166. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

ERABAKIA, 2020ko uztailaren 3koa, Nafarroako Parlamentuko Mahaiarena.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2020ko uztailaren 3an egindako bilkuran, erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

Nazio Batuen Biltzar Nagusiak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda onetsi zuen 2015eko irailean. Pertsonen, planetaren eta oparotasunaren aldeko ekintza plan bat da, bake unibertsala sendotzea eta justizia eskuragarri izatea xede duena. Besteak beste, herritartasun globalerako hezkuntza aldetzen du, ahalbidetzeko, besteak beste, lortzea ekitate eta justizia sozialeko balioak eta, halaber, gaitasuna generoan, egoera sozioekonomikoan, kulturan, erlijioan, adinean eta bestelako faktoreetan oinarritutako desberdintasunak modu kritikoan aztertzeko.

Nafarroako Parlamentuak, munduan zehar gertatzen diren pobrezia, desberdintasun eta injustizia egoerez jabetuta, erronka horretan parte hartu nahi du; hori dela eta, 2020ko ekitaldirako aurrekontuak partida bat jasotzen du, 48207 “Garapenerako eta elkartasunerako jardueretarako dirulaguntzak”, 57.000 euroko kreditua duena.

Nafarroako Parlamentuko Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuak txosten bat taxutu du, 2020ko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdia –bai eta kasuko oinarri arautzaileak ere– onesteari begira. Espedientea txosten juridikoarekin eta Kontu-hartzailetzak egindako gastu-fiskalizazioarekin osatu da.

Horiek horrela, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduaren 37. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak honako hau

ERABAKITZEN DU:

1. 2020ko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Guztira 57.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Parlamentuaren 2020ko ekitaldirako gastuen aurrekontuko 48207 “Garapenerako eta elkartasunerako jardueretarako dirulaguntzak” partidaren kargura.

3. Erabaki honen eranskinean jasotzen diren deialdiaren oinarri arautzaileak onestea.

4. Erabaki hau eta kasuko eranskinak Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen agintzea.

Iruñean, 2020ko uztailaren 3an—Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

ERANSKINA

2020ko ekitaldian garapenerako hezkuntzako proiektuak
egiteko dirulaguntzen deialdia arautzen duten oinarriak

1. Xedea eta helburua.

Nafarroako Parlamentuak aurrera egiten jarraitu nahi du gizarte solidarioago bat eraikitzen, konpromisoa izanen duena mundu zuzenagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa lortzearen alde, eta, horretarako, Nafarroan garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko esku-hartzeak egiteko dirulaguntzen deialdi hau onesten du.

Esku-hartzeek helburu izanen dute sentsibilizazioa edo prestakuntza lantzea, garatzen ari diren herrialdeek jasaten dituzten arazoei eta horien kausei buruz eta globalizazioak herrialdeen artean sortutako lotura ekonomiko, sozial eta kulturalen ondorioei buruz. Horrez gain, elkartasuna eta lankidetza aktiboa sustatuko dituzte. Nazio Batuen Batzar Nagusiak Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendan onartu dituen Garapen Jasangarriko Helburu horietakoren bat garatu beharko dute esku-hartzeek.

Horretarako 57.000 euro jarriko dira, Nafarroako Parlamentuaren 2020ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuan berariaz onetsitako partida honetatik: 48207 “Garapenaren eta elkartasunaren arloko jardueretarako dirulaguntzak”.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluarekin bat etorriz, deialdia norgehiagoka-araubidean izapidetuko da.

2. Entitate onuradunak.

Honako betekizun hauek betetzen dituzten entitateak izan ahalko dira dirulaguntzaren onuradun:

–Zein bere izaeraren arabera legez eratutako pertsona juridikoak izatea, eta inskribatuta egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan (AECID).

–Nafarroan egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan azaltzen diren egoeretako batean ere ez egotea.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluaren arabera, onuradun izan ahalko dira, halaber, elkartuta aurkezten diren entitateak, aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta, betiere, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoa betetzen badute.

3. Esku-hartzearen betekizunak.

Diruz lagunduko diren esku-hartzeek 1. oinarrian jasotakoa izanen dute helburu, eta 2020ko ekitaldian eginen dira. Hala ere, dirulaguntzaren xede den jarduera garatu ohi den urteko aldia aurrekontu-ekitaldia bera ez denean -esaterako, ikasturtea- jarduera horretarako dirulaguntzak urteko aldi horretara moldatzen ahalko dira eta, halakoetan, zilegi izanen da jarduera 2021eko ekainaren 30erako amaitzea.

Esku-hartzearen garapena eraldatu edo zailtzen duten gorabeherak gertatuz gero, jarduerak egiteko epeak luzatzen ahalko dira. Horretarako, Nafarroako Parlamentuko Erregistroan (erregistroa@nafarroakoparlamentua.eus) eskabide-orri bat aurkeztu beharko dute, Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari zuzendua, epea luzatzea eskatu eta azalduz esku-hartzea hasiera batean aurreikusitako epean gauzatu ezinaren arrazoiak. Edonola ere, jarduerak 2021eko ekainaren 30a baino lehen egin beharko dira.

Jarduerak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan garatuko dira.

Gehienez ere 11.000 euro emanen dira eskaera bakoitzeko.

4. Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lor daitezkeen beste batzuekin, eta emaileak izan daitezke administrazio publikoak, erakunde publiko edo pribatuak nahiz partikularrak, nazionalak edo nazioartekoak.

Emandako dirulaguntzaren zenbatekoak, berez edo beste erakunde publiko eta pribatu batzuetatik jasotako dirulaguntzekin batera, ezin izanen du inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

5. Eskaerak aurkeztea.

Entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskaera bat aurkeztu ahalko du. Eskaeratzat zenbatuko dira bai bakarka aurkeztutakoak bai beste entitate batzuekin elkartuta aurkeztutakoak.

Eskaera Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako erregistroetatik edozeinetan, gehienez ere 20 eguneko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Nafarroako Parlamentuko Erregistroan aurkezteko, seigarren oinarrian adierazitako dokumentazioa posta elektroniko bidez igorri beharko da, digitalki sinaturiko Nafarroako Parlamentuko eskabide orokor batez lagunduta, honako helbide honetara: erregistroa@nafarroakoparlamentua.eus.

Nafarroako Parlamentuko eskabide orokorra Nafarroako Parlamentuaren webgunetik deskargatu daiteke: https://www.parlamentodenavarra.es/es/contactar.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabide orokorrarekin batera, entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

I. Dokumentazio orokorra:

a) Deialdian adierazitako eredua (I. eranskina) erabili behar da dirulaguntzaren eskaera egiteko, eta bertan entitate eskatzaileak adierazi behar du 2. oinarrian ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela.

b) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean dagoen ordezkaritzaren edo egoitzaren aipamenarekin. Deialdi hau argitaratu baino urtebete lehenago egina izanen da gehienez ere.

c) Erantzukizunpeko adierazpena: entitate eskatzaileak 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela erakunde onuraduna izateko (I.2 eranskina).

d) Entitateen elkarteen kasuan, entitate bakoitzaren dokumentazioaz gain, honako hauek aurkeztuko dira:

d.1) Entitateen elkartearen eraketa-agiria. Elkarteak nortasun juridiko berekirik ez badu, eraketa-agirian berariaz agertu beharko da nor den ahalordedun edo ordezkari bakarra, elkarteak onuradun gisa izanen dituen betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak izanen dituena, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako preskripzio epea amaitu arte elkartea ez desegiteko konpromisoa ere agertu beharko da.

d.2) Honako hau azaltzen duen agiria: elkarteko entitate bakoitzak proiektuaren exekuzioan zer funtzio eta eginbehar hartuko dituen bere gain, elkartearen izenean eta haren kontura; eta elkarteko entitate bakoitzari aplikatuko zaion dirulaguntzaren zenbatekoa.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

f) Bidezkoa bada entitateari dirulaguntza aurretiaz ordaintzea, 9.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuko da.

Eskaerak ez baditu ezarritako betekizunak betetzen, interesdunari aginduko zaio gehienez hamar eguneko epean akatsa zuzendu dezan edo eskatutako dokumentuak aurkez ditzan. Ohartaraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egintzat joko dela, aurrez ebazpena emanda; ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan eman beharko da.

II. Baloratzeko dokumentazioa.

A) Esku-hartzeari buruzkoa:

a) Oroitidazki teknikoa. Berdintasunaren aldeko eta bazterketaren kontrako hizkera erabiliz idatzi beharko da. Pertsonei buruzko datu guztiek sexuaren arabera berezita egon beharko dute.

b) Oroitidazki ekonomikoa.

B) Esperientzia:

a) Azken bost urteetan egindako esku-hartzeen zerrenda (I.3 eranskina).

b) Entitate eskatzaileak emandako ziurtagiria, garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioaren arloan azken bost urteetan egindako esku-hartzeei buruzkoa. Funts publikoen kasuan, funtsak emateko ebazpenaren kopia.

7. Dirulaguntza emateko prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

Nafarroako Parlamentuko Zerbitzu Juridikoetako, Zerbitzu Orokorretako eta Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuetako teknikariek osatutako balorazio batzordeak antolatuko du prozedura. Kide anitzeko organo horrek ebaluatuko ditu eskaerak, eta haren irizpena loteslea izanen da.

Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzua izendatzen da instrukzio organo. Instrukzio organoak, eskaeren ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen du.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak berariaz hartutako erabakiaren bidez ebatziko da dirulaguntzak emateari buruz, instrukzio organoak proposatutako txostena oinarri hartuta.

Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabete igarotakoan ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu ahalko da.

8. Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Esku-hartzea eskaeran deskribatu duten moduan egitea.

b) Betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela frogatzea Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jasotzen badituzte, jakinaren gainean jartzea Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzua.

d) Dirulaguntza emateko ebazpena ematen den unean egunean edukitzea beren zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

e) Nafarroako Parlamentuarekin elkarlanean proiektuaren berri zabaltzea, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzari buruz sentikortzeko.

Entitate onuradunei dei eginen zaie Nafarroako Parlamentuan eginen den ekitaldi publiko batean parte har dezaten. Ekitaldi horretan, entitate onuradun guztiek diruz lagundutako proiektuaren exekuzioa aurkeztuko dute.

f) Jarduerak egiteko erabiltzen dituzten baliabideetan eta materialetan agerraraztea Nafarroako Parlamentuak finantzatuta eginen direla jarduerak.

g) Organo emaileak egiaztapen eta kontrol jarduketak egin ditzan onartzea.

h) Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrol jarduketetarako beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

j) Entitate onuradunak eman zaion dirulaguntzari uko egitea erabakiz gero, bi hilabeteko epean egin beharko du uko, laguntza eman zaiola jakinarazi zaion egunetik zenbatuta. Uko egitea Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari zuzenduko zaio, Nafarroako Parlamentuko Erregistroan (erregistroa@nafarroakoparlamentua.eus) aurkeztutako idazki baten bidez. Hamaikagarren oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu arren aurrekontuan diru erabilgarri aski ez egoteagatik laguntzarik eskuratu ez duten proiektuei esleitzen ahalko zaie uko eginiko zenbatekoa.

9. Dirulaguntzaren aurrerakina, ordainketa eta justifikazioa:

9.1. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, baliabide nahikorik ez izatea behar bezala frogatzen duten entitateen kasuan, dirulaguntzaren ordainketa bakarra eta aurreratua eginen da deialdi hau ebazten den unean, diruz lagundutako jarduera behin-behinean finantzatzeko.

Horretarako, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioari erantsita, entitatearen edo elkartearen ordezkariak sinatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da, jarduera egiteko baliabide nahikorik ez dagoela adieraziko duena.

Gainerako entitateei, diruz lagundutako proiektua amaitutakoan ordainduko zaie dirulaguntza. Aldez aurretik, entitate onuradunak justifikatu egin beharko du egindako jarduera.

9.2. Esku-hartzea amaitzen denetik hilabete bat igaro baino lehen aurkeztuko da justifikaziorako dokumentazioa, eta honako agiri hauek bilduko ditu:

–Esku-hartzearen oroitidazki teknikoa, dagozkion egiaztapen-iturriekin, hala behar denean.

–Oroitidazki ekonomikoa. Bertan esku-hartzearen aurrekontu-betetzea azalduko da, egindako jarduerak eta haien kostua adieraziz. Egindako gastu guztien egiaztagiriak erantsiko zaizkio.

Gastuak frogatzeko, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira, edo gainerako frogagiri baliokideak, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak. Jatorrizkoak izan beharko dute. Instrukzio organoak eginbide-zigilua jarriko die, eta bertan adieraziko da Nafarroako Parlamentuak finantzatu dituela jarduerak.

–Berariazko adierazpena: ea proiektuak beste laguntza edo dirulaguntzarik jaso duen, eta, baiezkoan, jasotako zenbatekoen eta horien iturrien xehetasunak.

Aurkeztutako agirietan oinarrituta, balorazio batzordeak txostena eginen du garatutako jarduerari eta horren justifikazioari buruz, eta instrukzio organoari igorriko dio; txostena ikusirik, instrukzio organoak Nafarroako Parlamentuko Mahaia informatuko du, eta Mahaiak bidezko dena eginen du, hau da, justifikazioa onetsi eta ordaintzeko agindu, edo itzulketa-espedientea hasi dadila proposatu, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Dirulaguntza ordain dadin, entitateak transferentzia-abonua eskatzeko agiria aurkeztu beharko du, dirua sartu behar den bankuak behar bezala beteta.

10. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat etorri, eta hura burutzeko ezarritako epearen barruan egiten direnak. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuen erosketa-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Deialdi honi dagokionez, ez dira dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko inbertsio gastuetarako erabilitako diru kopuruak, ez eta zeharkako kostuak edo kudeaketa kostuak ere.

11. Balorazio irizpideak.

Eskaerak 0 eta 100 puntu bitarteko eskalan baloratuko dira, irizpide hauei jarraituz:

I. Esku-hartzearen bideragarritasuna (gehienez 40 puntu).

a) Entitate eskatzaileak garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioko proiektuak egiten azken 5 urteetan izandako esperientzia baloratuko da. Proiektuaren kopurua eta haien zenbatekoa hartuko dira kontuan.

–1-5 proiektu bitarte: 2,5 puntu.

–6-10 proiektu bitarte: 5 puntu.

–11-15 proiektu bitarte: 7,5 puntu.

–15 proiektu baino gehiago: 10 puntu.

Egindako esku-hartzeen zenbatekoa:

–0-10.000 euro bitarte: 2,5 puntu.

–10.001-40.000 euro bitarte: 5 puntu.

–40.001-100.000 euro bitarte: 7,5 puntu.

–100.000 euro baino gehiago: 10 puntu.

Bi apartatu horietan lortutako puntuak 1,5ez biderkatzen ahalko dira gehienez, administrazio publikoetatik jasotako funtsek zer portzentaje hartzen duten adierazitako proiektuen guztizko zenbatekoan.

Dokumentu-euskarria duten jarduketak bakarrik hartuko dira kontuan; horretarako, entitateak egindako ziurtagiria aurkeztuko da, eta bertan azalduko dira esku-hartzearen izena, zenbatekoa, noiz eta non egin den, eta nork finantzatu duen. Funts publikoez finantzatutako jarduketen kasuan, funtsak emateko ebazpenaren kopia ere aurkeztu beharko da.

b) Finantzaketaren ehuneko 30, gutxienez, beste administrazio publiko batzuetatik jasotzea: 10 puntu. Kontuan hartuko da soilik dirulaguntza emateari buruzko ebazpenaren kopia aurkezten denean.

II. Proiektuaren kalitatea (50 puntu, gehienez):

a) Proiektua gauzatuko den egoeraren eta ingurunearen azterketa: (10 puntu, gehienez).

b) Helburuaren, emaitzen eta jardueren koherentzia: (10 puntu, gehienez).

c) Adierazleak eta egiaztapen-iturriak: (10 puntu, gehienez).

d) Herritarrek parte hartzea eta boluntariotza sustatzea: (5 puntu, gehienez).

e) Aurrekontuaren deskribapena: (15 puntu, gehienez).

–Aurrekontua deialdian jasotakoari egokitzea: (5 puntu, gehienez).

–Gastu-beharren justifikazioa: Giza baliabideak, baliabide materialak... (10 puntu, gehienez).

III. Genero-ikuspegia jasotzea (10 puntu, gehienez):

Proiektua lagungarria da emakumeen ikusgarritasunerako eta emakumeak munduan kokatzeko; gaitasunen sendotzea eta emakumeen autonomia sustatzen ditu.

Ez dira baietsiko 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerak.

Eskatutako dirulaguntza bera emanen da. Lehentasun-ordena ezarriko da lortutako puntu kopuruaren arabera, eta dirulaguntzak esleituko dira harik eta aurrekontu-izendapenaren mugara iritsi arte. Prozedura horretan dirulaguntza lor dezakeen azken proiekturako eskatutako diru kopurua hura finantzatzeko baliagarri dagoen diru kopurua baino handiagoa bada, instrukzio organoak, 11/2005 Foru Legearen 20 bis artikuluan ezarritakoari jarraituz, eskaera birformulatu dezala eskatzen ahalko dio onuradunari, konpromisoak eta baldintzak doitzeko, eman daitekeen dirulaguntzaren arabera.

12. Errekurtsoak:

Deialdi hau oinarri arautzaile hauen bidez eta Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren bidez arautuko da.

Deialdi honen aurka errekurtso hauek jartzen ahalko dira:

–Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Nafarroako Parlamentuko Mahaiari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo horretako salan, bi hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Garapenerako sentsibilizazio eta hezkuntzako proiektuetarako dirulaguntzaren eskaera. 2020ko ekitaldia (PDF).

Iragarkiaren kodea: F2007907