160. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MONTEAGUDO

Deialdia, partikularrei eta familiei larrialdiko laguntzak emateko, COVID-19ak eragindako krisiaren ondoren

Udalak, 2020ko ekainaren 11n egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

1.–Oinarriak onestea, COVID-19ak eragindako krisiaren ondoren partikularrei eta familiei larrialdiko laguntzak emateko deialdirako.

2.–Agintzea erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, bai eta Monteagudoko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean ere.

OINARRIAK, COVID-19AK ERAGINDAKO KRISIAREN ONDOREN PARTIKULARREI ETA FAMILIEI LARRIALDIKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIARENAK

Oinarri hauen xedea da prozedura arautzea partikularrei eta familiei larrialdiko laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren bidez, COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren aurrean. Monteagudoko Udalak 2020ko ekainaren 11n egin osoko bilkuran onetsi zituen laguntza horiek, 10.000 euroko zenbatekoarekin.

Laguntza horien onuradunak izanen dira Monteagudon bi urtetik gora erroldatuta daramaten pertsona edo familia-unitateak, hala eskatzen dutenean.

Laguntzak eskatzeko prozedura hasteko, nahikoa izanen da onuradunak Monteagudoko Udalean eskabidea aurkeztea, bertan bere datu pertsonalak, helbidea eta harremanetarako telefonoa adierazita.

Queiles ibarreko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako langileak arduratuko dira eskatzaileekin harremanetan jartzeaz, eta beharrezko informazioa bilduko dute, zehazteko eskatzailea laguntza horien onuraduna izan daitekeen, bai eta, kasua bada, laguntzen zenbatekoa ere. Azterketa hori bukatuta, entitateak txostena eginen du eta Monteagudoko Udalari igorriko dio. Udalak, alkatearen bitartez, ebazpen bat emanen du, ondorioak bildu eta, kasua bada, ezarritako laguntzaren ordainketa onesteko.

Deitzaileak eskabideak ebazteko bi hilabeteko epea izanen du, eskabidea aurkezten denetik kontatzen hasita.

Proposamenak Udal honetan aurkeztuko dira, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, eta aurkezpen ordenaren arabera erantzunen zaie, ezarritako partida agortu arte.

Laguntzak jasotzeko onuradunaren izaeraren falta, faltsutze edo ez-betetze kasuetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuari jarraituko zaio.

Eskatzaileek ematen dituzten datuen tratamenduari dagokionez, Europar Batasunaren 2016/679 Erregelamenduari eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraituko zaie.

Monteagudon, 2020ko ekainaren 4an.–Alkatea, Mariano Herrero Ibáñez.

Iragarkiaren kodea: L2007281