167. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

150E/2020 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Mendigorriko udal-mugartean ugalketarako zerramen ustiategi bat eta hondakin organikoen biometanizazio planta bat hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera. Instalazioaren titularrak Granja El Saso SL eta Bioenergia Mendi SL dira.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2321/2009 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 8ko 299E/2019 Ebazpenaren bidez aldatua.

2020ko apirilaren 8an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskineko hondakinen zerrendan beste hondakin mota bat sartzeko, elikadurako olioak eta urinak, LER 20 01 25 kodea esleitua duena.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, ikusi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, uste baita aldaketa espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Mendigorriko udal-mugartean ugalketarako zerramen ustiategi bat eta hondakin organikoen biometanizazio zentro bat hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularrak Granja El Saso SL eta Bioenergia Mendi SL dira.

Bigarrena.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2321/2009 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako ingurumen baimen integratuan, hondakinen produkzioari eta kudeaketari buruz, agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka eta abeltzaintzaren gaineko araudiaren aurka ez dauden bitartean, bereziki abeltzaintzako ustiategietatik gorde beharreko distantziei dagokienez.

Hirugarrena.–Granja El Saso SL eta Bioenergia Mendi SL, instalazio osorako balio duen ingurumen baimen integratu bakar baten titularrak direnez, baimen horretako baldintzak betetzearen erantzule solidario izanen dira, baita instalazioaren funtzionamenduak eragin ditzakeen ondorioena ere.

Laugarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua ematen duen espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa hau onartzen da galarazi gabe instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 (EE) Erregelamenduan eskatzen direnak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Bioenergía Mendi SLra eta Mendigorriko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 30ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2007069