156. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 16a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

34/2020 FORU AGINDUA, uztailaren 15ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19ak eragindako osasun krisialdian.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, Normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen berragertze berriak prebenitzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 1.2 puntuan xedatzen denez, maskararen erabilera nahitaezkoa izanen da ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuaren arabera, bertan ezarri baitziren COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak. Halaber, Gobernuaren erabakiaren puntu ugaritan aipatzen da maskara erabiltzeko beharra, ezin denean bermatu pertsonen artean 1,5 metroko tartea.

Hala ere, pandemiak gure Komunitatean egun duen egoerak eta gaiaren gainean eskura dagoen ebidentzia zientifikoak erakusten digute gomendagarria dela prebentzio eta babes neurri osagarriak hartzea, hala nola bide publikoan eta kanpoko eremuetan maskarak derrigor erabiltzea (arrazoizko salbuespenak badira ere), urruntze fisikoa eta ezarritako gainerako prebentzio eta babes neurriak betetzeaz gain. Horren helburua gaixotasuna kutsatzeko aukerak minimizatzea da.

Aipatutako erabakiaren bosgarren puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, uneko epidemiologia eta osasun egoerara egokitzen direla bermatzeko.

Erabakiak ezartzen du ezen, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hau aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki honetan ezarritakoen neurri gehigarri, osagarri edo murriztaileak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaz baliatuz, osasun publikoaren arloko elkarte zientifikoei eta COVID-19ak jotako pazienteen arretan zuzenean aritzen diren Foru Komunitateko osasun arloko langileei kontsulta eginda, eta Nafarroako Trantsiziorako Batzordearen iritzia entzun ondoren 2020ko uztailaren 14an egindako bilkuran,

AGINTZEN DUT:

Lehendabizikoa.–Maskararen erabilerarekin lotutako honako prebentzio neurri hauek ematea Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19ak eragindako osasun krisialdian.

1. Hamabi urte baino gehiagoko pertsonek maskara nahitaez erabili beharko dute uneoro, pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen den ala ez kontuan hartu gabe, honako egoera hauetan daudenean:

a) Bide publikoan eta aire zabaleko eremuetan.

b) Erabilera publikoko eremu itxietan edo jendearentzat irekita daudenetan, baldin eta eremu berean beste pertsona batzuekin elkartzeko aukera badago.

c) Garraiobide publiko edo pribatu mota guztietan, salbu eta barruan doazen guztiak etxe berean bizi baldin badira.

2. Salbuetsirik dago maskara erabiltzea honako kasu hauetan:

a) Elikagaiak eta edariak kontsumitzen diren bitartean, edo maskara erabiltzearekin bateraezinak diren jardueretan.

b) Kirol jarduerak egiten diren bitartean, betiere pertsonen arteko segurtasun tartea bermatzen ahal bada. Kirol instalazio edo zentroetako gune komun batetik bestera ibiltzean maskara uneoro erabili beharko da.

c) Bainua hartzen den bitartean, igerilekuetan edo bainurako gaitutako beste toki batzuetan, edo eguzkitan etzanda egoten den bitartean, baldin eta segurtasun tartea gordetzen bada. Maskara erabiltzea beharrezkoa izanen da eremu horietan batetik bestera ibiltzeko.

d) Biziguneetatik kanpo egiten diren naturari loturiko jardueretan, hala nola mendi-ibiliak, eskalada, mendi-igoerak, txirrindularitza eta antzekoak, betiere pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen ahal bada.

e) Titulartasun publiko eta pribatuko lantokietan, betiere langileen artean 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen ahal bada. Salbuespen hau ez da aplikatuko jendearentzat irekita dauden lantokietako guneetan, horietan nahitaezkoa izanen baita maskara erabiltzea.

f) Arnasa hartzeko zailtasunen bat duten pertsonen kasuan, maskararen erabilerak larriagotu dezakeena.

g) Beren mendekotasun edo desgaitasun egoerarengatik maskara kentzeko autonomiarik ez duten pertsonen kasuan, edo hura erabiltzea ezinezko egiten duten jokabidearen nahasmenduak dituztenean.

h) Ezinbesteko kasuetan.

3. Gomendatzen da maskara erabiltzea pribatuak diren eremu ireki zein itxietan, segurtasun tartea bermatzeko aukera balego ere, familia unitate desberdinetako pertsonak elkartzen direnean, batik bat tartean beren adina edo patologia dela eta kalteberak diren arrisku taldetako pertsonak badaude, foru agindu honetan ezarritako salbuespenak ezertan galarazi gabe.

4. Nahitaezkotasuna maskararen erabilera egokiari ere badagokio, hark sudurreko trenkadaren zati batetik kokotseraino (barne) estali behar baitu.

Bigarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan maskararen erabilera arautuko da emanen diren berariazko xedapenei jarraikiz, uneko egoera epidemiologikoaren arabera.

Hirugarrena.–Kolektibo kalteberei erraztuko zaie foru agindu honen xedeko babes materiala erabiltzea.

Laugarrena.–Agintari eskudunei dagozkie, zeinek bere eskumenen esparruan, foru agindu honetan ezarritako neurriak zaintzeko, ikuskatzeko eta kontrolatzeko lanak. Gerta daitezkeen ez-betetzeak zehatuko dira aplikatzekoa den osasun arloko araudiaren arabera.

Establezimenduen, guneen edo lokalen titularrek lagunduko dute betebehar hauek bete daitezen toki horietan.

Herritarrek maskarak erabiltzeko betebeharrak zaintzeko, ikuskatzeko eta kontrolatzeko eskumena duten osasun arloko agintariek eta erakundeek informazio kanpaina bat eginen dute.

Bosgarrena.–Foru agindu honetan xedatutakoa berrikusten ahalko da, eta, kasua bada, haren ondorioak eteteko agindua ematen ahalko da, uneko egoera epidemiologiko objektiboaren arabera.

Seigarrena.–Foru agindu hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzara, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Zazpigarrena.–Foru agindu honek 2020ko uztailaren 17ko 00:00etatik izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2020ko uztailaren 15ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2007597