159. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

568/2020 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez laguntzen deialdi bat onesten baita, 2020. urterako, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko. DDBN identifikazioa: 512602.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 12ko 111/2016 Foru Aginduaren bidez, laguntzak emateko arauak onetsi ziren, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko. Foru agindu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 11ko 165/2017 Foru Aginduaren bidez aldatu zen.

Aurretik, arau horren berri eman zitzaion Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari. Organo horrek adierazi zuen Nafarroako Foru Komunitateak igorritako informazioa jasoa zuela, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu zuen, SA.44606 (2016/XA) laguntza zenbakiarekin.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Nafarroako Foru Komunitateak laguntzen deialdi bat onetsi nahi du, 2020ko ekitaldirako, abeltzaintzako saneamendu kanpainen baitan hildako behi-aziendako taldeak osatzeko. Horretarako kontuan hartzen da betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31rainokoa dela, bai eta ere bat datorrela Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin, zeinaren bidez deklaratzen baitira zenbait laguntza kategoria nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, bateragarriak direnak barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluei jarraikiz.

Bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun-krisia kudeatzeko xedez alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuarekin, espediente hau instruitu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, abeltzaintzaren arloko zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduarentzat ezinbestekoa den prozedura bat delako. Krisialdi honetan, lehen sektorea funtsezkoa da elikagaien hornidura bermatzeko, hala ezartzen baitu martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren beraren 15. artikuluak, non agintaritza eskudunak behartzen baitira hura bermatzeko neurriak hartzera. Neurri horiek funtsezkoak dira abeltzaintzako ETE-en jarduerari eusteko, eta herritarrei elikagaien hornidura bermatzea ahalbidetzen dute, laguntzen bidez konpentsatzen baita eri dauden animaliak hil behar izatea (hala dago adierazita Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 26.9 artikuluan); laguntza horien bidez konpentsatzen dira agintari publikoek aitortutako animalia-gaixotasunek eragindako kalteak, laguntza horien xede baitira abere-taldea berriz eratzeko gastuak: hala abereak erosteko gastuak –animalia sakrifikatuak ordezteko–, nola animalia horiek ordezteko egiten den berezko berreraketari dagozkionak –ustiategiko gainerako animaliak ez saltzeak diru-sarreretan eragiten duen galeragatik–. Laburbilduz, prozedura hau ezinbestekotzat jotzen da zerbitzuaren oinarrizko funtzionamendurako.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntzak emateko deialdi bat onestea, 2020. urterako, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak emateko.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea. Eredua helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

3. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

4. Bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun-krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin, deialdi honen ondoriozko espediente guztiak instruitu eta tramitatuko dira epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, abeltzaintzaren arloko zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduarentzat ezinbestekoa den prozedura bat delako, eta elikagaien hornidura bermatzen duena.

5. 110.000 euroko gastua baimentzea 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren partida honen kargura: “Nahitaez hildako umetarako behiak ordezteko laguntzak” izeneko 710004 71310 7700 412203 partida.

6. Deialdi honetan aplikatzekoak izanen dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 12ko 111/2016 Foru Aginduan aurreikusitako arauak; izan ere, horren bidez abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak emateko arauak onetsi ziren (aipatutako foru agindua maiatzaren 11ko 165/2017 Foru Aginduaren bidez aldatu zen).

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 23an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2006716