167. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2020-2022 aldirako. Onespena

Altsasuko Udalak, 2020ko ekainaren 24an egin osoko bilkuran, onetsi zuen Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2020-2022 aldirako

Era berean, onetsi zen dagokion iragarkia argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Altsasun, 2020ko ekainaren 25ean.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

ALTSASUKO UDALAREN DIRULAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA 2020-2022 ALDIRAKO

1.–Arau esparrua.

–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

–Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra garatzeko Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsia.

–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa (221. artikulutik 223.era).

–Ordenantza, Altsasuko Udalak dirulaguntzak ematea arautzen duena.

–2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa.

–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa (18. artikulua).

2.–Dirulaguntzen plan estrategiko hau onestearen egokitasuna.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren (DLO) 8.1 artikuluak ezartzen du ezen administrazio publikoetako organoek edo dirulaguntzak ezartzea proposatzen duen edozein erakundek, aldez aurretik, Dirulaguntzen Plan Estrategiko batean zehaztu beharko dituztela hura aplikatzean lortu nahi diren helburuak eta ondorioak, horiek lortzeko behar den epea, aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzaketa iturriak.

Era berean, DLOren azken xedapenetako lehenak xedatzen du artikulu horrek oinarrizko izaera duela, eta administrazio publiko guztiei aplikatu behar zaiela.

Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 11.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, plan estrategikoek hiru urteko indarraldirako aurreikuspenak jasoko dituzte, eragindako sektorearen izaera berezia dela-eta iraupen desberdineko plan estrategiko bat ezartzea komeni denean izan ezik.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.c) artikuluak toki erakundeei esleitutako programazio- edo plangintza-ahalmenaren arabera, Plan Estrategiko hau egin da, eta Altsasuko Udalaren dirulaguntzak kudeatzeaz arduratzen diren arlo guztiek parte hartu dute plangintzan.

Plan hau urte anitzetarako sortu da, eta urtero berrikusi beharko da. Horregatik, planak jasotzen du dirulaguntzen arloan 3 urterako garatu beharreko ekintzen aurreikuspena.

Plana formulatzeko, kontuan hartu behar dira Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak eskatzen dituen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren printzipioak. Printzipio horiek botere publiko guztiak lotzen dituzte, eta sektore publikoaren aurrekontu politika horietara egokitu beharko da, hazkunde ekonomiko iraunkorraren eta enplegu sorreraren berme gisa. Arau horren barruan, Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren ondorioetarako, nabarmentzekoa da 5. artikulua, urte anitzen printzipioa definitzen duena: “Administrazio publikoen eta lege honen aplikazio eremuan sartzen diren gainerako subjektuen aurrekontuak egitea epe ertainerako aurrekontu esparru batean kokatuko da, eta bateragarria izanen da aurrekontuak onestea eta betearaztea arautzen duen urterokotasun-printzipioarekin, Europako araudiarekin bat etorriz”.

3.–Izaera juridikoa.

Dirulaguntzen plan estrategikoa politika publikoak planifikatzeko tresna programatikoa da, arau izaerarik gabea, eta haren edukiak ez du sortzen ez eskubiderik ez betebeharrik, ez dakar eragin zuzenik partikularren eremuan, eta ez du sortzen eskubiderik ez betebeharrik Administrazioarentzat, eta haren eraginkortasuna dirulaguntzak dituzten lerroak gauzatzearen mende geratzen da, dauden aurrekontu baliabideekin bat etorriz. Hala ondorioztatzen da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako 38/2003 Legea garatzeko Erregelamenduaren 10. artikulutik 15. artikulura ezarritakoagatik.

Plan estrategikoak ez du esan nahi sortuko denik onuradun izan daitezkeenen aldeko eskubiderik; izan ere, pertsona horiek ezin izanen dute kalte-ordainik edo konpentsaziorik eskatu, Plana gauzatzen ez bada. Plana gida gisa aurkezten da, eta, aurrez ezarritako arau esparruaren barruan, ezartzen du interes orokorreko jarduerak sustatzeko ildoan jarraitu beharreko bidea.

–Dirulaguntzak ezartzeko, bete beharko dira aurrekontu-egonkortasunaren helburuak; beraz, onesten diren aurrekontuko kontsignatzeak eta horiek emateko oinarri arautzaileak helburu horietara egokituko dira unean-unean.

Era berean, dirulaguntzak ezartzerakoan, errespetatu eta bete beharko dira udal ordenantzetako edo udal planetako xedapenak euskararen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloei dagokienez.

4.–Printzipioak.

Plan honen printzipio orokorrak honako hauek dira:

a) Publizitatea eta lehia askea, aldez aurreko deialdi baten bidez, zeinak funts publikoen banaketan bermatuko baititu objektibotasuna, gardentasuna, publikotasuna, lehia eta berdintasuna, hargatik eragotzi gabe zuzeneko emakida, aplikatu beharreko arauan ezarritakoaren arabera, eta aldez aurretik aurrekontuan behar bezalako kontsignatzea izan beharko duena.

b) Deialdian aurrez ezarritako irizpide objektiboen arabera ematea dirulaguntzak, pertsona edo erakunde onuradun izan daitezkeenek aldez aurretik horien berri dutela bermatzeko.

c) Eraginkortasuna ezarritako helburuak betetzean eta efizientzia baliabide publikoak esleitzean, behar bezala justifikatuta kuantitatiboki eta kualitatiboki.

d) Erakunde eskatzaileen helburuak berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioetara egokitzen diren kontrolatzea eta aztertzea, diruz lagundutako jarduerak gauzatzean.

e) Aplikatzea genero ikuspegia dirulaguntzaren helburuak eta erakunde onuradunen betekizunak definitzean, bai eta jasotzen diren datuetan eta erabilitako hizkuntzan eta irudietan ere, bai dokumentazioan, bai dirulaguntzarekin garatutako jardueretan.

5.–Ahalmena.

Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onesteko organo eskuduna Udalbatzaren osoko bilkura da, dirulaguntzen edo sustapenaren jardueraren plangintza estrategikorako eta kudeaketa ekonomikorako tresna baita, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 22.2.e) artikuluan jasotakoaren arabera.

Hala ere, dirulaguntzak emateko organo eskuduna Alkatetza izanen da, edo, hark eskuordetuta, Tokiko Gobernu Batzarra.

6.–Esparru objektiboa.

Dirulaguntzen Plan Estrategiko honek Udalak emandako dirulaguntza guztiak biltzen ditu.

7.–Indarraldia.

Dirulaguntzen Plan Estrategiko honen denbora-eremua 2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietarako proposatzen da, eta hurrengo plana onetsi arte luzatuko da.

8.–Kudeaketa eta eraginkortasuna.

Helburuak lortzeko, udal arlo edo zerbitzu bakoitzak kudeatu behar du dirulaguntzen emakida bere esparruan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean adierazitako baldintzetan, eta udalaren kontu-hartzailetzari dagokio horiek fiskalizatzea, eta horrek berarekin dakar ekintzak koordinatu beharra.

9.–Aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzaketa.

Edozein motatako dirulaguntza eman aurretik, dagokion gastuaren baimena tramitatuko da.

Dirulaguntzen zenbatekoa ez da izanen aurrekontuan ezarritako kopurutik gorakoa.

Aurrekontu-kredituak mugatzaileak eta lotesleak dira, eta, beraz, ez da hartuko haien zenbatekoa gainditzen duen gastu-konpromisorik.

Hala ere, salbuespen moduan, dirulaguntzen deialdiak zenbateko gehigarri bat ezartzen ahalko du, eskuragarri diren kredituen guztirako gehieneko zenbatekoaz gain, dirulaguntzak emateko deialdi berria egin behar gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58. artikuluan ezarritako arauekin bat etorriz.

DLOren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera –ahalbidetzen duena justifikatu aurretik funtsak entregatzea dakarten ordainketa aurreratuak egitea, dirulaguntzaren berezko jarduerak egin ahal izateko beharrezko finantzaketa gisa–, aurrekontuan dirulaguntza izendunetarako egindako deialdien eta hitzarmenen oinarriek ordainketa aurreratuak egiteko aukera ezartzen ahalko dute, modu arrazoituan, legeak ezarritako gehieneko mugaraino.

10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak emanen dira deialdi publiko bidez edo zuzeneko emakida bidez, eta/edo lankidetza-hitzarmenak sinatuz honako hauen alde: pertsona fisiko nahiz juridiko, publiko nahiz pribatu, ondasun-erkidego edo bestelako unitate ekonomiko nahiz ondare bereizi, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo portaerak gauzatzen ahal badituzte.

10.1. Dirulaguntzak norgehiagoko araubidean.

DLOren 22.1 artikuluari jarraikiz, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagoko araubidea izanen da.

Prozedura honetan, aurkeztutako eskabideak erkatuz ematen dira dirulaguntzak, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurrez ezarritako balorazio irizpideen arabera lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga gainditu gabe.

Nolanahi ere, deialdiaren oinarriek, lehia-prozeduretan, honako hauek jaso beharko dituzte:

1.–Dirulaguntzaren xedea eta zer interesi erantzun nahi zaion.

2.–Entitate nahiz pertsona onuradunak.

3.–Eskaeren betebehar formalak.

4.–Dirulaguntzaren aurrekontuko partida, zenbatekoa eta muga.

5.–Balorazio irizpideak dirulaguntzaren izaeraren arabera.

6.–Balorazio organoak.

7.–Ebazteko eskumena duen organoa.

8.–Entitate nahiz pertsona onuradunen eskubideak eta betebeharrak.

9.–Dirulaguntzaren justifikazioa, berariaz adierazita jasotako funtsen erabilera eta helburuak bete direla.

10.–Dirulaguntzarako betekizunak eta ordaintzeko modua.

10.2. Zuzeneko dirulaguntzak.

DLOren 22.2 artikuluaren babesean, zuzenean ematen ahalko dira honako dirulaguntza hauek:

1.–Udalaren aurrekontu orokorrean izendun gisa ezarritakoak. Aurrekontuetan izendun gisa ezarritako dirulaguntzatzat hartzen da gutxienez bere aurrekontu-zuzkidura eta bere entitate nahiz pertsona onuraduna aurrekontuaren gastu-egoeretan zehaztuta agertzen dena. Dirulaguntza hauen helburua zehazturik gelditu behar da dagokion lankidetza hitzarmenean edo emateko ebazpenean; xede horrek, betiere, bat etorri beharko du aurrekontuan dagokion kredituaren sailkapen funtzional eta ekonomikoarekin.

2.–Udalak ematen dituenak lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

3.–Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen direnak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

11.–Plan estrategikoaren kontrola eta jarraipena.

Plan estrategiko honen kontrola eta jarraipena urtero eginen da, eta bi alderdi izanen ditu:

a) Emandako dirulaguntzen kontrol ekonomiko-finantzarioa. Altsasuko Udalaren Kontu-hartzailetzari dagokio, eta eginen da indarrean dagoen legedian jasotako baldintzetan.

b) Planaren kontrola eta jarraipena egitea osoko bilkuraren esku uzten da, eta, horretarako, dirulaguntzak kudeatzen dituen udal-arlo edo -zerbitzu bakoitzak aurreko ekitaldian emandako dirulaguntzen justifikazio-memoria bidaliko du ekitaldi bakoitzaren lehen lauhilekoan, honako zehaztapen hauek eginik:

–Xedea, entitate onuraduna eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

Emandako, justifikatutako, uko egindako eta itzulitako dirulaguntzak (edo itzultzeko prozeduran daudenak).

–Helburu espezifikoen betetze maila, ezarritako adierazleen eta lorpen epearen arabera, diruz lagundutako ekintzaz profitatu diren pertsonen kopurua zehaztuta.

–Benetako kostuak, aurreikus daitezkeenekin alderatuta.

–Lortu nahi diren helburuei eta programa mantentzearen edo kentzearen bidezkotasunari buruzko balorazioa jasotzen duten ondorioak edo balorazio orokorra.

–Iradokizunak Dirulaguntzen hurrengo Plan Estrategikoa egiteko.

13.–Gardentasuna.

Udalak emandako dirulaguntza guztiak argitaratuko dira udalaren webgunean, adierazita erakunde hartzailea, dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza zein proiektu edo ekintzatarako erabiliko den.

Argitaratze horretarako gehieneko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen denetik kontatzen hasita; nolanahi ere, urtearen amaieran agertu beharko dute.

14.–Dirulaguntzen ildo estrategikoak.

Plan Estrategiko honetan jasotako jarduera-ildo estrategikoak honako hauek dira:

A) Garapen Ekonomikoa.

1. ildo estrategikoa: Ekonomia sustapena.

–Helburu estrategikoa: Bultzatzea Altsasuko garapen iraunkorra, hazkunde ekonomikoa eta sustapena, herritarren gizarte ongizatea eta bizi kalitatea handitzeko.

–Berariazko helburuak:

–Norberaren konturako enplegua (autoenplegua) sortzen laguntzea Altsasun.

–Altsasun txikizkako zerbitzuen enpresa berrien sorrera sustatzea.

–Laguntzea Altsasu bere eskualdean erreferente izaten jarrai dezan, zerbitzu-zentro gisa.

–Adierazleak:

a) Eskabide kopurua.

b) Onuradun kopurua.

c) Gauzatutako aurrekontuaren ehunekoa.

d) Enpresa onuradunen ehunekoa, urte natural horretan txikizkako zerbitzuen sektorean alta emandako enpresekin alderatuta.

–Gauzatze epea: urteko deialdiak.

–2020ko aurrekontua: 4.000,00 euro.

–Aurrekontu-aplikazioa: 14390 479001.

–Dirulaguntza emateko prozedura: banakako ebaluazioa, eskaera hurrenkeraren arabera, eta aurrekontu-erabilgarritasunari lotua.

–Jarduketa plana: deialdiaren oinarriak eginez, banakako ebaluazioaren araubidean.

B) Hirigintza.

2. ildo estrategikoa: Birgaitzea eta efizientzia energetikoa.

–Helburu estrategikoa: Bultzatzea Altsasuko garapen iraunkorra, hazkunde ekonomikoa eta sustapena, herritarren gizarte ongizatea eta bizi kalitatea handitzeko.

–Berariazko helburuak:

–Laguntzea Altsasuko eraikinak birgaitzen eta arkitektura oztopoak kentzen, lehentasunezko birgaitze eremuetan.

–Hobetzea eraikinen eraginkortasun energetikoa, lehentasunezko birgaitze eremuetan.

–Adierazleak:

a) Eskabide kopurua.

b) Erabilitako aurrekontua.

c) Onuradun kopurua.

e) Birgaitutako etxebizitzen kopurua, Esku Hartze Plan Orokor bakoitzaren guztizkoarekiko.

–Gauzatze epea: urte osoan egonen da zabalik.

–2020ko aurrekontua: 25.000,00 euro.

–Aurrekontu-aplikazioa: 11522 4800001 Laguntzak PIG Intxostia.

–Dirulaguntza emateko prozedura: banakako ebaluazioa, eskaera hurrenkeraren arabera, eta aurrekontu-erabilgarritasunari lotua.

–Jarduketa plana: onestea lehentasunezko birgaitze eremuetan eraikinak birgaitzeko laguntzen ordenantza eta ondorengo esku-hartze orokorreko planak.

C) Gizarte Ongizatea.

3. ildo estrategikoa: Irabazi asmorik gabeko erakundeendako laguntzak.

–Helburu estrategikoa: Sustatzea, bultzatzea, piztea eta dinamizatzea ekimenak bereziki ahulak diren eta Altsasun eragina duten biztanleria sektoreen bizi baldintzak hobetzea ahalbidetuko dutenak.

–Berariazko helburuak:

–Bultzatzea integrazioa, aukera-berdintasuna, gizarte-arriskuko egoeren prebentzioa edo zaurgarritasun-, babesgabetasun-, mendekotasun- edo gizarte-bazterketako egoeren tratamendua.

–Sustatzea irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateak.

–Adierazleak:

a) Onuradun kopurua.

b) Deialdi bakoitzean erabilitako aurrekontua.

c) Laguntza kopurua, kontzeptuen arabera.

d) Garatutako jardueren kopurua proiektuaren arabera.

e) Lortutako emaitzak.

f) Garatutako jardueretan parte hartu dutenen kopurua.

–Gauzatze epea: urteko deialdiak.

–2020ko aurrekontua: 8.000,00 euro.

–Aurrekontu-aplikazioa: 123184820002 Irabazi-asmorik gabeko erakundeetarako laguntzak.

–Emateko prozedura: norgehiagoka eginen da, eta dagokion hitzarmena formalizatuko da, hala badagokio, aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

–Jarduketa plana: deialdiaren oinarriak egitea, banakako ebaluazio-erregimenean edo norgehiagoko araubidean, eta aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin hitzarmenak tramitatzea.

4. ildo estrategikoa: Garapenaren aldeko lankidetza.

–Helburu estrategikoa: Herri behartsuenen garapenean laguntzea, haien bizi baldintzak hobetuz, elkartasuneko eta tokiko garapeneko proiektuetarako dirulaguntzen bidez.

–Berariazko helburuak:

–Nazioarteko lankidetzarako programei edo garapenerako laguntzei eustea, baldin eta hiritarrak sentsibilizatzeko jarduerak eta komunitateak eta Altsasuko taldeek proiektuan parte hartzeko jarduerak biltzen badituzte.

–Larrialdiei erantzutea laguntza humanitarioko ekintzen bidez.

–Adierazleak:

a) Egindako jarduketen kopurua, programaren arabera.

b) Lortutako emaitzak.

c) Erabilitako aurrekontua.

–Gauzatze epea: urteko deialdiak.

–2020ko aurrekontua: 7.000,00 euro.

–Aurrekontu-aplikazioa: 12399 480001 Gizarte lankidetzako proiektuak eta ongintza-erakundeak.

–Emateko prozedura: norgehiagoka eginen da, eta dagokion hitzarmena formalizatuko da, hala badagokio, aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

–Jarduketa plana: deialdiaren oinarriak egitea norgehiagoko araubidean, eta aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin hitzarmenak tramitatzea.

5. ildo estrategikoa: Erretiratuen elkartea.

–Helburu estrategikoa: Erretirodunen eta pentsiodunen bizi kalitatea hobetu eta sustatzea haien partaidetza eta integrazioa arlo guztietan: gizartean, ekonomian, politikan, lan munduan, kulturan eta hezkuntzan.

–Berariazko helburuak: Herriko Elkartearen (Burunda kaleko 1ean) 2020. urteari dagozkion mantentze-lanetako gastuak ordaintzea. Halakotzat hartuko dira elektrizitateari, urari, gasari, berokuntzari, zaborrei, telefonoari, haren aseguruei eta mantentze-lanei buruzkoak, oro har.

–Adierazleak:

a) Elkarteko kide kopurua.

b) Lortutako emaitzak.

–Erabilitako aurrekontua.

–Gauzatze epea: urtekoa.

–2020ko aurrekontua: 13.857,00 euro.

–Aurrekontu-aplikazioa: 133701 482001 Dirulaguntza erretirodunen elkarteendako.

–Emateko prozedura: elkarteekin dagokion hitzarmena formalizatuz eginen da.

–Jarduketa plana: elkartearekin hitzarmena tramitatzea.

D) Kultura:

6. ildo estrategikoa: Kultur dinamizazioa.

–Helburu estrategikoa: Kultura sustatzea, irabazi-asmorik gabeko elkarteek edo entitateek sustatutako hainbat ekimen, jarduera eta proiektu soziokultural babestuz.

–Altsasuko arte-entitateendako laguntzen helburu espezifikoak:

–Sustatzea Altsasun programa egonkor bat garatzen duten arte-entitateak.

–Osatzea Udalaren kultur ekintza.

–Sormena laguntzea udal esparruan.

–Indartzea kultura arloko elkarte-mugimendua, herritarrek parte hartzeko modu gisa.

–Sustatzea eta hedatzea euskal hizkuntza eta kultura.

–Parekotasuna sustatzea kultura-erakundeetan.

–Sustatzea emakume sortzaileen presentzia emakumeen errepertorio artistikoetan eta/edo tematikoetan.

–Laguntza izendunen helburu espezifikoak: sendotzea tokiko hainbat taldek eta elkartek tokiko festetan antolatzen dituzten jarduera soziokulturalak.

–Adierazleak:

a) Erabilitako aurrekontua (handitzearen %).

b) Altsasun garatutako kultura-jarduerak (jardueren %/guztira).

d) Elkarte onuradunetako kideen kopurua (handitzearen %).

d) Sormen sarearen arteko sinergiak (lankidetzan antolatutako jardueren kopuruaren igoeraren %).

e) Ikusle kopurua jarduera programatuetan.

f) Entitatearen organoetako parekotasuna (emakumeen %/entitateko karguak).

g) Kideen arteko parekotasuna (emakumeen %/kideak).

h) Emakumeen eta euskal kulturaren presentzia emanaldietan.

i) Euskararen presentzia jarduketetan.

–Gauzatze epea: urteko deialdiak.

–2020ko aurrekontua:

–13340 48200001 Kultura Batzordearen dirulaguntzak: 20.000,00 euro.

–138801 4820001 Jaietako peñen ekarpena: 8.750,00 euro.

–Emateko prozedura: norgehiagoka eginen da, eta dagokion hitzarmena formalizatuko da, hala badagokio, aurrekontuan izendapen bidez azaltzen diren entitateekin.

–Jarduketa plana: deialdiaren oinarriak egitea, banakako ebaluazio-erregimenean edo norgehiagoko araubidean, eta aurrekontuan arauz azaltzen diren entitateekin hitzarmenak tramitatzea.

7. ildo estrategikoa: Hezkuntza-dinamizazioa.

–Helburu estrategikoa: Laguntzea Altsasuko hezkuntza-komunitateari.

–Berariazko helburuak:

–Altsasuko haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikastetxeetako gurasoen elkarteek antolatutako jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak sustatzea, hezkuntza-garapena errazteko eta gurasoek eta ikasleek parte-hartze aktiboa izan dezaten.

–Hezkuntza-proiektu berritzaileak egitea Altsasuko ikastetxeetan.

–Irakaskuntzara bideratutako materiala hobetzeko programak garatzea, berrikuntzaren bidez.

–Sustatzea eskolaz kanpoko eta akademiaz kanpoko euskarazko jardueren antolaketa.

–Adierazleak:

a) Erabilitako aurrekontua.

b) Altsasun garatutako jarduerak.

c) Ikasle onuradunak (sexuaren arabera).

d) Ikastetxeetan inplementatutako proiektu berritzaileak.

e) Egindako inbertsioak (eskuratutako material inbentariagarria).

f) Euskarazko jarduerak (% euskaraz/guztira).

–Gauzatze epea: urteko deialdiak.

–2020ko aurrekontua: 25.000,00 euro.

–Aurrekontu-aplikazioa: 13239 4820002 Ikastetxeen dirulaguntzen deialdia.

–Emateko prozedura: banakako ebaluazioaren bidez eginen da.

–Jarduketa plana: deialdiaren oinarriak eginez, banakako ebaluazioaren araubidean edo norgehiagoka.

E) Kirolak:

8. ildo estrategikoa: Jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapena.

–Helburu estrategikoa: Sustatzea osasunerako jarduera fisikoa eta kirola, pertsonaren prestakuntzan eta garapen integralean, sozializazioan eta ongizate indibidualean laguntzen duen jarduera gisa ulertuta.

–Berariazko helburuak:

–Kirol klub eta elkarteei laguntzea kirol jardueren programak garatzen, lehiakorrak zein lehiakorrak ez direnak.

–Kirol-jarduera biztanleriaren sektore guztietara irits dadin sustatzea, bereziki sustatuz emakumeen kirola eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen kirola.

–Sendotzea kirol asoziazionismoa, bermatzeko gizonen eta emakumeen kirolera bideratutako baliabideak berdintasunez banatuko direla, eta bermatzeko kirol jarduera garatzeko erabilitako hizkuntza eta irudiak berdintasunez erabiliko direla.

–Sustatzea tokiko kirol erakundeen eta Altsasuko Udaleko Kirol Zerbitzuaren arteko koordinazioa, laguntza eta lankidetza kirol-arloan.

–Zabaltzea, sustatzea eta programatzea jarduera fisikoen programak Altsasun bizi diren pertsonen osasunerako.

–Adierazleak:

a) Aurkeztutako eskaerak, aurreko urtearekin alderatuz.

b) Parte-hartzaileak, sexuaren, adinaren eta desgaitasun funtzionalaren arabera bereizita, aurreko urtearekin alderatuz.

c) Berdintasun proiektua, onesten duten klub kopurua.

d) Dirulaguntzaren aurrekontuaren handitzea.

e) 65 urtetik gorakoei zuzendutako jardueren kopurua.

–Gauzatze epea: urteko deialdiak.

–2020ko aurrekontua:

–13410 4890001 Kirol entitateendako dirulaguntzak: 20.000 euro.

–133801 4820002 Jaietako kirol ikuskizunetarako dirulaguntza: 5.600 euro.

–Emateko prozedura: norgehiagoka eginen da.

–Jarduketa plana: deialdiaren oinarriak eginez, norgehiagoko araubidean.

9. ildo estrategikoa: Kirola sustatzea eskola-adinean.

–Helburu estrategikoa: Eskola-adinean dauden haurrengan sustatzea osasunerako jarduera fisikoa eta kirola, pertsonaren prestakuntzan eta garapen integralean, sozializazioan eta ongizate indibidualean laguntzen duen jarduera gisa.

–Berariazko helburuak:

–Parte-hartzailearen hezkuntza integrala eta bere nortasunaren garapen harmonikoa, bai eta baldintza fisikoak eta prestakuntzakoak lortzea ere, ondorengo adinetan kirola etengabe egin ahal izateko.

–Osasuna eta baldintza fisikoak hobetzen laguntzea.

–Zabaltzea, sustatzea eta programatzea kirol jarduerak Altsasun bizi diren ikasleendako.

–Parte hartu nahi duten guztiei zuzendutako jolas-prestakuntza, non hezkuntza-helburuak lehenetsiko diren gainerakoen gainetik.

–Errendimendu helburuak dituzten jarduerak garatzea parte-hartzaile jakin batzuei zuzenduta, baldin eta jarrera eta gaitasun baldintza egokiak betetzen badituzte.

–Kirol-lehiaketetan parte hartzea, hala badagokio.

–Adierazleak:

a) Kirol-eskola kopurua, aurreko urtekoarekin alderatuta.

b) Parte-hartzaileen kopurua sexuaren eta kirolaren arabera bereizita, aurreko urtekoarekin alderatuta.

c) Kirol teknikari kopurua kirol-eskola bakoitzean, aurreko urtekoarekin alderatuta.

d) Dirulaguntzaren aurrekontuaren handitzea.

e) Lehiatzeko talde kopurua kirol-eskola bakoitzean, aurreko urtekoarekin alderatuta.

f) Aisialdiko talde kopurua kirol-eskola bakoitzean, aurreko urtekoarekin alderatuta.

–Gauzatze epea: urtekoa.

–2020ko aurrekontua:

–13410 4820001 Hitzarmena Saskibaloi Eskolako Klubarekin:
20.700,00 euro.

–13410 4820002 Hitzarmena Txirrindularitza Eskolako Klubarekin: 9.400,00 euro.

–13410 4820003 Hitzarmena Futbol Eskolako Klubarekin: 31.800,00 euro.

–13410 4820004 Hitzarmena Atletismo Eskolako Klubarekin: 6.800,00 euro.

–13410 4820005 Hitzarmena Patinaje Eskolako Klubarekin: 8.800,00 euro.

–13410 4820006 Hitzarmena Pilota Eskolako Klubarekin: 12.500,00 euro.

–13410 4820007 Hitzarmena Yoseikanbudo Eskolako Klubarekin: 9.133,00 euro.

–13410 4820009 Hitzarmena Taekwondo Eskolako Klubarekin:
10.800,00 euro.

–13410 48200010 Hitzarmena Tenis Eskolako Klubarekin: 7.634,00 euro.

–13410 48200012 Hitzarmena Gimnastika Erritmikoko Eskolako Klubarekin: 10.582,00 euro.

–13410 48200013 Hitzarmena Igeriketa Eskolako Klubarekin:
10.000,00 euro.

–13410 48200014 Hitzarmena Triatloi Eskolako Klubarekin: 4.420,00 euro.

–Emateko prozedura: dirulaguntza izendunen bidez eginen da, eta hitzarmenak formalizatuko dira herriko kirol-klub eta -elkarteekin.

–Jarduketa plana: hitzarmenak tramitatuko dira aurrekontuan izendun diren herriko kirol-klub eta -elkarteekin.

Iragarkiaren kodea: L2006778