161. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MONTEAGUDO

Deialdia, COVID-19ak sorturiko krisiaren ondoren enpresak sortzeko, autoenplegua sustatzeko, ekonomia-jarduerak hobetzeko eta suspertze ekonomikorako beste neurri batzuk hartzeko laguntzena. Oinarrien onespena

Udalak, 2020ko ekainaren 11n egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

1.–Oinarriak onestea COVID-19ak sorturiko krisiaren ondoren enpresak sortzeko, autoenplegua sustatzeko, ekonomia-jarduerak hobetzeko eta suspertze ekonomikorako beste neurri batzuk hartzeko laguntzen deialdirako.

2.–Agintzea erabaki hau argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Monteagudoko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean.

OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da prozedura arautzea Monteagudoko jarduera ekonomikoa suspertzeko helburua duten laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren bidez, Udalak asmoa baitu ekonomia eta enpresak suspertzen laguntzeko, COVID-19ak sorturiko egoeraren aurrean, Monteagudoko Udalak 2020ko ekainaren 11n egin osoko bilkuran hartutako erabakiaren arabera eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuarekin.

2. oinarria.–Finantzaketa.

Laguntza horiek ematea finantzatuko da 2020ko ekitaldiko aurrekontuko 2318 479001 partidaren kontura. 1/2020 aurrekontu-aldaketaren arabera, 40.000 euroko zuzkidura du partida horrek.

3. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoak.

Diruz lagunduko dira oinarri hauetan jasoriko jardueraren izaerari dagozkion gastuak, hau da, negozio berriak irekitzeari eta/edo oraingoak hobetzeari zuzenean loturik daudenak, barne direla COVID-19aren ondoriozko eskakizunen arabera egokitzeak sorturiko gastuak.

Laguntza mota hauek ezartzen dira:

a) Negozioen lokal eta/edo azpiegiturak egokitzeko eta hobetzeko gastuak eta inbertsioak, arian ari diren negozioak izan zein irekitzeko negozio berriak izan.

Apartatu honetan sartzen dira COVID-19ak sorturiko egoeraren eskakizunengatik egin diren edo egitekoak diren inbertsioak (babes itxiturak, desinfektatzeko makinak, etab.).

Jarduera hauek izanen dira diruz lagungarriak, besteak beste: instalazioak birgaitu eta egokitzeko obrak; altzariak erosi eta/edo berritzea; kanpoko zein barneko errotulazioak; erakusleihoak zaharberritzea eta abar.

Jarduera mota horretan, dirulaguntza gastuaren %50 izanen da, eta gehienez ere 1.000 euro.

b) Webgune korporatiboak egitea.

Ezartzen den dirulaguntza gastuaren %50 da, eta gehienez ere 300 euro.

c) Instalazioetan eta/edo establezimenduetan kontsumoak murriztera bideratutako gastuak eta inbertsioak (argindarra, ura, gasa, etab.).

Besteak beste, honako hauek daude horien artean: argiak ordeztea kontsumo txikikoak jarrita; tenporizadoreak eta termostatoak instalatzea; deskarga dualeko zisternak jartzea; ura aurrezten duten txorrotak instalatzea; hondakinak bereizteko ontziak paratzea, edo kontsumoak murriztera bideratutako obrak.

Dirulaguntza jasandako gastuaren %50 izanen da, eta gehienez ere 400 euro.

d) Etiketak jartzeko sistemetan, kode irakurgailuetan, balantza elektronikoetan eta salmenta puntuko terminaletan eginiko inbertsioak.

Horien kostuaren %50 izanen da dirulaguntza, eta gehienez ere 250 euro.

e) Lanpostu berriak sortzearen ondoriozko laguntza.

Sortzen den lanaldi osoko lanpostu mugagabe bakoitzeko, jabearena eta/edo autonomo-ekintzailearena berarena ez dena, 750 euroko dirulaguntza emanen da.

Kontratatzen badira 45 urtetik gorako langileak, edo legez onarturiko %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenak, edo kontratazioaren unean Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dauden eta langabe gisa urtebeteko antzinatasuna edo handiagoa dutenak, dirulaguntza 1.000 eurora igoko da.

Kontratuak lanaldi osokoak ez direnean, zati proportzionalaren araberakoa izanen da dirulaguntza.

Artikulu honen bidez ezarritako irizpideen arabera ematen den dirulaguntzaren zenbateko osoari 250 euro gehituko zaizkio, baldin eta negozioaren sustatzailea edo ekintzailea (pertsona fisikoa) emakumea bada edo sozietatearen (pertsona juridikoa) kapitalaren %50 gutxienez emakumeen esku badago.

f) 2020. urtean COVID-19aren ondoriozko ekonomia-krisiak zuzenean jotako enpresa eta/edo autonomoentzako laguntzak, dela nahitaez itxi behar izan dutelako, dela bi hilabetez (apirilaren 1etik maiatzaren 31ra) diru-sarreretan %40ko galera izan dutelako, aurreko ekitaldiko epe beraren aldean.

Dirulaguntza hau izanen da:

1.–500 euro establezimendu edo autonomo bakoitzeko.

2.–Kontraprestaziorik gabeko laguntza bat, krisiak jotako jarduerari dagokion ekonomia-jardueren gaineko zergaren %100en baliokoa, eta gehienez ere 100 eurokoa.

Diruz lagun daitezkeen ondasun edo materialak eskuratzeko kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

BEZa ez da diruz lagungarria izanen a) epigrafetik d) epigrafera bitarteko gastuetan.

Onuradunek laguntzen eskabide batean nahi adina epigrafe sartu ahalko dituzte; alabaina, a) epigrafetik d) epigrafera bitarteko laguntza motengatik jasoko den zenbatekoa gehienez ere 2.000 euro izanen da.

4. oinarria.–Laguntzen onuradunak.

Laguntzak emateko deialdi honen onuradun izaten ahalko dira laguntzen oinarri hauetan babesturik dauden pertsona fisiko edo juridikoak, baldin jarraian ematen diren baldintzak betetzen badituzte, eta ez badaude Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako debeku kasuetako batean.

Halaber, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona fisiko edo juridikoek jardueraren egoitza fiskala eta negozioa Monteagudon izatea; horretarako, herriko ekonomia-jardueren gaineko zergan egonen dira alta emanda. Pertsona juridiko horietan sartzen dira merkataritza-sozietateak, kapitalekoak, lan-sozietateak, kooperatiba-sozietateak, sozietate zibilak, irregularrak, kolektiboak edo komanditario sinpleak.

Ekonomia-jarduera berriak eratzen diren kasuan edo udalerrian autonomo ezartzen direnen kasuan, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta ematen duten eguna hartuko da jardueraren hasiera-eguntzat horren ondorioetarako.

Ez dira hartuko deialdi honen babespeko ekonomia-jarduera berritzat, oinarri hauek onetsi aurretik jada ekonomia-jarduera batean aritu, eta ekonomia-jardueren gaineko zergaren beste epigrafe batean alta ematen dutenak edo sustatzaileak aldatzen dituztenak, hasierako ekonomia-jarduera mantendu zein ez. Jarduera-handitzeak edo lehendik arian ari diren negozioen ordezkaritzak irekitzea ere ez dira halakotzat hartuko.

b) Pertsona juridikoei dagokienez, haien plantilla gehienez ere 5 langilekoa izanen da, eta urteko fakturazioa, 500.000 euro baino gutxiagokoa.

5. oinarria.–Onuradunaren betebehar eta baldintza orokorrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoaz gain, betebehar hauek egonen dira:

–Onuradunek gutxienez ere bi urtez egin beharko dute dirulaguntza edo laguntza emateko oinarritzat hartu den jarduera; halaber, Gizarte Segurantzan edo horren baliokidean alta emanda segitu beharko dute, eta mantendu beharko dituzte dirulaguntzaren xede izan diren aktibo finko materialak. Ez bada hori betetzen, salbu eta onuradunari ezin egotz dakizkiokeen arrazoiak egiaztatzen badira, harturiko dirulaguntzak proportzionalki itzuli beharko dira, bi urteak betetzeko falta den denboraren arabera.

–Eskatzaileek egunean izan beharko dituzte Gizarte Segurantzarekiko eta Monteagudoko Udalarekiko betebeharrak.

–Eskatzaileak jarduerak hobetzeko edo ezartzeko laguntzak eskatu baditu, eskatuak izan beharko ditu behar diren obra-lizentziak, jarduera sailkatuen lizentzia eta abar, eta ordainduak horien ondoriozko zergak eta tasak.

Dirulaguntzen onuradunak behartuta daude behar bezalako publizitatea ematera dirulaguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Monteagudoko Udalak finantzatu izanari.

Onuradunak zabalkunderako hartu beharreko neurriak bat etorriko dira dirulaguntzaren xedearekin, hala formari nola iraupenari dagokienez; hartara, horiek izaten ahalko dira Monteagudoko Udalaren irudi instituzionala txertatzea, finantzaketa publikoari buruzko testuak paratzea kartel, material inprimatu, baliabide elektroniko edo ikus-entzunezko baliabideetan, edo komunikabideetan aipamena egitea.

Apartatu hau betetzen dela justifikatzeko, eskabide guztiekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, adierazteko betetzen direla deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak. Dena den, Monteagudoko Udalak ofizioz egiaztatuko ditu bete beharreko baldintza horien artean udal eskumenekoak direnak; hala, bada, laguntzen eskabidea aurkezte hutsak horretarako berehalako baimena ematea dakar berekin.

6. oinarria.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Interesdunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, Monteagudoko Udalari zuzendua eta I. eranskinaren araberakoa.

b) Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak, bai eta haren izenean diharduen pertsonaren ordezkaritzarenak ere, ordezkaririk badago.

Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia, edo arauz hori ordezkatzen duen agiriarena.

Eskatzailea pertsona juridikoa bada, haren eratzea egiaztatzen duen agiria, dagokion erregistroan behar bezala inskribatua, eta identifikazio fiskaleko txartela (IFZ).

c) Gizarte Segurantzarekiko eta ogasun publikoarekiko betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria, agintaritza eskudunek emana.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen direla adierazirik (I. eranskina).

e) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazirik eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela hemen gaitzen diren laguntzen onuradun izateko (I. eranskina).

f) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Halaber, aditzera emanen dira, deialdi honetan parte hartzeko garaian, beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaerak (I. eranskina).

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea (III. eranskina).

h) 3. oinarriaren a) epigrafetik d) epigrafera bitarteko kasuetan, eskabidearekin batera, egin nahi diren jardueren aurrekontuak aurkeztuko dira. Han, xehakatuta emanen dira diruz lagungarriak izan daitezkeen gastuak.

i) Enplegua sortzearen ondoriozko dirulaguntza eskatuz gero, aurkeztu beharko dira TC2 eredua (enpresako langile kopurua) eta dirulaguntzaren xede den lan kontratua.

Laguntza hori eskuratzeko baldintza izanen da kontratazio berriek gehitzea negozioak azken hiru urteetan izaniko batez besteko plantilla.

Horrez gain, kontrataturiko pertsonek Monteagudon erroldaturik egon beharko dute, bi urteko antzinatasunez gutxienez.

Ez dute izanen laguntza hori jasotzeko aukerarik enpresariaren eta/edo autonomoaren familiakoak kontratatzen dituztenek, bigarren ahaidetasun mailara bitarte, odol bidez zein ezkontza bidez.

j) 3. oinarriaren f) epigrafeko laguntzak eskatuz gero, Udalak ofizioz egiaztatuko du ea eskatzailea alta emanda dagoen ekonomia-jardueren gaineko zergan dagokion epigrafean; interesdunak, berriz, negozioak izaniko galerak frogatu beharko ditu, zuzenbidean onarturiko edozein frogabide baliaturik (aurkezturiko aitorpenak, kontabilitateko edo bankuko laburpenak, etab.).

k) Aurrerago aditzera emanen denez, lehentasunezko laguntzatzat jotzen dira bideratzen direnak COVID-19ak sorturiko osasun-krisiaren ondorioz egin beharreko jarduketen gastuetara; hala, bada, eskatzaileak berariaz adierazi beharko du inguruabar horren aplikazioa finantzatzeko eskatzen dituen partidetan, eta justifikatu egin beharko du aurreikusitako gastua nahitaezkoa dela.

Kasu honetan, jarduketak egin badira eskabideak aurkezteko epea hasi baino lehen, eskatzaileak jasandako gastuen egiaztagiriak aurkezten ahalko ditu, alegia, dagozkien fakturak eta haiek ordaindu izanaren frogagiriak.

7. oinarria.–Eskabideak aurkeztea. Aurkezteko epea.

Eskaerak egiteko, interesdunek eskabidea aurkeztuko dute, eskatzaileak sinatua eta deialdiari erantsitako eredu normalizatuaren araberakoa (I. eranskina).

Proposamenak Monteagudoko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz.

Eskabideak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta 2020ko azaroaren 15ean bukatuko da.

Uztailaren 31 baino lehen eskatzen badira 3. oinarriaren a) letrako laguntzak, hots, COVID-19ak sorturiko egoerak hala behartuta, jarduera gauzatu ahal izateko nahitaezko edo beharrezko inbertsiotzat aurkeztutako jarduketak estaltzekoak (babes itxiturak, desinfektatzeko makinak, beste elementu batzuk...), bai eta f) letrako laguntzak eskatuz gero ere, halakoek lehentasunez finantzatuko dira, gainerako apartatu zein eskaeren aurretik. Epe horretatik kanpo (2020-07-31ra arte), eskaera guztiak ebatziko dira aurkezpen-hurrenkerari zorrotz jarraikiz, eta deialdia bukatuko da partida agortzen denean.

Ohartarazi behar da 3. oinarriaren a) epigrafetik d) epigrafera bitarteko laguntzen eskabideak aurkeztu beharko direla laguntzaren xede izanen den negozioan gastua eta/edo inbertsioa hasi baino lehen. Eskaera egunaren aurretik gauzatutako gastuak eta/edo inbertsioak ez dira izanen diruz lagungarriak. Eskabideak gastuaren aurretik aurkeztu beharretik salbuesten dira COVID-19aren egungo krisian jarduera gauzatzeko nahitaez eginiko inbertsioak; halakoetarako, laguntza eskatzen ahalko da gastua lehendik egin bada ere.

8. oinarria.–Prozeduraren instrukzioa eta ebazpena.

Eskabideen aurkezpen-hurrenkerari jarraikiz izapidetu eta ebatziko dira espedienteak, banakako ebaluazioaren bidez, iritsi arte 2. oinarrian ezarritako aurrekontu erabilgarriaren mugara.

Monteagudoko Udalak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu aurkezturiko eskabideak eta agiriak; horretarako, beharrezkoa iruditzen zaion informazio osagarri edo argigarri guztia eskatzen ahalko du.

Eskabideak ez baditu betetzen deialdian eskatu baldintzak, edo Udalak agiriei buruzko argibiderik behar badu, horretarako errekerimendua eginen zaio interesdunari, 10 eguneko epe luzaezinean zuzen dezan aurkeztu duen proposamena. Errekerimendua egin ondotik, interesdunak ez badu eskatu zaiona aurkezten, galdutzat deklaratuko da eskabidea izapidetzeko eskubidea eskatzailearentzat, eta eskaera artxibatzea beste jarduketarik ez da eginen, bat etorriz Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 21. artikuluan xedatuarekin.

Organo kudeatzaileak eskabideak aztertzen bukatzen duenean, ebazpen-proposamena igorriko diote Alkatetzari, bera izaki organo eskuduna. Proposamenean aditzera emanen da onuradunek baldintza guztiak betetzen dituztela dirulaguntza eskuratzeko, eta laguntzaren zenbatekoa ere zehaztuko da.

COVID-19aren ondorioz jarduerari berriz ekiteko behar diren ondasunak erostera bideraturiko laguntzen kasuan, baldin gastua lehendik egina badago, bai eta 3. oinarriaren e) eta f) epigrafeetako laguntza moten kasuan ere, ebazpen bakarra emanen da, non, laguntza ematea onestearekin batera, ordaintzeko baimena ere jasoko baita.

Laguntzak emateko ebazpena gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskabidea aurkezten den egunetik hasita.

9. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna eta gutxieneko laguntzen izaera.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira xede bererako emandako beste dirulaguntza batzuk hartzearekin, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko zein pribatu batzuek, edo partikularrek emanik ere. Alabaina, jasotako dirulaguntzen zenbatekoa, guztira, ez da inoiz izanen inbertsioaren gastu osoa baino handiagoa. Kasu horretan, gastu hori ez gainditzeko adina murriztuko da Udalaren laguntzaren zenbatekoa.

10. oinarria.–Ebazteko, jakinarazteko eta ordaintzeko epea.

Laguntzak emateko ebazpena eman eta ondoko hiru hilabetean, dirulaguntzaren xedeko inbertsioari dagozkion faktura eta ordainagiri guztiak aurkeztu beharko dituzte onuradunek.

Gastu diruz lagungarritzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan fakturatu eta ordaindu dena.

Onuradunek jasandako gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, alegia, dagozkien fakturak eta haiek ordaindu izanaren frogagiriak.

Aurreko paragrafoetan eskatu agiriak une horretan aurkeztetik salbuetsita daude, COVID-19ak sorturiko beharretara egokitzeko beharrezkoak zirela-eta, laguntzaren eskabidearekin batera erantsi ziren jarduketak.

Gehieneko epea bi hilabetekoa izanen da laguntzen ordainketa ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko eta ordainketa egiteko, onuradunak behar diren justifikazio agiriak aurkezten dituenetik hasita. Aurkeztutako eskaerak ebaztea alkateari dagokio, aldez aurretik jasota Kontu-hartzailetzaren edo, bestela, Idazkaritzaren txostena, nahitaezkoa eta loteslea.

Emaniko dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaio onuradunari, onetsitako zenbatekoaren %100 ordainduta. Ordainketak ezin izanen du inoiz gainditu laguntzen onuradunak justifikatutako zenbatekoa.

11. oinarria.–Laguntzak deuseztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

Laguntzen eta dirulaguntzen onuradunei aplikatuko zaie Administrazio-prozedura erkideari buruzko 39/2015 Legean arau-hauste administratiboetarako ezarririko erantzukizunen eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, datuak ezkutatzen badira, datu faltsuak edo desitxuratuak ematen badira, edo laguntzak emateko erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak egiaztatzeko lanak oztopatuz gero, emandako onurak ezeztatuko dira, eta gainera:

a) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legaren II. kapituluan ezarritako kasuetan, itzuli egin beharko da jasotako dirua, bai eta legezko interesa ere, %25 handituta. Interes horretarako, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketaren bidezkotasuna erabakitzen den egunera bitarteko aldia hartuko da kontuan.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira eta, beraz, premiamenduzko administrazio prozeduraren bidez eskatzen ahalko dira.

c) Lau urtera preskribatuko du Administrazioaren eskubideak, itzulketa aitortu edo likidatzeko.

Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea izapidetuko da kontraesanaren eta frogaren printzipioen arabera, onuradunari entzunaldia emanez, egin eta proposa ditzan egoki iritzitako alegazio eta frogak. Alkatetza izanen da dirulaguntzak bertan behera utzi edo errebokatzeko organo eskudun bakarra.

12. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Monteagudoko Udala da eskatzaileek emaniko datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Dirulaguntzak kudeatu eta izapidetzeko tratatuko ditu datuak, oinarri hauen arabera.

Tratamendua ahalbidetzen duen lege-oinarria 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.e) artikulua da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari eta Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.

Oinarri hauetan adierazitako datu-lagapenak eginen dira, eta betiere ezarrita daudenak Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean.

Datuak mantenduko dira tratamenduaren helburuak betetzeko beharrezkoak diren bitartean, eta gordeko dira bat etorriz Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearekin eta ekainaren 14ko 51/2016 Foru Aginduarekin.

Titularrek eskubidea izanen dute, legez ezarririk dauden kasuetan, datuetara irispidea izateko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko, tratamenduari aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko, eta datuen eramangarritasun-eskubidea ere izanen dute. Argibide gehiago izateko eskubideak erabiltzeko moduari buruz eta datu-babesaren beste alderdi batzuei buruz, datu-babesari buruzko atalera jo daiteke webgunean (https://ayuntamiento.monteagudo.es/tu-ayuntamiento/transparencia/proteccion-de-datos/), edo datu-babeserako ordezkariaren helbidea erabil daiteke: dpd@monteagudo.org.

13. oinarria.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarriotan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

Laguntzak emateko deialdi honen aurka, beronen oinarrien aurka nahiz horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, Epe hori zenbatuko da errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik.

Monteagudon, 2020ko ekainaren 22an.–Alkatea, Mariano Herrero Ibáñez.

Iragarkiaren kodea: L2006680