, eta aurrekontu ekitaldi bakoitzean Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 42. artikuluaren 3. apartatuan aipatutako baliabideetatik sortutako diru kopuruek edo bildutako diru kopuru errealek osatuko dute, honako aldi hauetakoek, hain zuzen ere:

a) Aurreko urteko lehenengo seihilekoa.

b) a) apartatuan adierazitakoaren aurreko urtearen bigarren seihilekoa.

5. artikulua. Hondakinen Funtsaren urteko banaketa onestea.

1. Ingurumen alorrean eskumenak dituen departamentuak urtero Foru Komunitateko hondakinen kudeaketaren egoerari buruzko analisia eginen du, oinarritzat hartuta hondakinen urteroko inbentarioen bilakaera, Nafarroako Hondakinen Planean aurreikusitako helburuak, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea, aplikatu beharreko gainerako arauak eta Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako egoerak, ingurumenean edo pertsonengan kalteak sortzen dituztenak edo sor ditzaketenak hondakinak gaizki kudeatu direlako

2. Analisiaren emaitza gisa, Hondakinen Funtsaren urteko banaketaren proposamena eginen da foru dekretu honen 6. artikuluan ezarritako irizpideen arabera eta urtero Hondakinen Funtsean bildutako zenbateko errealarekin, 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Hondakinen Funtsaren banaketarako proposamena Nafarroako Hondakinen Entitate Publikora bidaliko da aginduzko kontsulta egiteko azaroaren 30aren aurretik, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat. Jarduketa orokorretarako edo ingurumen larrialdietarako esleitu beharreko zenbatekoen justifikazio txostena atxiki beharko da espedientearekin batera, baita zenbatekoen xedea eta ekitaldi horretan egiteko beharraren azalpena ere.

Nafarroako Hondakinen Entitate Publikoak bere txostena hilabeteko epean eman beharko du, kontsulta jasotzen duenetik hasita. Epe horretan erantzunik jasotzen ez bada, prozedurak jarraitu eginen du.

4. Otsailaren 1a baino lehen, ingurumen alorreko eskumenak dituen departamentuko titularraren foru agindu bidez, Hondakinen Funtsaren urteko banaketa onetsiko da.

6. artikulua. Hondakinen Funtsaren banaketarako irizpideak.

1. Ingurumen alorrean eskumenak dituen departamentuak Hondakinen Funtsaren urteko banaketarako proposamena eginen du, honako irizpide hauek aintzat hartuz:

a) Hondakinen hierarkiako goiko mailen lehentasuna.

b) Sektoreko araudian, indarrean dagoen Nafarroako Hondakinen Planean eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean aurreikusitako helburuak.

c) Ingurumen larrialdiko jarduketak.

2. Banaketarako proposamenean errespetatu egin beharko da hondakinen fluxu bakoitzaren ekarpenaren proportzioa.

7. artikulua. Hondakinen Funtsaren xedea.

1. Hondakinen Funtsa osatzen duten zenbatekoak Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluan ezarritako alorretan bakarrik erabiliko dira, eta lehentasuna izanen dute prebentzioak eta berrerabiltzeko prestatzeak.

2. Jarduketa orokorrak eta ingurumen larrialdiko jarduketak hondakinen fluxuen kargura eginen dira, jarduketaren xede diren hondakinen izaera kontuan hartuz. Ingurumen larrialdiko jarduketetarako eta jarduketa orokorretarako zenbatekoak ingurumen alorrean eskumenak dituen departamentuak ezarriko ditu, 5. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

3. Hondakinen Funtsa osatzen duten zenbatekoek, jarduketa orokorretarako edo ingurumen larrialdirako esleitutakoak kenduta, dirulaguntzak jasoko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean dirulaguntzak emateko aurreikusitako prozeduren arabera.

4. Dirulaguntzak jasoko dituzte Nafarroako Hondakinen Planean, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako helburuak betetzeko lehentasunezko jarduketek eta premia handiena dutenek.

5. Fluxu bakoitzarentzako dirulaguntzak emanda, dagozkien partidetan kreditu soberakinik badago, hori gainerako fluxuetako dirulaguntzetara zuzentzen ahalko da.

6. Eskumen horien egikaritzea eskuordetzen ahalko da, eta jarduera materialak edo teknikoak beste organo batzuei edo zuzenbide publikoko erakunde lotuei edo mendekoei agintzen ahalko zaizkie, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako eran.

8. artikulua. Etxeko hondakinen fluxurako dirulaguntzak emateko berezitasunak.

1. Etxeko hondakinen fluxurako dirulaguntzak, alde batetik, prebentzioarekin eta gaikako bilketarekin lotutako ekintzetan erabiliko dira, eta bestetik, horien kudeaketarekin lotutako ekintzetan. Batera edo bestera bideratzen diren zenbatekoak urtero ingurumen alorrean eskumenak dituen departamentuak zehaztuko ditu, Hondakinen Funtsa banatzeko foru aginduan.

2. Dirulaguntza horien oinarri arautzaileak Nafarroako Hondakinen Entitate Publikora bidaliko dira, onetsi aurretik txostena egin dezan. Nafarroako Hondakinen Entitate Publikoak bere txostena hilabeteko epean eman beharko du, kontsulta jasotzen duenetik zenbatzen hasita. Epe horretan erantzunik jasotzen ez bada, prozedurak jarraitu eginen du.

3. Udaletako hondakinak sortzearekin eta gaika biltzearekin lotutako dirulaguntzak ematean, kontuan hartuko da toki erakundeek gai horietan egindako lana handia edo txikia izan den, eta horretarako zenbait adierazle edo formula erabiliko dira, urtero ingurumen alorrean eskumenak dituen departamentuak aukeratuko dituenak.

Edonola ere, haztapen altua duten adierazleak hauek izanen dira, ezinbestekoak izanen baitira Nafarroako Hondakinen Planeko eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen eta aplikatu beharreko gainerako arauen helburuak lortzeko:

a) Hondakinak sortzean ezarri beharreko prebentzioa.

b) Materia organiko garbia eskuratzea.

c) Bildutako materia organikoan dagoen material desegokien ehunekoa eta horren banaketa.

d) Materialak biltzea: beira, papera/kartoia eta ontzi arinak.

9. artikulua. Urteko memoria.

Ingurumen alorrean eskumenak dituen departamentuak urtero memoria bat eginen du, eta bertan azalduko dira bildutako edo emandako kantitate errealak, funtsaren banaketa eta kantitate horien xedea (egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adieraziz); hori guztia, Nafarroako Hondakinen Planean eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean aurreikusitako helburuak zenbateraino lortzen diren egiaztatu ahal izateko.

Xedapen iragankor bakarra.–Hondakinen Funtsaren banaketarako proposamenari buruzko kontsulta.

Hondakinen Entitate Publikoa sortu arte, Hondakinen Funtsaren banaketarako proposamenaren kontsulta, foru dekretu honen 5.3 eta 8.2 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako hiri hondakinen tratamendurako Partzuergora bidaliko da, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen lehen xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat, eta Iruñerriko Mankomunitatera ere bidaliko da.

Xedapen gehigarri bakarra.–2020ko ekitaldirako Hondakinen Funtsaren osaera eta kudeaketa.

2020ko ekitaldiko Hondakinen Funtsa osatuko dute 2018ko bigarren seihilekoan eta 2019ko lehenengo seihilekoan bildutako edo emandako diru kopuru errealek.

Funtsa banatzeko foru dekretu honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuko dira, baina kudeaketa honela eginen da:

Hondakinen Funtsaren banaketarako proposamena Nafarroako Hondakinen Entitate Publikora bidaliko da aginduzko kontsulta egiteko, foru dekretu hau argitaratzen den egunetik hamabost egun iragan baino lehen.

Nafarroako Hondakinen Entitate Publikoak hamabost eguneko epean eman beharko du txostena, kontsulta jasotzen duenetik hasita. Epe horretan erantzunik jasotzen ez bada, prozedurak jarraitu eginen du.

Foru dekretu hau argitaratzen denetik bi hilabete iragan baino lehen, ingurumen alorreko eskumenak dituen departamentuko titularraren foru agindu bidez, 2020ko Hondakinen Funtsaren urteko banaketa onetsiko da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko uztailaren 15ean.–María Chivite Navascués, Nafarroako Gobernuko lehendakaria.–Eduardo Santos Itoiz, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria ordezkatuz (Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren ekainaren 25eko 10/2020 Foru Dekretua).

Iragarkiaren kodea: F2007620