157. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1878E/2020 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdi bat onesten baita, Nafarroako toki entitateei zuzendurik, lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langabeak kontrata ditzaten, interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko. DDBN identifikazioa: 512311.

Azken urteetan, gero eta gazte gehiago daude babes egoeran Nafarroan. Zalantzarik gabe, pertsona horiek laneratuz gero, gizartean behin betiko integratuko lirateke, eta, hortaz, beteko lirateke autonomia prozesu jakin baten helburuak. Prozesu horretan lanean ari dira, lehendik ere, gizarte zerbitzuetako profesionalak.

Jakin badakigu zein zaila den pertsona horientzat enplegua aurkitzea; horregatik, funtsezkotzat jotzen dira Nafarroako toki entitateek egiten dituzten kontratazioak. Balio handia dute, besteak beste, entitate horiek duten esperientzia enplegu sozial babestuko programak garatzen; udaletako oinarrizko gizarte-zerbitzuen eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren arteko lankidetza estua; eta toki entitateek egindako ibilbide luzea, kolektibo kalteberak kontratatzen baitituzte interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko. Horregatik, uste dugu aukera hau dela (hots, toki entitateek kontratazio horiek egitea) arrakastarako aukera gehien dituena enplegurako politika aktiboen artean.

Bestalde, Nafarroan langabezian daudenen artetik laurden batek 55 urte edo gehiago dituzte. Ehuneko horrek goranzko joera izan du: 2008an %17,5 ziren, eta 2013an, %17,3, baina 2019an %25,2 izan dira. Horrez gain, pertsonen lan bizitza 67 urteak arte luzatu da, gutxienez. Azpimarratu behar da luzaroko langabe asko daudela adin tarte horretan.

Agertoki honetan, funtsezkotzat jotzen dira toki entitateek egiten dituzten kontratazioak, aipatu bezala, ahalbidetzeko 51 urtetik gorakoak lan merkatuan sartzea; horren ondoriozko kotizazioei esker, gainera, askok aukera izanen dute sorospenak eskuratzeko, gobernuak halakoak onetsi baititu 52 urtetik gorakoentzat.

Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioaren 1998ko urriaren 26ko Aginduaren bidez, ezarri ziren Enpleguko Institutu Nazionalak, toki korporazioekiko lankidetzaren esparruan, langabeak kontratatzeko ematen dituen dirulaguntzen oinarriak. Kontratazio horien xedea da interes orokorreko eta sozialeko obra eta zerbitzuak egitea.

Arau horren bigarren xedapen gehigarriak erregulazioaren xedeko gaiaren zerbitzuen eskualdaketa beren gain hartu duten autonomia erkidegoak gaitzen ditu arau hori beren antolaketaren ondoriozko espezialitateetara egokitzeko.

Maiatzaren 14ko 811/1999 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zizkion Enpleguko Institutu Nazionalak lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan egindako kudeaketaren eginkizunak eta zerbitzuak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan, arlo horretako dirulaguntzak arautzeko zenbait oinarri onetsi dira, estatuko araudiari jarraikiz, eta kontuan harturik eskualdaturiko eginkizunak eta zerbitzuak. Deialdi horietatik azkena onetsi zen Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 30ekoa, 3014/2016 Ebazpenaren bidez, eta hartan arautzen ziren Nafarroako toki entitateendako 2017ko dirulaguntzak, langabeak kontrata zitzaten interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko.

Hortaz, bidezkoa da oinarri arautzaileak onestea, arautzeko Nafarroako toki entitateei emanen zaizkien dirulaguntzak, entitate horiek kontrata ditzaten kolektibo kalteberetako pertsonak (51 urtetik gorakoak eta 18 eta 21 urte bitarteko gazteak, langabeziako babes-sisteman daudenak), haien enplegagarritasuna hobetzearren eta interes orokorreko edo sozialeko obrak eta zerbitzuak egin ditzaten.

Nafarroako Gobernuak 2020ko otsailaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari dirulaguntzen deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidean tramita dezan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 14ko 11/2005 Foru Legearen 30. artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi bat onestea, Nafarroako toki entitateei zuzendurik, lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langabeak kontrata ditzaten, interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko. Halaber, onestea deialdi horren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean ageri direnak.

2. 800.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastu aurrekontuko partida honen kargura: ““Toki entitateen kontratazioetarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950001 96100 4609 241100 partida.

3. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 19an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta jarduteko eremua.

1. Deialdi honen xedea da arautzea zer baldintza eta betebehar izanen diren Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, kontrata ditzaten lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten langabeak. Azken helburua da pertsona horiek gaitasun profesionalak eskuratzea eta, horrela, haien enplegagarritasuna hobetzea. Horretarako, diruz lagunduko dira gutxienez 3 hilabetekoak diren lan-kontratuak, baldin lanaldiak hartzen badu, gutxienez ere, lanaldi osoko antzeko langile baten lanaldiaren %50.

2. Ez dira diruz lagunduko prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak edo praktiketako kontratuak.

3. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Entitate onuradunak eta haiek bete beharreko baldintzak.

1. Nafarroako toki entitateak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradun, baldin eta langabeak kontratatzen badituzte interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko, eta behar besteko gaitasuna badute kasuan kasuko proiektua gauzatzeko (gaitasun teknikoa eta kudeaketa gaitasuna).

2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako toki entitate bat izatea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera eta Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen lehen artikuluaren arabera.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan ezarritako gainerako beharkizunak.

3.–Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

1. Gehienez ere 1.100 euro emanen dira hilabetean, lanaldi osoko kontratu bakoitzarengatik, eta gehienez 12 hilabetetarako emanen da dirulaguntza.

Lanaldia laburragoa izanez gero, proportzioan murriztuko da eman beharreko dirulaguntza.

Zenbateko horiek kostu unitarioko baremo estandar gisa ezarri dira, lan arloan eta Gizarte Segurantzaren arloan indarra duen legediari jarraikiz toki entitateak izanen dituen gutxieneko kontratazio kostuen arabera (lanbide arteko gutxieneko soldata, kontratu bukaerako kalte-ordaina eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuotak).

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hilabete osoak bakarrik kontatuko dira, ulertuta hilabete batek 30 egun hartzen dituela.

4.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako finkatzen den aurrekontuko partidaren kargura finantzatuko dira, baldin eta halako partidarik badago eta bertan kreditua badago.

5.–Egin beharreko obra eta zerbitzuek bete beharreko baldintzak.

1. Entitate eskatzaileek egin beharreko obra eta zerbitzuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak izatea, eta toki entitateen eskumenekoak. Obra eta zerbitzu horiek ez dute ekarriko ahalmen publikoaren erabilera zuzena edo zeharkakoa eskatzen duten eginkizunak betetzea edota Estatuaren edo administrazio publikoen interes orokorrak zaintzeko ardurari dagozkionak, horiek funtzionario publikoei soilik baitagozkie.

b) Toki entitate eskatzaileek zuzenean gauzatzea.

2. Baldintza horietatik edozein betetzen ez bada, dirulaguntzarako eskaera ukatuko da.

6.–Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak.

1. Obrak eta zerbitzuak egiteko kontratatzen diren pertsonek, kontratazioa egiten den egunean, langabezian egon beharko dute, eta lan eskatzaile gisa inskribaturik Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren menpeko enplegu agentziaren batean.

2. Bi talde hauetako batekoak beharko dute izan:

a) Gazteak, 18 eta 21 urte bitartekoak, babes sistematik heldu direnak eta autonomia prozesu batean daudenak.

b) 51 urtetik gorako pertsonak.

7.–Langabeak kontratatzeko irizpideak.

1. Entitate onuradunek behar diren langabeak eskatuko dizkiote dagokion enplegu agentziari, kontrataziorako aurreikusita dagoen eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez, aurreko oinarrian ezarritakoa kontuan hartuta.

Enplegu agentziak, eskatutako profilari jarraituz (kasu guztietan bat etorriko da dirulaguntzaren eskaeraren ereduan adierazitakoarekin), azterketa bat eginen du enplegu horretarako egokiak diren eta eskura dauden pertsona batzuk aurretik hautatzeko, hau da, eskainitako lanpostuaren edukira eta lanbide mailara egokitutako lanbide profila dutenak. Azterketa hori eginda, agentziak entitate onuradunak eskatzen dizkion adina hautagai aukeratuko ditu proiektuak aurreikusten duen lanpostu bakoitzeko. Enplegu agentziak deialdiaren beharkizunak betetzen dituzten pertsonen zerrenda igorriko du. Toki entitateak dagokion enplegu agentziari jakinarazi beharko dio zein pertsona joan diren deialdira eta zein ez.

Enplegu agentziak, aurretiko azterketa horretan, lanpostuaren udalerriko edo udalerrietako hautagaiak bilatuko ditu. Proiektua egiteko behar adina hautagai aurkitu ezean, beste udalerri batzuetara zabalduko du bilaketa, lehentasuna emanez hurbilen daudenei, proiektuan kontuan hartutako hautagai kopurua lortu arte. Bilaketa beste udalerri batzuetara zabalduta ere lanpostu horretarako behar adina hautagai egokirik ez badago, proiektuak eskatutako hautagai kopurua lortzeko, eskainitako lanpostura gehien hurbiltzen den lanbide profila daukaten beste pertsona batzuengana zabalduko da bilaketa, lanpostuaren udalerritik hasita. Eskainitako lanbide profiletik hurbil zein dagoen zehazteko, bilaketa bat eginen da Lanbideen Estatuko Sailkapeneko kodeen taula indarduna erabiliz (talde primarioaren mailan, 4 digitu).

2. Baldin diruz lagundutako pertsonaren batek entitate onuraduna uzten badu dirulaguntzaren aldia bukatu aurretik, ordezko bat kontratatu beharko da oinarri honetan ezarritako baldintzak betez, lanaldi eta ordainsari berarekin, gehienez ere 30 eguneko epean, deialdi honetan ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzaren eskaeran eta hura emateko eta ordaintzeko ebazpenean adierazitakoaren arabera ere, eta horren berri eman beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez. Diruz lagundutako pertsonak borondatez uzten badu entitatea, tramite hori azkartzeko, onuradunak hautatzen ahalko du nor izanen den ordezkoa, Enplegu Agentziak hasiera batean igorritako zerrendan daudenen artetik, baldin eta ez badira iragan hiru hilabete baino gehiago eskaintza egin zenetik kontratu berria hasten denera arte.

Kasu horretan, kontratazio epe efektibo guztien artean, gutxien-gutxienik, dirulaguntzaren epealdira iritsi beharko da.

8.–Eskaeren aurkezpena eta epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta biharamunetik hasita, baldin dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

3. Eskaerak eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez soilik aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, entitateetako batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, eskatuko zaio zuzenketa egin dezala, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

9.–Eskaerek bete beharreko baldintzak.

1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak eskatu nahi dituzten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Dirulaguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Obraren edo zerbitzuaren memoria, eredu ofizialaren araberakoa. Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean eskura daiteke.

c) Toki entitateak eta kontratatuak sinatutako lan-kontratua, honako alderdi hauek agertzen dituena: bete beharreko lanpostua, eta kontratazioaren hasiera- eta amaiera-egunak.

d) Enplegu agentziak aurretik hautatutako pertsonen zerrenda.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden baldintza orokorrak betetzen dituela.

f) Toki-korporazioko Idazkaritzaren ziurtagiria, non agertzen den egin beharreko obra edo zerbitzua toki entitate eskatzailearen organo eskudunak onetsi duela, eta hori aurrera eramateko ez dela beharrezkoa funtzio publikoen erabileran edo administrazio publikoen interes orokorren zaintzan diharduen langilerik kontratatzea, 5.1.a) oinarrian aurreikusitako terminoetan.

g) Toki-korporazioko idazkariaren ziurtagiria, adierazten duena badagoela nahikoa kreditu dirulaguntzarik gabe gelditzen den obra edo zerbitzuaren zatia finantzatzeko.

h) Kontratatutako pertsonek sinatutako idazkia, non adieraziko baitute baimena ematen dutela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beharrezko datuak jaso ditzan deialdian ezartzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko asmoz.

i) Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak toki entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzendu ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari deialdia ebazteko behar den informazioa jasotzeko erakunde eskudunetatik.

10.–Instrukzioa eta tramitazioa.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

11.–Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.

1. Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak egiaztatuko du dirulaguntza eskatzeko arrazoi den jarduketa gauzatu dela, bai eta deialdian ezarritako beharkizunak betetzen direla eta toki entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta dituela ere, eta ebazpenaren proposamena eginen du.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio unitateak egindako proposamena jasorik, ebatziko du dirulaguntza eman edo ukatzen den, eta, ematea erabakitzen badu, horixe ordainduko du.

Eskaerak aurkezten direnetik gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena, dirulaguntza eman edo ukatzeko arrazoiak adierazita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

3. Egindako eskaeraren gaineko presuntziozko edo berariazko ebazpenaren aurka, interesa duten toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

12.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

13.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

14.–Publizitatea.

1. Nafarroako Atarian argitaratuko dira ematen diren dirulaguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan.

2. Entitate onuradunek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan agertu beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren baterako finantzaketa izan dutela.

15.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Obra edo zerbitzu bat egiteko hautatutako langabeekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako edozein modalitateren bidez.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea hilabeteko epean, diruz lagundutako kontratazioaldia bukatzen denetik hasita, esanez ez dela eskatu edo eskuratu bestelako laguntzarik xede eta kontratu beretarako.

c) Diruz lagundutako pertsonak aldi baterako ezintasuneko egoeran egon badira, baja- eta alta-agiriak aurkeztu beharko dira, edo justifikatzeko behar diren agiriak, baldin eta baimenen bat eskatu badute jaiotzagatik eta adingabearen zaintzagatik, adopzioagatik, edoskitzeagatik edo antzeko kasuengatik. Kasu horietan guztietan, b) letran aipatzen den adierazpenaz gain, pertsona horiei dagozkien lan-kostuak aurkeztu beharko dira, hilabetez hilabete bereizirik.

d) Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak egunean izatea, bai eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak ere. Betebehar hori egunean duela frogatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsultatu ditzan, egiaztatzearren ezen laguntza emateko ebazpenaren proposamena onesten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituela.

e) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

f) Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egindako finantzaketaren publizitateari dagokionez, entitate onuradunak dokumentuetan, prentsako iragarkietan eta zabalkunderako edo informaziorako materialean beti adierazi beharko ditu programaren izena, jarduera edo/eta funtzionamendua eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, “Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak/Nafarroako Gobernuak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatutako programa/jarduera/funtzionamendua” testuarekin batera.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

h) Betetzea Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak.

I) Entitate onuradunek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

16.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Dirulaguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, obrak eta zerbitzuak gauzatzen direla ziurtatzeko, baita dirulaguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere. Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du diruz lagundutako kontratazioen xedeko pertsonak Gizarte Segurantzan alta emanik egon direla diruz lagundutako aldian.

17.–Diruz lagundutako proiektuen aldaketa.

1. Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako programa egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da, hala badagokio.

2. Diruz lagundutako proiektuen aldaketen ondorioz dirulaguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzak aldatzen ez badira ere, aldaketa horiek egiteko ere Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren oniritzia beharko da.

18.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpena emanen du dirulaguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko.

Toki entitateak dirulaguntzaren baldintzen aldaketa jakinarazten duenean eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak hura onesten duenean, azken horrek eska dezake emandako dirulaguntzaren itzulketa partziala.

Kontratua behar baino lehen bukatzen bada, 7. oinarriaren 2. apartatuan adierazi bezala, eta entitateak ez badu kontratatua ordezten, edo ordezten badu oinarri horretan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea; zenbateko hori diruz laguntzen den epea bete arte falta den denboraren araberakoa izanen da.

Nolanahi ere, kontratua hiru hilabete igaro aurretik azkentzen bada eta ez bada ordezkorik kontratatzen, dirulaguntza osoa itzuli beharko da, berandutze interes eta guzti.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.

19.–Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

2. Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

20.–Araudi osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikagarri den gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2006624