151. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

76E/2020 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Arbizuko Eko-kanpinean autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat jartzeko proiektuari. Instalazioa Arbizuko udalerriko 1. poligonoko 257. eta 258. lurzatietan jarriko da, eta sustatzailea Beriain Azpia SL da.

2020ko apirilaren 18an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da autokontsumo indibidualerako eguzki-instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea, soberakinen injekzioa izanen duena. Instalazioak 178 modulu izanen ditu, 18 moduluko 8 sailetan eta 17 moduluko 2 sailetan banatuak. 600 m² inguruko eremua hartuko du (20 m x 30 m), zeina hesitua izanen baita, eta kanpineko erabiltzaileentzat sarbiderik gabe. Autokarabanentzat erreserbatutako eremu baten erdiko aldean kokatuko da. Moduluei eusteko, hormigoizko egitura bat eraikiko da, kontrapisua izanen duena. Inguruan dagoen berdegunea mantenduko da.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak egindako txostenean adierazi du jarduera honetarako ez dela aplikagarria hiri lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarriak baimentzeko prozedura, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 17. artikuluaren bidez arautua dagoena. Dagokion araubidea Arbizuko Beriain kanpinaren Plan Berezia da.

Espedientean Arbizuko Udalak emandako aldeko txostena jaso da, non adierazten baita, Arbizuko Beriain kanpinaren Plan Berezian ezartzen denaren arabera, jarduketa baimengarria dela (plan berezi hori 278/2008 Foru Aginduaren bidez onetsi zen).

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Arbizuko Eko-kanpinean autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat jartzeko proiektuari. Instalazioa Arbizuko udalerriko 1. poligonoko 257. eta 258. lurzatietan jarriko da, eta sustatzailea Beriain Azpia SL da.

2. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Arbizuko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Sakana-Mendialdeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2006271