16. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

34/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 8koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zer lanpostutan eskatuko den Espainiako nazionalitatea izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2019ko lan publikoaren eskaintza partzialetan, zehazki, 2019ra luzatutako 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagozkionetan, bai Administrazio Erroaren eremurako, bai Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langileen eremurako.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluak ezartzen du Europar Batasuneko beste estatuetako kide diren herritarrak espainiarren baldintza berberetan sartzen ahalko direla lanpostu publiko guztietan, salbu eta aginte publikoan zuzenean edo zeharka parte hartzea eratxikita dutenetan eta Estatuaren edo Administrazio Publikoen interesak gordetzeko helburua duten funtzionarioen kasuan. Nafarroako Administrazio Publikoek finkatuko dute, nork bere eskumenen esparruan, zer lanpostutan ezin izanen diren sartu Europar Batasuneko beste estatuetako kide diren herritarrak.

Hori dela eta, azaroaren 27ko 331/2019 Foru Dekretuaren bidez, onetsi egin zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2019ko lan publikoaren eskaintza partziala, 2019ra luzatutako 2018ko Estatu Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Lege horrek, bere 4. artikuluan, eskumena ematen dio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari ebazpen baten bidez zehazteko, dagozkion sarrerako hautaproben deialdiak onetsi baino lehen, zein lanpostuk duten atxikia ahal publikoak betetzea edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen interesak zaintzeko erantzukizuna, lanpostu horietan sartzeko Espainiako nazionalitatea izatea eskatuko baita.

Era berean, abenduaren 11ko 333/2019 Foru Dekretuaren bidez, onetsi egin zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langileen 2019ko lan publikoaren eskaintza partziala, 2019ra luzatutako 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horrek, bere 4. artikuluan, ahalmena ematen dio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari ebazpen baten bidez zehazteko, dagozkion sarrerako hautaproben deialdiak onetsi baino lehen, zein lanpostuk duten atxikia ahal publikoak betetzea edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen interesak zaintzeko erantzukizuna, lanpostu horietan sartzeko Espainiako nazionalitatea izatea eskatuko baita.

Adierazitakoarekin bat, bidezkoa da zehaztea, lan publikoaren eskaintza partzial horiei dagokienez, zer lanpostutan sartzeko eskatuko den Espainiako nazionalitatea izatea, kontuan harturik aginte publikoan parte hartzea eratxikita dutela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren interesak gordetzeko helburua duten eginkizunak direla.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Zehaztea ezen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2019ko lan publikoaren eskaintza partzialari dagokionez, zehazki, 2019ra luzatutako 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokionez, lanpostu hauetan sartzeko beharrezkoa izanen dela Espainiako nazionalitatea izatea:

–Aholkulari juridikoa.

–Ogasuneko teknikaria.

–Administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

–Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea.

–Nafarroako Foruzaingoko agentea.

–Suhiltzailea.

2. Zehaztea ezen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langileen 2019ko lan publikoaren eskaintza partzialari dagokionez, zehazki, 2019ra luzatutako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokionez, lanpostu hauetan sartzeko beharrezkoa izanen dela Espainiako nazionalitatea izatea:

–Osasun publikoko ikuskatzailea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 8an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

Iragarkiaren kodea: F2000364