167. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

100E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 26koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi hau onesten baita: “Sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko 2020an dirulaguntzen deialdia”. DDBN identifikazioa: 513689.

Martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, zeinak hizpide baitu Garapenaren aldeko Lankidetza, ezartzen ditu printzipio gidariak, helburuak eta baliabideak Nafarroako garapenaren aldeko lankidetzarako. Horrela, 1. artikuluan adierazten du Nafarroako Foru Komunitateak bere egiten duela beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko erantzukizuna, haien garapen integrala bultzatzeko, hango herritarren bizi baldintzak hobetzen laguntzeko eta pobretasun egoerak arindu eta zuzentzeko, giza garapen solidario eta egonkorra bultzatuz. Halaber, 2. artikuluak, beste helburu batzuen artean, lankidetza nabarmentzen du, hau da, garapen bidean dauden herrialdeetan agertzen diren larrialdiko egoerei laguntza humanitarioaren bidez erantzuten laguntzea, foru lege horren 3. artikuluan aipatutako printzipio gidarietako bati lotuta. Artikulu horretan honako hau adierazten da: "Nafarroako Foru Komunitateak bultzatzen duen garapenaren aldeko lankidetzak [...] honako printzipioak izanen ditu gidari: [...] Lankidetzaren jomuga izanen da pertsona eta familien premia oinarrizkoak asetzea, eta orotara txertatuko da bai ekintza sozialetan, kulturaletan, ekonomikoetan eta teknikoetan, botere publikoek bultzatuak nahiz erakunde pribatuek abiatuak izan".

1975az geroztik, sahararretako batzuk Tindufeko (Aljeria) kanpamentuetan daude errefuxiatuta, eta zailtasun larriak pairatzen dituzte. Izan ere, eremu geografikoaren kondizio fisikoak oso zailak dira, eta, gainera, pertsona horien biziraupena kanpoko laguntzaren mende dago ia erabat. Halaber, beste saharar batzuk bizi dira Fronte Polisarioaren kontrolpean dagoen Mendebaldeko Saharako lurraldean, eta horiek ere zailtasun handiak dituzte ekonomiaren eta gizartearen aldetik garatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateak, gizarte zibilaren instituzio eta erakundeen bidez, bere babesa eta kezka agertzen ditu 1992tik, Mendebaldeko Saharako egoerarengatik, eta horretan laguntzen du laguntza humanitarioaren bidez eta funtsean osasunaren eta hezkuntzaren arloan garatzen diren beste proiektu batzuen bidez, baita Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetara bisita instituzionalak eginez ere.

2016ko azaroaren 21ean “lankidetza protokolo” bat sinatu zen Nafarroako Gobernuaren eta Fronte Polisarioaren artean, Nafarroak bere elkartasuna adierazteko Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetan dauden sahararrei eta, Fronte Polisarioaren agintaritzapean, Mendebaldeko Saharako lurraldeetan daudenei. Protokoloan esaten da: kanpamentuetan eta sahararren lurraldeetan “lankidetza proiektuak” gauzatzen ahalko dira 5 arlotan: osasuna, elikagai-laguntza, hezkuntza, , gazteen enplegua eta Saharako Administrazioko gaitasunak indartzea.

2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurrekontuko berariazko partida bat dago sahararrei laguntza emateko, 320.000 euroko zuzkidura duena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduak bere 5. artikuluan honako hau ezartzen du: "Foru lege honetan arautzen diren dirulaguntzak ondoko printzipioei jarraituz kudeatuko dira: a) Publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, bereizkeriarik eza eta kontrola. b) Dirulaguntza ematen duen administrazioak ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasuna. c) Baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia".

Ondorioz, beharrezkoa da sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko 2020ko dirulaguntzen araubidea erregulatuko duten oinarriak ezartzea eta urteko deialdi baten bidez argitaratzea, bermatzearren dirulaguntza horietan betetzen direla publikotasunaren, gardentasunaren, lehiaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak, baita administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eraginkortasunaren printzipioa eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientziaren printzipioa ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: “Sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko 2020an dirulaguntzen deialdia”.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak.

3. Helburu horretarako 320.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: "900004 91100 4819 143104, Lankidetza eta elkartasuna sahararrekin".

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 26an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko dirulaguntzen 2020ko deialdia. Oinarriak

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak dirulaguntzen deialdi bat egiten du, 2020rako, dirulaguntza horien bidez finantza daitezen garapenerako gobernuz kanpoko Nafarroako erakundeek (hemendik aurrera, GGKE) sahararren alde egiten dituzten esku-hartze sozialak eta ekonomikoak, errefuxiaturik baitaude Tindufeko (Aljeria) kanpamentuetan. Dirulaguntzen helburua izanen da pobreziaren kontra borrokatzea eta giza garapena sustatzea.

2. Esku-hartzeak lau mota edo modalitatetakoak izaten ahal dira:

–A) modalitatea: elikagai-laguntza.

–B) modalitatea: osasuna.

–C) modalitatea: Saharako Administrazioko gaitasunak indartzea.

–D) modalitatea: hezkuntza.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Guztira, 2020. urtean, 320.000 euro bideratuko dira helburu horietarako, 2020ko gastuen aurrekontuko honako partida honen kargura : "900004 91100 4819 143104, Lankidetza eta elkartasuna sahararrekin”. Zenbatekoa lau modalitateen artean banatuko da, honela:

A) modalitatea. Elikagai-laguntza: 178.000 euro.

B) modalitatea. Osasuna: 84.000 euro.

–C) modalitatea. Saharako Administrazioko gaitasunak indartzea: 28.000 euro.

D) modalitatea. Hezkuntza: 30.000 euro.

Modalitateren batean aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, sobratzen den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: C) modalitatea, D) modalitatea, B) modalitatea eta A) modalitatea.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE):

a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.

b) Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute ordezkaritza iraunkorra, non ez diren nazioarteko erakundeak.

c) Esku-hartzea egin behar den eskualdean tokiko bazkide edo partaide bat izatea, hura gauzatzen laguntzeko. Bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du.

d) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

e) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

f) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Bat etortzea deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuekin eta martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioekin (foru lege horrek hizpide du garapenaren aldeko lankidetza).

b) Jarduerak 2020an hastea. Ondorio horretarako, ebazpena ematen den eguna hartuko da jardueren hasiera-eguntzat, salbu eta entitate onuradunak lehenagoko bat adierazten badu berariaz.

c) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak Aljerian duen Lankidetzarako Bulego Teknikoaren berariazko oniritzia izatea.

d) Tindufen (Aljeria) bizi diren saharar errefuxiatuen ordezkariek berariazko oniritzia ematea proiektuari.

e) Zeharkako kostu diruz lagungarriak ezin izanen dira dirulaguntzaren %10 baino gehiago izan.

f) Hauek dira esku-hartze bakoitzeko eskatzen ahal diren gehieneko zenbatekoak:

–A) modalitatea: 178.000 euro.

–B) modalitatea: 84.000 euro.

–C) modalitatea: 28.000 euro.

–D) modalitatea: 30.000 euro.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

A) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe dirulaguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Hauek daude sartuta:

a.1) Ondasun higiezinak alokatzea.

a.2) Higiezinak eraiki edo berritzea, barnean direla eskulana, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia eta eraikuntzako tasa eta materialak.

a.3) Ekipamendu materialak eta hornidurak, barnean dela ibilgetuaren osagaiak erostea, salbu lurrak eta eraikinak, dirulaguntzaren xede den jarduerari atxikiak, hala nola makinak, altzariak, informatikako ekipamenduak, garraiobideak eta bestelako ekipamendua, eta ekipamenduak igortzeko eta abian jartzeko gastuak, bai eta esku-hartzea gauzatzeko beharrezko materialak eta hornidurak ere.

a.4) Langileria gastuak, haien barnean daudela soldatak, esku-hartzeari atxikitako langileen entitatearen kargura diren gizarte aseguruak, langileen izenean izenpetzen diren bestelako aseguruak eta tokiko araudiaren arabera nahitaez gordailutu beharreko funts-hornidurak. Bi kategoriatan aurkeztuko dira, salbu eta instrukzio organoari arrazoibidez azaltzen bazaio eta hark onartzen badu:

a.4.1. Herrialdeko langileak: hau da, dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea non gauzatzen den, bertako langileak, zeinak baitaude herrialde horretako lan arloko legeen mende, haien eginkizunei dagokien lan araubidearekin bat. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira.

a.4.2. Langile erbesteratuak: entitate onuradunaren langileak dira, lanean ari direnak dirulaguntzaren xede den esku-hartzea gauzatzen den eremuan, Espainiako legeen mende. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira. Kontratu bidezko harremana izan beharko da.

a.5) Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak. Honako hauek dira: langileen eta esku-hartzearen onuradun diren herritarren joan-etorrien gastuak, esku-hartzerako behar direnak; hemen sartzen dira erregaiak, aseguruak, esku-hartzea zehaztean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentze-lanak, bidaien gastuak, dietak eta, hala bada, ostatu hartzea.

a.6) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak: sail honetan sartzen dira esku-hartzearen formulazioan jasotzen diren gaikuntza jarduerak, mintegiak, txostenak, argitalpenak, kudeaketaren kontrola edo beste behar batzuk egiteko behar diren gastuak, baldin ez badute sortzen lan harremanik eta beste partida batzuetan sartu ezin badira.

a.7) Jarduna: ekintzaren eremuko ohiko gastuak (argindarra, ura, komunikazioak, mantentze-lanak eta segurtasuna, besteak beste).

a.8) Beste batzuk: bankuko gastuak, identifikazioko gastuak, eta ebaluazioko eta auditoriakoak, besteak beste. Identifikazioko gastuen kasuan, harengandik zuzenean datozenak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta deialdi hau argitaratu baino sei hilabete lehenago arte egindakoak aplikatzen ahalko dira; gehienez ere, haren %1 egotziko zaio dirulaguntzari.

B) Zeharkako gastuak.

Esku-hartzearen zeharkako kostu gisa, %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio dirulaguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu frogatzeko zailak diren gastuak. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du gaindituko zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3.

2. Dirulaguntzaren xede izaten ahalko dira gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak, baldin jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo gauzatzeko ezinbestekoak badira. Gastu horiek zuzeneko gastutzat joko dira.

3. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak gehituko zaizkio dirulaguntzaren zenbatekoari, eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

4. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira onuradunen lurren, lokalen, ekipamenduen, materialen eta eskulanaren gaineko balorizazioak, zuzenean lotuta badaude aurrekontuan ageri diren jarduerei. Balorizazio horiek agiri bidez frogatu behar dira, horretarako erabiliz tokiko bazkidearen edo partaidearen, esku-hartzearen onuradunen edo ondasunak eta/edo zerbitzuak ematen dituen entitatearen ziurtagiriak. Ziurtagiri horretan edo horri erantsita, ekarpena deskribatu eta haren zenbatekoa zehaztuko da, eta adieraziko dira unitate kopurua, lanorduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balorizazio osoa. Balorizazioak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira, eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatuko dira.

5. Diruz lagundutako gastuak erabiltzen direnean ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barnean kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

6. Gastu diruz lagungarriak obra gauzatzeko baldin badira eta 30.000 eurotik gorakoak badira, onuradun gertatzen den GGKEak, xedeko herrialdeko bazkidearen bidez, gutxienez hiru hornitzaileri eskatuko die eskaintza, salbu eta, gastu diruz lagungarrien eta/edo herrialdearen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago horrelako entitate aski, edo eskatutakoa baldintza egokietan egiten ez badute; nolanahi ere, prozedurari buruzko eta kontratistak hautatzeko irizpideei buruzko txosten osagarri bat aurkeztu beharko du.

7. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Egoitzan aritzen diren langileen gastua, zuzeneko gastu gisa.

–Protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute dirulaguntza.

–Zeharkako zergak, errekuperatu edo konpentsatu daitezkeenean.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira. Horretarako, entitateak gaitutako helbide elektronikoa izan beharko du, deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jaso ahal izateko.

Telematika bidez aurkezten diren eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalari zuzenduta.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidaliz servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek iragarriko dute eskaera bidali dutela, mezu elektroniko bat igorriz servcoopdes@navarra.es helbidera, egun berean.

3. Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (baldin Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):

a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez aurkezten ahal da beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria, ordezkaritza hori badela frogatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.

a.2) Entitatearen estatutuak.

b) Baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek parte hartzen badute esku-hartzeko zikloaren faseren batean, aurkeztu beharko dira langile horien izenen zerrenda eta esku-hartzean egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena beren lana proposatutako jarduerarekin bateragarria dela.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, baldin Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia bada edo baldin aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

d) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, dirulaguntza eskaerarekin batera, aurkez dezakete deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzen duten entitateek bete beharko dute oinarri hartan ezarritakoa, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Tokiko bazkidearen dokumentazioa, egiazta dadin betetzen direla hirugarren oinarriaren c) apartatuan ezarritako baldintzak:

b.1) Estatutuak.

b.2) Legezko eraketaren frogagiriak.

b.3) Legezko ordezkariaren nortasun agiriaren kopia.

Tokiko bazkidea administrazio publiko bat bada, dokumentazio horren guztiaren ordez, agiri bat aurkeztuko du zeinak frogatuko baitu administrazio horren legezko ordezkaria nor den eta administrazio horrek esku-hartzean parte hartzen duela.

Tokiko bazkidearen dokumentazioa Administrazioak baldin badu, adierazi beharko da dokumentazio hori erantsita daukan espedientearen zenbakia.

C) Laugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko:

c.1) Agiri bat, frogatzen duena proiektuari berariazko oniritzia eman diola Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren Aljeriako Lankidetzarako Bulego Teknikoak.

c.2) Agiri bat, frogatzen duena proiektuari berariazko oniritzia eman diotela Tindufen (Aljeria) bizi diren saharar errefuxiatuen ordezkariek.

D) Esku-hartzea baloratzeko dokumentazioa:

d.1) Esku-hartzearen memoria teknikoa, honako hauek adierazteko: proiektua gauzatuko den tokietako egungo egoera sozial, politiko eta ekonomikoa, lortu nahi diren helburuak, eta garatuko diren jarduerak; baita aurrekontua ere, inprimaki ofizialetan.

d.2) Entitate eskatzailearen azken hiru urteetako urteko kontuak (2015, 2016 eta 2017), adierazita ea kontu horiek ikuskatuak dauden, entitateko zuzendaritza organoek onetsiak dauden, eta behin-behinekoak edo bestelakoak diren.

d.3) Eranskinak: dokumentazio grafiko, tekniko eta ekonomikoa (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta esku-hartzeaz ongi jabetzeko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentazioa. Adieraziko da “II. eranskina. Balorazio iripideak” eranskinaren zer atal ukitzen duen, eta analizatu beharreko edukia eranskineko zein tokitan dagoen zehaztuko da.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua. Horrexek egiaztatuko du ea betetzen diren dirulaguntzak hartzeko betebeharrak, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu ditzala edo aginduzko agiriak aurkeztu, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A, B eta C apartatuetan zehaztutako dokumentazioak akatsak izatea.

c) Akats materialak daudenean, laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz, esku-hartzeek bete beharreko baldintzetan.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozein.

Gainerako kasu bakar batean ere, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari lotutako kasu bakar batean ere, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak zein bere modalitatean baloratuko dira (lehenbiziko eta bigarren oinarrietan adierazi dira modalitateak), 0tik 100 puntura arteko eskalan, kontuan hartuta II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena.

2. Dirulaguntza eskaera aintzat hartua izateko, esku-hartzeak gutxienez ere 70 puntu lortu beharko ditu guztira.

3. Dirulaguntza eskatutakoa adinakoa izanen da, betiere modalitate bakoitzerako ezarritako muga gainditu gabe.

4. Esku hartzeko modalitate bakoitzean, baldin positiboki baloraturiko eskaerei dagozkien zenbateko eskatu guztiek gainditzen badute aurrekontuetan horretarako dagoen dirua, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

2. Baldin dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, instrukzio organoak eskatzen ahal du eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako aurrekontuan, dirulaguntzaz gaineko kofinantzaketa-portzentajea izanen da eskaeran adierazitakoa edo hura baino handiagoa.

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaeren gainean ebaztea, horretarako ahalmena ematen baitiote Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak.

2. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: dirulaguntza zer eskatzaileri adjudikatu zaion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Modalitate bakoitzaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

2020ko dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da, gardentasun betebeharra bete ondoren, zeina hemezortzigarren oinarrian ezarrita baitago, baita Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ere, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin kontraesanean ez badago.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Esku-hartzeak bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, www.cooperacion.navarra.es webgunean eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa. Dirulaguntzak ematen dituen administrazioak esku-hartzea gauzatzeko epea luzatzea baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.

2. Azken txostenak justifikazio kontuaren forma izanen du, eta gastuen frogagiriekin edo kontu auditore baten txostenarekin batera aurkeztuko da. Elementu hauek jasoko ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua, esaten duena aurkeztutako azken txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla.

b) Behar diren agiriak, frogatzeko tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola eta zer truke-tasa aplikatu den, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada; bestelako kasuetan, erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.

c) Tokiko bazkideak funtsak jaso izana frogatzen duen dokumentazioa; bankuko transferentzia bidez egiten bada, aplikatutako truke-tasak erakusten dituzten bankuko dokumentuak.

d) Tokiko monetan ordaindu baldin bada, truke-tasa egiaztatzeko banku-agiriak.

e) Esku-hartzearen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, www.cooperacion.navarra.es Nafarroako Atarian eskuragai dagoen eredu ofizialaren araberakoa, non zehaztuko baitira, gutxienez, lorturiko helburuak eta emaitzak eta egindako jarduerak; horri guztiari egiaztatze-iturriak erantsiko zaizkio. Pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita emanen dira.

f) Txosten ekonomikoa, erantsita esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txostena, Excel formatuan, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (www.cooperacion.navarra.es). Txosten horretan honako hauek jasoko dira:

–Esku-hartzearen gastuen balantzea.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrerak, dirulaguntzak edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

–Funtsen igorpenen xehetasuna eta aplikatutako truke-tasak.

–Gastu guztien zerrenda, jarduera eta gastu motaren arabera bereizita, barnean dela Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko.

g) Justifikazio kontua eta gastuen egiaztagiriak aurkeztuz gero, kontrol organoak zilegi izanen du lagin bat hartzea ikuskapena egiteko. Frogagiri gisa fakturak, nominak, kotizazio-buletinak edo zergen aitorpenerako inprimakiak aurkeztuko dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Frogagiri horiekin batera, ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira. Frogagiriak tokiko partaideak behar bezala frogatutako kopiak izanen dira, edo, Espainian sortutako gastuen kasuan, entitate onuradunak frogatutako kopiak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira osorik.

Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

h) Kontu auditore baten txostena emanez aurkezten den justifikazio kontua hautatuz gero, agertu beharko da auditorea jardunean dagoela Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu auditoreen Erregistro Ofizialean; kontu auditorearen justifikazio kontuari buruzko txostena atzerrian egiten bada, proiektua gauzatzen deneko herrialdean jardunean dauden auditoreek egiten ahalko dute, baldin eta herrialde horretan kontu auditoretzan aritzeko gaikuntza araubiderik bada; halakorik ezean, txostena herrialde horretan finkatutako auditore batek ematen ahalko du, betiere haren izendapena Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak berresten badu, dirulaguntza jasotzen duen entitateak proposaturik, behar den kalitatea bermatzen duten irizpide teknikoekin bat.

Kontu auditoreak maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen du justifikazio kontuaren gaineko txostena. Agindu horren bidez onetsi zen kontu auditoreek dirulaguntzen justifikazio kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa-araua (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 125. zenbakia, 2007ko maiatzaren 25ekoa). Txostenean zehaztapen hauek bete beharko dira:

–Oinarri honen 2. puntuan aurreikusitako egiaztagiriak: justifikazioa osatzen duten dokumentu guztien zerrenda osoa jasoko da, zein dauden egiaztatuta eta ezarritakoari lotzen ote zaizkion adierazita.

–Hamaseigarren oinarriko “Azpikontratazioa” apartatua: azpikontrataziorik ote den adieraziko da, eta, halakorik bada, oinarri honetan ezarritakoa betetzen ote den.

–Hamazazpigarren oinarriko “Betebeharrak” apartatua: oinarri horretako betebehar bakoitza betetzen ote den adieraziko da, eta “ez da bidezko” zehaztuko du hala dagokion kasuetan.

–Nafarroako Gobernuak finantzatutako gastuen zerrenda aztertu eta berrikusiko da nagusiki, eta laginketa teknikak erabiltzen ahalko dira kontu-ikuskapenetan onartu ohi diren praktiken arabera. EHA/1434 Aginduan ezarritako egiaztapenez gainera, ikuskatze prozesuan honako hauek egiaztatuko dira: zerrendan jasotako gastu-ohar bakoitza benetan ordaindu egin dela; eta gastua diruz lagungarria dela, oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz.

–Diruz lagundutako jarduera (guztia edo zati bat) tokiko bazkide batek edo atzerriko partaideak gauzatu badu, ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzaren gastuaren frogagiriak jasotzea onuradunaren kontabilitate erregistroetan; halakoetan, auditoreak tokiko bazkidearen edo partaidearen kontuak berrikusiko ditu.

–Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez bestelako finantzaketarik bada, egiaztatuko da beste ekarpen batzuen bidez finantzatutako gastuen zerrendako datuak osorik daudela eta zerrenda hori oinarri honen 3. puntuan ezarritako ziurtapenarekin bat heldu dela.

i) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori ordainketa-gutun baten bidez eginen da, entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko diona, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

j) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, frogatzen duena ongi gauzatu dela edo ongi gauzatzen ari dela diruz lagundutako esku-hartzea.

3. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz besteko finantzaketarik bada, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia bat, zenbatekoa eta proiektua adierazita, baldin bestelako dirulaguntza publikoak badira. Tokiko ekarpen gisa onartutako balorizazioen kasuan, seigarren oinarriaren 4. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.

5. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, dirulaguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin, diruz lagundutako aurrekontuaren %15era arte gehienez, eta betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Esku-hartze jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskubide Sozialetako Departamentuari berariaz adieraztea esku-hartzearen hasiera-eguna, dirulaguntza emateko ebazpenaren data baino lehenagokoa bada.

b) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epeari dagokionez, esku-hartzea gauzatzea larriki zailtzen edo aldatzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera du epe horren luzapena baimentzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

c) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatu eta hura eskuratzea, esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena larriki aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean entitate onuradunaren egoitzan edo lurralde hartan, baita baliabideak eraginkortasunez erabiltzeagatik gerakinak daudenean ere, aplikatutako truke-tasen ondoriozko finantza errendimenduak edo soberakinak barne; kasu horietan, diruz lagundutako esku-hartzeari dagozkion jarduerak edo antzekoak zabaltzeko eskatu beharko dute. Funtsezko aldaketatzat hartuko dira, bakar-bakarrik, helburuak, emaitzak, xedeko populazioa, lurralde kokapena edo tokiko bazkidea aldatzen direnean, baita diruz lagundutako aurrekontuko partiden artean egiten diren aldaketak ere, baldin aldaketa horiekin emandako dirulaguntzaren %20 gainditzen bada guztira, edo, betiere, aldaketak 20.000 eurotik gorakoak direnean; edo guztirako kostua %10 edo gehiago murrizten denean, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz kanpoko ekarpena txikiagoa izan delako. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela guztirako kostua handitzea, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik.

d) Esku-hartzea gauzatzen den herrialdean erosiko dira Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren bidez erosten diren material, ekipamendu eta hornidura guztiak, eta bertako produktuak izanen dira. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez baimena eskatu beharko zaio Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuari, arrazoiak azaldurik.

e) Komunikatzea zer dirulaguntza eskatu dituzten eta onartu zaizkien, eta zer zenbatekorekin, edozein erakunde publiko edo pribaturen aldetik, helburu bererako, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

f) Tokiko bazkideari edo partaideari dirulaguntza nondik datorren aditzera ematea berariaz.

g) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xedeko jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez.

h) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

i) Nafarroako Gobernuari esku-hartzearen zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

j) Dirulaguntza nork eman duen adieraztea esku-hartzearen zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Agertu beharko du dirulaguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean, eta berdin ikusteko moduan.

k) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarriko 2. apartatuan aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da gertatu dela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) apartatuaren kontrako arau-haustea.

l) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

m) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

n) Ezinezkoa bada dirulaguntzaren aurrerakinak lehenbailehen igortzea xede-herrialdera, diru horiek ezin dira jarri entitate adjudikaziodunak kontrolatu ezin dituen kanpo-eragileen menpe, eta nonbait inbertitzea onartuko da, bakar-bakarrik, funtsak ez igortzeko kausa jakin bat baldin badago eta, betiere, inbertsioa bermatua badago eta arriskurik ez badu.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, ahal dela Nafarroako atarian argitaratutako deialdiaren fitxan “Tramitar” aukera baliatuz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek hartutako dirua itzuli beharko dute, bertan ezartzen diren baldintzetan.

2. Baldin dirulaguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak aldatzen badira hamazazpigarren oinarriko c) apartatuan aipatzen den baimen administratiboa izan gabe, hori ez-betetzetzat joko da. Halaber, behin esku-hartzea bukatutakoan eta ezinbesteko kasua ez bada, gertatzen bada gauzatze teknikoa eta aurrekontuarena %50etik beherakoa dela, ulertuko da ez-betetzea izan dela; gainerako kasuetan, dirulaguntza ematen duen organoak baloratu beharko ditu inguruabarrak eta arrazoiak, esku-hartzea maila baxuagoan gauzatu izana ekarri dutenak, ikusteko ea ez-betetzea izan den edo ez.

3. Hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio-txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzetzat joko da.

4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Zenbat aldaketa ez-funtsezko egin diren, eta nolakoak, bidezko arrazoirik izan gabe.

–Azken justifikazio-txostena epetik kanpo aurkezten denean, zenbat egun iragan diren. Kasu honetan, emandako dirulaguntzaren %0,2ko penalizazioa ezarriko da atzeratutako hilabete bakoitzeko edo, hilabete osoak ez badira, horren zatiki bakoitzeko, hiru hilabetez. Epe hori iragan ondoan, justifikatzeko betebeharra ez betetzeari buruz ezarritakoa aplikatuko da.

5. Aurreko apartatuan ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian aintzat hartuko dira azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikulua eta hurrengoak eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapitulua.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearekin.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, aplikatzekoak izanen dira Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen xedapenak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenak.

II. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

A.–Egokitasun instituzionala (50 puntu).

a.1. Zenbat urteko esperientzia duten saharar errefuxiatuentzako garapenerako lankidetzako eta laguntza humanitarioko proiektuetan (10 puntu bitarte).

–Bat ere ez: 0 puntu.

–Urte 1etik 5 urtera bitarte: 2,5 puntu.

–5 urtetik 10 urtera bitarte: 5 puntu.

–10 urtetik 15 urtera bitarte: 7,5 puntu.

–15 urtetik gora: 10 puntu.

a.2. Esku-hartzeko eskualde geografikoan egindako esku-hartzeen kopurua (20 puntu bitarte):

–Bat ere ez: 0 puntu.

–Esku-hartze 1etik 5era bitarte: 5 puntu.

–6 esku-hartzetik 10era bitarte: 10 puntu.

–11 esku-hartzetik 15era bitarte: 15 puntu.

–15 esku-hartze baino gehiago: 20 puntu.

a.3. Aurkeztutako modalitatean egindako esku-hartzeen kopurua (10 puntu bitarte):

–Bat ere ez: 0 puntu.

–Esku-hartze 1etik 5era bitarte: 2,5 puntu.

–6 esku-hartzetik 10era bitarte: 5 puntu.

–10 esku-hartzetik 15era bitarte: 7,5 puntu.

–15 esku-hartze baino gehiago: 10 puntu.

a.4. Entitate eskatzailearen eta tokiko bazkidearen artean zenbat urtez aritu diren elkarlanean (10 puntu bitarte).

–Bat ere ez: 0 puntu.

–Urte 1etik 5 urtera bitarte: 2,5 puntu.

–5 urtetik 10 urtera bitarte: 5 puntu.

–10 urtetik 15 urtera bitarte: 7,5 puntu.

–15 urtetik gora: 10 puntu.

B.–Esku-hartzearen kalitate teknikoa (50 puntu bitarte).

b.1. Diagnostikoaren eta eskualdearekiko egokitzapenaren analisia (10 puntu bitarte):

–Proposamena zenbateraino egokitzen zaion dagokion testuinguruari (5 puntu bitarte).

–Esku-hartzeari jarraipena ematea (2 puntu bitarte).

–Tokiko eragileen parte-hartzea (3 puntu bitarte).

b.2. Helburuen, emaitzen eta jardueren arteko koherentzia (20 puntu bitarte):

–Helburu orokorraren, berariazko helburuaren eta emaitzen arteko koherentzia (5 puntu bitarte).

–Emaitzen analisia (kuantifikazioa, errealismoa) (5 puntu bitarte).

Emaitzen eta jardueren arteko koherentzia (5 puntu bitarte).

–Jardueren analisia (zehaztapena, egokitasuna) (5 puntu bitarte).

b.3. Baliabideen eta aurkezturiko esku-hartzearen aurrekontuaren egokitasuna (20 puntu bitarte):

–Giza baliabideak eta baliabide teknikoak egokiak izatea esku-hartze horretarako (3 puntu bitarte).

–Aurrekontuaren aurkezpena eta jardueren xehakapen maila (7 puntu bitarte).

–Aurrekontuaren eta jardueren arteko koherentzia (5 puntu bitarte).

Gastuetako partiden beharra.

Iragarkiaren kodea: F2007189