167. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAGA

Zerga kontrolerako 2020tik 2022ra bitarteko plana

Larragako Udalak, 2020ko ekainaren 25ean egin osoko bilkuran, zerga kontrolerako 2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietarako udal plana onetsi zuen, irismena eta edukia izanik zehazten dena Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan.

Argitara ematen da aipatutako planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluarekin:

LARRAGAKO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA, 2020TIK 2022RA BITARTEKO EKITALDIETARAKO

Atarikoa

Lehena:

Larragako Udaleko zerga kudeaketa eta ikuskapeneko zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea 2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietarako.

Zerga kontrolerako udal plana funtsezko tresna da udal administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, eta horiek, hain zuzen, ahalbidetuko dute ekitaldian ezarritako helburuak lortzea.

Bigarrena:

Zerga kontrolerako udal planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duenarekin bat, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izanen.” Eta, bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: “Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izanen dituzte; eta horien hornidura nagusiak izanen dira udal zergak, eta Estatuko eta autonomia erkidegoetako diru-sarreretan parte hartzea.” Zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga-iruzurrak atzeman eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena:

Udal zerga guztietan iruzurrak atzematea izanen da planaren helburua, eta arreta eta ardura bereziz zainduko dira ekonomia-jardueren gaineko zerga, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea zerga kontrolerako planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, zerga kontrolerako plan horretan aipagai dira ezartzen diren jarduketa ildo nagusiak, bai eta zer arlotan finkatuko diren ere, lehentasunez, zerga kudeaketa eta ikuskapeneko udal zerbitzuen ekintza nagusiak, deusetan ukatu gabe ekonomia-jardueren gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren eskuordetzea behar duten eskumenak. Jarduera horiek zein diren zehaztuko dute aplikatzekoa den araudiak, udalerriaren errealitate fiskalak eta Udalak erabilgarri dituen baliabideek.

Finean, kudeaketa eta ikuskapen prozeduraren bitartez aztertu eta ikertuko da zergapekoek ongi betetzen ote dituzten Tokiko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak.

Bestalde, jarduketen irismena partziala edo orokorra izan daiteke. Jarduketa orokorrak eginen dira zergapekoaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, Toki Ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Kudeaketa arloan, honelakoak eginen dira: zerga kudeaketako egiaztapen eta ikerketa lanak; egiaztapen mugatuko prozedurak; edo, kontraesanezko peritu-tasazioko prozesuak baliatuz, balioak egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezko bada.

Zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko departamentuek, beren jarduketetan, ikertu beharko dute zehatzak eta egiazkoak diren adierazitako egitateak eta inguruabarrak, zergapekoen tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan. Halaber, ikertuko dute ba ote den egitatezko elementuren bat edo zerga arloan garrantzitsua den beste aurrekariren bat, administrazioak osoki edo hein batean ezagutzen ez duena. Azkenik, aztertuko dute zergapekoek egindako zerga likidazioko eragiketak zehatzak ote diren eta, era berean, ezarriko dute haien zerga egoeran egokitzat jotzen duten erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketak eginen dira, pertsona edo erakunde baten eskuetan dauden datu edo aurrekariak ezagutzeko, baldin eta informazio hori zerga arloan garrantzitsua bada beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, eta informazio hori, oro har, ez bada Zerga Administrazioari aitorpen bidez jakinarazi beharrekoa.

Administrazioko beste organo batzuen eskumenak deusetan ukatu gabe, argibideak eta aholkuak emanen dira, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatzekoa den legeria

Udalaren zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuei dagokie subjektu pasiboen eta gainerako zergapekoen zerga egoera aztertzeko eginkizuna, jakiteko ea zehazki betetzen dituzten Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko zerga ikuskaritzak egin beharreko jardueren irismena eta edukia honako arau hauetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan, zeina onetsi baitzen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez.

Organo eskudunak onetsitako zerga kontrolerako planetara egokituko dira Udalaren zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko eginkizunak.

Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar da zer irizpide hartu behar diren kontuan subjektu pasiboak hautatzeko eta planaren barnean sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga kontrolerako plan bakoitzak oinarritzat dituen irizpide orokorrak, eta, horrela, betetzen da ezartzen den betebeharra hala Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan nola ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan (foru dekretu horren bidez onesten da Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua).

Zergak ikuskatzeko planaren funtsa eta indarraldia

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki babesten du zerga kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera”.

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor tributuen udal administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga-sistema eraginkortasunez aplikatzea bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatzea eta areagotzea, tributua orokortze aldera eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtze aldera, herritarrek, horrela, zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izan ditzaten eta likidaturiko eta bilduriko eskubideak ahal den neurrian gehitu daitezen.

Plana 2020tik 2022ra bitarte egonen da indarrean.

Isilpekotasuna

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira, eta ez dira aditzera emanen.

Zerga kontrolerako plana baimen orokor bat da, epe jakin batean ekin ahal izateko egiaztapen jarduketei eta ikerketak egiteko edo informazioa lortzeko jarduketei, zergapekoen gainean. Hark biltzen ditu zergapekoak hautatzeko erabiliko diren irizpideak, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, bai eta jarduketen iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari dagokionez, zerga kontrolerako planetan ahalik eta hobekiena kudeatzen dira zerga ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, berma dadin zergen karga behar bezala banatuko dela. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zerga-egitateak hautatu beharra dago. Ikuskapenerako planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, bideratuz departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara.

Ikertu beharreko zergapekoak hautatu ondoren, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, bai eta departamentuko gainerako langileek ere, bete beharreko zeregin bat izanen dute, lan-karga batzuk finkaturik horretarako: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, baizik eta ikuskatzailearen ahaleginari eta gogoari erreparatuta, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean honako alderdi hauek landu behar dira:

–Ausazko alderdia:

Iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk egiten bazaizkie itxuraz nabarmenak ez diren zenbait zergapekori.

–Barne alderdi diskriminatzailea:

Alderdi hau osatzeko, kontuan hartuko dira, zergapekoen aitorpenetako datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko aldeak agertzen dituzten kasuak.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ratio normalak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinaletzat har litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datu zehatzen alderdia:

Kasu honetan, gauza jakina da jarduera izan badutela, baina ez dutela bidezko den aitorpenik aurkezten.

Zergen kontrolerako plana betetzeko behar diren baliabideak

Baliabide materialak:

Behar den laguntza teknikoa emanen dute honako udal alor hauek: Hirigintzak, eta Ogasunak eta Ondareak.

Funtzionarioei zerga kudeaketako datu-baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute zergapekoen egoera aitortua ezagutzea, jakiteko nolako egoeran dagoen zergapekoa tributuen aldetik bai ikuskapena hasi aurretik, bai haren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, azken hori bidezkoa balitz. Izan ere, erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko da zergapekoak zer aitortu duen.

Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, besteak beste, zenbait lehiaketatan aurkeztu izanari buruzkoak.

Funtsezko informazioak dira honako hauek: obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergan izena ematen dutenen kontrola; esan bezala, horrelako informazioak, besteak beste, funtsezkoak dira kontrolatzeko ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru kutxetarako.

Baliabide guztiak emanen zaizkie udalerrian barrena mugitzeko, eta beren xedeak betetzeko behar dituzten bitarteko guztiak izanen dituzte.

Alkate udalburuak txartela edo beste identifikazio-bideren bat emanen die ikuskatzaileei, lanpostuan aritzeko.

Giza baliabideak:

Zerga Administrazioko funtzionarioek eta gainerako langileek eginen dituzte kudeaketa eta ikuskapen jarduketak. Funtzionario eta langile horiek ariko dira zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetako lanpostuetan. Era berean, zerga administrazioaren zerbitzuan ari direnean, funtzionario ez diren langileei esleitu ahalko zaizkie prestakizunak egiteko jarduketak nahiz zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatzeko edo frogatzeko jarduketak.

Ikuskaritza

Erabaki da Ikuskaritzako eta Kudeaketako buruaren kargua Larragako Udaleko alkateak beteko duela, edo hark eskuordetzen duen udalkideak, eta ikuskatzaile aktuarioarena, berriz, idazkari-kontuhartzaileak.

Ikuskapen lanetan aritzeko laguntza jasoko dute.

Alkateak izanen ditu errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak, edo hark eskuordetzen duen pertsonak.

Zerga kontrolerako plan hau ongi betetzeko, ezinbestekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira Zerga Kudeaketaren Arloa eta Hirigintza Arloa.

Prestakuntza

Erakunde publiko edo pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko baimena emanen da.

Helburu orokorrak

1. Egiaztapen eta ikerketa jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

A.–Orokorrak. Izan daitezke gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B.–Zergapekoen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan jarduketa partzialak eta laburtuak sartu dira. Halakoek, gehienbat, Kudeaketa Alorrean hasitako espedienteetan izaten dute abiaburua.

3. Jarduketa osagarriak. Txostenak egiteko eta aholku emateko jarduketak.

Berariazko sektore edo jarduerak 2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietako zerga ikuskapeneko plan orokorrerako.

Jarduera motetan oinarritutako estrategia

Zergen kudeaketako eta ikuskapeneko berezko eginkizunak aurrera eramanen dira kasu bakoitzean hautatutako sektoreei egokituz, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Sektore edo jarduerak:

–Eraikuntzak, instalazioak edo obrak salmentarako eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

–Merkataritza-sektorea, 100 metro koadrotik gorako lokaletan.

–Fabrikazio jarduerak.

–Merkataritza mistoko jarduerak, edo azalera handiko saltokietan integratutako jarduerak.

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.

–Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

–Enpresak, aritzen direnak goitik behera eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta, oro har, eraikuntzako lan txikietan.

–Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, baldin udalerrian jendeari irekitako bulegoak badituzte.

Azken urteotan higiezinen sektoreak izan duen hazkundea dela eta, jarduera horri buruzko zergen kontrola beharrezkoa da ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan.

Gainera, jarduera horrek, aipatutako zergarako, kuota bat du finkoa eta beste kuota bat aldakorra, metro eraikien araberakoa. Zati aldakor horretan egiten dira iruzurrik handienak. Izan ere, subjektu pasiboak aitortu behar du aldatu ote diren aurre-aurreko urtean besterendu diren metro koadro eraikiak edo eraikitzekoak, urbanizatuak edo urbanizatzekoak. Horretarako, aitorpena aurkeztu behar dio zerga administrazio eskudunari, urte natural bakoitzeko lehen hilabetean. Zergapekoak aurkezten ez dituenean besterendutako metroen aitorpen horiek, bere diru-sarreren zati handi bat eskuratu gabe gelditzen ari da Udala.

Halaber, gaur egungo eraikuntza-tipologia baten ondorioz (familia bakarreko etxebizitza), horrelako eraikuntzen salmentan aritzen diren erakunde sustatzaile batzuek ez dute aitortzen lurretan higiezinak sustatzeko jarduera; alegia, metro eraikiak bai, baina ez dituzte aitortzen etxebizitza horiei lotutako lurzatietako metro koadro eraiki gabeak.

Egiaztapenak egiteko, funtsean, erabiliko dira hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak eginen zaizkie. Egiten ari diren obretan ikustaldiak eginen dira, eta jarraipena ere bai, Gobernu Batzarrak eman dituen lizentzietatik abiatuta; berehala egiaztatuko da lizentziaren titularrak izena eman ote duen higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.

Ezinbestekoa izanen da koordinatzea Udaleko organo eskudunaren agindupean ari diren hirigintza-ikuskaritzako zerbitzuekin eta Udaltzaingoarekin.

Ikuskatu beharreko sektoreetako bat izanen da 100 metro koadrotik gorako lokaletan egiten den merkataritza jarduera, lokal horietan handizkako merkataritza jarduerak kokatu ohi direlako. Jarduera horiek kuota handiagoa dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, eta egiaztatu beharko da behar bezala aitortzen ote duten beren lokalaren azalera.

Fabrikazio jardueren artean, xedetzat hartuko dira kilowatt kopuruaren araberako zerga kuota duten jarduerak, jarduera horien iruzurrak bi esparrutan atzematen baitira. Alde batetik, ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzurrak, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz eta, bestetik, establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan; izan ere, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinerian aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu dela eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.

Fabrikazio jarduera horiek benetako egoerarekin bat datozen jakiteko, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, halakoak Industriako espedienteetan egoten baitira, irekitzeko lizentzien eskaerak direla eta.

Udalen diru-sarreren artean, garrantzitsua da ekonomia-jardueren gaineko zerga kontrolatzea. Izan ere, zerga horretan edozein erregulazio egiten denean, une horretako diru-sarrerak handitzeaz gain, etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru-sarrera arruntak ere handitzen dira. Horregatik, hautatzen diren sektoreak hautatzen direla, eta eragotzi gabe kudeatzaileen ekimena deusetan, zergapekoen gaineko egiaztapena egin behar da udalerri osoan.

Lurraldean oinarritutako estrategia:

Udalerriko kale, sektore edo esparru hauetan egiaztatuko da jarduerak irekitzeko lizentziaren tasa:

–Industria sektoreak.

–Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.

Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan daude kokatuta udalerriko industria- eta merkataritza-jarduera gehienak.

Irekitzeko lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, egiaztatzeko industria eta merkataritza establezimenduek betetzen dituztela segurtasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta eskatzen diren beste baldintza guztiak, eta haien zerga egoera erregularizatzeko edo, hala behar denean, departamentu eskudunak jarduera itxiarazteko.

Zerga oinarrian oinarritutako estrategia:

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta hirigintzako lizentziaren tasa egiaztatuko zaizkie tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten zergapekoei, baldin eta egintza horiek obra handitzat kalifikaturik badaude hirigintza-lizentzien eta jardueretarako lizentzien tramitazioari buruz indarrean den ordenantzan, edo haren ordezkoan.

Zerga Ikuskaritzak dituen giza baliabide zein baliabide material urriak ahalik eta hobekien kudeatu nahi dira, emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez, eta hautaturiko zerga-egitate batzuk ikuskatu beharko dira. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, departamentuaren ahalegina bideratuz ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara; kasu honetan, bideratuko da hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikora, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik astunenak. Arau-hauste horien artean, Zerga Ikuskaritzaren ahaleginen xede izanen dira munta handienekoak, bereziki zenbateko jakin bat gainditzen dutenak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera.

Larragan, 2020ko uztailaren 1ean.–Alkate udalburua, Carlos Suescun Sotés.

Iragarkiaren kodea: L2006971