16. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

2020ko lan egutegia

Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak 527/2019 ebazpena eman zuen 2019ko abenduaren 27an. Hona testu osoa:

Ikusirik 177/2019 Ebazpena, maiatzaren 10ekoa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2020ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena.

Ikusirik 250/2019 Ebazpena, azaroaren 22koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zehazten dituena Nafarroako Foru Komunitaterako 2020ko tokian tokiko jaiegunak, hots, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez direnak.

Ikusirik 339/2019 Ebazpena, abenduaren 16koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, onesten duena 2020ko herrietako jaiegunen aldaketa.

Ikusirik funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan baldintzak ezartzeko akordio kolektiboa eta udal honetako lan-kontratudunen lan hitzarmen kolektiboa.

Udaleko langileen ordezkari sindikalekin egin beharreko hitzarmena bukatuta.

Horrenbestez, kontuan hartuta espedienteko dokumentazioa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1.985 Legearen 21.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Oltza Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen 2020ko aste barreneko jaiegunen egutegia onestea. Hona hemen:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Urtarrilaren 7a. Ororbiako festa eguna.

–Martxoaren 19a: San Jose eguna.

–Martxoaren 20a: San Jose eguneko zubia.

–Apirilaren 9a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 10a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 13a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 6a: Sanferminen bezpera.

–Abuztuaren 15a: Ama Birjinaren Jasokundea.

–Abuztuaren 21a eta 24a: Ororbiako bestak.

–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 4a: San Frantzisko Xabierkoaren eguneko zubia.

–Abenduaren 7a: Konstituzioaren egunaren biharamuna.

–Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Bigarrena.–Oltza Zendeako Udaleko administrazioan lanorduen urteko kopurua 1.592 da, abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuaren arabera, eta honela banatuko da:

Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da. Nahitaez lan egin beharko da 9:30etatik 14:30ak arte; gainerako bi ordu eta hogei minutuak egiteko langileek malgutasuna izanen dute, 7:00etik 16:30 arte. Orobat, kirol eta kultur koordinatzaileak asteazken arratsaldeetan ordu bat eta berrogei minutuz lan egin beharko du nahitaez. Hortaz, lanpostu horren ordutegi malgua, astelehenetik ostiralerako goizaldeetan, bi ordutara mugatuko da.

Zerbitzuaren beharren mendekoa ez den lanaldi murriztua duten langileen kasuan, nahitaez bertan egoteko denbora egokitu eginen da, ahal den neurrian, murrizketaren ebazpenean baimendutako ordutegira, edo, bestela, langilearekin adostuko da zerbitzuaren beharren arabera.

Hirugarrena.–Oltza Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen lanaldiaren malgutasuna handitu da, langileek laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea errazago izan dadin. Hona hemen jarraibideak:

1.–Enplegatu bakoitzak gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 20 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero gaurkotuko da lanera agertzeko kontrol sistemaren bidez eta konpentsatuko dira hilabete natural bakoitzaren barrenean, egiatan lan egindako ordu guztiak eta hilabete natural bakoitzean egin beharreko lanorduak berdinak izan daitezen.

2.–Nahitaezko lanaldia izanen da 9:30etik 14:30era arte eta langile bakoitza kanpoan egon daiteke gehienez 25 orduz urtean; nolanahi ere, lantokian egon gabeko ordu horiek konpentsatu beharko ditu urtean zehar lan eginda.

Laugarrena.–Lanera agertzea kontrolatzeko, bertaratu direnen kontrolerako sistema automatikoa erabiliko da, eta enplegatu guztiek lanpostura sartzean eta bertatik ateratzean fitxatu beharko dute nahitaez. Hala egin beharko dute lanaldiaren hasieran eta amaieran, baita lanaldiaren barnean irteten eta itzultzen diren bakoitzean ere.

Bosgarrena.–Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogeita hamar minutu iraunen duen atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horri dagokionez, bulegoetako langileek nahitaez fitxatu beharko dute sartu-ateratzeetan.

Seigarrena.–Baliogabeak izanen dira, 2020. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak, salbu eta martxoaren 20a, abuztuaren 21a eta 24a eta abenduaren 4a, horiek jaiegun izanen baitira.

Zazpigarrena.–Udal administrazioaren zerbitzuetako premiak direla-eta, eta behar bezala jardun ahal izateko, kontabilitate, herritarrendako laguntza eta idazkaritza zerbitzuetan eta zerbitzu anitzetan-albiente lanetan, bertako langileek ezin izanen dituzte oporrak batera hartu.

Orobat, garbiketako langileen kasuan, medikuaren kontsultategiaren garbiketa 14:00etatik 16:00etara egiten saiatuko dira, osasun langileei trabarik ez egiteko.

Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.

Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.

Oltza Zendeatik kanpo egiten diren ikastaroen kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora gehituko zaio. Iruñerriko herrietan, joan-etorria egiteko kalkulatutako denbora 60 minutukoa izanen da (joan-etorria guztira).

Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta bertaratuta egin beharrekoa, lanaldi osoa bezala kontatuko da.

Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora kasu honetan baizik ez da lan denboratzat hartuko: Administrazioak erabakitzen duenean, lanpostuak bere dituen eginkizunak ongi betetzeko, nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko.

Euskara ikastaroak egiteko ordu eta dirua konpentsazioak, behar bezala baimenduak, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 17ko 1311/2010 Ebazpenean arautzen dira, haren bitartez parekatzen baitira ekainaren 21eko 195/1993 Foru Dekretuan ezarritako euskara ikastaroak egiteko ordu konpentsazioak gaur egungo prestakuntza jardueretara.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita, ediktuen bidez, Oltza Zendeako Udalaren iragarki oholean ere.

Hamargarrena.–Ebazpen honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo osoko bilkura arruntean.

Aditzera ematen dut, jakin dadin eta ondorioak izan ditzan. Halaber, ohartarazten dut erabaki horren aurka errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela:

1. berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik aurrera.

3. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Oltza Zendean, 2019ko abenduaren 27an.–Alkate udalburua, Moises Garjón Villanueva.

Iragarkiaren kodea: L1916762