163. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 23a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

7/2020 FORU LEGE-DEKRETUA, uztailaren 22koa, zeinaren bidez ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartzen baitira koronarabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

I

2020ko martxoaren 11n, COVID-19 izeneko gaixotasuna dela-eta, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko larrialdi egoera deklaratu zuen, eta nazioarteko garrantzia eman zion.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Deklarazioak Estatuko lurralde osoari eragin zion, hasiera batean hamabost egun naturaleko epean, eta, ondoren, sei luzapen onartu ziren, Diputatuen Kongresuak baimenduta.

Alarma egoera luzatzen duen ekainaren 5eko 555/2020 Errege-dekretuak, 5. artikuluan, xedatzen du normaltasun berrirako trantsizio planean aurreikusitako fase guztiak gaindituz gero, dagozkion probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma egoeran ezarritako neurriak ondoriorik gabe geratuko direla. Gainera, 6. artikuluaren arabera, autonomia erkidegoak dira erabaki dezaketenak, osasun eta epidemiologia irizpideei jarraikiz, beren lurraldeetan 3. fasea gainditu dela eta, horrenbestez, “normaltasun berrian” sartuko direla.

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteei buruzkoak, prebentzio neurriak hartzen ditu osasun krisiaren bukaera ofizialki deklaratzen denera arte. Zentzu horretan, autonomia erkidegoen eskumenen esku uzten du aipatu neurriak ezartzea.

Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratu zen, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurri batzuk eman ziren, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerara egokitzen direla bermatzeko.

II

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txosten bat egin du COVID-19ak Nafarroan duen egoera epidemiologikoari buruz, eta bertan adierazi du uztailaren 9tik aurrera oso modu nabarmenean igo direla konfirmatutako kasu positiboak. Hala, azkeneko 14 egunetan eta azkeneko 7 egunetan metatutako intzidentzia-tasa aurten behatutako aldian (2020ko 20. astetik 29.era) neurtutako altuena izan da.

Uztailaren 20ra arteko datuak (egun hori barne) Estatu osoko datuekin alderatuz gero, 100.000 biztanleko metatutako intzidentzia-tasa guztirakoari erreparatuta, Nafarroa hirugarren erkidegoa da, bai azkeneko 14 egunetan, bai azkeneko 7 egunetan, eta kasu sintomatikoei erreparatuta, berriz, bigarrena, bai azkeneko 14 egunetan, bai azkeneko 7 egunetan.

Azkeneko bi aste hauetan (28. eta 29. asteak) intzidentzia-tasa oso modu nabarmenean igo da 15 urtetik 29ra bitarteko adin tartean (zehazki, % 35 eta % 65, hurrenez hurren). 64 urtetik gorakoak, berriz, % 5 besterik ez dira izan.

Pertsona gehien ukitu duten agerraldiak elkarretaratze sozialen eremuan gertatu dira. Zehazki, kutsatu gehien eragin dituen agerraldia gaueko aisialdiari lotua dago, eta oso jende gazteari eragin dio, kontaktu estuak baitituzte. Horren ondorioz, txostenean adierazten da azkeneko bi asteetan kutsaduren eremu nagusia gizarte eta aisialdiko jarduerei lotua egon dela. 15 urtetik 29ra bitartekoen adin tartean, 28. astean, kasu positiboen % 60 aurretik ezagutzen zen kasu baten kontaktuak dira, eta 29. astean, indize hori % 70era igo da.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ondorioztatzen du egoera epidemiologikoa aldatu dela azkeneko bi asteotan, batez ere azkeneko astean. Horrenbestez, beharrezkotzat jotzen da zenbait prebentzio eta kontrol neurri ezartzea eritasunaren transmisioa murrizteko, batez ere gizarte harremanei eta aisialdiari lotutako inguruneetan.

Hori kontuan hartuta, bidezkoa da presako neurri berariazko batzuk hartzea agerraldiak geldiarazteko eta agerraldi gehiago ez izateko, Nafarroako Foru Komunitateko biztanleen osasun publikoa arriskuan egon daitekeelako. Neurri horien artean, ikuskizun publikoetarako eta josteta jardueretarako lokalen funtzionamendu ordutegia murriztea dago, baita beste lokal batzuena ere (elkarte gastronomikoak eta peñak). Kontuan harturik gaueko aisialdia ez dela jarduera edo establezimendu horietara mugatzen, bidezko da, orobat, neurriak hartzea jende pilaketak saihesteko gaueko aisialdiari lotuta dauden beste mota bateko espazio publikoetan.

Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretuak arautzen du, establezimendu jakin batzuetarako. Foru dekretu horren 2. artikuluak establezimendu horiek irekitzeko eta ixteko ordutegi orokorra arautzen du, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta udalei eskumena ematen die, kasu jakin batzuetan, aldaketak egiteko eta ordutegi bereziak ezartzeko.

Ixteko orduari dagokionez, proposatzen da, oro har, horrelako establezimenduak 02:00etan ixtea. Horrela mugatuko da gazteak kutsatze-fokuen eraginpean egoten diren denbora; izan ere, kolektibo hori da halako establezimendu eta jarduerak gehien erabiltzen dituena.

Ostalaritza eta jatetxe zerbitzuen esparruan, halaber, mugatzen da mahai bakoitzeko edo mahai multzo bakoitzeko gehieneko jende kopurua, hamar lagun biltzen ahalko baitira gehienez. Horrekin batera, mahaien edo mahai multzoen artean pertsonen arteko segurtasun-tartea mantendu beharrari eusten zaio, kontaktua duten pertsonen taldeak mugatzeko eta, horrela, kutsatzeko arriskuak murrizteko.

Era berean, goian adierazi den bezala, beharrezkoa da mugatzea gaueko orduetan bide publikoetan, parke eta plaza publikoetan eta bestelako igarobide publikoetan egiten diren bizikidetza-topaketak eta aisialdiko ospakizunak (“kale-zurruta” deiturikoa eta antzekoak), kontuan hartuta osasun publikoarentzat dakartzaten arriskuak. Izan ere, horrelakoetan, pertsonak kontrolik gabe pilatzen dira eta segurtasun neurriak eta urruntze fisikorako neurriak ez dira betetzen edo malgutzen dira, batez ere gauetan (02:00etatik 06:00ak arte). Ordutegi horietatik kanpora, jarduera hori 10 laguneko taldeetara mugatzen da.

Horrelako jokabideak, eta, horrenbestez, arrisku egoerak beste lokal mota batzuetara eraman ez daitezen (elkarte gastronomikoetara eta peñetara, esate baterako), bidezkoa da horrelakoen jarduera modu berean etetea. Mugatzen dena ez da biltzeko eskubidea, lokal mota batzuen erabilera baizik, aurreikusten baita, establezimendu publikoak eta josteta jarduerak 02:00etan itxiz gero, gaueko aisialdia halakoetara eraman daitekeela.

III

Erreaktibazio ekonomikoari eta enpleguari laguntzeko presako neurriei buruzko uztailaren 3ko 25/2020 Errege Lege-dekretuak neurri bat aurreikusten du zordun hipotekarioak babesteko, zehazki, haien higiezina hotel-jarduera bati, ostatu-etxe turistikoen jarduera bati edo bidaia agentziei atxikia dagoen kasuetarako. Horren ondorioz, hamabi hilabete arteko luzamendua onartzen da zordun hipotekario horiek eta kreditu entitateek sinatutako finantza-eragiketetarako.

Azken xedapen honen bidez, notario-agirien mailaz mailako kuotaren salbuespen araubidea ezartzen zaie hipoteka mailegu eta kredituen luzamenduak eta hipoteka bermerik gabeko errentamenduen luzamenduak formalizatzeko eskriturei, turismoaren sektorearentzako luzamendu hipotekarioa aplikatzearen ondorioz gertatzen direnean, horrela, zorrak luzatzeko neurri horiek hartzea erraztu eta sustatu nahi baita.

IV

Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren lehenengo artikuluan xedatzen da, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Ildo berean, azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren arloan pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoak, 6.2 artikuluan xedatzen du ezen, transmititzekoak diren gaixotasunak kontrolatzearren, prebentzioko ekintza orokorrak egiteaz gainera, behar diren neurriak hartzen ahalko direla gaixotasuna duten pertsonak, haiekin harremanetan egon direnak eta haien hurbileko ingurunea kontrolatzeko, bai eta transmititzeko arriskua dela-eta beharrezkotzat jotzen diren neurriak ere, haien premiari buruzko ebidentzia zientifikoaren arabera.

Hori horrela, gaur den egunera arte, zenbait neurri hartu dira, bai Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko Erabakiaren bidez, baita Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduaren bidez eta uztailaren 17ko 35/2020 Foru Aginduaren bidez, non prebentzio neurri batzuk ezarri baitira, hurrenez hurren, COVID-19ak eragindako osasun krisiak iraun bitartean Nafarroako Foru Komunitatean maskarak erabiltzeari dagokionez eta aisialdiko etxabe, pipero edo antzeko lokalei dagokienez. Egungo egoera ikusita, beharrezkoa da, osasun arrazoiengatik, beste neurri batzuk hartzea establezimendu batzuk eta elkarte gastronomiko eta peñak ixteko ordutegiak mugatzeko, deusetan galarazi gabe, osasun egoeraren bilakaera ikusita, osasun arloko agintariek, arau honetan eta osasun arloko eta osasun publikoaren arloko araudian jasotako gaikuntza erabiliz, beste neurri osagarri batzuk hartu ahal izatea transmisioaren arriskua gutxitzeko eta sor daitezkeen agerraldiak ugaltzen ez direla bermatzeko, hori guztia horren gaineko ebidentzia zientifikoarekin bat etorriz.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko uztailaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege-dekretu honen xedea da ohiz kanpoko presako prebentzio neurri batzuk hartzea koronabirusak (COVID-19ak) eragindako osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren, ikusi baita egun hauetan epidemiak bilakaera okerra hartu duela Nafarroako Foru Komunitatean.

I. TITULUA

Ohiz kanpoko neurriak gaueko aisialdiaren esparruan

2. artikulua. Ikuskizun publikoetarako eta josteta jardueretarako establezimendu batzuk ixteko ordutegia mugatzea.

1. Tabernak, kafetegiak, jatetxeak, taberna bereziak, ikuskizunetarako kafetegiak, josteta aretoak, ziberzentroak, bingo aretoak, joko aretoak, kirol aretoak, diskotekak eta dantzalekuak 02:00etan itxi beharko dira. Ixteko ordu hori ezin da atzeratu, eta ordu horretarako lokala jenderik gabe egon beharko da.

2. Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duen irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretuaren 2. artikuluko 2. apartatuaren arabera establezimendu batzuei ixteko ordua atzeratzeko ematen zaien baimena bertan behera uzten da. Eten egiten dira, orobat, 201/2002 Foru Dekretu horren 6.2 artikuluan xedatutakoaren babesean emandako baimenak (ordutegi berezia izatekoak), eta, gainera, ezin da horrelako baimen gehiagorik eman.

3. Terrazak eta hanka bakarreko mahaietarako guneak ixteko ordutegia ezin da artikulu honen 1. apartatuan ezarritako ordutik haratago eraman.

4. Aldi baterako instalazioetan eta instalazio eramangarri edo desmuntagarrietan egiten diren ikuskizun publikoek eta josteta jarduerek artikulu honen 1. apartatuan ezarritako ixteko ordutegia bete beharko dute.

3. artikulua. Elkarte gastronomikoen eta peñen jarduera mugatzea.

Elkarte gastronomikoak eta peñak erabili gabe egonen dira 2:00etatik 6:00ak arte.

4. artikulua. Mahai bakoitzeko edo mahai multzo bakoitzeko gehieneko okupazioa.

Ostalaritzaren eta jatetxe zerbitzuen esparruan, pertsonen arteko segurtasun tartea gorde beharko da mahaien edo mahai multzoen artean. Gehienez 10 pertsonak osatutako talde batek okupatzen ahalko du mahai bat edo mahai multzo bat, salbu eta denak bizikideak badira.

5. artikulua. Espazio publikoetan egiten diren bizikidetza-topaketak eta aisialdiko ospakizunak mugatzea.

1. Tokian tokiko udal ordenantzetan jasotzen diren berariazko debekuak deusetan galarazi gabe, debeku da bide publikoetan, parke eta plaza publikoetan eta bestelako igarobide publikoetan bizikidetza-topaketak eta aisialdiko ospakizunak egitea (botila-festak izenekoak eta antzekoak) 2:00etatik 6:00ak arte.

2. Aurreko apartatuan ezarritako ordutegitik kanpora, horrelako jarduerak gehienez 10 laguneko taldeentzat mugatzen dira, betiere segurtasun-tartea utzita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Eraginkortasuna.

Foru lege-dekretu honen I. tituluan ezarritako neurriek 15 egun naturaleko indarraldia izanen dute, indarra hartzen duen unetik aurrera, balizko luzapenak deusetan galarazi gabe.

Bigarren xedapen gehigarria.–Osasun agintarientzako gaikuntza, osasunaren eta osasun publikoaren araudiarekin bat.

1. Gaikuntza ematen zaio Osasun Departamentuko titularrari foru lege-dekretu honen 1. tituluan ezarritako neurrien indarraldia luzatzeko, 15 egun naturaleko luzapenak aginduz, baldin eta horretarako justifikazioa osasun egoeraren bilakaera baldin bada, eta, betiere, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak horren gainean eman beharreko txostenean ezartzen duenarekin bat.

2. Gaikuntza ematen zaie Osasun Departamentuko titularrari eta Osasun Zuzendaritza Nagusiko titularrari ikuskizun publikoetarako eta josteta jardueretarako establezimendu iraunkorrak ixteko ordutegiak murrizteko, baldin eta horretarako justifikazioa osasun egoeraren bilakaera baldin bada eta neurriak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoari eragiten badio.

3. Gaikuntza ematen zaie toki entitate bakoitzean eskumena duten organoei ikuskizun publikoetarako eta josteta jardueretarako establezimendu iraunkorrak ixteko ordutegiak murrizteko, baldin eta horretarako justifikazioa osasun egoeraren bilakaera baldin bada eta neurriak beren lurralde eremuari eragiten badio.

4. Gaikuntza ematen zaie osasun arloko agintariei behar diren aldi baterako neurri osagarriak har ditzaten lokalizatuak dauden agerraldien hedapena saihesteko. Neurri horiek, betiere, proportzionalak izanen dira, eta ezinbestekoa den denboran aplikatzekoak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzea.

Paragrafo bat gehitzen zaio Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 35.I.B).26 artikuluari (apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina), testu hau izanen duena:

“Mailaz mailako kuota hori aplikatzetik salbuetsita gelditzen dira, orobat, hipoteka mailegu eta kredituen luzamenduak eta hipoteka bermerik gabeko errentamenduen luzamenduak formalizatzeko eskriturak, turismoaren sektorearentzako luzamendu hipotekarioa aplikatzearen ondorioz gertatzen direnean (uztailaren 3ko 25/2020 Errege Lege-dekretuaren 3. artikulutik 9.era bitartekoetan arautua).”

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege-dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko uztailaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2007954