160. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

144E/2020 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baitira martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako aldaketa batzuk, proiektu honetan: tisu papera fabrikatu eta eraldatzeko instalazioa handitzeko proiektua, paper-makina berri bat ezartzeko (MP 02). Instalazioa Buñuelgo udal mugartean dago, eta Sofidel Spain SLU da haren titularra.

Instalazio horrek, jadanik bai baita, badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 4ko 1431/2005 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 178E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 205E/2017 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratu berri bat eman zen, paper-makina berri bat (MP 02) ezartzeko handitze-proiektuaren ondorioz, funtsezko aldaketa gisa hartu baitzen.

Titularrak 2019ko ekainaren 5ean aurkeztu zuen handitze hori martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena, eta honako aldaketa hauek zehaztu zituen, ingurumen baimen integratu berrian ezarritako baldintzetan ez zeudenak:

a) Galdaren eta konpresoreen potentzia, edukiontzi batzuen edukiera eta instalazioan egiten den prozesua deskribatzen duten beste alderdi batzuk, aldaketak sartuz I. eranskinean.

b) 1. paper-makinako galdara erreserba egoerara pasatzea, isuri nominalen emariak handitzea 6.etik 10.era bitarteko guneetan, bi lerrotan bereiztea hornidurako uren tratamenduko efluentea eta ur osmotizatuaren hondakin-efluentea (bi makinetan), ezabatzea orgak garbitzetik eta begiak garbitzeko gailutik heldu diren uren isuria, eta teknika erabilgarri onenak aplikatzeko mailari dagozkion zehaztapenak, aldaketak sartuz II. eranskinean.

c) Batera sortzen diren beste bi hondakin sartzea, hasiera batez sartu ez zirenak, aldaketak sartuz III. eranskinean.

d) Ur freskoaren kontsumoaren erlazioa handitzea, 13 m³/t kontsumituko baitira oraingo 7 m³/t-ak kontsumitu beharrean, ikusirik nola funtzionatzen duen instalazioak gaur egun.

Paper-makina berri bat ezartzeko handitze-proiektuko aldaketa guztiak ez dira munta berekoak, eta horietako batzuk heldu dira proiektua gauzatzean egindako hobekuntza operatiboetatik; esaterako, bi lerrotan bereizi izana hornidurako uren tratamenduko efluentea eta ur osmotizatuaren hondakin-efluentea (bi makinetan), edo ezabatu izana orgak garbitzetik eta begiak garbitzeko gailutik heldu diren uren isuria.

Hala ere, beste alderdi batzuetan, aldaketak ezin zaizkie egotzi hobekuntza operatiboei, baizik eta aurkezturiko proiektu teknikoaren doitasun faltari. Izan ere, hasiera batez aurreikusitako ekipamendu batzuk ez datoz guztiz bat azkenean instalatu direnekin. Honako kasu hauetan gertatu da hori: galdaren eta konpresoreen potentziaren aldaketa, edukiontzi batzuen edukieraren aldaketa, eta isuri nominalen emarien handipena 6.etik 10.era bitarteko guneetan.

Nolanahi ere, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa horiek berrikusi ditu, eta ondorioztatu du a), b) eta c) aldaketak onargarriak direla, ahalbidetzen baitute instalazioak era egokian funtzionatzea, ingurumenari dagokionez.

Hala ere, ezin da onartu d) aldaketa, ur freskoaren kontsumo espezifikoa handitzeari buruzkoa, ez baitzaie egokitzen teknika erabilgarri onenei.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara emisioak egiteko baimena sartu da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat garatzen duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Kasu honetan, ikusi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, uste baita aldaketa espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak. Titularrak, orobat, zenbait ohar aurkeztu ditu, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Partez onartzea martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako aldaketa batzuk, proiektu honetan: tisu papera fabrikatu eta eraldatzeko instalazioa handitzeko proiektua, paper-makina berri bat ezartzeko (MP 02). Instalazioa Buñuelgo udal mugartean dago, eta Sofidel Spain SLU da haren titularra. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak bete beharko dituzte instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak, eta, horiez gainera, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak.

Bigarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Instalazio honen ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Hirugarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakinen kopuruak edo lehengaien, bukatutako produktuen nahiz kasuan kasuko materialaren kopuruak ez du handitu behar arrisku intrintsekoaren maila, zeina kalkulatu baitzen ingurumen baimen integratua ematen duen espedientearen dokumentazio teknikoan.

Laugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea; hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Sofidel Spain SLUra eta Buñuelgo Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2006792