16. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4079E/2019 EBAZPENA, abenduaren 24koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez honako dirulaguntza honen deialdia onesten baita 2020rako: “Prestakuntza ekintzak, kontratatzeko konpromisoa atxikita dutenak”. DDBN identifikazioa: 489069.

Nafarroako Gobernuak adierazi du enplegurako lanbide heziketa bultzatu nahi duela, horren bidez enpresen lehiakortasun beharrei erantzuteko eta langabeen nahiz landunen lanbide sustapena eta garapen pertsonala lortzeko xedeak asetzeko.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak (Lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena) eta hori garatu eta betearazteko gerora emandako araudiak sistemaren erreforma integrala ekarri dute, eta hori kontuan hartu da deialdi honetan.

Bai irailaren 9ko 30/2015 Legeak, bai hura garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuak, langabetuentzako eskaintza kontuan hartzen dute enplegurako lanbide heziketaren ekimenen artean, eta horien artean daude kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza programak.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/ 2019 Aginduaren bidez, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren, barnean sartuta kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza programak. Agindu horretan ezartzen denez, administrazio publiko eskudunek dirulaguntzak emateko beste edozein prozedura aplikatzen ahalko dute, erakunde onuradunen arteko lehia ahalbidetzen duena, eta prozedura horiek aipatutako aginduaren II. kapituluan ezarritako oinarri arautzaileek arautuko dituzte.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimenduko du.

Alde horretatik, banakako ebaluazioaren araubideak laguntzen ahal du lan merkatuaren beharrei arinago, azkarrago, eraginkorrago eta dinamikoago erantzuten, bai eta prestakuntza ekimen hau enplegua sustatzeko tresna eraginkorrago eta eraginkorrago bihurtzen ere.

Gobernuak 2019ko abenduaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Eskubide Sozialetako kontseilariari dirulaguntzen deialdi bat tramita zezan, banakako ebaluazioaren araubidean, langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikia zuten prestakuntza ekintzak finantzatzeko.

Dirulaguntza hauek kudeatutako dirulaguntzak dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea; horien kudeaketa, berriz, osoa zein partziala, administrazio publiko batzuei. Halaber, Batzordeak ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamendua betetzen dute. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza publikoak emateko deialdia onestea, 2020an Nafarroako Foru Komunitatean langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 200.000 euroko gastua baimentzea, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen edo gaitzen den beste partida baliokide baten kargura: “Enplegu konpromisoa duten eta hainbat taldetarako diren prestakuntza ekintzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950002 96200 4709 242104 partida. Horretarako, edonola ere, aurrekontuan dirua egon behar du.

4. Adieraztea ezen gehienez ere 200.000 euroko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko dela. Hori eraginkorra izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez berriz hastea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea. Hori guztia Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legearen hamabosgarren xedapen gehigarria aplikatuz, zehazki, 3.a) 2. kasua, erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua handitzeagatik kreditua sortu, handitu edo gehitu delako.

5. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 24an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntzak emateko prozedura arautzea, helburu honekin: Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, langabeei zuzenduak dauden eta kontratatzeko konpromisoak dituzten prestakuntza ekintzak finantzatzea.

2.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

2.1. Modalitate presentzialean, prestakuntza ekintza bakoitzagatik emanen den dirulaguntza ez da 8 euro baino handiagoa izanen parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko.

2.2. Teleprestakuntzaren modalitatean, emanen den dirulaguntza ez da 6 euro baino handiagoa izanen parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko. Teleprestakuntzako modalitatetzat joko da baldin eta prestakuntza ekintzaren zati presentziala iraupen osoaren %20 edo gutxiago bada.

2.3. Modalitate mistoan (presentziala eta teleprestakuntza) prestakuntza modalitate mota bakoitzaren ordu kopuruaren arabera aplikatuko dira moduluak.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Honako hauek izaten ahalko dira deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradun:

a) Nafarroako Foru Komunitateko enpresak, elkarteak edo entitateak, diruz lagundutako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonen konpromisoa beretzat hartzen badute.

b) Prestakuntza entitateak, publikoak zein pribatuak, barnean sartuta titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak. Kasu honetan, prestakuntza entitateek kontrataziorako konpromisoa beren gain hartzen ahalko dute kontratazioa eginen duten beste enpresa batzuekin akordioak edo hitzarmenak sinatuz. Nolanahi ere, prestakuntza entitate onuradunak hartuko du bere gain prestakuntza jarduera diruz lagundua gauzatzeko nahiz kontratatzeko konpromisoa betetzeko ardura.

c) Prestakuntza entitateen taldeak, enpresak eta entitateak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Taldeko entitate guztiek entitate onuradunentzat ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Talde horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, entitate onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, taldeko entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Taldea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea bukatu arte.

3.2. Enpresek, haien elkarte edo entitateek, taldeek eta prestakuntza entitate publiko nahiz pribatuek egiaztatuta eta/edo inskribatuta egon beharko dute dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak emateko, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 15. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Paragrafo honetan aipatzen den inskripzioa ez zaie eskatuko beren langileei prestakuntza ematen dieten enpresei, prestakuntza hori beren kabuz eman edo kontrataziora joz eman.

Halaber, inskripzioa ez da beharrezkoa izanen baldin eta enpresak berak ematen badu prestakuntza atzerrian dauden teleprestakuntzako plataformen bidez, eta betiere, enpresa multinazionalak direnean. Enpresak kanpoko entitate bati eskatzen badio prestakuntza emateko, dagokion erregistroan inskribatua egotea eskatuko zaio entitateari, baita Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan ez dagoen prestakuntza denean ere.

3.3. Nafarroan akreditatutako edo inskribatutako lokalak edo instalazioak izan arren prestakuntza beste lokal edo instalazio batzuetan eman nahi dituzten entitateek eskabidean zehaztu beharko dute non eginen duten prestakuntza, eta horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu. Betiere, eskatutako prestakuntza ekintzetarako akreditutaturik edo inskribaturik egon beharko dute lokal edo instalazio horiek, entitate eskatzaileen epe eta baldintza beretan.

3.4. Ezin izanen dira izan oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun:

a) Administrazio publikoak, sozietate publikoak, enpresa publikoak eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateak.

b) Eskaera egin aurreko sei hilabeteetan langile kopurua murriztu duten enpresak eta entitateak. Ondorio horietarako, kontratu mugagabea dutenak eta, hala badagokio, bazkide langileak edo laneko bazkideak baino ez dira kontuan hartuko. Ez dira konputatuko heriotzaren, erretiroaren edo baliaezintasunaren ondoriozko bajak.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatzen diren kasuetakoren batean dauden entitateak.

3.1 oinarriko c) apartatuan sartutako taldeak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta taldeko entitateren batek debeku horietakoren bat badu.

4.–Kontratatzeko konpromisoa.

4.1. Entitate onuraduna behartua egonen da, bere kabuz, bere kideen edo bazkideen bidez edo berarekin akordioak ezartzen dituzten elkarte edo entitateen bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finantzatutako prestakuntza jaso eta bukatzen duten pertsonen %40 gutxienez kontratatzera. Baldintza hori betetzat joko da, orobat, baldin eta, kontratazioaren ordez, pertsona horiek sartzen badira kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide langile gisa edo laneko bazkide gisa.

Ondorio horietarako, honela zehaztuko da kontratatu beharreko gutxieneko parte-hartzaile kopurua: prestakuntza amaitzen dutenen %40 kalkulatu eta goragoko zenbaki osora biribilduko da.

4.2. Kontratazioa epe honen barnean eginen da: prestakuntzaldiko bigarren egunetik hasita prestakuntzaldia bukatu edo lanekoak ez diren praktikak bukatu (horrelakorik bada) eta sei hilabetera bitartean.

4.3. Lan-kontratuak mugagabeak izanen dira, edo, nolanahi ere, gutxienez 6 hilabetekoak lanaldi osokoak badira, edo 9 hilabetekoak lanaldi partzialekoak badira. Azken kasu horretan, eguneko gutxieneko lanaldia %50ekoa izanen da.

Lanaldia osoa edo partziala izanen da; kasu horretan, lanaldi osoko antzeko langile baten lanaldiaren %50 izanen da gutxienez.

4.4. Edozein arrazoirengatik kontratatzen den pertsonak lana uzten badu, entitate onuradunak 15 egun naturaleko epean ordeztuko du diruz lagundutako prestakuntza bukatu duen beste pertsona batekin.

4.5. Kontratatzeko konpromisoa bete ezean, hurrengo deialdietako baremoan zigorrak jar daitezke.

5.–Prestakuntza ekintzak.

5.1. Dirulaguntza emateko ebazpena eman eta biharamunetik gauzatu daitezke prestakuntza ekintzak, eta hurrengo urteko ekainaren 30a baino lehen bukatu behar dira.

5.2. Prestakuntza ekintzak garatzeko eta emateko, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Prestakuntza ekintzen erreferentzia izanen da irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira, bai eta horiek lortzera zuzendutako prestakuntza ekintzen profesionaltasun ziurtagiriak onartzeko errege dekretuetan ezarritakoak ere.

Eman beharreko prestakuntza aipatu katalogoan aurreikusita ez badago, entitate eskatzaileak prestakuntza programa bat prestatu beharko du, eta NL-NEZi aurkeztu dirulaguntzaren eskaerarekin batera, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan alta emateko behar den tramitazioa egin dezan.

5.3. Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez. Muga horretan sartuko dira lantokietako prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, kasua denean.

Modalitate presentzialean antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 30 parte-hartzaileko taldeetan egiteko programatuko dira, edo 25 ikasleko taldeetan, baldin profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideraturik badaude.

Teleprestakuntzaren modalitatean, tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko, gehienez. Tutore-irakasleek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

5.4. Teleprestakuntzako plataformak online ikasteko sistema bat izan beharko du, ahalmen nahikoarekin ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta segurtatzeko. Baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:

–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazitako fidagarritasun-, segurtasun-, irisgarritasun- eta elkarreragin-mailak izatea.

–Ikasle guztiak aldi berean sartzea ahalbidetzea, segurtatuta plataformaren banda-zabalera uniformea dela kurtsoaren etapa guztietan.

–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.

–24 × 7 eskuragarri egotea.

–Backupa, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.

–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.

Entitate onuradunak plataformarako sarbidea emanen die NL-NEZeko langile teknikoei, dagokion gakoaren bidez, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

Teleprestakuntza plataformari dagokionez, oinarri arautzaile hauetan jaso ez den orotarako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2014ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren I. eranskina beteko da, hots: teleprestakuntza plataformaren eta ikaskuntza-eduki birtualaren baldintza teknikoak profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden eta teleprestakuntzako modalitatekoak diren prestakuntza espezialitateetarako. Aipatu ebazpenaren bidez, teleprestakuntzako modalitatean eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kudeaketa esparruan enplegurako lanbide heziketa ematen duten prestakuntza zentro eta entitateen akreditazioa eta inskripzioa arautzen da.

5.5. Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza egiaztatzeko, honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikulua eta Profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua.

Deialdi honen ondorioetarako, profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean emanen dira.

Gutxieneko prestakuntza diruz lagungarriak bat etorri beharko du prestakuntza modulu osoekin, salbu eta lehenbiziko mailako profesionaltasun ziurtagirien kasuan, profesionaltasun ziurtagiri osoekin bat etorriko baita.

Irakasleek prestakuntzaren eta esperientzia profesionalaren arloetako aginduak bete behar dituzte, profesionaltasun ziurtagiri bakoitzaren IV. atalean biltzen direnak, eta frogatu behar dute ezen profesionaltasun ziurtagiri horren errege dekretuak irakasteko eskatzen duen gaitasuna badutela, kontuan izanik martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuak egin dituen aldaketak.

6.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.

6.1. Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan:

a) Langabeek, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude.

b) Enplegu prekarioa duten langileek; ulertuko da langile batek enplegu prekarioa duela indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherako soldata duenean hilean. Nolanahi ere, parte-hartzaile hauek ez dute gaindituko programa guztien parte-hartzaileen %30.

Langileak prestakuntzaren hasieran zein lan egoeratan dauden, horren arabera esanen da langileak lanean ari direla edo lanik gabe daudela.

Eskatzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

6.2. Ezin izanen dute ebazpen honetan araututako prestakuntza ekintzetan parte hartu:

a) Administrazio publikoetako, sozietate publikoetako, enpresa publikoetako eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateetako langileek.

b) Dirulaguntzaren onuradun diren enpresetako edo bestelako entitateetako langileek, bai eta dirulaguntza emateko oinarri izan ziren konpromisoak (langileak kontratatzekoak) beren gain hartu zituzten enpresetakoek ere.

6.3. Ikasleen inskripzio eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

6.4. Entitate onuradunak hautatuko du nork hartzen duen parte prestakuntza ekintzetan; era berean, parte-hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko gaitasunak dituztela segurtatzeko ardura ere izanen du, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

6.5. Prestakuntza ekintzak prestakuntza modulu bat baino gehiagoko profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta badaude, eta horiek egiteko onartutakoen artean programatutako moduluren bat dagoeneko egiaztatuta duten pertsonak badaude, pertsona horiek ez dute zertan joan egiaztatuta dituzten moduluetara, eta erakunde onuradunek egoera horren berri eman beharko diote NL-NEZi. Ondorio guztietarako, bertaratu izan balira bezala izanen da, salbu eta prestakuntza ekintzaren likidazioari dagokionez; izan ere, entitate onuradunak egiaztatu gabeko moduluengatik bakarrik kobratuko du.

6.6. Ikasleek prestakuntza ekintza bat bidezko arrazoirik gabe uzten badute, ezin izanen dute NL-NEZek antolatutako beste prestakuntza ekintza batean inskribatu edo parte hartu harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza utzi zutenetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

6.7. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.

b) Prestakuntza ekintzaren garapen arrunta trabatzea.

c) Begirune edo adeitasun falta irakasleekiko, ikaskideekiko edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekiko.

d) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

e) Langabeen kasuan, arrazoitu gabeko hiru hutsegite baino gehiago izatea hilabete batean.

6.8. NL-NEZek prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.

7.–Bekak eta laguntzak.

7.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TME/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradunak izaten ahalko dira arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen badituzte.

Beka eta/edo laguntza jasotzeko eskubidea etenen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Bekak zuzenean emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko betebeharrei buruz, bai eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduak ere. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskabide ereduak.

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak eskaerak jasoko ditu, eta NL-NEZera bidaliko ditu 10 eguneko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleen frogagiriak, prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabetetik gorako iraupena duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak hilero bidaltzen ahalko ditu aurreko lerroaldean aipatzen diren eskaerak eta agiriak.

7.2. Bekak eta laguntzak:

a) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko erakundeak akreditaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean NL-NEZek diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

b) Genero indarkeriaren biktima diren emakumezkoentzako beka.

Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskuduneko edo harrera zentroko gizarte zerbitzuen ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean NL-NEZek diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

c) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek izena emana duten enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan.

Prestakuntzara joateko hiri eta/edo hiriarteko garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Langabearen helbidetik zentrorako joan-etorrirako garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek ordutegi erregular bat ez badu prestakuntza ekintzarako egokia, norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntzarako eskubidea izan daiteke. Gorabehera hori laguntzaren ordainketan eskudun den organoak aztertu beharko du. Norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

d) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa) eta bizilekua ekintza ematen deneko herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

e) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori NL-NEZ organo kudeatzaileak aitortu beharko du. Gehienez ere 60 euro hartzen ahalko da egun naturaleko kontzeptu honengatik. Gainera, langabetuak eskubidea izanen du hasierako eta bukaerako joan-etorrietako garraio txartelak ordain dakizkion, 80 euro gehienez ere.

Ostaturako, mantenurako eta, kasua bada, garraiorako gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez, txartelaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

f) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo 2. mailarainoko mendekotasuna duen ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lan igoera, prestakuntza edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-sorospena edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

–IPREM-Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, IPREMaren ehuneko 75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko IPREMaren %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

7.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

Teleprestakuntzako modalitateko prestakuntza ekintzak direnean, garraiorako, mantenurako eta ostaturako laguntzak soilik jasoko dira langabeek aurrez aurreko prestakuntza ekintzetara agertu behar dutenean.

8.–Lanekoak ez diren praktikak.

8.1. Deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek lanetik kanpoko praktika profesionalak egiten ahalko dituzte, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 19. artikuluan arautzen diren baldintzetan.

8.2. Praktika horiek Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, ez bada NL-NEZek besterik baimentzen duela, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik. Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan.

8.3. Lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten langabeak 7. oinarrian aurreikusten diren beken eta laguntzen onuradunak izaten ahalko dira.

8.4. Profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratzen ez diren prestakuntza ekintzekin lotutako lanetik kanpoko praktika profesionalak egin daitezke prestakuntza jarduera egin bitartean nahiz jarduera hori egin ondoren, baldin eta hura ebaluazio positiboarekin gainditzen bada. Praktikak jarduera bukatu ondoren hasten badira, ez dira 30 egunetik gora iraganen jardueraren bukaera eta praktiken hasieraren artean. Praktiken iraupenari dagokionez, haiek sortzen dituen prestakuntza ekintzaren iraupenaren %20tik %100era bitartekoak izanen dira, eta ezin dira 40 ordutik beherakoak izan.

8.5. Profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratzen diren prestakuntza ekintzekin lotutako lanetik kanpoko praktika profesionalak egin daitezke prestakuntza jarduera egin bitartean nahiz jarduera hori egin ondoren, baldin eta hura ebaluazio positiboarekin gainditzen bada. Prestakuntza ekintzarekin batera egin ahal izateko, praktikak azken prestakuntza moduluan hasi beharko dira, edo profesionaltasun ziurtagiriaren prestakuntza moduluen iraupen osoaren %75etik gora emana dagoenean. Praktikak ekintza bukatu ondoren hasten badira, ez dira 4 hilabetetik gora iraganen ekintzaren bukaera eta praktiken hasieraren artean. Behar bezala justifikatutako arrazoiengatik eta NL-NEZen baimena izanda, epe hori luzatzen ahalko da.

Prestakuntza praktikoko modulu hori bakarrik egiten ahalko dute prestakuntza ekintza hori bukatu eta kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagirian aurreikusten diren prestakuntzako modulu guztiak bete dituztenek. Entitate onuradunak erraztu beharko du prestakuntza praktikoko modulu horiek egitea. Prestakuntza ekintzaren likidazioan 500 euroko zigorra aplikatuko da prestakuntza praktikoko modulua egiteko aukera eman ez zaion pertsona bakoitzeko.

Profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza ekintzak, lantokietako prestakuntza praktikoko modulua barne, ziurtagiri horiek arautzen dituen legediari jarraikiz eginen dira. Horrez gain, prestakuntza praktikoko modulua NL-NEZek ezarritako jarraibideen eta prozeduraren arabera egin beharko da.

8.6. Praktikak hasi baino lehen, haien berri emanen zaie enpresako langileen legezko ordezkariei, eta parte hartzen duten ikasleen eta tutoreen zerrenda igorriko zaie.

8.7. Lantokietako prestakuntza praktikoko modulua ez da beharrezkoa izanen parte-hartzaileak frogatzen badu profesionaltasun ziurtagiriari lotutako lan esperientzia baduela. Frogatze hori organo eskudunek egiten dituzten jarraipen eta kontrol jarduketetan eskatzen ahalko da, eta agiri hauek aurkeztuz eginen da:

a) Soldatako langileen kasuan:

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo afiliatuta dauden mutualitatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jaso beharko dira.

–Non hartu den lan esperientzia, enpresa horren lan-kontratua edo ziurtagiria, datu hauek berariaz adierazita: kontratuaren data, egindako jarduera eta zenbat denbora egin den lan horretan.

b) Langile autonomoen edo norberaren konturako langileen kasuan:

–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak edo Itsasoko Gizarte Institutuak emandako ziurtagiria, parte-hartzailea Gizarte Segurantzan dagokion araubide berezian afiliatuta egondako aldiei buruzkoa; egindako jardueraren deskribapena; eta zenbat denbora egin duen jarduera horretan.

c) Boluntarioen edo bekadunen kasuan:

–Laguntza zer entitatetan eman den, hark egindako ziurtagiria, berariaz adierazita honako hauek: egindako lanak eta eginkizunak, zer urtetan egin diren eta horietan emandako orduen kopuru zehatza.

8.8. Prestakuntza praktikoko moduluak ez du lan harremanik sortzen enpresarekin, ezta diru konpentsazioa ere parte-hartzaileentzat, langabeentzako beka eta laguntzetarako 7. oinarrian ezarritakoa salbu.

9.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

9.1. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

9.2. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo harturiko dirulaguntzen adierazpena.

c) Entitate eskatzailearen adierazpena, adierazten duena eskaeran emandako informazioa eta datuak benetakoak direla.

9.3. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Prestakuntza proiektua justifikatzeko memoria.

c) Prestakuntza ekintza bakoitzaren fitxa, behar bezala betea. Teleprestakuntzaren kasuan, ikasteko metodologia, jarraipena eta ebaluazioa zehaztu beharko dira.

d) Programaren laburpena, aurreikusitako prestakuntza ekintza bakoitza adierazita.

e) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako dirulaguntzarik jaso ez bada, “transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” inprimakia aurkeztu beharko da.

f) Aurrekoaz gain, NL-NEZek espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Ez da beharrezkoa izanen a) letran adierazitako agiria aurkeztea, baldin eta beste edozein administraziotan aurkeztu bada. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta NL-NEZek elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

9.4. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.

10.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

10.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunei errekerimendua egiten ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

10.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

11.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

11.1. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

11.2. NL-NEZeko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen eskaerak ebazteko eskumena duen organo eskuduna.

11.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa NL-NEZeko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

11.4. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta NL-NEZeko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

11.5. Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskabidea aurkeztu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori dagokion ebazpena eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

12.1. Deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrez gain, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonei bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla.

b) Ikasleei honako hauen berri ematea: prestakuntzaren norainokoa; prestakuntzak profesionaltasun ziurtagiri osoa edo haren egiaztapen partziala lortzea dakarren ala ez; eskubideak eta betebeharrak; eta aurreikusitako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

c) Prestakuntza ekintza hasi baino lehen, enpresako plantillako legezko ordezkariei jakinaraztea kontrataziorako konpromisoa duen programaren onespena, proposatutako kontratazioaren oinarrizko baldintzak eta prestakuntza jardueran parte hartuko duten ikasleen zerrenda.

d) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza jarduera egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

e) Deialdi honetako prestakuntza jardueretan parte hartzen dutenentzat, entitate onuradunak asegurua izanen du jardueren ondoriozko arriskua estaltzeko, barnean sartuta lanetik kanpoko praktikenak eta prestakuntza ekintza mistoen aurrez aurreko saioenak eta teleprestakuntza modalitatekoenak, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik izan ezean, horren berme gutuna, estaldura hau izanen duena, gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatzen den edozein istriputarako; horren barnean sartuko dira bisitak egiteko irteera baimenduak eta parte-hartzailea bere ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (garraiobidea zein den ere); gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa ezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, bisitetan, irteeretan eta joan-etorrietan sortzen badira.

f) Irakasleei hilero saria ordaintzea.

g) Prestakuntza ez badago profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratuta, entitate onuradunak bertaratze ziurtagiri bat luzatu eta eman beharko dio prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari.

Bi dokumentuetan, honako hauek jasoko dira gutxienez: prestakuntza entitatea, prestakuntza ekintzaren izena, prestakuntzaren edukiak, prestakuntza emateko modalitatea, iraupena eta ikastaroa noiz eman den.

Bertaratze ziurtagiriak edo diplomak parte-hartzaileei emateko gehieneko epea bi hilabetekoa da, prestakuntza ekintza bukatzen den egunetik aurrera.

h) Kontratatutako pertsona enpleguan mantentzea, deialdi honetako 4.3 oinarrian aipatzen den moduan. Oinarri honetan xedatutakoa bete ezean, 18. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

i) NL-NEZek eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozedura instruitzeko fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea partaideek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak, eta haien ikaskuntzaren ebaluazio kontrolak eta egindako prestakuntza jardueraren erregistroak, prestakuntza teleprestakuntza modalitatean eman bada.

j) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako kopuruen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori bide exekutibora jo aurreko erreklamazioaren bidez edo itzulketa bidezko ebazpenaren bidez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

k) NL-NEZi jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik hartu den, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

l) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak eguneratuak izatea.

m) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

n) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, NL-NEZi igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

ñ) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, NL-NEZek, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak beteko dira.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

12.2. Gardentasun betebeharrak:

12.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuta daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritako gardentasun betebeharra betetzera baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, urtebetez, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, NL-NEZi zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

12.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

12.2.3. Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, Nafarroako Atariko tramiteen atalean (www.nafarroa.eus) adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, erabakitzen ahalko da arau horretan xedatutako isunak eta zehapenak ezartzea, entitate interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

13.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

13.1. Entitate onuradunak gauzatuko ditu prestakuntza ekintzak, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

13.2. Prestakuntza talde bakoitzaren hasiera IRIS aplikazio informatikoa erabiliz jakinaraziko da, prestakuntza ekintza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez. Profesionaltasun ziurtagiriei lotutako prestakuntza ekintzak direnean, epe hori 5 egun naturalekoa izanen da.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, taldea/ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko da, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo taldea/ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Aurretik aipatutako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da prestakuntza taldea, salbu eta aurreikus ezineko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

13.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrenda IRIS aplikazio informatikoaren bidez bidaliko da, prestakuntza ekintzaren orduen %25 eman baino lehen. Profesionaltasun ziurtagiriei lotutako prestakuntza ekintzak direnean, prestakuntza ekintza hasi eta lehenengo bost eskola-egunetan igorri beharko dira, baldin eta ehuneko 25eko portzentajea gainditu ez bada.

13.4. Prestakuntza uzten bada, beste pertsona batzuk sar daitezke hartan, joandakoen ordez. Ordezkapen hori onargarria izanen da egiten bada prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25era iritsi baino lehenago, salbu eta prestakuntza ekintzak bideratuta badaude profesionaltasun ziurtagiriak lortzera; izan ere, kasu horretan, ordezpena soilik onartuko da lehenengo 5 eskola-egunetan, prestakuntza ekintza edo dagokion modulua hasten denetik hasita, eta portzentaje hori gainditu ez bada.

13.5. Prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, “Agirien taula. Konpromisoa 2020” agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori Nafarroako Atariko tramiteen atalean (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.

14.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du Dirulaguntza jaso dezaketen gastuei buruzko martxoaren 28ko TSM/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan xedatutakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

15.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

15.1. Dirulaguntzaren justifikazioa, moduluen bidezko egiaztapen moduan eginen da.

15.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, onuradunak jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko ditu, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hala eskatzen duen beste edozein legezko betebehar ere.

15.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Prestakuntza jarduera hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Horrez gain, %35 arteko ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakarra ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60raino, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren.

Prestakuntza jardueraren hasieratzat hartuko da onetsitako prestakuntza ekintzen lehen prestakuntza taldea gauzatzen hastea.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

15.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1.–Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa eta kalitate memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu.

2.–Memoria ekonomiko bat, honako hauek gutxienez frogatuko dituena:

a) Onuradunaren egiaztapena edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

15.5. Dirulaguntza justifikatzeko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, eta nolanahi ere, hurrengo urteko uztailaren 31 baino lehen.

Nolanahi ere, aurkeztutako dokumentazioa nahikoa ez bada justifikazioa egiteko, NL-NEZek antzemandako gabezien berri emanen dio entitate onuradunari, horiek zuzen ditzan 10 eguneko epe luzaezinean.

Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 18. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

15.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela NL-NEZen alde, aldez aurretik edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

15.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, NL-NEZek espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du itzul dakizkion justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

15.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen ehuneko 75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

15.9. Era berean, justifikazioaren ondorioetarako, langabetuek prestakuntza ekintza bukatu dutela ulertuko da baldin eta lana, beka edo lanetik kanpoko praktikaren bat aurkitzeagatik ekintza bertan behera utzi behar izan badute, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza ekintzaren %25 egin badute.

Ezin dira 5 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

Dirulaguntza justifikatzeko atal honetan prestakuntza ekintza bukatu duela ulertzeari buruz ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko, abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin bat.

16.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

16.1. Entitate onuradunek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte. Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso dutenen taldeen %5ekoa, gutxienez. Lagin horrek barne hartuko ditu prestakuntza programako ekintzak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntzaren modalitate guztiak ere.

15.4.1 oinarrian aipatzen den jarduketa eta kalitate memorian, entitateak emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak bilduko ditu entitateak egindako kontrol eta ebaluazio jarduketei buruz.

16.2. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako “Kalitatea ebaluatzeko galdetegia” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek NL-NEZi igorri beharko diote –15.3 oinarrian aipatutako jarduketa memorian– parte-hartzaileen galdera-sorta guztien tabulazioa biltzen duten fitxategien kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galdera-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

16.3. NL-NEZek jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek egiten ahalko ditu:

a) Denbora errealeko jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, horrek iraun bitartean eta egiten den tokian bertan, eta horretarako froga fisikoak eta testigantzak erabiltzea, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko asmoz prestakuntza jarduketak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den begiratuko da.

b) Ex post jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta/edo irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, NL-NEZen iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrol ekintzen ondorioz ez-betetzeak antzematen badira, NL-NEZek entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan.

17.–Azpikontratazioa.

17.1. Kontrataziorako konpromisoa beren gain hartzen duten enpresa, elkarte edo entitateek prestakuntza ematen ahalko dute beren baliabideak erabiliz edo kontrataziora joz, zati batean edo osorik, eta behin bakarrik. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak kontratatzea. Ulertuko da irakasleen kontratazioak pertsona fisikoen eta juridikoen kontratazioari egiten diola aipamena.

Nolanahi ere, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna hartuko du bere gain administrazio publikoaren aurrean, eta berak zein azpikontratistak bermatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak behar bezala betetzen direla.

17.2. Akreditaturik eta/edo inskribaturik dauden prestakuntza entitate onuradunek ezin izanen dituzte hirugarrenak kontratatu esleitu zaien prestakuntza jarduera gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak kontratatzea. Irakasleen kontratazioak pertsona fisikoen kontratazioari bakarrik egiten dio aipamena.

17.3. Azpikontratazioa entitateari lotutako entitateekin egiten bada, honako inguruabar hauek gertatu beharko dira:

–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzetan egitea.

–Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea.

17.4. Aurreko atalean aipatutako organo emaileak aldez aurretik eman beharreko baimenari dagokionez, espresuki ematen ahalko da dirulaguntza emateko ebazpenaren bidez, edo baimena eskatu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean igorritako ebazpenaren bidez. Baimena eman dela ulertuko da aipatu epea igaro denean laguntza ematen duen organoaren erabakirik gabe.

17.5. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan jasotzen diren mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunei eta kontratistei.

18.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

18.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

18.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Prestakuntza jarduera ez betetzea:

Erabateko ez-betetzetzat joko da emandako prestakuntza ehuneko 25era ez iristea (honela neurtuta: orduen kopurua bider pertsona kopurua), eta horrek dirulaguntza deuseztatzea eta, hala badagokio, aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ekarriko du. Prestakuntzaren zati bat gauzatzeak, baldin eta %25etik gorakoa bada, emandako dirulaguntza hein berean murriztea ekarriko du.

b) Ez-betetzeak kontratazioan:

1.–Prestakuntza amaitzen duten pertsonen %40 gutxienez kontratatzeko konpromisoa betetzen ez bada, emandako dirulaguntza hein berean murriztuko da, non eta hori betetzea eragotzi duten arrazoiak edo inguruabarrak ez dauden (NL-NEZek aitortu beharko du). Horretarako, ulertuko da kontratazioaren %40ri likidatu beharreko zenbatekoaren %100 dagokiola.

2.–Kontratatutako pertsonak 4.3 oinarrian ezarritako denboran enpleguari eusten ez badio bidegabeko kaleratzeagatik, emandako dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da. Ez-betetzea zehaztearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko kontratudunen borondatezko bajak.

18.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, ezarritako prozedurarekin bat, eta, bidezko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

18.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

18.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik askatzen den dirua erabil daiteke beste prestakuntza ekintza batzuei esleitzeko.

19.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa, baita gainerako garapen-araudiak ere.

Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

20.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua (agindu horren bidez, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen da, eta horren bidez garatzen da irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzarekin eta horren finantzaketarekin lotuta, eta ezartzen dituena horiek finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren sistema arautzen duena; eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena. Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea; Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea; eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein araudi.

21.–Dirulaguntzen publizitatea.

21.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZek jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

21.2. Informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, bai eta zerbitzuak eta programak egiten diren tokietan ere, entitate onuradunek aipamen berezia egin beharko diote Nafarroako Gobernuaren eta Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren finantzaketari, edo, hala badagokio, haren ordezko ministerioari.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Betiere, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren II. eranskinean deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatu beharko dira (Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen foru dekretua da hori).

22.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Aurkaraturiko ekintza espresua ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1916658