161. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

44E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 8koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, 2020ko deialdia onesten duena toki entitateei eta entitate sozialei dirulaguntzak emateko, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza jarduerak susta ditzaten. DDBN identifikazioa: 511059.

Nafarroako Gobernuak mugaz gaindiko zenbait organotan hartzen du parte: Pirinioetako Lan Elkartea, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea eta Pirinioez gaindiko Konferentzia Atlantikoa, besteak beste. Orobat, Lankidetzarako Esparru-akordio bat dauka Frantziako Pirinio Atlantikoetako departamentuarekin, 2011ko martxoaren 8an izenpetu zena eta 2020an berritzen ari dena. Bestalde, COVID-19ak lan egoeran eta enpresa-sarean eragindakoa are larriagoa izan da muga aldean. Izan ere, eskualde horiek erakartzen duten kanpoko turismoa eta merkataritza eta etorrarazten dituzten bisitari ugariak desagertu dira guztiz azken aldi luze honetan, eta denbora asko beharko da berreskuratzeko.

Helburua izanik herritarrengandik hurbilen dauden entitateak babestea (hau da, toki entitateak eta entitate sozialak) eta COVID-19aren pandemia dela-eta jardunari uztearen ondorioak arintzeko eta mugaz gaindiko hartu-emanak berriz sustatzeko asmoz, guztiz etenda gelditu baitira 463/2020 Errege Dekretuak hartutako neurri murriztaile gogorrekin, modu nabarmenean mugatu dutelako pertsonen eta ibilgailuen zirkulazio askatasuna, bidezkoa da laguntzen deialdi bat onestea, araubidea ezartzeko Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak laguntzak eman ditzan toki entitateek eta entitate sozialek 2020an mugaz gaindiko proiektuak egitearren.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2020ko deialdia onestea toki entitateei eta entitate sozialei dirulaguntzak emateko, mugaz gaindiko proiektuak egin ditzaten.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B50002 B5120 4609 144100 (E)

Toki entitateentzako laguntzak, mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatzeko

2020

12.500,00

B50002 B5120 4819 144100 (E)

Entitate sozialentzako laguntzak, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza proiektuak sustatzeko

2020

12.500,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 8an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

TOKI ENTITATEEI ETA ENTITATE SOZIALEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA EUROPAKO ETA MUGAZ GAINDIKO LANKIDETZA JARDUERAK SUSTATZEKO, 2020KO EKITALDIAN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da erregulazioa ezartzea toki entitateei eta entitate sozialei dirulaguntzak emateko, lankidetza jarduerak egiten badituzte mugaz gaindiko hartu-emanak sustatu eta garatzearren Nafarroako Foru Komunitatearen eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren artean 2020ko ekitaldian.

Laguntzek mugaz gaindiko izaera izanen dute, eta helburu hauek dituzten proiektuak egiteko erabil daitezke:

–Esperientziak trukatzea mugako bi aldeetan.

–Mugaz gaindiko sareak sortzea edo finkatzea.

–Herritarren joan-etorria erraztea mugako bi aldeetan.

–Informazioa eman eta hedatzea Europako eta mugaz gaindiko gaiei buruz.

–Traba juridikoak eta administratiboak atzemateko ekintza mugaz gaindiko testuinguruan.

–Ekintzak edo azterketak, soluzioak emateko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondoriozko arazoei, eta krisiak irauten duen bitartean, muga ixteak daukan eragin bereziari.

Deialdi honen xedetik kanpo gelditzen dira merkataritza edo irabaziak helburu dituzten jarduerak, edo erabilera profesionalekoak, bai eta beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten proiektuak eta jarduerak ere.

2.–Finantzaketa.

Laguntzak Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen dituen partida hauen gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira: B50002 B5120 4609 144100 (E), Toki entitateentzako laguntzak, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatzeko, eta B50002 B5120 4819 144100 (E), Entitate sozialentzako laguntzak, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatzeko, 2020ko Gastu-aurrekontukoak; 25.000 eurokoak dira gehienez, honela banaturik:

–12.500 euro, B50002 B5120 4609 144100 (E) partidaren kargura (Toki entitateentzako laguntzak, mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatzeko), Nafarroako toki entitateen eskaeretarako.

–12.200 euro, B50002 B5120 4819 144100 (E) partidaren kargura (Entitate sozialentzako laguntzak, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza proiektuak sustatzeko), Nafarroako entitate sozialen eskaeretarako.

Partida baterako gordetako kreditua agortzen ez bada eta beste partidan soberakinik badago, diru-kopurua handitzen ahalko da kreditua agortu arte, betiere eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

3.–Entitate onuradunak.

Entitate hauek jaso ditzakete deialdi honen dirulaguntzak:

a) Nafarroako toki entitateak.

b) Entitate sozialak, frogatzen dutenak irabazi asmorik gabeko entitatearen legezko aitortza dutela eta egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituztela.

Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

4.–Gastuak, diruz laguntzen ahal den aldia eta laguntzaren zenbatekoa.

Itzuli beharrik gabeko laguntzak dira mugaz gaindiko jarduerak egiteko (Pirinio Atlantikoetako lurralde-eremua) deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Dirulaguntza bat emanen da oinarri honetan zehazten diren gastuen %100erako, aurrekontu diruz lagungarriaren 2.000 eurokoa gehienez, proiektu bakoitzeko (hau da, diruz lagungarriak ez diren gastuak kontuan izan gabe). Entitate berari proiektu bakar baterako dirulaguntza emanen zaio gehienez.

Dirulaguntza honen ondorioetarako, bidaia gastuak diruz lagungarriak izanen dira (ostatua eta mantenua), beharrezkoak badira aurreikusitako mugaz gaindiko jarduerak egiteko, baita proposamenean aurreikusitako jarduerak egiteko behar diren gastuak ere, betiere merkatuko prezioen araberakoak badira. Gastu horiek 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko urriaren 30era bitarte egin beharko dira, biak barne.

1. Bidaia gastuak:

Bidaiaren garraio publikoaren gastuak (hegazkina, trena edo autobusa), ostatu hartzea (hotela) eta mantenua, EBaren esparruan lagunduko dira diruz.

–Proposatutako jarduerak egiteko behar-beharrezkoak diren gastuak baino ez dira onartuko.

–Hegazkinez egindako joan-etorriak turista klasean eginen dira, eta gainerako garraiobideetan turista klasean edo horren baliokideetan.

–Hotelean igarotako gau bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa inoiz ez da izanen 150 euro baino altuagoa (BEZa kenduta).

–Gastu horiek berariaz zehaztuta egonen dira entitate onuradunei emandako fakturetan.

2. Proiektua egiteko zuzeneko gastuak:

Behar diren gastuak ekitaldiak antolatzeko, azoketara joateko eta azterlanak edo mugaz gaindiko jarduerak egiteko, artikulu honetan ekintza diruz lagungarri gisa zehazten direnak, baldin oinarri hauen 1. artikuluan adierazten diren kategorizazioa eta xedea betetzen badituzte.

–Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko, ez badira entitate horren ohiko gastuak.

–Gastu horiek berariaz zehaztuta egonen dira entitate onuradunei emandako fakturetan.

Ez dira diruz lagungarriak izanen langileei dagozkien gastuak edo entitatearen funtzionamendu arruntaren ondoriozkoak (zeharkako gastuak, hala nola alokairuak, garbiketa, fotokopiak, posta, telefonoa, etab), ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

Dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak:

–Kultura eta kirol arloko ekitaldiak.

–Gazte trukaketak eta hezkuntza arlokoak oro har.

–Mugaz gaindiko esperientziak hedatzeko ekitaldiak.

–Azoka turistikoetan, merkataritzakoetan eta abarretan parte hartzea.

–Mugaz gaindiko trabak atzemateko azterlanak / txostenak.

–Mugaz gaindiko izaera duten jarduera guztiak, oinarri hauen 1. artikuluan adierazten diren kategorizazioa eta xedea betetzen badituzte.

5.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1.a) Eskaerak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.1.b) Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8641/subvenciones-a-entidades-locales-y-sociales-para-el-impulso-de-actividades-de-cooperacion-transfronteriza-y-europea- (hemendik aitzina laguntzaren fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari eransten zaizkion fitxategiak, 20 Mb-koak gehienez ere, formatu hauetako batekoak izanen dira: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.

Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatu ez bezalakoa bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

5.1.c) Eskaerak egiteko, laguntza fitxan dagoen eskabide inprimaki zehatza erabiliko da. Inprimaki hori behar bezala beteta eta sinatuta egon beharko da. Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

5.1.d) Entitate batzuek ekintza bat elkarrekin egiten dutenean (Nafarroan), ekintza gauzatzea bere gain hartzen duenak aurkezten ahalko du eskaera; halakoetan, ekintza gauzatzea bere gain hartzen duen entitateak ordainduko ditu sortzen diren gastuak. Eskaeran, orobat, alderdien arteko lankidetza nola artikulatuko den azalduko da, baita horien legezko ordezkarien sinadura ere.

5.1.e) Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerari (laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakiaren araberakoa betiere) erantsi behar zaion dokumentazioa agiri bereizietan eskaneatua aurkeztu behar da, eta behar bezala identifikatua. Hauxe da:

5.2.a) Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

–Erantzukizunpeko adierazpena edo entitate eskatzailearen ordezkaritzaren egiaztagiria.

–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.

–Entitate eskatzailearen aitorpena, beste entitate batzuek edo partikularrek ekintza bererako emandako edo haiei eskatutako dirulaguntzen zenbatekoei buruzkoa; horrelakorik eskatu ez badu, horren berri eman beharko du.

–”Transferentzia bidez kobratzeko eskaera” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik lortu ez bada.

–Entitate sozialen kasuan, elkartearen edo entitatearen estatutuak.

–Dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute (web-orrian eskura dagoen ereduaren arabera: http://www.nafarroa.eus) eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak dirulaguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartuta daude.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, entitate onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da entitate onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako formulario berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

5.2.b) Ekintzei buruzko dokumentazioa (proposatutako fitxaren araberakoa):

–Proiektuaren deskribapena

–Adieraztea Pirinio Atlantikoetako zer entitaterekin aritzen den lankidetzan.

–Gastuen eta aurreikusitako diru-sarreren aurrekontu xehatua, halakorik badago.

–Proiektua azaltzen duen memoria, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) Proposamenaren xede nagusia.

b) Berariazko helburuak.

c) Frantziako entitatearekin duen lankidetzaren deskribapena.

d) Jardueren programaren aurreikuspen bat. Haien deskribapena.

e) Egin nahi diren jardueren egutegia.

Dokumentazioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. Artxibo digital horietan erantsitako elementu guztiek unitate kudeatzaileak dauzkan programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1., Microsoft Office 2003, Adobe Acrobat Reader DC 2015 eta Windows Media erreproduzitzailea.

Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta esanbidezkoa. Laguntza kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2. artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, deialdi honen I. Eranskineko 6. atalean eskatzen den dokumentazio guztia erakutsi beharko dute.

Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketei dagokienez, lege hauetan ezarritakoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa; gaiari buruz gainerako legerian xedatutakoa ere bete beharko da.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6.–Ebaluazioa eta ebazpena.

6.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat. Prozedura hau, funtsean, aurkezturiko eskaeren konparaketa egitean, haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko helburuarekin proiektuak baloratzean eta balorazio onena lortu dutenei dirulaguntzak esleitzean datza, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

6.2. Prozeduraren organo kudeatzailea Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzua izanen da. Organo horrek eginen ditu prozedura sustatzeko eta espedientea tramitatzeko beharrezko jardunak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako legaltasunaren, publikotasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioen arabera.

6.3. Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak ebaluatuko ditu aurkeztu diren proiektuak, deialdi honen 7. oinarrian zehazten diren irizpideen arabera. Ebaluazioaren arabera, organo kudeatzaileak Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari helaraziko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horrek dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda jasoko du, esleituriko zenbatekoarekin.

Eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, edo osorik ez badago, kudeaketa egiten duen organoak entitate interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Egiaztatuta eskaera beteta eta zuzen dagoela eta espedientearen 1.4 oinarrian adierazitako jarduketa bati dagokiola, espedientea ezarritakoaren arabera barematuko da.

6.4. Badago kreditu bat entitate onuradun bakoitzeko (hau da, Nafarroako toki entitateetarako eta entitate sozialetarako). Entitate onuradun mota bakoitzarentzat gordetako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste proiektuari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

7.–Proiektuen balorazioa.

7.1. Gehienez ere 100 puntu emanen dira proposamenak baloratzeko. Honako hauek dira balorazio irizpideak, ondotik zehazten den puntuazioarekin:

–Mugaz gaindiko izaera. Lankidetzaren intentsitatea (30 puntu gehienez).

  • Mugaz gaindiko lankidetzaren balioa identifikatutako helburuak lortzeko (15 puntu gehienez).
  • Mugaz gaindiko lankidetzaren premia proiektua gauzatzeko (5 puntu gehienez).
  • Lankidetzaren eragina kuantitatiboki eta kualitatiboki (5 puntu gehienez).
  • Noraino den premiazkoa lankidetza koronabirusaren krisiaren ondorioak arintzeko (5 puntu gehienez).
  • Lankidetzan parte hartzen dutenak (15 puntu gehienez).
  • Mugaz gaindiko lankidetzan parte hartzen dutenen jardunbidea (5 puntu gehienez).
  • Kideen eskumena proposatutako jardueretan (5 puntu gehienez).
  • Zer lurraldetan duten eragina parte hartzen dutenek (5 puntu gehienez).

–Aurkeztutako jardueren programaren kalitatea (50 puntu gehienez).

  • Proiektua deialdiaren xedearekin bat datorren (10 puntu gehienez).
  • Helburu orokorren argitasuna eta egokitasuna (10 puntu gehienez).
  • Aurreikusitako jardueren egokitasuna proiektuko helburuak lortzeko (20 puntu gehienez).
  • Proiektuaren zabalkunderako eta publizitaterako neurriak (5 puntu gehienez).
  • Proiektuaren iraunkortasun neurriak (5 puntu gehienez).

–Proiektuaren aurrekontua (20 puntu gehienez).

Baloratuko da aurrekontuak dituen egokitasuna eta koherentzia jarduerak egiteko eta aurreikusitako emaitzak lortzeko.

Ebaluazioaren ondoren guztira 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

8.–Laguntza emateko ebazpena.

8.1. Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du deialdi honen xedeko diru-laguntzak eman eta esleitzeko, diruz lagunduko den eskaera-kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuz, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebaztearekin batera.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka edo berariazko edo ustezko ukoen aurka, administrazio publiko ez diren entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

Administrazio Publikoek deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

8.2. Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiaren ebazpen hau interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskabideak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik espresuki jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek.

8.3. Onuradunen batek uko egiten badio emandako laguntzari, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak beste ebazpen bat eman dezake deialdian aurrekontuko diru erabilgarririk ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu den hurrengo eskatzailearen alde. Kasu horretan, eta ez badago eskatzailerik entitate onuradun mota batean (toki entitateak edo entitate sozialak), gelditzen den diru-kopurua erabil daiteke bestearen zenbatekoa handitzeko, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

9.–Onuradunek bete beharrekoak.

Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

9.1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, entitate onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da entitate onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako formulario berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

9.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, dirulaguntzen entitate onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

9.3. Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari jakinaraztea, 10 egun balioduneko epean dirulaguntzak emateko ebazpena jasotzen denetik aurrera, dirulaguntzaren xedeko ekintzaren baterako dirulaguntzari uko egiten zaiola, proiektua ez bada eginen edo ezin badira deialdian ezarritako epeak bete.

9.4. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

9.5. Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen diren ekintzen helburuak.

9.6. Dirulaguntzaren xedeko gastuak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.

Egindako jarduketen justifikazioa 2020ko azaroaren 16a baino beranduago aurkeztuz gero, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

9.7. Dirulaguntzaren xede diren ekintzen gaineko informazio eta publizitate guztietan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela adierazi beharko da. Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo dirua itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/, eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

9.8. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

9.9. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikatzeko modua.

10.1. Dirulaguntza bukaeran ordainduko da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean. Eskatzaileek aurkeztu behar dute, 2020ko azaroaren 16a bitartean, egun hori barne dela, diruz lagundutako proiektuaren memoria ekonomikoa eta jardueretakoa, deialdi honen oinarrietan ezarritako moduan, aurrez onartu eta ziurtatu ondoren aurkeztutako dokumentazioa bat datorrela gauzatu den jarduerarekin.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifika daitekeen gastutzat joko da justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen ordaindu dena (hau da, 2020ko azaroaren 16ra arte), baldin eta gastua proiektua gauzatzeko epearen barnean badago (hau da, 2020ko urriaren 30era arte).

10.2. Justifikatzeko modua.

10.2 a) Diruz lagundutako jarduerak eginik, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2020ko azaroaren 16an beranduenez:

–Dirulaguntzaren xedeko proiektuaren gauzatze memoria xehatua, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne. Memoria horrek dokumentu base bat izanen du, honako honekin: aurkeztutakoak, argazkiak, ekitaldietan parte hartu izana frogatzen duten zerrendak, eta proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duten beste edozein.

–Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak, halakorik balego (norberaren diru-sarrerak nahiz entitate publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak.

–Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Laguntzen onuradunek taula bat prestatu behar dute, gastuen zerrenda izanen duena deialdi honen 4. oinarrian zehaztutako tipologiaren arabera.

10.2.b) Taula horretan hauek zehaztuko dira gastu bakoitzerako: zein kontzepturi dagokion; hartzekoduna; zenbatekoa guztira (BEZa kanpo); proiektuari egozten zaion portzentajea; proiektuari esleituriko portzentajea (BEZa kanpo) eta ordainketa-data. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren.

10.2.c) Gastu horiek justifikatzeko taula paperean eta euskarri informatikoan (excel) bidaliko da, eta horrekin batera karpeta bat aurkeztuko da fakturen fotokopiekin edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuekin.

10.2.d) Fakturen eta gastuen gainontzeko justifikazio-dokumentuen fotokopiak modu korrelatiboan zenbakitu beharko dira (1, 2, 3... dok.), eta gastuen justifikaziorako taulan agertzen diren ordena berdinean aurkeztu. Fakturaren fotokopia edo gastua frogatzen duen dokumentu bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

11.–Dirulaguntzaren itzulketa.

Dirulaguntza ordaindu baino lehen, egiaztatutako da ezarritako epeetan aurkeztutako justifikazio agiriak bat datozela diruz lagundutako ekintzekin, dokumentazioa zuzena dela alde guztietatik eta dirulaguntzaren xedea bete dela.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

12.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu berarekin jarduera berak garatzeko ematen diren beste dirulaguntza batzuekin, administrazio honek edo eskualdeko, tokiko, nazioko edo Europako beste administrazio publiko batzuek edo entitate publiko zein pribatuek eman.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

14.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Iragarkiaren kodea: F2006179