152. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Aldaketa partziala, Merkataritza ez-sedentarioa arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2020ko urtarrilaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Burlatako merkataritza ez-sedentarioa arautzen duen udal ordenantza (2020ko 32. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 17an).

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, aipatu ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Burlatan, 2020 ekainaren 18an.–Alkatea, Ana M.ª Góngora Urzaiz.

BURLATAKO MERKATARITZA EZ-SEDENTARIOAREN UDAL ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honek merkataritza ez-sedentarioa arautzen du Burlatako udal-mugarteko lurralde-eremuan. Merkataritza Ez Egonkorrari buruzko uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 5. artikuluaren babesean onetsi da, eta osasunaren arloko araudiak eskatzen dituen osasun baldintzak bete beharko ditu.

2. artikulua. Definizioa.

Merkataritza ez-sedentarioan egin daitezkeen merkataritza jarduerak dira merkatu txikietan aurretik ezarritako lekuetan eta egunetan eta baimena emanda egiten direnak.

II. KAPITULUA

Merkatu txikietako merkataritza

3. artikulua. Motak eta datak.

1. Establezimendu iraunkor batetik kanpora egiten dena da merkatu txikiko merkataritza ez-sedentarioa. Saltzen dituen produktuen artean elikagaiak ere egon daitezke.

2. Burlatako udal-mugartean merkataritza ez-egonkorrean aritu ahalko da honako hauetan:

a) Merkatu txikia, astero, asteazkenetan (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte).

b) Festetako merkatu txikiak, bai Erripagainako festetan bai abuztuko festetan. Merkatu txiki horietan saltokiak elkarturik egonen dira eta Udalaren baimena beharko dute. Tokia udal organo eskudunak erabakiko du.

c) Tokiko Gobernu Batzarrak baimentzen dituenak, aldizkakoak nahiz puntualak, hala nola: merkatu txiki tematikoak, artisautzako feriak, Eguberrietako merkatuak eta abar. Merkatu horiek bete beharko dituzte aurreko biek betetzen dituzten baldintza berberak.

III. KAPITULUA

Eskumenak

3. artikulua. Eskumenak.

1. Udal organo eskudunak hauek erabakiko ditu:

a) Zehazki non paratuko den eta ordutegia.

b) Asteazkenetako merkatu txikia ezartzeko ordutegia izanen da:

b-1. Saltzaileak goizeko 8etatik aurrera hasiko dira sartzen.

b-2. Goizeko 9etatik aurrera debeku da saltzaileak sartzea (saltoki finkoen adjudikaziodunak). Merkatu txikiak 8:30etik 14:00ak arte funtzionatuko du. Ordu horretatik aurrera salmentarako espazioa libre gelditu beharko da saltzaile eta salgai mota guztiez.

c) Organo eskudunak erabakiko du gehienez ere egon daitekeen saltoki kopurua. Gaur egun 40 saltoki daude.

d) Sasoikako saltzaileendako saltoki 1 gordeko da gehienez, beren ekoizpenak sal ditzaten, baita sasoiko produktu edo salgaiak ere. Horrelakotzat hartzen dira barkilloak, gaztainak, palmondo adarrak, izeiak eta turroiak, besteak beste, baita herriko festekin ikusteko duten horiek ere.

e) Salgaien erakusketa euskarri edo salmahaietan eginen da, lurretik gutxienez ere 80 zentimetrora. Fabrikazio edo ekoizpen akats ezkutuak dituzten produktuak saldu nahi izanez gero, elikagaiak kanpo, akatsaz ohartarazteko txartelak paratu beharko dira bistan, kontsumitzaileek ongi ikusteko maneran. Saltzaileak jatorrizko marka eta salgaien jatorria egiaztatzen dituen dokumentazio behar adinakoa eduki beharko du.

4. artikulua. Berezitasunak.

Ezinbesteko arrazoiengatik merkatu txikia ezin bada egin, saltoki baten kontzesioa duen adjudikaziodunak egun horretako tasaren ordainketa eskatu ahalko dio Udalari, aldez aurretik idazkia erregistratuta Herritarren Arretarako Bulegoan.

IV. KAPITULUA

Udal baimenak

5. artikulua. Erregulazioa.

Kalez kaleko salmenta indarra duten xedapenek arautuko dute eta horretan aritzeko baimenak Herritarren Arretarako Bulegoan tramitatuko dira.

6. artikulua. Baimenak eta epeak.

Urtero, baimen guztiak abenduaren 31n iraungiko dira eta, beraz, urtero berritu behar dira.

Saltoki finkoen berrikuntza hori, esleituta zuten saltoki bera mantentzekoa alegia, egin nahi bada, azaroaren 1etik 15era bitartean eskatu beharko dute Herritarren Arretarako Bulegoan, eta ordenantza honetan eskatzen diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte.

Berritzeko epea bukatuta, libre gelditzen diren saltokiak eskainiko zaizkie urtean zehar eskatu dituzten pertsona edo entitateei. Saltoki libreak baino pertsona edo entitate eskatzaile gehiago badago zozketa eginen da.

Halaber, libre gelditzen diren saltokiekin, bai adjudikazio finkorik izan ez dutelako bai egun zehatz batean pertsona edo entitate adjudikazioduna azaldu ez delako, bada saltoki libre horiekin zozketa eginen da Udaltzaingoaren bulegoetan, saltokia egunka okupatzeko interesa duten pertsonen artean. Pertsona horiek aipatutako bulegoetara joan beharko dute asteazkeneko 8:00etatik 8:45era, 7.1 artikuluan eskatutako dokumentazio guztiarekin.

Zozketan saltokia egokituz gero, dagokion tasa ordaindu beharko da, nahiz eta saltokia okupatu ez.

Saltoki horiek adjudikaziodunek okupatu beharko dituzte eta ezin izanen dituzte beste pertsona batzuekin trukatu.

Lizentzia fiskalean eta Udalari aurkeztutako eskabideetan agertzen diren produktuak salduko dira.

V. KAPITULUA

Merkatu txikiko eremurako eta saltokietarako baldintzak

7. artikulua. Baldintzak.

1. Merkatu txikietan saltzeko udal baimena lortzeko, saltzaileak bete beharko ditu Merkataritza Ez Egonkorrari buruzko uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzak:

a) Eskabidea egin baino lehen, merkataritza eta industria jardueretarako lizentzia fiskalaren epigrafe egokian inskribaturik egotea eta behar den tarifaren ordainketa eguneratua duela frogatzea.

b) Gizarte Segurantzako dagokion sailean inskribaturik egotea eta ordaindu beharreko kuotak eguneratuak dituela frogatzea.

c) Merkataritzaren xede izanen diren salgai edo produktuen inguruan, erregelamendu tekniko-sanitarioek eta aplikatzekoak diren bestelako xedapenek eskatu baldintzak betetzea.

d) Elikagaiak saltzen dituztenek janari erabiltzaileen karneta izatea, indarra izan beharko duena, edo ondotik emandako xedapenen arabera, haren baliokidea dena.

e) Indarrean dagoen araudia betetzea bizileku-baimenari eta norberaren kontura lanean aritzeko baimenari dagokienez.

f) Behar den udal baimena eskatzea. Horretarako datu hauek eman beharko dira:

–Izen-deiturak.

–Nortasun agiri nazionalaren zenbakia.

–Herria, kalea, zenbakia eta solairua, baita posta kodea eta telefonoa ere.

–Salgaiak garraiatzen dituen ibilgailuaren matrikula eta titularraren argazki berri bat.

–Saltokiaren neurriak, behar bezala egiaztatuak.

–Saldu nahi diren gai baimenduak, zehatz-mehatz.

–Titular beraren saltokietan lan egiten duen jendeari buruzko xehetasunak.

2. Eskumenak eta epeak.

a) Udalaren baimenen titular direnek bi argazki beharko dituzte, karnet tamainakoak, eta ezarritako tributuak ordaintzera beharturik egonen dira, Herritarren Arretarako Bulegoan edo banku transferentzia bidez. Orobat, ordainketa helbideratu ahalko da.

b) Organo eskudunak badu eskubidea sasoikako langileei saltokiak emateko edo ez: gehienez ere, hiru hilabeterako urte naturalaren barnean; gutxienez ere, hilabeterako. Saltokia zenbat denboratan dagoen, horren arabera egokituko da tarifa. Gainerako adjudikaziodunei Udalak emanen die lizentzia; gutxienez ere, hiru hilabeterako balioko du eta, gehienez ere, urtebeterako. Diskrezionala izanen da eta, beraz, Udalak balio gabe utz dezake, arrazoiak ikusita komenigarritzat jotzen duenean, baina horrek ez du inolako kalte-ordainik edo gisakorik ekarriko. Halaber, interesdunak idatziz eskatuta baliogabetu ahalko da lizentzia.

8. artikulua. Nekazariak.

Udalaren organo eskudunak merkatu txikian gordetzen baditu nekazariek beren uztetatik saltzeko saltokiak, haien eskatzaileek, 7. artikuluan adierazitako dokumentuez gain, uztak biltzen dituzten udalerriko idazkariaren ziurtagiria ekarriko dute, eskatzailea uzta-biltzailea dela frogatzeko.

9. artikulua. Dokumentazioa eta saltoki hutsak.

1. Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideek merkatu txikian saltzen aritzeko udal baimena jasotzeko aukera izanen dute. Ordenantza honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez duten eskatzaileei errekerimendua eginen zaie, hamar eguneko epean zuzen bete dezaten eskatutakoa; horrela egiten ez badute, eskaerari uko egin diotela ulertuko da; aldez aurretik ebazpena emanen da eta hura Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen baldintzetan eman beharko da.

2. Hutsik gelditzen den saltokirik izanez gero, aurkeztu diren eskatzaileen artean hautapena eginen du Udalak, irizpide hauetan oinarriturik: produktu berak salgai jartzen dituzten saltokiak ez errepikatzea, kasu sozialen balorazioa, une bakoitzean dagoen eskariaren balorazioa eta Burlatako udal-mugartean eta Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea.

10. artikulua. Baimenak.

1. 5.1.d) artikuluan aipatzen diren pertsona edo elkarteek salmentarako baimen bana baizik ezin dute izan.

2. Baimenak pertsonalak eta besterenezinak izanen dira, eta gehienez ere urtebeteko indarraldia izanen dute.

3. Nekazariendako baimenek indarra izanen dute gaiak biltzeko sasoiak dirauen bitartean bakarrik.

11. artikulua. Baimenaren tipologia.

Hona baimenetan zer azaldu behar den: titularraren argazkia eta datu pertsonalak, saltokiaren kokagunea merkatu txikiaren barrenean, eta salgai jartzen ahal diren gai eta produktuak.

12. artikulua. Saltokien ezaugarriak.

1. Behar bezalako ibilgailuekin baimentzen diren salmentetan izan ezik, saltokiak desmuntagarriak izanen dira, eta azaleraren okupazioa baimendua baizik ez da izanen; orokorrean, 6 metro luze eta 2 sakon.

Saltoki guztiek beren titularrei emandako baimenak ikusgai izanen dituzte, erosleak kokatzen diren tokitik erraz irakurtzeko maneran.

2. Debekaturik dago saltokietan megafonia eta musika paratzea, eta baita soinu bidezko iragarkiak emititzea ere. Musika aparatuak saltzen direnetan megafonia instalazioak jar daitezke eta musika eman, betiere, udal ordenantzek eta indarra duen araudiak musika sortzen den lekuan baimendutako gehieneko soinu maila gainditzen ez bada.

13. artikulua. Betebeharrak, saltokiari dagokionez.

Pertsona edo enpresa adjudikaziodunen salgaiek ezin izanen dute bide-markek mugaturiko azalera baino handiagoa okupatu.

Hegalkinen bertikalak ezin izanen ditu inoiz muga lerroak gainditu, eta handik zintzilika dauden gauzek eskura egoteko behar bezalako altuerara egon beharko dute. Horrek salmenta lerroa gainditu ahalko du, bezeroak nahiz salgaiak babesteko, eguraldi txarra izanez gero, eta ez die inoiz trabarik eginen merkatu txikiaren erabiltzaileei.

Saltoki bakoitzean salmahairako eremua saltzaile bakoitzak salmentarako egokiena uste duena izanen da, betiere saltokia mugatzen duten lerroen barnean.

VI. KAPITULUA

Osasun ikuskapenak, administrazio kontrolak eta zaintza

14. artikulua. Kontrola, ikuskapena eta zaintza.

1. Eremu publikoko saltokietako gai eta produktuen osasun kontrola eta ikuskapenak osasun arloko agintari eskudunei dagozkie.

2. Burlatako Udaltzaingoari dagokio eremu publikoko salmenta kontrolatu eta zaintzea. Haren lana izanen da ordenantza hau betetzen dela zaintzea, bai eta okupatzen diren saltokiak eta okupatu gabeak egoki erabiltzen direla ere.

VII. KAPITULUA

Saltzaileen eskubideak eta betebeharrak

15. artikulua. Eskubideak.

1. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen eskubideak honako hauek dira:

a) Dagozkien saltokiak okupatzea.

b) Baimendutako gaiak saltzea, onartzen diren egun eta orduetan.

2. Saltokietan lanean ariko dira baimendutako jendeak edo salmentan laguntzen dutenak. Orobat, baimendutako pertsonaren menpe dauden langileak ari daitezke, hots, besteren kontura lanean ari direnak. Baimendutako pertsonak frogatu beharko du laguntzaileak Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean sartuta daudela, betiere baimena lortzeko eskabidea egitean horren berri eman bazuen.

16. artikulua. Betebeharrak.

Eremu publikoan saltokiak jartzeko baimena duten pertsonek hiru arlotan izanen dituzte betebeharrak: osasungintzan, merkataritzan eta zergetan. *“Jardunbide egokien” orri bat prestatu behar da.

16.1. artikulua. Betebehar higienikoak.

Higiene eta osasungintzaren arloan une bakoitzean indarra duen araudian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte elikagaiak merkaturatzen dituzten saltokiek.

16.1.1. Produktuen higienea:

a) Elikagaiak, ontziratuak izan edo ez, ez dira lurrean zuzenean jarriko; izan ere, kutsatzea eragotziko duen altuera batean jarri beharko dira beti. Elikagaiak garraiatzeko ibilgailuek beteko dute 2207/1995 Errege Dekretuak eta indarra duten gainerako arauek diotena.

b) Ontziratu gabeko elikagai guztiak, frutak eta barazkiak kenduta, jendearengandik behar bezainbat babesturik egonen dira beti, beira-arasetan eta gisakoetan sartuak.

c) Urdaiazpiko eta hestekiak garraiatu, bildu eta jendaurrean erakusteko, beharrezko higiene baldintzak bete beharko dira eta inguruak garbi-garbiak eduki. Urdaiazpiko eta hestekiak zintzilik eta ordenaturik egonen dira. Ez dute inola ere ibilgailuaren zola ukituko. Salmahaiak material garbigarri eta iragazgaitzez eginak izanen dira eta garbiak egon beharko dute. Urdaiazpiko eta hestekiek behar bezala betetako osasun agiriak izanen dituzte aldean.

d) Salmentatik kenduko dira behar bezala kontserbatzen ez diren produktu guztiak. Puntu honetan, nagusiki, haragikiak hartzen dira kontuan (odolkiak, saltxitxak eta gisakoak), baita bakailaoa eta hotza behar duten esnekiak ere.

e) Debeku da elikagaiekin xerrak, xerrendak eta apurrak egitea, non eta saltokiak ez dituen, osasungintzaren eta higienearen aldetik, gutxieneko baldintzak, hala nola ur hargunea eskuak garbitzeko, lanabesak eta manipulatzeko leku aski, kanpoko kutsaduretatik babestua eta garbitzea erraztuko duen azalera duena.

f) Tradizioko arrazoiengatik, onartuko da haragikien eta gazta onduen “noizbehinkako mozketa” (puska handietan) eta bakailaoari mozketa bat egitea, gillotina bereziarekin, manipulatu ahal izateko.

16.1.2. Saltokiko higienea:

a) Saltzaile bakoitzak du saltokia eta inguruak garbi eta txukun edukitzeko ardura, eta lanaldia bukatuta garbi-garbiak utzi beharko ditu. Horretarako ez da salgai, ontzi, saski edo antzekorik utziko haren gibelean edo inguruan.

b) Zaborrak poltsa ongi itxietan utziko dira horretarako prestatu edukiontzietan.

c) Hondakin larriak, kartoizko ontziak, saskiak etab. hautsi beharko dira edo tolestu edo txikitu, edukiontzian sartu ahal izateko. Ez dira inola ere edukiontziaren inguruan utziko.

d) Elikagaiak saltzen dituzten saltoki guztiak idorpean egonen dira, haiek babesteko.

e) Lanaldia hastetik, saltzaile bakoitzak bere buruaren garbitasuna eta arroparena zaindu beharko du. Saltokian aritzeko baizik ez den arropa erabiliko du.

f) Elikagaien saltoki baten barrenean dauden guztiek janari erabiltzailearen ziurtagiria izanen dute, ikuskarien eskura.

g) Merkatu txikiaren esparruan ez da animaliarik sartzen utziko.

h) Ordenantza honetan adierazitakoa gorabehera, Iruñerriko Mankomunitatearen Hiri Hondakinen Kudeaketa arautzen duen ordenantzan ezartzen denari jarraituko zaio.

16.2. artikulua. Merkataritza arloko betebeharrak.

Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonek merkataritza arloko eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Dagozkien saltokiak okupatu eta ezarritako egun eta orduetan irekita edukitzea.

b) Udal baimenak ikusgai edukitzea, erosleak dauden tokitik erraz irakurtzeko moduan.

c) Erakusten dituzten produktu guztiak saltzeko maneran edukitzea. Betiere, baimenduriko produktuak baizik ezin izanen dira ikusgai jarri.

d) Hala eskatzen zaienean, ordenantza honetan eskatzen diren agiri guztiak udal zerbitzuei erakustea.

e) Saldu nahi diren gaien ondoan salneurria idatzirik paratzea, argi eta zehatz. Horretarako, salneurri errotuluen neurriak erosleen aldetik ikusteko modukoak izanen dira.

f) Pisu eta balantzeetarako udal organo eskudunak ezar dezakeen kontrastea onartzea.

g) Saltokira agertzerik ez badute, behar bezain aitzinetik jakinarazi beharko zaio Udaltzaingoari, eta horretarako arrazoiak azaldu.

16.3. artikulua. Zerga arloko betebeharrak.

Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena eskuratzen dutenek zerga arloko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Salmentarako beharrezko den kasuetan, eskaturiko fidantza uztea.

b) Udalak osoko bilkuran onetsiriko tasa edo eskubideak ordaintzea. Hiruhileko bakoitzaren hasieratzat honako hauek hartuko dira: urtarrilaren 1a, apirilaren 1a, uztailaren 1a eta urriaren 1a. Zozketa bidez adjudikaturiko saltokiak salbu (5. art.), horiek segidan ordainduko baitira, Herritarren Arretarako Bulegoan, saltokia eskatzaileari adjudikatu ondoan. Tasa horietatik kenduta dago abuztuko festetako bi asteazkenei dagokien zenbatekoa, administrazio honi egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik ezin baita merkatu txikirik ezarri.

VIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Erantzuleak.

Baimenen titularrak izanen dira ordenantza honetako xedapenen aurkako arau-hausteen erantzuleak, beraiek egindakoak izan edo saltzen laguntzen dieten familiakoek eta soldatakoek egindakoak izan.

21. artikulua. Motak.

1. Merkataritza ez egonkorra arautzen duen uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak izan daitezke:

a) Arau-hauste arinak:

Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, baita udal ordenantza honek zein 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta eginbeharrak ere ez betetzea, betiere azken horiek astun edo oso astuntzat ez badira hartzen.

Zehatz-mehatz, arau-hauste arinak hauek dira:

1.–Merkatu txikia hasten den ordu berean zerbitzua ematen ez hastea.

2.–Saltokia baimenik gabe hiru egun edo gutxiagotan itxia edukitzea, aurretik idazki batean justifikatu gabe.

3.–Udal baimena jendaurrean ez izatea.

4.–Elikagaiak saltzen direnean, janari erabiltzaileen txartelik ez izatea.

5.–Ordenantza honi jarraikiz, saltokietan aritzeko baimena duten pertsonak egon beharrean, beste batzuk egotea, aginduzko baimenik ez izateagatik arau-hauste oso astuntzat hartzen ez bada.

6.–Saltokia behar bezain garbi ez izatea eta sortutako zaborra ez biltzea.

7.–Ordenantza honetan eskatu osasun eta zerga arloko betekizunak ez betetzea.

b) Arau-hauste astunak:

Hona hemen arau-hauste astunak:

1.–Arau-hauste arinetan berrerortzea.

2.–Merkataritzaren xede diren produktuak arautzen dituen araudiak eskatutako baldintzak ez betetzea.

3.–Udal agintari edo funtzionarioei edo agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibideak ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

4.–Parada adjudikatu den saltokian ez paratzea, Administrazioak espresuki baimendu gabe.

5.–Saltokia behar bezala garbitzeko eginkizuna ez betetzea eta sortutako zaborra ez biltzea, merkatu txikiaren eremutik kanpo ere.

c) Arau-hauste oso astunak:

Arau-hauste oso astunak izanen dira honako hauek:

1.–Arau-hauste astunetan berrerortzea.

2.–Saltzeko baimenik ez izatea.

3.–Udal agintari, funtzionario edo agenteei haien eginkizunak betetzen ari direnean aurre egitea, hertsatzea edo mehatxatzea.

4.–Saltokia baimenik gabe sei egun edo gutxiagotan itxia edukitzea, aurretik idazki batean justifikatu gabe.

5.–Kontzesio hartzaileak saltokiaren kontzesioa saltzea.

22. artikulua. Zenbatekoa.

Arau-hauste arinak 150,00 euro arteko isunarekin zehatu ahalko dira.

Arau-hauste astunak 150,01 eurotik 600,00 eurorainoko isunarekin zehatu ahalko dira.

Arau-hauste oso astunak 600,01etik 3.000,00 eurorainoko isunarekin zehatu ahalko dira eta, kasuan-kasuan, saltzeko baimena aldi baterako kendu edo baliorik gabe utzita.

Aurreneurri gisa, salgaiak kautelaz atzeman ahalko dira, baldin eta, gauzatutako eginbideak eta gero, merkatuan saltzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak ez dituztela betetzen uste bada; agintari eskudunaren ustez osasunarentzat arriskurik sortzen badute, edo saltzeko behar den baimenik ez bada, konfiskatu eginen dira.

23. artikulua. Espedienteak.

1. Zehapen espedientearen prozedura lotuko zaio indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari.

2. Arau-hauste arin, astun eta oso astunengatik zehapenak ezartzeko, espedientea beharko da aldez aurretik; hura tramitatuko da bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruz indarra duen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Zehapen Ahalmenaren Prozedurarako Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

3. Zehapenak ezartzeko ahalmena alkatearena da. Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, alkateak emanen die haien berri.

4. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, kautelazko neurri gisa, arau-hauste astun edo oso astunak egin direla-eta irekitako zehapen espedientea tramitatzen den bitartean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza hau izateak ez du Udala behartzen nahitaez baimentzera bertan arautzen diren salmenta motak.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Udalak merkatu txikiaren kokapena alda dezake, hirigintza, osasun, edo beste arlo bateko baldintza edo beharretan oinarrituz.

I. ERANSKINA

Festetan kalez kaleko salmentako saltokiak paratzea

1. Alkateak erabakiko du kalez kaleko salmentaren kokalekua eta saltokien kopurua zein izanen den festetan; une bakoitzeko inguruabarren arabera, udalerriko beste eremu batean kokatu ahalko du.

2. Saltoki guztiek neurri berak izanen dituzte: 6 metro lineal eta 2 metro sakon.

3. Saltokiak adjudikatzeko tenorean, lehentasun irizpideak honako hauek izanen dira, ordena honi jarraikiz:

–Burlatan erroldaturik daudenak, 3 urteko antzinatasuna dutenak festak ospatu aurretik.

–Burlatan erroldaturik ez daudenak, baina 3 urteko antzinatasuna dutenak festak ospatu aurretik.

–Bi eskatzailek antzinatasun bera badute, lehentasuna izanen du eskaera lehenbizi aurkeztu duenak Herritarren Arretarako Bulegoko sarrera erregistroan.

–Urteren batean huts egiten badu antzinatasuna galduko du.

–Herriko festen erdian saltokia uzten badu, antzinatasuna galduko du, baita fidantzaren zenbatekoa ere.

–Saltoki bakoitzak 100 euroko fidantza ordainduko du Herritarren Arretarako Bulegoan; hura festak bukatuta itzuliko zaio, egiaztatu ondoan arazorik batere ez duela sorrarazi. Fidantza ordainduko da Herritarren Arretarako Bulegoan eskatzen denean, festak bukatu ondoren, gehienez ere urte horretako abenduaren 31n. Data horretatik aurrera ez da fidantza itzuliko.

–Saltoki bakoitzak eremu publikoa okupatzeko urteko udal tasa ordainduko du Herritarren Arretarako Bulegoan.

–Udalak saltokien kokalekua agertzen duen planoa emanen die eskatzaileei, baita antzinatasunaren araberako zerrenda ere, bai Burlatan erroldaturik daudenena bai ez daudenena.

–Saltokien adjudikazioa lehia publikoan eginen da Udaletxean, arestian aipatu irizpideak aplikatuz.

Iragarkiaren kodea: L2006458