152. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostuan (C maila/taldearen parekoa) aritzeko izangaien bi zerrenda oposizio bidez osatzeko, bata prestakuntzarako eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko

Alkatetzaren ekainaren 15eko 828/2020 Ebazpenaren bitartez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren administrari-ofizialaren lanpostuan (C maila/taldearekin parekatua) aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko, bata aldi baterako kontrataziorako eta bestea prestakuntzarako zerbitzu berezietan jarduteko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren, zerrenda eratu eta ondoko bi urteetan.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta jarraian ematen diren oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

OINARRIAK

I.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak

1.–Izaera: aldi baterako kontratatzeko langileak/prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko langileak.

2.–Izena: administrari-ofiziala (C maila/taldearekin parekatua).

3.–Kokapena egitura organikoan: bete beharrekoen arabera.

4.–Bete beharreko eginkizunak:

Orokorrean, administrazio eta bulego lanak, kudeaketa, betearazpen eta tramitekoak eginen dituzte izendatuek, baita beren gainekoak ematen dizkien gisa bereko lanak, betiere beren maila eta kategoriari dagozkionak eta betetzen duten lanpostuak berezko dituen xedeekin ikusteko dutenak.

Oinarri hauetan jasotzen ez diren lan eta enplegu baldintzetarako, eta udal honi dagokionez, jarraikiko zaio Tuterako Udaleko funtzionarioen eta lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan baldintzen gainean indarra duen egungo akordioan ezarritakoari.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatu ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

II.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuan, aldi baterako kontratazioaren bitartez, administrari-ofizialaren lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzeko

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da aldi baterako kontratazioaren bitartez administrari-ofizialaren lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzea, oposizio bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea. Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartu ahalko dute parte, zuzenbidez bananduak ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bananduak ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

D) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

E) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatu ahalko zaie.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira, hain zuzen.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Orobat, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duena: aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, hautaprobak gainditu badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraikiz (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraikiz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuan, administrari-ofizialaren lanpostuan prestakuntzan aritzeko izangaien zerrenda bat eratzeko

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran aritzeko izangaien zerrenda bat oposizio bidez eratzea, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Tuterako Udalaren, Ur Batzordea erakunde autonomoaren eta Tudela-Cultura enpresa-entitate publikoaren zerbitzuko langile finkoa izatea, D edo E mailakoa.

B) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

2.2. Oinarri honen 2.1.C) apartatuan eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute hautatzen direnek, horretarako ezartzen zaien unean, prestakuntzarako zerbitzu berezien ebazpena formalizatu aurretik.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira eta, gainera, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatu ahalko zaie, behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko kasuetan salbu.

2.3. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta aldi baterako lanpostuak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira, hain zuzen.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dira, Osoko Bilkurak hartutako erabaki horretan ezarritakoari jarraikiz, bai eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoa jarraikiz ere.

IV.–Bi deialdietarako arauak

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Frontón kalea, 1) aurkeztu beharko dira, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), 10 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Egungo osasun krisialdia dela eta, interesdunei eskatzen zaie bide telematikoz egin dezatela beren eskabidearen erregistroa, horretarako dauden prozeduretako bat erabiliz.

1.2. Eskabideak deialdiko eranskinetan ageri diren ereduaren araberakoak izanen dira, izangai bakoitzak aukeratu txandaren arabera (aldi baterako kontrataziorako txanda edo prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko txanda), eta Internet bidez egonen dira eskuragarri, www.tudela.es webgunean, deialdiaren aipuan.

Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunerako.

1.3. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea eta, horretarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaituak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

1.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzendu ahalko dira, noiznahi.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du, eta Herriko Etxeko iragarkien oholean (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko du. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen zerrenda behin betiko zerrenda gisa.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski onartutzat emateko deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1. Kalifikazio epaimahaiko kideak hauek izanen dira:

Epaimahaiburua: Verónica Gormedino López, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Irune García García, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: María José Fernández Agorreta, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezko epaimahaikidea: Ascensión Gurría Marco, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

Epaimahaikidea: Alicia Martínez Losantos, (Tuterako Udaleko informatikako teknikaria).

Ordezko epaimahaikidea: Pedro Pérez Ostiz (Tuterako Udaleko informatikako teknikaria).

Epaimahaikidea: Ana Gárate Martínez, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatuta izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: María Cruz Pérez Omeñaca, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatuta izendatutako ordezkaria.

Mahaikide-idazkaria: Ana Rosa Valero Gómez, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezko idazkaria: Jesús Zueco Sánchez, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

3.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Lege horren 24. artikulua).

3.3. Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak egiteko eguna, ordua eta tokia ezarriko ditu, eta behar den denboraz argitara emanen.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan kideen gehiengo osoa izan ezean. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizioa.

4.1. Honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Deialdiko II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko 30 galdera idatziz erantzun beharko dira. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Erantzun okerrak zigortu eginen dira.

Lehen ariketa egiteko ordubete izanen da gehienez.

–Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Epaimahaiak proposaturiko kasu praktiko bat edo batzuk ebaztea, gai zerrendako gaiei buruz (deialdiaren II. eranskina).

Bigarren ariketa egiteko gehieneko denbora 2 ordu izanen dira.

4.2. Oposizioko ariketen balorazioan 80 puntu eman ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 50 puntu gehienez.

4.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.4. Lehen eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu eta epaimahaiak erabakitzen badu, bigarren ariketan, jendaurrean irakur dadila hura egindakoan.

4.5. Lehen ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia argitaratuko ditu udaletxeko iragarki-taulan eta webgunean, eta eguna, ordua eta tokia adieraziko ditu, plikak jendaurrean irekitzeko ekitaldia egiteko. Ekitaldiaren ondoren, izangaien zerrenda argitaratuko da, lortutako kalifikazioekin, eta, era berean, oposizioaren hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko da, gutxienez 48 ordu lehenago, aurreko apartatuan adierazitakoa salbu, eta plikak lehen adierazi bezala irekiko dira. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatu ahalko da, “Lan eskaintza” izeneko atalean, deialdiaren aipamenean.

4.6. Epaimahaiak erabaki ahalko du lehenbiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea. Hala izanez gero, bi ariketak batera eginen dira; lehenbizi, test motako zatia zuzenduko da, eta bigarrenik, test motako ariketa hori gainditu duten izangaien kasu praktikoen zatia. Ez da zuzenduko pliketako kasu praktikoen zatia, ez bada test motako zatia gainditu.

4.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean bertan azaldutakoaren arabera.

4.9. Azken kalifikazio edo balorazioa aterako da oposizioaldiko hiru ariketen puntuazioak batuz.

5.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren webgunean, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

5.2. Zerrenda bakoitzean, gainditu duten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, halakoak ebatziko dira 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran Udalak hartu zuen erabakian arautu irizpideari jarraikiz (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa); hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioaren arabera eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoa eginez.

5.3. Ondotik, kalifikazio epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapen prozesuko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

6.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2020ko ekainaren 8an.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

1. Aldi baterako kontrataziorako eredua (PDFa).

2. Prestakuntzarako eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Atariko titulua: Xedapen orokorrak. I. titulua: Toki entitateen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien partaidetza. IV. titulua, I. kapitulua: toki entitateen ondasunak. Ondasunak, oro har. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak. VI. titulua: Kontratazioa. VII. titulua, I. kapitulua: Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileak. VIII. titulua: Toki Ogasunak. IX. titulua: prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki entitateen jarduketak aurkaratzea eta kontrolatzea.

2. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

3. gaia.–40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua.

4. gaia.–Tuterako Udaleko erregelamendu organikoa.

5. gaia.–Udal aurrekontua betearazteko oinarriak.

6. gaia.–Dokumentazio administratiboa. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, ebazpen administratiboak, espedientea administratiboa. Informazioa eta dokumentazioa erregistratzea eta artxibatzea.

7. gaia.–Funtsezko kontzeptuak Windowsi buruz. Mahaigaina eta bere elementuak; atazen administratzailea; Windows esploradorea; kontrol-panela; inprimagailuak; “hasi” botoia; “hasi” karpeta; ataza-barra; “exekutatu” komandoa; laguntza; sarean lan egitea; erabiltzailearen kontuak.

8. gaia.–Testu-tratamenduko programak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word: lan esparrua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatu eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimatzea.

9. gaia.–Kalkulu orriak: Libre Office: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelaxkak; gelaxkak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; inprimatzea.

Oharra: Gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratu ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2006462