162. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

111E/2020 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi hau onesten baita 2020rako: “InDemand: osasun arloa berritzea beharretatik abiatuta”. DDBN identifikazioa: 512891.

InDemand Europako proiektu bat da, Horizonte 2020 programaren bidez finantzatzen dena eta helburu duena eredu berri bat garatzea, zeinean erakunde sanitarioek eta enpresek osasun digitaleko irtenbideak ematen baitituzte eskualde mailako funts publikoen laguntza ekonomikoarekin. Enpresek elkarrekin batera garatzen dituzte irtenbide horiek, osasungintzako profesionalek aldez aurretik hautemandako beharrak asetzeko. Baterako garapena metodo bat da, zeinaren bidez ideiak modu bateratuan sortzen eta baliozkotzen diren, eta prozesu horretan parte duten eragile guztiei aitortzen zaie balioa gehitzeko duten gaitasuna, produktu, prozesu edo zerbitzu bat sortzerakoan. Garapen jarduera bat da, erabiltzaileekin edo adituekin batera gauzatzen dena. Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroaren eta Nafarroaren Garapen Sozietatearen (SODENA) laguntza izanen du baterako garapen eta baliozkotze planak.

Hiru eskualde pilotuk hartzen dute parte proiektuan: Murtzia (Espainia), Oulu (Finlandia) eta Parisko Ille de France (Frantzia). Proiektuaren helburua da probatzea eredua jasangarria den eta Europako beste eskualde batzuetan errepika daitekeen; ispilu eskualde edo “mirror regions” deritze eskualde horiei, eta, osotasunean, InDemand komunitate gisa izendatzen dira. Nafarroak ispilu eskualde gisa hartzen du parte InDemand komunitatean.

Deialdi honen esparruan, 4 proiektu pilotu lagunduko dira diruz. Proiektu horiek ingurune erreal batean garatu eta baliozkotuko dute erronka hauetako bakoitzerako proposatutako irtenbide digitala:

–1. erronka: KonektaSOS. Komunikazio-sistema hobetzea larrialdien kudeaketan parte hartzen duten eragileen artean.

–2. erronka: NireZentroa. Kanal berri bat abian jartzea, oinarrizko osasun-laguntzako osasun zentroak erabiltzaileekin komunikatzeko.

–3. erronka: EbaHelp. Laguntza ematea ebakuntza-gelan ari diren erizain instrumentistei, asistentzia-jardueran efizienteagoak izateko.

–4. erronka: UMD360. Minbizi ginekologikoa duten pazienteei zuzendutako aplikazioa, behar den informazio guztia emanen duena gaixotasuna eta agindutako tratamenduak ezagutzeko eta horien ondorioen jarraipena egiteko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak, foru legea baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea laguntza hauen deialdia 2020rako: “InDemand: osasun arloa berritzea beharretatik abiatuta”

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G20001-G2100-7701-467300: Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako dirulaguntzak

2021

120.000 euro

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2020ko ekainaren 25ean.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen xedea da lau irtenbide digital berritzaile garatzen eta baliozkotzen laguntzea, osasun sisteman identifikatutako berrikuntza erronkei erantzuteko.

Parte-hartze prozesu bat abiarazi da H2020 InDemand proiektu europarraren metodologiari jarraituz, eta 4 erronka berritzaile identifikatu dira, zenbait talde sustatzailek proposatutakoak. Erronka horiek garatzea izanen da laguntza hauen xedea.

2. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

1. 4 proiektu pilotu lagunduko dira diruz. Proiektu horiek ingurune erreal batean garatu eta baliozkotuko dute erronka hauetako bakoitzerako proposatutako irtenbide digitala:

–1. erronka: KonektaSOS. Komunikazio-sistema hobetzea larrialdien kudeaketan parte hartzen duten eragileen artean.

–2. erronka: NireZentroa. Kanal berri bat abian jartzea, oinarrizko osasun-laguntzako osasun zentroak erabiltzaileekin komunikatzeko.

–3. erronka: EbaHelp. Laguntza ematea ebakuntza-gelan ari diren erizain instrumentistei, asistentzia-jardueran efizienteagoak izateko.

–4. erronka: UMD360. Minbizi ginekologikoa duten pazienteei zuzendutako aplikazioa, behar den informazio guztia emanen duena gaixotasuna eta agindutako tratamenduak ezagutzeko eta horien ondorioen jarraipena egiteko.

II. eranskinean dago erronka bakoitzaren deskribapen zabalagoa.

2. Proposatutako irtenbideek erronka bakoitzaren baldintza funtzionalak bete beharko dituzte, eta laguntzen fitxan argitaratuko dira, eskaerak aurkezteko epea ireki baino lehen.

3. Zortzi hilabeteko epea egonen da jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori luzatzen ahalko da, bi hilabete gehienez; horretarako, aldez aurretik eskaera egin eta Osasunaren arloko I+G+b Atalaren baimena eskuratu beharko da, organo hori baita laguntzen kudeatzailea.

3. oinarria. Entitate onuradunak.

1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen diren jarduerak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, bat etorriz Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin.

d) Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

2. Ezin izanen dira onuradun izan Europako Batzordearen aitzinetiko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden entitateak, erabaki horrek laguntza bat jotzeagatik ilegaltzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat, ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

4. Laguntzen eskabidearekin batera, entitate eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko.

4. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako gastu hauek ordainduko dira laguntzekin:

a) Langileen gastuak; diruz laguntzen ahal den gehieneko kostua 40 eurokoa izanen da orduko.

b) Proiektuan erabilitako materialak, bai eta ekipamendu txikia eta lizentzia informatikoak ere.

c) Kanpoko zerbitzuei dagozkien gastuak; ezin izanen dute gainditu diruz lagundutako aurrekontuaren %50.

2. Emandako zenbatekoa gastu diruz lagungarrietako edozein ordaintzeko erabiltzen ahalko da, erronkaren beharren arabera, aurreko puntuan adierazitako mugekin betiere.

3. Baldin ekipamenduko ondasunengatiko edo zerbitzuak emateagatiko gastu diruz lagungarrietakoren bat bada 12.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo), justifikatu beharko da hornitzailea hautatzeko efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatu direla. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik.

5. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa.

30.000 euroko gehieneko laguntza emanen da onuradun eta erronka bakoitzeko, eta gertatzen ahal da enpresa bera erronka bat baino gehiagoren onuradun izatea.

6. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta bukatuko da hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da nahitaez.

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Entitate eskatzaile bakoitzak eskaera bat aurkeztuko du lehiatzen den erronka bakoitzerako, eta ez da mugarik izanen lehiatzeko erronka kopuruari dagokionez.

4. Honako hau da laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Eskabide telematikoa.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, 3.4 eta 15. oinarrietan aipatutakoa.

c) Erronka garatzeko proposamenaren memoria teknikoa.

d) Proposamenaren memoria ekonomikoa.

Dokumentazio guztia eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, laguntzak kudeatzen dituen organoak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin izanen da inondik inora zuzendu.

7. oinarria. Norgehiagoka.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, erronka bakoitzerako aurkeztutako proposamenak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

8. oinarria. Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

a) Proposatutako irtenbidearen bikaintasuna

30

b) Irtenbideak izan dezakeen eragina

10

c) Lanerako plana

20

d) Lantaldea

10

e) Jasangarritasuna merkataritzaren arloan

30

GUZTIRA

100

a) Proposatutako irtenbidearen bikaintasuna honako hauei dagokienez:

–Kontzeptuaren koherentzia eta sendotasuna: proposamenaren anbizioa; berrikuntzarako ahalmena; garapenari egiten dion ekarpena artearen egoeratik haratago; berrikuntzarako ahalmena hobetzeko gaitasuna; transferitzeko ahalmena. 10 puntu gehienez.

–Proposatutako irtenbidea bat etortzea InDemand erronkaren irismenarekin eta deskribatutako baldintza funtzionaletara egokitzea. 10 puntu gehienez.

–Planteatutako irtenbidearen bideragarritasuna eta bikaintasun teknologikoa. 10 puntu gehienez.

b) Irtenbideak izan dezakeen eragina: proposatutako helburuen eta emaitza-adierazleen argitasuna eta egokitasuna. 10 puntu gehienez.

c) Lanerako plana, hauei dagokienez:

–Lanerako planaren bideragarritasuna eta koherentzia, hauetan oinarrituta: irtenbidearen garapen teknologikoaren maila, kronograma eta proposatutako aurrekontua. 10 puntu gehienez.

–Baterako garapen prozesuaren intentsitatea: baterako garapen prozesuari emandako garrantzia, helburuei eta erabilitako bitartekoei dagokienez. 10 puntu gehienez.

d) Lantaldea: proposatutako taldearen egokitasuna, esperientziari eta gaitasunari dagokienez. 10 puntu gehienez.

e) Jasangarritasuna merkataritzaren arloan, hauei dagokienez:

–Merkatuaren eta merkaturatze-estrategiaren deskribapena: proposatutako negozio-ereduaren sendotasuna, xede-merkatuaren tamaina eta merkaturatze-estrategiaren kalitatea. 10 puntu gehienez.

–Merkataritza potentziala: jabetza intelektual eta industrialeko eskubideak babesteko estrategia, garapen- eta merkaturatze-planaren efizientzia eta planteatutako onura ekonomikoen irismena. 10 puntu gehienez.

–Enpresaren konpromisoa: enpresaren gaitasun teknologikoa eta enpresak irtenbidea merkaturatzeko duen interesa. 10 puntu gehienez.

2. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, a) irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da. Berdinketak jarraituz gero, hurrengo apartatuetan lortutakoa hartuko da kontuan, berdinketa desegin arte.

9. oinarria. Kide anitzeko organoaren osaera.

1. Eskaerak ebaluatzeko ardura duen kide anitzeko organoa, oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat, honela osatuko da:

–Osasunaren arloko I+G+b Ataleko burua, zeina buru izanen baita.

–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko Osasun Teknologien Zerbitzuko pertsona bat.

–Osasun Zuzendaritza Nagusiko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko pertsona bat.

–Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroko (CEIN) pertsona bat.

–Osasun Departamentua-Navarrabiomedeko Osasun arloa Berritzeko Unitateko pertsona bat.

–Nafarroaren Garapen Sozietateko (SODENA) pertsona bat.

2. Kide anitzeko organo horren irizpena loteslea izanen da laguntzak kudeatzen dituen organoarentzat. Ebaluazioa ikusirik, organo horrek ebazpen proposamena aurkeztuko du.

10. oinarria. Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak.

Ebazpen proposamenak honako hau jasoko du, gutxienez:

a) Erronka bakoitzerako dauden entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuen hurrenkeran, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusiak izanen du dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, laguntzak ematen ahalko zaizkie eskatzaileei, proposamenak baloratzeaz arduratzen den kide anitzeko organoak egindako puntuazioari jarraikiz.

11. oinarria. Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek hiru hilabeteko epea izanen dute gehienez diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko, zeina zenbatzen hasiko baita diruz lagundutako jarduera bukatzen denetik. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntza fitxen bidez:

a) Erronka bakoitza gauzatu dela dioen txostena, lortutako emaitzen deskribapen zehatzarekin.

b) Garatutako prototipoa:

a. Dokumentazioa:

I. Irtenbidearen analisi funtzionala eta dokumentazio teknikoa edo diseinu logiko eta fisikoa (E/R eredua, taulen diseinua, konposatua, etab.).

II. Sistemetarako dokumentazioa: instalatzeko prozedura, aplikazioaren hardware eta software baldintzak.

III. Erabiltzailearen eskuliburua.

IV. Garapenerako erabilitako tresnen deskribapena, “frameworks” delakoak, etab.

b. Garatutako softwarearen iturriak.

c) Justifikazio kontua, fakturekin eta gastuen frogagiriekin batera. Jarduketak gauzatzeko izandako gastuen zerrenda zehatza, bai eta lortutako diru-sarrerena ere, halakorik bada.

d) Kasua bada, hornitzailea 4.3 oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

2. Onuraduna behartua dago organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, jardueren finantzaketa justifikatzeko.

12. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxaren bidez, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, hain zuzen ere irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautzen dena, aipatu laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Informazioa emateko betebeharra, 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatzen duena, urratuz gero, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Diruz lagundutako jarduerak egitea eta justifikatzea oinarri hauetan ezarritako moduan.

c) Aipatzea, oro har bere webgunean eta antzeko euskarrietan, Nafarroako Gobernuaren finantzaketa, bai eta InDemand proiektuan izandako parte-hartzea ere.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako bat betetzen ez bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, aldez aurretik kobratutakoa itzuli beharko da edo, kasua bada, osorik itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

13. oinarria. Baterako garapen prozesuan parte hartzea.

Laguntzen onuradun diren enpresek konpromisoa hartzen dute baterako garapen prozesu batean parte hartzeko erronkaren talde sustatzailearekin eta hura ingurune erreal batean baliozkotzeko.

Baterako garapena metodologia bat da, zeinaren bidez ideiak modu bateratuan sortzen eta baliozkotzen diren, prozesu horretan parte hartzen duten eragile guztiei aitortuz balioa gehitzeko duten gaitasuna, produktu, prozesu edo zerbitzu bat sortzerakoan. InDemanden esparruaren barnean, baterako garapen prozesua eginen da erronkaren talde sustatzailearen eta laguntzaren onuraduna den enpresaren artean, eta laguntza emanen diete Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroak eta SODENAk, bai eta Osasun Departamentua-Navarrabiomedeko Osasun arloa Berritzeko Unitateak ere.

Baterako garapen prozesuan, baterako lan-saioak aurreikusten dira, helburu hauekin:

–Eremu funtzionala eta irtenbidearen azken baldintza teknikoak asmatzea eta elkarrekin definitzea.

–Prototipo funtzionalak berrikustea eta probatzea.

–Metodologia diseinatzea eta ebaluatzea.

–Prototipoa ingurune erreal batean baliozkotzeko prozedura.

–Enpresa onuradunari laguntza-zerbitzuak ematea diruz lagundutako irtenbidearen enpresa garapenari laguntzeko.

14. oinarria. Laguntzaren ordainketa.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

2. Ordaintzeko ebazpenak gehienez ere sei hilabeteko epean emanen dira, 11. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, betiere onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeak aurkezten badituzte.

Aurreratutako dirulaguntzaren justifikazioa 11. oinarrian adierazitako moduan eginen da.

15. oinarria. Laguntzen araubidea.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua (2013ko L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko aldian emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpenean, interesdunek aitortuko dituzte kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak.

16. oinarria. Dirulaguntzen bateragarritasuna eta laguntzak pilatzea.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin, emaileak izanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, beste administrazio publiko batzuk, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuk edo partikularrak, nazionalak nahiz atzerrikoak.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

17. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Osasunaren arloko I+G+b Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako zenbatekoak.

18. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Erronken deskribapena

1. erronka: KonektaSOS.

KonektaSOS erronkak proposatzen du komunikazio-sistema hobetzea larrialdi-zerbitzuen kudeaketan parte hartzen duten eragileen artean, zehazki hauen artean: bizi euskarri aurreratuko anbulantziak (ASVA), larrialdiak koordinatzeko zentroa (SOS Nafarroa) eta Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdietako triaje-taldea.

Telefoniarako komunikazio-aplikazio bat garatuko da, ahotsarekin, datuekin eta irudiekin, aukera emanen duena koordinazioa eta erantzun-denborak bizkortzeko honako hauen artean: bizi euskarri aurreratuko anbulantziak (ASVA), larrialdiak koordinatzeko zentroa (SOS Nafarroa) eta Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdietako triaje-taldea; horretarako, informazioa protokolizatu eta estandarizatuko da gertaeraren lekutik beretik SOS Nafarroako mediku koordinatzailea dagoen lekuraino, eta handik, ospitaleetako larrialdi zerbitzuetaraino. Sistema berriak larrialdien batez besteko erantzun denbora hobetuko du, bai unitate asistentzialetan bai ospitaleko triajean, eta eragin berezia izanen du denboraren mendeko larrialdi eta prozesuetan.

Larrialdien eta Osasun Garraioaren Atalak proposatu du komunikazio-sistema berri hori. Atal hori dago Larrialdien eta Osasun Garraioaren Atalean, Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetza eta Hil ala Biziko Larrialdiei Arreta emateko Zuzendaritza Teknikoan, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzan. Horren garapenean, diziplina anitzeko lantalde batek hartuko du parte: Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdi Zerbitzuko langileak, Iruñerriko Ospitalez kanpoko Larrialdien Zerbitzuko langileak eta ASVA zerbitzukoak.

Tuterako eta Lizarrako osasun barrutietako larrialdien kudeaketara ere heda liteke KonektaSOS, baldin eta onartzen badute Tafallako, Tuterako eta Lizarrako ASVA unitateek eta Reina Sofía eta García Orcoyen ospitaleetako larrialdi-zerbitzuek.

2. erronka: EbaHelp.

EbaHelp irtenbideari esker, efizienteagoa izanen da ebakuntza-gelan ari diren erizain instrumentisten asistentzia-jarduera; izan ere, chatbot zerbitzu baten bidez, azkar eta seguru eskuratuko dute beharrezkoa den informazioa: teknika kirurgikoak, tresneriaren lokalizazioa edota laguntza-baliabideak (bideoak, argazkiak). Tresna horri esker, kirurgia-denborak murriztuko dira eta pazientearen segurtasuna handituko da, informazioa modu zehatzagoan eta azkarrago eskuratu ahal izanen baita.

Nafarroako Ospitaleguneko B Bloke Kirurgiko Orokorraren Zerbitzuak proposatu du irtenbidea, eta, nahiz eta hasiera batean garatuko den kontuan hartuta traumatologia espezialitateko ebakuntza-gelan diharduten langile instrumentisten beharrak, Nafarroako 3 ospitaleetako kirurgia- eta larrialdi-zerbitzu guztietara zabal daiteke. Irtenbide honen garapenean beste talde batzuek ere hartuko dute parte, hain zuzen ere Nafarroako Ospitaleguneko Osasun Zainketen Zuzendaritzakoek eta Larrialdi Orokorretarako Zerbitzukoek.

3. erronka: NireZentroa.

NireZentroak proposatzen du komunikazio-kanal berri bat abian jartzea oinarrizko osasun-laguntzako osasun zentroen eta erabiltzaileen artean. Zehazki, mezularitza mugikorreko zerbitzu bat (SMS), beren borondatez atxikitako pazienteei eta erabiltzaileei zuzendua, zeinaren bidez gogoraraziko eta/edo berriz esleituko baitira kontsultak, hitzorduak eta osasun probak, eta zeinaren bidez kudeatuko baitira informazio-kanpainak, zentroaren antolaketan eta funtzionamenduan izandako berrikuntzei buruzkoak, osasun-kanpaina aktiboak, osasun-alertak eta zentroko jarduera-agenda.

Zerbitzu berri honen garapena Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuak proposatu du (O-NOZeko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza). Zerbitzu berriaren helburua da komunikazioa hobetzea osasun zentroen eta beren paziente eta erabiltzaileen artean, eta, hala, huts egindako hitzorduen kopurua murriztea eta transmititutako informazioaren kalitatea eta egokitasuna handitzea. Azken finean, herritarrek beren osasun zentroekin duten hurbiltasunaren pertzepzioa hobetzea espero da. Irtenbide berria Nafarroako osasun zentro guztietan ezar liteke.

4. erronka: UMD360.

UMD360 aplikazio berri bat izanen da, minbizi ginekologikoa duten pazienteak ahaldunduko dituena, informazio zehatza emanen baitie hauei buruz: diagnostikoa eta tratamendua; gomendioak eta alerta-seinaleak arazoei aurrea hartzeko; bigarren mailako ondorioak kirurgiaren, erradioterapiaren edo kimioterapiaren ondoren; gomendioak eta alertak; jarraipena eta zalantzak kontsultatzea, etab. Aplikazio horri esker, pazienteak behar den informazio guztia izanen du gaixotasuna eta agindutako tratamenduak ezagutzeko, eta horien ondorioen jarraipena egiteko, bai eta alarmarako seinale eta sintomak zehazteko ere, lehentasunezko kontsulta eskatzeko.

Hala, aplikazioak modu koordinatuan eta integratuan helaraziko du minbizi ginekologikoa duten emakumezkoei ematen zaien osoko arretari buruzko informazioa, prozesuak eta protokoloak, hain zuzen ere Minbizi Ginekologikoaren Diziplina Anitzeko Unitatean (UMDCG) gauzatzen direnak, unitate horrek hartzen baititu patologia horiek dituzten Nafarroako paziente guztiak. Unitatea osatzen duten medikuak eta erizainak zerbitzu hauetakoak dira: Ginekologia, Onkologia Medikoa, Onkologia Erradioterapikoa, Anatomia Patologikoa eta Erradiologia. Noizean behin, beharren arabera, beste zerbitzu hauei ere eskatzen zaie laguntza: Nutrizioa eta Dietetika, Kirurgia Orokorra, Urologia, Kirurgia Plastikoa, Anestesia, Psikoonkologia, Errehabilitazioa, Medikuntza Nuklearra...

Aplikazioa onuragarria izanen da Minbizi Ginekologikoaren Diziplina Anitzeko Unitateko (UMDCG) 200 pazienterentzat baino gehiagorentzat; hala ere, aplikazio hori diziplina anitzeko beste bi unitatetan ere erabil daiteke: koloneko eta ondesteko minbizia eta biriketako minbizia. Urtean 800 paziente baino gehiago izaten dituzte.

Iragarkiaren kodea: F2006857