161. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

114E/2020 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, “Laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako 2020ko dirulaguntzak” emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 512424.

Nafarroako Lan Osasunaren III. Planean (2015-2020), funtsezko helburua da langileen lan osasuna hobetzea eta laneko ezbeharrak murriztea. Horretarako, enpresetako laneko ekipoen eta lantokien baldintza materialak hobetu behar dira, besteak beste.

Horregatik, helburu hori lortzeko dirulaguntzak emateko deialdia egiten da, Nafarroan lantokiak eduki eta 150 langile baino gutxiago enplegatzen dituzten enpresek inbertsioak egin ditzaten laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko.

Osasunaren Munduko Erakundeak, 2020ko martxoaren 11n, nazioarteko pandemia deklaratu zuen COVID-19ak osasun publikoan eragin duen larrialdi egoera. Horren ondorioz, enpresek beren espazioak egokitu behar izan dituzte langileen segurtasun eta osasun neurriak bermatzeko. Hori horrela, aurtengo deialdian lehentasuna ematen zaie enpresek arrisku horiei aurre egiteko egiten dituzten inbertsioei.

Nafarroako Gobernuaren 2020ko otsailaren 12ko Erabakiaren bidez, baimena eman zen dirulaguntza hori banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz

EBAZTEN DUT:

1. Laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako 2020ko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen gastuei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810001 81500 7709 494100 Laneko Osasunaren Plana gauzatzeko inbertsioak

2020

250.000

810001 81500 7709 494100 Laneko Osasunaren Plana gauzatzeko inbertsioak

2021

250.000

2020rako baimendu den gastutik, 150.000 euro bideratuko dira COVID-19aren ondorioz sortu diren segurtasun eta osasun arriskuak zuzentzeko inbertsioetarako, ebazpen honen eranskineko 3.1.1.j) oinarrian definitzen direnetarako. Beste 100.000 euroak gordeko dira 3. oinarrian ezartzen diren gainerako inbertsio diruz lagungarrietarako. Jarduketa baten eskaera guztiei erantzun ondoren, dirua soberan gelditzen bada, beste jarduketetako bat finantzatzeko erabiltzen ahalko da, horiek aurkeztu diren ordenan, aurrekontuan horretarako dagoen kreditua amaitu arte.

2021. urtean baimendu den gastua diruz lagungarriak diren inbertsio guztietarako izanen da, aurkezpenaren ordenaren arabera eta horretarako dagoen kreditua amaitu arte.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 24an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza honen xedea besteren konturako langileen segurtasuna eta osasuna sustatzea da, laneko ezbeharrak murrizteko. Hartara, beharrezkoa da enpresetako laneko ekipoen eta lantokien baldintza materialak hobetzea.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradunak izaten ahalko dira besteren konturako langileak kontratatuta dauzkaten enpresa pribatuak, dirulaguntza eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituztenak:

a) Inbertsio diruz lagungarriak eginak edo egitekoak izatea enpresak Nafarroan dituen lantokietan.

b) 150 langiletik behera izatea. Horretarako, lan unitateen (UTA) kopurua hartuko da kontuan, hau da, enpresan lan egiten duten edo haren kontura lanaldi osoan eta urte guztian ari direnen kopurua. Urte osoan lan egiten ez dutenen edo lanaldi partzialean ari direnen lana UTAren zatiki gisa kontatuko da, eta deialdia argitaratu aurreko urtea hartuko da kontuan.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso astun bat edo bi falta astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea departamentuak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena eginen du eskatzaileak eskabide-orrian. Halere, Administrazioak ahalmena izanen du jaso dituen aitorpen edo adierazpenen egiazkotasuna ikertzeko.

3. Hauek ez dira onuradun izaten ahalko: langile autonomoak, administrazio publikoak, enpresa edo sozietate publikoak eta sektore publiko instituzionala.

3. oinarria.–Inbertsio diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira bi aldi hauetako batean ordaindu diren inbertsioak:

–2020ko urtarrilaren 1etik azaroaren 2ra, 2020ko aurrekontuen kontura diruz lagundu direnak.

–2020ko azaroaren 3tik 2021eko azaroaren 2ra, 2021eko aurrekontuen kontura diruz lagundu direnak.

Diruz lagundu beharreko aurrekontua 1.000 eurokoa izanen da gutxienez (BEZa kanpo).

Kapital finkoko inbertsioetara mugatuko dira, betiere enpresak berak erabiltzeko badira, saldu edo errentan emateko eskuratutakoak bazter utzita, eta haien behar prebentiboa enpresaren arriskuen ebaluazioan adierazten bada eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak aipatzen duen jarduera prebentiboaren plangintzan jasotzen bada. Oinarri honen 1.1.j letraren kasu zehatzerako, beharra kontingentzia plan batean bilduta egotearen posibilitatea aintzat hartzen da.

Inbertsioak hiru motatakoak izaten ahalko dira:

1.1. Laneko ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzeko inbertsioak.

1.2. Inbertsioak lantokietan.

1.3. Lanpostuak egokitzea.

1.1. Laneko ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzeko inbertsioak:

a) Segurtasun gabeziak dituzten laneko ekipoak edo makinak erabat egokitzea uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan aurreikusitako xedapenetara. Errege dekretu horretan segurtasun eta osasun xedapen gutxienekoak ezartzen dira langileek laneko ekipoak erabiltzeko.

b) Segurtasun gabeziak dituzten makinen ordez CE marka duten beste baliokide batzuk jartzea, betiere egokitzapenaren kostua makina berria eskuratzearen %40 baino handiagoa bada. Aukera horrek nahitaez makina kentzea ekarriko du.

c) Normalizatuta ez dauden obrako aldi baterako lanak egiteko aldamioak, koadro elektrikoak (obretarako multzoak (CO)) eta ertzetako aldeak babesteko behin-behineko sistemak ordeztea UNE arau zehatzak betetzen dituzten beste batzuekin. Aukera horrek ordeztutako ekipoak nahitaez kentzea ekarriko du.

d) Pertsonentzako igogailuak edo plataforma igotzaile mugikorrak (PEMP) eskuratzea, baldin makinak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituen urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinaren 17. atalean aipaturikoak badira.

e) Laneko makinak edo ekipoak egokitu edo eskuratzea, irizpide ergonomikoak kontuan harturik, gihar-hezurretako arazoen prebentziorako. Ez dira dirulaguntzaren xedea bulegoko altzariak eta osagarriak.

f) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, osasunerako arriskutsuak diren eragile kimikoen esposizioko arriskua murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna agente kimikoekin lan egiteak dituen arriskuen kontra babesteari buruzko apirilaren 6ko 374/2001 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluaren a) eta b) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: eragile kimikoak girora irten edo hedatzea galarazten duten ekipoak erabiltzea, baita aireztapena eta erauzketa lokalizatua errazten dituztenak ere.

g) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei zarataren esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna zaratarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzko martxoaren 10eko 286/2006 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluaren a), b), c) eta e) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: ekipo zaharrak ordeztea zarata maila apalagoko beste batzuekin, lantokien eta lanpostuen antolamendua eta kontzepzioa, baita zarataren murrizte teknikoa ere.

Ez dira dirulaguntzaren xedea lan metodoen antolaketa aldaketak.

h) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei bibrazioen esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna bibrazio mekanikoen esposizioarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzko azaroaren 4ko 1311/2005 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluaren a), b), c) eta e) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako kasu hauek sartzen dira: ekipo zaharrak ordeztea bibrazio maila apalagoko beste batzuekin, ekipo lagungarriez hornitzea, hala nola bibrazioaren kontrako aulkiak edo kirtenak, lantokien eta lanpostuen antolamendua eta kontzepzioa, baita bibrazioen murrizketa teknikoa ere.

Ez dira dirulaguntzaren xedea lan metodoen antolaketa aldaketak.

i) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei eragile biologikoen esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Lanean agente biologikoen eraginpean egotearekin zerikusia duten arriskuen aurka langileak babesteari buruzko maiatzaren 12ko 664/1997 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluaren a) eta d) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: bioerreaktoreak eta III motako segurtasun biologikorako kabinak eskuratzea; erauzketa lokalizatuak edo aireztapen orokorrerako neurriak jartzea.

Ez dira dirulaguntzaren xedea lan metodoen antolaketa aldaketak eta norbera babesteko neurriak.

j) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran edo zabaltzeko bitartekoan aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileak SARS-CoV-2 birusarekin ahalik eta gutxien kutsa daitezen, Osasun Ministerioak ezartzen dituen jarraibideekin bat.

Sartzen dira, besteak beste, eskuz irekitzen diren ateak egokitzea edo ordeztea; sarbide-kontroleko sistemak aldatzea, banaketarako barrera fisikoak (itxiturak) erostea, efektu biruzida duten alfonbrak erostea, bide-seinaleak.

Honako hauek ez dira dirulaguntzen xede izanen:

–Lan ekipoak edo makinak erostea lokalak eta materialak desinfektatzeko eta giza higienerako, ebidentzia zientifiko-teknikorik ez badago COVID-19aren gainean eraginkorrak ote diren (Osasun Ministerioak baimentzen ez dituen biruzidak erabiltzen dituzten makinak edo ekipoak).

–Lan ekipoak edo makinak erostea lokalak eta materialak desinfektatzeko edo pertsonen garbiketarako.

–Garbiketa edo desinfekzio gaiak eta antiseptikoak erostea.

–Maskara higienikoak, maskara kirurgikoak edo norbera babesteko ekipamenduak erostea.

1.2. Inbertsioak lantokietan:

a) Lantokietan dauden arriskuen aurrean segurtasuna emateko esku-hartzeak, Lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituen apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 2.etik 8.era arteko apartatuekin eta 13.arekin bat.

Ondoko hauek ez dira dirulaguntzaren xedea: egiturazko segurtasuna, esku-eskailerak, ebakuazio bide eta irteerak, suteen kontrako babes neurriak eta instalazio elektrikoa (I. eranskinaren 1. apartatua eta 9.etik 12.era artekoak), ordena, garbiketa eta mantentze-lanak (II. eranskina), argiteria (IV. eranskina), zerbitzu higienikoak eta atseden-lokalak (V. eranskina).

Lantoki itxiak girotzea ere dirulaguntzaren xede izanen da, III. eranskinaren 3a, 3b eta 3c atalen arabera. Aipatu eranskinaren gainerako atalak ez dira dirulaguntzaren xedea.

Eskala finkoak jartzea dirulaguntzaren xedea izanen da, betiere horiek erabili bitartean altueran erorikoen arriskua kontrolatuta badago ainguratze lerroaren gainean (zurruna eta malgua) erorikoen aurkako gailu lerrakorra jarriz.

Atetzarrak aldatzea dirulaguntzaren xede izanen da, betiere baldintza hauek betetzen badira: Atetzar berriak CE marka izatea eta aplikatu beharreko araudia betetzea, eta egokitzapenaren kostua eskuratzearen %40 baino handiagoa izatea.

Ez da dirulaguntzaren xede ainguratze gailuak jartzea (UNE-EN 795:2012 arauaren arabera) lantokietako estalkietan.

b) Estalki hauskorren ordez estalki ez-hauskorrak jartzea, baldin azalera eta bolumena handitzen ez badira. Inbertsioa diruz lagungarria izateko, amiantoa daukaten estalkien (MCA) kasuan, RERAn izena emanda dagoen enpresa batek egin beharko ditu amiantoa kentzeko, garbitzeko, eta amiantoarekiko esposizio-arriskua daukaten beste lan batzuk (martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duenarekin bat). Lan horiek lan agintaritzak onetsitako lan-plana edukiko dute.

c) Ainguratze lerroa zurrunaren gaineko erorikoen aurkako gailu lerrakorrak jartzea, UNE-EN 353-1:2014 arauaren arabera, edo ainguratze lerroa malguaren gainean, UNE-EN 353--2:2002 arauaren arabera, eskala finkoei lotuta.

Honako hauek ez dira dirulaguntzen xede izanen:

–Eskala finkoetan jarritako gailuak, baldin osotasunean 16 metrotik gorako altuera diferentziak gainditzen badituzte.

–Erorikoen aurkako sistemen gainerako osagaiak (arnesak, lotzeko elementuak eta abar).

d) Lantokietako esku-hartzeak, kanpoko bortizkeriaren (eraso fisikoak) arriskuaren aurrean, langileei segurtasuna emateko.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: alarmak eta komunikazio bizkorreko beste sistema batzuk paratzea; pantailak edo bideo-babeserako sistemak paratzea; sarrerak blokeatzea; sarrera murriztuko eremuak zedarritzea; ate-uhateak, manparak eta mostradoreak paratzea; irteera bikoitza eranstea areto, bulego eta arriskuko beste toki batzuetan; pultsadoreak eta erasoaren kontrako beste bitarteko pertsonal batzuk (izu-botoia, eta abar) paratzea; eta argiztapena hobetzea sarbide eta aparkalekuetan (eremu ilunak kentzea).

Bideo zaintzarako sistemen instalazioa eta hartutako irudien erabilpena indarrean dagoen araudiari egokituko zaio.

e) Lantokietako esku-hartzeak, laneko bide-segurtasunaren irizpideak kontuan harturik, ibilgailuek langileak kolpekatu edo harrapatzearen arriskua murrizteko.

Ez dira dirulaguntzaren xedea garraiobideen barnean egindako esku-hartzeak.

1.3. Lanpostuen egokitzapenak, amatasunerako arriskurik ez duten lanpostuak izateko, haurdunaldia eta edoskitze naturala babesteko irizpide prebentiboekin eginak, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 26. artikuluaren arabera.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Banakako babes ekipamenduak.

b) Mantentze-lanak ez egitearen ondoriozko jarduketak.

c) Eraso fisikoen arriskuak, arintzat eta onargarritzat (edo baliokideak) baloratu direnak, desagerrarazi, murriztu eta/edo kontrolatzeko erabiltzen diren jarduketak (eraso fisikoei buruzko 1.2.d) gastu diruz lagungarria izan ezik).

3. Inbertsio diruz lagungarritzat hartuko dira leasing kontratuaren bidez eskuratzen diren makinak edo laneko ekipoak, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik pagatzen bada eta kontratuan hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada.

4. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa

1. Gastu diruz lagungarriaren %25 emanen da, BEZa kanpo, eta dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz 30.000 eurotik gorakoa izanen urteko eta onuradun bakoitzeko.

2. Dirulaguntza %30ekoa izanen da, aurreko ataleko muga errespetatuta, honako kasu hauetan:

a) Enpresak hartu badu emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat onestea, halakorik nahitaez eduki behar ez badu, eskaerarekin batera aurkeztuko dena.

–Bizitza pertsonala, familiarra eta lanekoa bateratzen lagunduko duten neurriak onestea, langileen legezko ordezkaritzarekin negoziatuak, edo, halakorik ez badago, Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluaren arabera gehienez ere hiru kiderekin izendatutako batzorde batekin. Zilegitasuna duten subjektuek sinatutako akta edo agiri baten bidez justifikatuko da.

–Genero berdintasunaren arloan eskuduna den entitate batek emandako aitortza edo bereizgarria eskuratzea, tratu eta aukera berdintasunaren aldeko politikak aplikatzeagatik (Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” edo Amedna-ren “Reconcilia zigilua”, eta abar). Aitortza edo bereizgarri hori aurkeztuta justifikatuko da.

b) Onuraduna lehentasunezko elkartea dela edo lehentasunezko elkarte baten barnean dagoela aitorturik badago, Nekazaritzaren eta elikaduraren arloetako kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legea aplikatuz.

c) Lantokietako esku-hartzeak egiten badira 3.1.2.d) oinarriko kanpoko bortizkeriaren (eraso fisikoak) arriskuaren aurrean langileei segurtasuna emateko, laguntzen fitxan ezarritako dokumentazioa aurkeztuko dute.

d) Lantokietako esku-hartzeak egiten badira, laneko bide-segurtasunaren irizpideak kontuan harturik, ibilgailuek langileak kolpekatu edo harrapatzearen arriskua murrizteko (3.1.2.e) oinarria), laguntzen fitxan ezarritako dokumentazioa aurkeztuko dute.

e) Innovarse zigilua eskuratzea metodologiaren edozein fasetan, azken bost urteotan.

3. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik deialdiaren aurrekontua agortzen bada, horren kreditua handitzen ahalko da, gehienez ere 250.000 euro gehituz. Handitze hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta argitaratu beharko da, beste deialdi batzuetan izandako gastua hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan delako.

5. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epe hauek irekiko dira:

a) 2020. urteko aurrekontuaren kargurako eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta argitalpen egunaren egun baliokidean bukatuko da.

Enpresek eskaerak aurkeztu beharko dituzte inbertsioak egiten hasi baino lehen, baina salbuespen gisa, 2020. urtean deialdia argitaratu aurretik egiten diren inbertsioetarako, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratzen denetik hasita.

b) 2021. urteko gastu aurrekontuaren kargurako eskaerak aurkezteko epea 2021eko otsailaren 1ean irekiko da, eta urte bereko apirilaren 1ean amaituko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Laguntza eskabidean adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 11. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntzen fitxan eskuratu daitezkeen ereduen araberakoak izanen dira eskabidearekin batera (eskaneatuta, bereizita eta zein bere izenarekin identifikatuta, deialdi honetan erabilitako terminologiaren arabera; esate baterako: “justifikazio-memoria”, “aurrekontuak”, eta abar) aurkeztu behar diren agiriak. Hain zuzen ere, agiri hauek:

a) Justifikazio memoria:

Inbertsio proiektuaren justifikazio-memoria. Bertan honako datu hauek agertu behar dira: enpresaren identifikazioa, jardueraren deskribapena, eskatutako dirulaguntza kudeatzeko erreferentziako pertsonaren izena eta harremanetarako helbidea.

Laguntzen fitxan memoriak izan beharko dituen atal beharrezkoak zehaztuko dira.

b) Inbertsio mota bakoitzerako aurkeztu beharreko berariazko dokumentazio beharrezkoa laguntzen fitxan adierazitakoa izanen da.

c) Dokumentu bat, langileen ordezkariak (ordezkaritzarik bada) dirulaguntzaren xede diren prebentziozko neurriak hartzearekin ados daudela egiaztatzen duena.

d) Proiektuaren kostuaren aurrekontu zehaztua (edo proformako faktura). Laneko ekipoak eskuratzen badira, aurrekontuan agertu beharko dira erosiko den objektua eta aplikatu beharreko araudia (marka, eredua, UNEa, elementu bakoitzaren mota, CE marka...).

e) Inbertsio baten gastu diruz lagungarriak (BEZa kanpo) 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, obraren exekuzioaren gastuaren kasuan, edo 12.000 euroko zenbatekoa, ekipo ondasunen horniduraren kasuan, eskatzaileak hornitzailea efizientzia eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu duela frogatu beharko du, horretarako hiru eskaintza aurkeztuz eta aukeratutako eskaintza justifikatuz laguntzen fitxan eskuragarri dagoen “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian.

Enpresak ez dira beharturik egonen hiru eskaintza horiek aurkeztera, baldin eta inbertsio diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo inbertsioa dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, oinarri honetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskabideak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da dirulaguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txostena eman ondoren, Lan Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Ebazpenek adieraziko dute zer gastu aurrekonturen kargura ematen zaion laguntza onuradunari. Horrek zehaztuko du zein den gauzatzeko epea (3.1 oinarria), baita diruz lagundutako inbertsioaren justifikazioa egiteko epea ere (8.1 oinarria).

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena eskatzaileei, haien gaitutako helbide elektronikora.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Egin eta ordaindu den inbertsioa justifikatzeko epea amaituko da:

a) 2020ko azaroaren 2an (egun hau barne), 2020ko gastu aurrekontuaren kargura egindako inbertsioen kasuan.

b) 2021eko azaroaren 2an (egun hau barne), 2021eko gastu aurrekontuaren kargura egindako inbertsioen kasuan.

Inbertsioaren justifikazioa ez bada egiten ezarritako epeetan, justifikatu gabeko laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

2. Dokumentazioa telematikaz aurkeztu beharko da, laguntza-fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako inbertsioa azaltzen duen memoria, gastua eta ordainketa frogatzen dituzten dokumentuak zerrendaturik.

b) Egindako gastuak eta ordainketak frogatzen dituzten dokumentuak.

c) Inbertsio mota bakoitzerako berariazko frogagiriak, laguntzen fitxan adierazten direnak.

d) Errentamendu finantzarioaren kontratu baten bidez (leasing) egindako inbertsioaren kasuan, leasing kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, eta bertan agertu behar dira hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri dela, errentamendu finantzarioaren amortizazio-taula eta eragiketaren BEZ osoa ordaindu dela justifikatzen duen agiria.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako inbertsioa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Errentamendu finantzarioaren kontratu baten bidez (leasing) egindako inbertsioaren kasuan, 10.2 oinarrian adierazitako betebeharra.

d) Dirulaguntzaren xedeko ekipoak eta inbertsioak enpresaren jabetzan izatea bi urtez, gutxienez ere, dirulaguntza ematen duen ebazpenaren datatik hasita.

e) Inbertsiorako jasotako laguntzari publizitatea ematea, ondoko esaldia korporazioaren webgunean sartuz, edo enpresan ikusteko moduko toki batean, gutxienez bi urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako 2020ko deialdian”.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratu, eta dagozkion zenbatekoak askatzen badira, halakoak erabiltzen ahalko dira behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, jasota geldituko da onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubideak dakartzan baldintzak bete dituztela, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela.

Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

2. Errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan (leasing), onuradunak enpresa errentatzaileari ordaindutakoa dirulaguntza baino txikiagoa bada, diferentzia hori ordaindu beharko dio errentatzaileari, eta diru kopuru hori errentamendu finantzarioaren kuotak aldez aurretik amortizatzeko erabiliko da.

Onuradunak ordainketa horren frogagiria eta amortizazio-taula berria aurkeztu beharko dizkio laguntzak kudeatzen dituen organoari, ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean betiere.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2006699