168. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

90/2020 FORU AGINDUA, uztailaren 15koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 4ko 13/2020 Foru Agindua, Zerga Berezien Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoa garatzeko arauak onesten dituena (erregelamendu hori Edari deribatuentzat aurreikusitako marka fiskalei buruzko uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Koronabirusak (COVID-19) sortu duen osasun krisiak ekarri du, 2020ko martxoaren erditik, hainbat neurri hartzea, hurrenez hurren. Neurri hauek askotarikoak dira eta haien xedea da krisiak Espainiako gizartean eragin dituen ondorioak arintzea.

Zergen arloan, Nafarroako Foru Komunitateak foru lege-dekretu batzuk onetsi ditu, zeinen bidez neurriak sartu baitira koronabirusak (COVID-19) sortu duen osasun krisiaren ondorioak arintzeko. Hartu diren neurrien artean, bat izan da zerga arloko zenbait epe etetea, baita zenbait zerga aitorpen eta autolikidazio aurkezteko eta diru-sarrerak egiteko epea luzatzea ere.

Hala ere, beharrezkoa da beste neurri batzuk ezartzea, zergapekoek haien zerga eginbeharrak borondatez betetzen segi dezaten, kontuan harturik COVID-19ak eragin dituen ondorioek eragozpenak ekarri dituztela egoera ekonomiko eta sozialean, eta eragozpen horiek, askotan, galarazten dutela aipatu eginbeharrak betetzea.

Alarma egoera deklaratzeak ekarri ditu mugitzeko zailtasunak eta zenbait sektore eta eragile ekonomikoren gelditzea. Zerga Berezien arloan, horrek, zalantzarik gabe, zailtasun zuzen bat suposatu du Zerga Berezien Erregelamenduaren 26.4 artikuluan aurreikusitako informazioa bidaltzeko eginbeharra betetzeko (1165/1995 Errege Dekretuak onetsi zuen erregelamendu hori) Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez.

Egungo egoerak justifikatzen du, alde batetik, Zerga Berezien araubideak ukitutako establezimenduei 2020ko abenduaren 31 arte handitzea otsailaren 4ko 13/2020 Foru Aginduaren 4. artikuluak ezartzen duen informazioa bidaltzeko eginbeharra bidaltzeko aurreikusitako epea, eta, bestetik, eredu zaharren marka fiskalen izakinak 2020. urte osoan agortzeko aukera ematea, xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitako egutegi mailakatua zenbait hilabetez luzatuz eta eredu horiei dagozkien marka fiskal itsatsien balioa 2023ko urtarrilaren 1a arte mantenduz. Horren guztiaren helburua da ukitutako establezimenduei aukera ematea beharrezkoak dituzten sistema teknikoak garatzeko eta ezartzeko (horien ezarpena atzeratuta geratu ahal izan da, COVID-19 koronabirusak eragin duen osasun krisiaren eta alarma egoeraren deklarazioaren ondorioz), eta ahalik eta eraginkorrena den barne bideragarritasun maila berreskuratzeko. Hortaz, aldatzen dira otsailaren 4ko 13/2020 Foru Aginduaren xedapen gehigarri bakarra eta lehenbiziko eta bigarren xedapen iragankorrak.

Nafarroak foru agindu hau onesteko duen eskumena Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan oinarritzen da. Hitzarmen Ekonomikoaren 35.5 artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, Foru Komunitateari dagozkion zerga berezien ordainarazpenean, Estatuko lurraldean unean-unean indarra duten oinarrizko printzipioak, arau substantiboak eta formalak aplikatuko ditu, eta, zerga berezien arloko arauak eman arte, honakoak aplikatuko dira Nafarroan: Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea, eta Zerga Berezien Erregelamendua, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak otsailaren 4an emandako 13/2020 Foru Agindua, Zerga Berezien Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoa garatzeko arauak onesten dituena (erregelamendu hori Edari deribatuentzat aurreikusitako marka fiskalei buruzko uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bat.–Xedapen gehigarri bakarraren aldaketa.

“Xedapen gehigarri bakarra.–Izakinen aitorpena eta marka fiskalen suntsiketa.

1. 2021eko urtarrilaren 31 baino lehen, gordailu fiskalen eta harrera-gordailuen titularrek eta fabrikatzaileek, baita erregistratuak dauden aldian behingo hartzaileek, baimendu diren jasotzaileek, urrutiko saltzaileen ordezkari fiskalek, erregistratuak dauden bidaltzaileek eta inportatzaileek ere, foru agindu honek indarra hartzen duen egunean izakin gisa itsatsi gabe dituzten etiketa fiskalen aitorpena egin beharko dute zerga bereziak kudeatzen dituen bulegoan, zehazki, gaur egun indarra duten E4, E5, P3, P4, P5, P6, P7, P8, G3, G4 eta G5 ereduetakoak, bakoitzaren numerazioa adierazita. Aitorpen hori aurkeztu ondoren, eta, betiere, 2021eko martxoaren 31 baino lehen, kontu-hartze zerbitzuei entregatuko dizkiete etiketa fiskal horiek, suntsituak izan daitezen. Entregatzen dituzten unetik aurrera, etiketa horiei dagokien zerga bereziaren balioa ez da kontuan hartuko Zerga Berezien Erregelamenduaren 26. artikuluan aurreikusitako bermeen muga kalkulatzearen ondorioetarako.

2. Zerga bereziak kudeatzen dituzten bulegoek, 2021eko urriaren 31 baino lehen, aurreko paragrafoan aipatutako etiketak suntsituko dituzte, baita kudeaketa bulegoek berek entregatu gabe dituzten etiketen izakinak ere, E4, E5, P3, P4, P5, P6, P7, P8, G3, G4 eta G5 ereduetakoak. Suntsiketa horren akta eginen da, suntsitu diren etiketa motak, numerazioa eta kopurua adierazita, baita non eta noiz suntsitu diren ere.”

Bi.–Lehenbiziko xedapen iragankorraren aldaketa.

“Lehenbiziko xedapen iragankorra.–Marka fiskalak itsasteko bitarteko aldia.

2020. urte osoan zehar, establezimenduen titularrek Nafarroako Foru Ogasunari eskatutako etiketak itsasten segitzen ahalko dute, aurreko xedapen gehigarri bakarrean aipatutako E4, E5, P3, P4, P5, P6, P7, P8, G3, G4 eta G5 ereduetakoak, foru agindu honen 4. artikuluan ezarritako informazioa erantsi behar izan gabe.

Era berean, edari deribatuak dituzten botilei edo ontziei 2020ko abenduaren 31 arte itsasten ahalko zaizkie foru agindu honek onetsitako marka fiskalen eredu berriak, 4.1 artikuluak aipatutako informazioa Nafarroako Foru Ogasunean sartzeko beharrik gabe. Nolanahi ere, 2020. urtean zehar eta nahi izanez gero, establezimendu baten edozein titularrek bidaltzen ahalko dizkio Nafarroako Foru Ogasunari 4.1 artikuluan ezarritako datuak.

Betiere, 4.1 artikuluan aurreikusitako datuen informazioa, 2020. urtean itsasten diren marka fiskalen eredu berriei buruzkoa denean, beranduago bidali beharko da Nafarroako Foru Ogasunera, 2021eko lehenbiziko hiru hilabeteetan.”

Hiru.–Bigarren xedapen iragankorraren aldaketa.

“Bigarren xedapen iragankorra.–Etiketa jakin batzuen balioa mantentzea.

Azaroaren 20ko 3482/2007 EHA Aginduan azaltzen diren etiketek baliozkoak izaten segituko dute (agindu horren bidez eredu batzuk onetsi ziren eta zenbait kudeaketa arau bateratu eta eguneratu ziren fabrikazioaren gaineko zerga bereziei dagokienez eta hidrokarburo batzuen txikizkako salmentaren gaineko zergari dagokionez), baldin eta Europar Batasunean 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen inportatutako edo fabrikatutako edari deribatuen bilgarrietan eta/edo ontzietan jadanik itsatsita baldin badaude, baina, betiere, kasuan kasuko merkaturatze aldia bukatu bitarte eta mugaeguna 2023ko urtarrilaren 1a izanik.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako eraginekin.

Iruñean, 2020ko uztailaren 15ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2007626