151. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

16E/2020 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi hau onesten baita: “Toki entitateentzako dirulaguntza, ekintza berritzaileak egiteko hirigintza arloan”. DDBN identifikazioa: 509510.

2019-2023 legegintzaldirako Gobernu Programan jasotakoaren arabera, lurralde politikaren lehentasuna da 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) osorik eta modu transbertsalean bultzatzea, aurrera egin dezagun erronka global berrien aurrean: klima-aldaketaren aurkako borroka, ekonomia zirkularra, trantsizio energetikoa eta garapen jasangarria.

Horretan oinarrituta, asmoa da aurrerapausoak egitea Garapen Jasangarriaren Helburuak toki mailan erdiesteko, bai eta Espainiako Hiri Agendaren (2019) helburuak lortzeko ere, gaur-gaurko gaiak direla erakutsi baitu COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiak. Krisi honek, agerian utzi baititu gure hirietako eta herrietako ahuleziak, aukera ezin hobea eskain dezake COVID-19aren ondorengo egoeran birpentsatzeko zer egin daitekeen gure auzoak, herriak eta hiriak erresilienteagoak, arduratsuagoak eta orekatuagoak izan daitezen.

Agendaren helburuen artean, nabarmentzekoak dira deialdi honen helburuekin bat datozenak:

–“Pertsonak ardatz izanen dituen hiri eta landa garapena sustatzea, aintzat hartuko dituena adina, generoa eta jasangarritasuna (ingurumenarena, soziala, ekonomikoa)”.

–“Espazio publiko seguruak, inklusiboak, irisgarriak, berdeak eta kalitatezkoak sortzea sustatzea, halako moldez non horien diseinuak eta kudeaketak ahalbidetuko duten giza garapena bermatzea, gizarte baketsuak, integratzaileak eta parte-hartzaileak eraikitzea, eta bizikidetza, konektibitatea eta gizarteratzea sustatzea”.

–“Hirietan eta giza kokalekuetan ingurune segurua, osasungarria eta inklusiboa sustatzea”.

–“Hiri-esparru espazialen garapena sustatzea, barne direla honako hauek babesten dituzten hiri-plangitzarako eta -diseinurako tresnak: baliabide naturalen eta lurraren antolamendu eta erabilera jasangarria, espazio hutsak betetzeko estrategiak edo handitze berriak planifikatzekoak, bidezkoa denaren arabera, xedea izanik eskala- eta aglomerazio-ekonomiak bultzatzea, elikadura-sistemaren plangintza indartzea eta efizientzia areagotzea baliabideen erabileran, hiri-erresilientzian eta ingurumen-jasangarritasunean”.

Esparru honen barnean, Nafarroaren Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan, honako azpihelburu hauek ezartzen dira 11. helburuari (Hiri eta komunitate jasangarriak) dagokionez: 11.3 azpihelburua: Hirigintza inklusiboa eta jasangarria areagotzea; 11.4 azpihelburua: Kultura eta natura ondarea babestea, eta 11.7: Espazio publiko seguru eta inklusiboetarako sarbide unibertsala.

Deialdi honen xedearekin zuzen-zuzenean lotutako helburuak: hirigintza arloko jarduera berritzaileak finantzatzea udalerrien hiri-garapen jasangarriari laguntzeko, Nafarroako hiri eta herrietako espazio publikoak hobetzeko, horien diseinuan txertatuz zahartzearen giltzarriak, genero-ikuspegia, segurtasuna (bide-segurtasuna eta osasun segurtasuna), irisgarritasun unibertsala, mugikortasun jasangarria eta klima-aldaketara egokitzeko gaitasuna, eta tokiko paisaia identifikatzea eta hari balioa ematea.

COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-krisiak erakutsi du beharrezkoa dela hirigintzaren ikuspegitik hausnarketa bat egitea pertsonen joan-etorrietarako baldintza berriei buruz edota espazio komunitarioen erabilera kontrolatuari buruz. Auzoak diseinatu eta lehendik daudenak egokitu beharra dago, gaur egungoa bezalako osasun-larrialdiei erantzun urbanoa emateko, halako moduz non harremanetarako, merkataritzarako, aisialdirako eta bestelako jardueretarako erabiltzen diren guneek malgutasuna eta gaitasuna izanen duten egoera desberdinetara egokitzeko.

Hirien jasangarritasunari buruzko eztabaidetan, aspalditik ari dira alternatibak proposatzen; baina orain, salbuespenezko egoera honetatik abiatuta, hiri-landa eredu berri bat egia bihur daiteke gure auzo, hiri eta herrietarako. Pandemiak kontzientzia soziala areagotzea eta aldaketarako politika ekarri ditu, eta hona zertan jarri duen arreta: hirien eta herrien hurbiltasunean, moldagarritasunean eta malgutasunean, eta hiri eta herri horien diseinuaren muinean egon daitezke pertsonak –eta haien osasuna–.

Espazio publikoa egiturazko elementu nagusi bihurtzen da, herritarren elkarbizitzarako benetako gune den aldetik; horregatik, haren kalitatea eta nolakotasuna bermatu beharra dago, herritarren erabilera eta eskubideak ugaritu daitezen, eta egokitu egin behar da klima-baldintza berrietara eta osasun kolektiboaren, irisgarritasunaren eta segurtasunaren inguruko baldintza berrietara.

Testuinguru honetan, funtsezkoak dira epe luzeko estrategiak edo planak, horien bidez bultzatuko baitira espazio publikoak eraldatzeko proiektu kualifikatuak eta iraunkorrak, arreta pertsonengan eta naturan jarriko dutenak.

Horiek esparru koherentea osatzen dute “hirigintza taktikoko” esku-hartzeetarako; hirigintza taktikoa ulertu behar da hirian aldaketa itzulgarriak ezartzeko tresna gisa; eskala txikikoak izanik, eragin handia duten jarduketa gisa. Jarduketa horiek ahalbidetzen dute espazio publikoa erabiltzeko beste modu batzuk egotea, bai eta pertsonak erdigunean jartzea ere.

Horretarako, planteatzen diren eraldaketek aukera eman beharko dute espazio publikoen eta berdeguneen kalitatea hobetzeko, biodibertsitatea handitzeko, eta naturan oinarritutako hiri- eta landa-diseinuko soluzioak integratzeko; auzoak naturalizatzeko, oinezkoentzako lotura-ardatzetan jarduteko bai hiri-bazterretan bai herrietan; eraiki gabeko orubeak gaitzeko eta naturalizatzeko, eta abar.

Bestalde, hiri- eta landa-paisaia ere balioetsi beharreko baliabidea da, deialdi honetako beste alderdi nagusietako bat den aldetik; xedea da hura guztiz garatzea eta haren kontserbazio- eta mantentze-maila egokia bermatzea, jakintzan oinarritutako benetako kidego-kultura lortzeko, eta hura, jasangarritasunetik abiatuta, baliabide ekonomiko eta turistiko gisa zentzuz erabiltzeko.

Nafarroan, honako hauek hartu dira oinarritzat jarduketa diruz lagungarriak definitzeko: 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa; Zahartze Osasungarrirako 2017-2022ko Estrategia, eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusitik eta Hirigintza Ataletik egindako lanak, besteak beste: “Adinekoekin atseginak diren herri, hiri eta auzoen gida”; “Hiri Diagnostiko Parte-hartzaileak” Corellan, Burgin eta Lerinen; Paisaia dokumentuak, eta “Udal planeamenduan klima-aldaketara egokitzeko gida”.

Era berean, lurralde antolamenduko planak erreferentzia esparru bat dira, eta horien barnean egiten, garatzen eta koordinatzen dituzte administrazioek eta entitate publikoek beren politikak, planak eta programak, Lurralde Garapeneko Ereduarekin bat (LGE). Plan horietan jasotako printzipio orokorrek gidatuko dute udalaren hirigintza-antolamenduaren esku-hartzea jasangarritasunaren irizpideak kontuan harturik, hauek baitira deialdi honen xede nagusiaren oinarria.

Oinarrietan definitutako jarduketa diruz lagungarriei dagokienez, beherago aipatzen dira erreferentziatzat hartu diren helburuak. Helburu horiek udalaren hirigintza arloko garapen jasangarriaren helburuak dira, hain zuzen ere uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 52. artikuluan (Garapen jasangarriari buruzko determinazioak) jasotakoak. Legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko testu bategina.

Lehendik dauden biziguneen hazkunde trinkoa sustatzea, eraikinen birgaitze-jarduketak eta hirien berroneratze- eta berrikuntza-jarduketak planifikatuz, betiere arreta berezia eskainiz hiri-espazio zaurgarriei eta hiri-bilbean txertatutako espazio hutsak berreskuratzeari.

Energia-efizientzia hobetzeko jarduketak diseinatzea, alderdi bioklimatikoen tratamendu egoki diren aldetik, espazio publikoetan, eraikuntza berrietan edo eraikitakoaren gaineko esku-hartzeetan.

Mugikortasun jasangarriari buruzko determinazioak ezartzea, eta horretarako oinezkoen eta txirrindularien mugikortasun irizpideak eta bide-segurtasunaren kontzeptua txertatzea kaleen eta espazio publikoen diseinuan. Eta irisgarritasuna erraztea eraikin eta espazio publikoetan, horiek egokituz eta funtzional bihurtuz.

Paisaiaren babesa bultzatzea, eta horretarako beren garrantziarengatik edo berezitasunarengatik babestu beharrekoak diren lekuneak identifikatzea. Paisaiaren babes estentsibo eta ez-murriztailea bermatzen duten irizpideak ezartzea, eta beren humanizazio historikoaren ezaugarri diren bereizgarrien edo balio naturalen aldaketa larriaren ondorioz, paisaiaren aldetik lehengoratu beharko liratekeen tokiak eta inguruneak identifikatzea.

Honako printzipio hauek zehazten dituzten jarduketak: lehiakortasuna eta jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa, lurralde-kohesioa, energia-efizientzia eta konplexutasun funtzionala. Printzipio horietan oinarritzen dira deialdi honen bidez diruz lagundu nahi diren jarduketak, eta jasota daude urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren 3. artikuluko (Lurralde eta hiri garapen jasangarrirako printzipioa) 3. apartatuan. Legegintzako errege-dekretu horren bidez onetsi zen Lurzoruaren eta Hiri birgaitzearen Legearen testu bategina.

Azkenik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 2. artikuluan ezartzen da jarduketa administratiboen helburua dela lurraldearen garapen jasangarria lortzea, eta ezartzen dira lurraldearen inguruko jarduketa publiko guztietan aintzat hartu beharreko printzipioak. Bestalde, lege beraren 5. artikuluari jarraikiz, honako helburu hauek ditu hirigintza-antolamenduak, lurraldea antolatzeko esparruan:

Jasangarritasunaren aldeko helburuak sartzea hirigintza planeamendu eta jarduketa guztietan, bultza daitezen hiri trinkoaren eredua, lurraldearen produkzio ahalmena eta sistema naturalen egonkortasuna, eta hobetu ahal izateko Nafarroako udalerrietako ingurumen kalitatea eta hiri kalitatea.

Aurreko ohar horiek guztiak aintzat hartuta, eta adierazitako guztiagatik, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak beharrezkotzat jotzen du toki administrazioei laguntza eta bultzada ematea hiri-garapen jasangarria sustatzeko jarduketa berritzaileak egin ditzaten, administrazio horiek direlako herritarrengandik hurbilen daudenak eta toki mailan lurraldearen aldetik ageri diren ezaugarriak ezagutzen dituztenak.

Horretarako, zuzendaritza nagusi honek erabaki du oinarri batzuk ezartzea eta deialdi bidez argitaratzea, dirulaguntzen araubidea arautzeko, 2020an hirigintza arloko ekintza berritzaileak egin daitezen. Hona deialdi horren helburuak: udalerrien hiri-garapen jasangarria bultzatzea; hiri-espazio ahulak hobetzea; espazio publikoen irisgarritasuna eta kualifikazioa erraztea; Nafarroako auzoen, hirien eta herrien diseinuan txertatzea zahartzea, genero-ikuspegia eta bide- eta osasun-segurtasuna eta klima-aldaketara egokitzeko gaitasuna, eta, orobat, tokiko paisaia identifikatzea eta hari balioa ematea.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateentzako laguntzen deialdia onestea, 2020ko ekitaldian hirigintzaren arloan egiten dituzten ekintza berritzaileak finantzatzeko.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. 150.000 euroko gastua baimentzea, deialdiak sortutako konpromisoei aurre egiteko, “Toki entitateentzako dirulaguntzak, ekintza berritzaileak egiteko hirigintza arloan” izeneko 310000 31100 4609 261700 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari eta Ekonomia eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuari.

Ebazpen honen eta bere oinarrien aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 3an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea eta helburuak.

Deialdiaren xedea da Nafarroako toki entitateentzako laguntzak arautzea, 2020ko ekitaldian hirigintza arloan egiten dituzten ekintza berritzaileak finantzatzeko, bi helbururekin: xedetzat udalerrien garapen jasangarria duten hirigintza planeamenduaren helburuak lortzen laguntzea, eta Nafarroako herri eta hirietako biztanleen bizi-kalitatea hobetzea.

Deialdi honen ondorioetarako, hirigintza arloko ekintza berritzailetzat joko da honelako dokumentuak prestatzea: estrategiak, azterlanak, proiektuak eta antolamendu irizpideak, non toki mailako hirigintza jarduketak bilduko baitira. Lehendik daudenen aldean hobekuntzak edo ikuspegi berriak ekarriko dituzten ekintzak, eta kasua bada, hiri-eredu jasangarriak, efizienteak eta bidezkoak sustatuko dituztenak, oinarritzat hartuta gizarte-lankidetzako elementu eta kontzeptuak eta pertsonentzako hirigintzaren premisa berriak. Herri, auzo eta hirien hirigintzako esku-hartzean parte-hartzea, genero-ikuspegia, zahartzea eta dibertsitate funtzionala sartzen dituzten ekintzak.

Deialdi honen ondorioetarako, ulertuko da ekintza horiek garapen jasangarriaren helburuak lortzen laguntzen dutela baldin eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 52. artikuluan adierazitako helbururen bat garatzen badute (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina) edo baldin eta bat etortzen badira urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren 3. artikuluaren 3. ataleko printzipioekin: lehiakortasuna eta jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenarena, lurralde-kohesioa, energia-efizientzia eta konplexutasun funtzionala (7/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsi zen Lurzoruaren eta Hiri birgaitzearen Legearen testu bategina).

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak izanen dira estrategiak, azterlanak, proiektuak eta antolamendu irizpideak bezalako dokumentuak prestatzeko gastuak, baldin aipatu dokumentuek esparru gisa balio badute toki mailan hirigintza arloko ekintza berritzaileak identifikatu eta definitzeko, eta baldin ekintza berritzaile horiek, udalerrien garapen jasangarriari laguntzeaz gain, jarraian aipatzen diren jarduketa multzo hauetakoren batean sartzen badira:

1. Hirigintza eta paisaia.

Inbentarioak, txostenak, diagnostikoak, azterlanak, planak, kudeaketa-tresnak, hitzarmen-formulak eta abar egitea, esku hartzeko proposamenak ezagutzen, planifikatzen edo diseinatzen laguntzen dutenak, eta helburutzat dutenak toki entitateko paisaien babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatzea, hala nola:

a) Parte hartze bidezko diagnostikoak, tokiko paisaiak ezagutzeko eta horien dinamika eta bilakaera aztertzeko eta zabaltzeko.

b) Arreta bereziko tokiko paisaiak, paisaia ikusteko ibilbideak eta guneak, andeatutako guneak eta abar inbentariatu eta mugatzeko lanak.

c) Esku hartzeko proposamenak, gune jakin batzuen paisaia-integrazioa hobetzeko: leku hutsalduak bereiztea, andeatutako guneak berreskuratzea, lehengoratzea edo naturalizatzea, ikusizko inpaktua eragiten duten elementuak ezkutatzea, etab.

d) Helburuak identifikatu eta definitzea toki entitate baten edo gehiagoren paisaia berezi batean antolamendu-lanak egin eta jarduteko. Paisaiaren edo arreta bereziko paisaia baten elementu edo osagai bat, banakakoa edo toki entitate batzuek partekatua, ituntzeko planak edo formulak.

e) Tokiko paisaietan nola esku hartu arautzeko araudia edo ordenantzak.

f) Toki entitatearen lurralde osoa hartzen duten azterlanak, toki mailan paisaia dokumentuak garatzen dituztenak:

–Tokiko paisaien ezagutza sortzea: paisaien identifikazioa, ezaugarriak eta kualifikazioa.

–Plangintza definitzea paisaiaren gainean esku hartzeko.

g) Paisaiaren aldagaia udal planeamenduan txertatzera bideratutako lanak.

Deskribatutako lan guztiak Paisaiari buruzko Europako Hitzarmenean zehaztutako printzipioen esparruan idatzi beharko dira, eta, beraz, biztanleriak aztergai diren paisaien gainean duen pertzepzioa islatu beharko dute. Gainera, kontuan hartu beharko dituzte lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarrean dagoen araudia, lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnak eta paisaiaren arloan sortutako ezagutza (paisaia dokumentuak, paisaia bereziak mugatzeko eta ezaugarritzeko azterlanak, paisaia integratzeko gidak, LIFE IP-NAdapta proiektuaren C.6.1 eta C.6.2 ekintzen esparruan sortutako dokumentazioa eta beste batzuk).

https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Paisaje/

2. Hirigintza eta Zahartze Estrategia.

Zahartze Aktibo eta Osasungarrirako 2017-2022ko Estrategiarekin bat datozen dokumentuak prestatzea, eta zehazki, 2. ardatzean (“Ingurune atseginak adinekoekiko eta eskualde-garapena”) kokatzen diren hirigintza jarduketekin bat datozenak.

Hiri Diagnostiko Parte-hartzaileak adinekoen ikuspuntutik. Herrian beharrezkoak diren neurriak eta ekintzak identifikatu eta zehazteko tresna, lurralde- eta hirigintza-ereduan txertatzeko eta udalerrian zuzenean aplikatzeko planak gauzatzeko.

Hona Hiri Diagnostiko Parte-hartzaile hauetan lortu beharreko helburuak:

–Parte hartzearen bidezko diagnostikoa hirugarren eta laugarren adinekoek hirian/landa eremuan dauzkaten beharrei buruz.

–Adinekoek hiriguneei buruz dituzten pertzepzioak balioestea eta prozesu horiek erraztuko dituzten parte-hartzeko mekanismo berriak probatzea.

–Diagnostikoan hautemandako guneak/eremuak mapatzea.

–Jarduketa ildoak identifikatzea eta hautemandako proposamenak aplikatzea.

Lanak, esan bezala, Nafarroako Zahartze Aktibo eta Osasungarrirako 2017-2022ko Estrategiaren barnean kokatzen dira, eta horien garapena, berriz, 2018-2019ko Ekintza Plan Globalean. https://gobiernoabierto.navarra.es/es/gobernanza/planes-y-programas-accion-gobierno/estrategia-envejecimiento-activo-saludable-navarra

Lan horiek garatzeko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako gida ere kontsulta daiteke: “Adinekoekin atseginak diren herri, hiri eta auzoen gida”. https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/08F5EE01-9900-4538-BF7D-0A0809B8F0A9/0/CiudadesypueblosAmigables.pdf

3. Toki mailako hirigintza jarduketa bereziak.

Gogoeta kolektiboko dokumentuak, parte-hartze bidezko diagnostikoak, udalerriaren garapen jasangarriari laguntzen dioten proiektuak eta lanak, hainbat ikuspegi integratuz (helduak, generoa, gazteak, desgaitasunak dituzten pertsonak), hirigintza taktikoko esku-hartze zehatzak sustatzen eta definitzen dituztenak hirian, auzoetan eta herrietan, kudeaketarako berariazko proposamenekin, udal eskumenetan zeharka sartuko direnak, hala nola:

a) Lurralde konektagarritasuna Oinezkoen eta txirrindularien mugikortasun ereduak ezartzeko jarduketak, herri eta hirien plangintzan eta diseinuan mugikortasun jasangarriari buruzko determinazioak sartzeko, ibilbideen diseinuan txertatuz segurtasunaren, irisgarritasunaren, zahartzearen eta generoaren kontzeptuak.

b) Hiri Azpiegitura Berdea. Azpiegitura Berdearen funtzionamendua hiri-eremuan hobetzeko jarduerak, eta horretarako, dagoeneko eraikita dauden espazioak naturalizatzeko esku-hartzeak aztertzea; hiriko ibai-sistemak leheneratzea, kontuan hartuta horien eginkizun ekologikoak, erregulatzaileak, konektoreak eta aisialdikoak; ura kudeatzeko sistema jasangarriak jartzea; irtenbide espezifikoak ematea ekologia urbanizazioen, fatxaden edo estalkien diseinuan edo berdeguneen kudeaketan integratzeko; biodibertsitaterako espazioak sortzea; espezieen eta pertsonen arteko konektibitatea bultzatzen duten espazioak iragazkortzea; edo hiri eremuaren eta bere landa ingurunearen arteko irisgarritasuna sustatzea.

c) Espazio publikoak. Espazio publikoetan esku-hartzera eta horien kudeaketara bideratutako azterlan edo proiektuak. Bereziki espazio zaurgarrietan, andeatutakoetan, edo hutsik edo gutxiegi erabilita dauden horietan. Irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko ekintzak identifikatuz, horien kualifikazioari eta funtzionaltasunari laguntzeko.

Hausnarketak eta proposamenak egitea pertsonen joan-etorrietarako baldintza berriei buruz edota espazio komunitarioen erabilera kontrolatuari buruz. Espazio publikoak diseinatzeko proiektuak herrietarako, auzoetarako eta hirietarako, edo lehendik daudenak egokitzea, osasun-larrialdiei edo bestelako egoerei erantzun urbanoa emateko, halako moduz non harremanetarako, merkataritzarako, aisialdirako eta bestelako jardueretarako guneek malgutasuna eta gaitasuna izanen duten egoera desberdinetara egokitzeko (gaur egungoa bezalako osasun-krisiak erakutsi baitu hori behar-beharrezkoa dela).

d) Natur eta kultur ondarea. Tokiko ondare historiko, natural eta kulturalari balioa emateko lanak egitea, ondare hori berreskuratzeko hirigintza-ekintzak identifikatu eta zehazteko (hirigune historikoak, ibilbideak, bide historikoak, tokian bertan garrantzia duten lekuak, hala nola iturriak, zubiak, ermitak, garbitegiak, ontziralekuak).

e) Hirigintza jasangarriko beste proiektu berezi batzuk, landa-inguruneak suspertzeko, lurraldean bertan eragiten dutenak.

4. Hirigintza eta klima-aldaketa.

Toki mailako diagnostikoak eta azterlanak egitea klima-aldaketari eta hirigintzari buruz; klima-aldaketara egokitzeko neurriak zehaztea eta horiek planeamendurako tresnetan txertatzea hiri-diseinuko faseetan, ordenantzetan edo espazio publikoetako esku-hartzeetan;

a) Arkitektura bioklimatikoaren eta energia-efizientziaren ordenantza.

b) Mekanismoak aztertzea klima-aldaketara egokitzeko neurriak ezartzeko eta gauzatzeko, horiek plangintzan txertatzeko.

c) Egokitzeko irizpideak prestatzea espazio publikoak birgaitzeko eta urbanizatzeko proiektuetan.

Honako hauetan jasotako irizpideak eta ezagutza izanen dira lan horien oinarria:

“Udal planeamenduan klima-aldaketara egokitzeko gida” (2019), zeina kokatzen baita Nafarroako Gobernuaren Klima-aldaketarako Ibilbide-orria 2017-2030-2050 delakoaren barnean. https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/F1F9963E-FAC0-42FE-8112-2C4834532EC2/0/%20DocsintesisACCyPlaneamiento2.pdf

LIFE NAdapta proiektuaren C6.2 jarduera ildoa: Eraikitako ingurunea klima-aldaketara egokitzea, eta hor kokatzen da: “Hirigintza, arkitektura eta klima-aldaketari buruzko gida” https://lifenadapta.navarra.es/es/accion-c6.2

Deialdi honen ondorioetarako, ez dira diruz lagungarriak izanen obren exekuziorako proiektuak eta hirigintza planeamenduko tresnak.

Hirugarrena.–Jarduketa diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza jasotzeko, jarduketek baldintza hauek bete behar dituzte:

1. Dokumentuaren helburuak bat etorri behar du bigarren oinarrian aipatutako jarduketa multzoetako batekin edo gehiagorekin.

2. Toki entitate batek edo gehiagok egitea 2020ko abenduaren 15a baino lehen.

3. Jarduketa berritzaileak edo taktikoak direla justifikatzea, eta horiek prestatzean barne har daitezela parte-hartze prozesuak, genero-ikuspegia eta gizarte-inklusioa.

Laugarrena.–Entitate onuradunak.

Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean adierazitako Nafarroako toki entitateak.

Toki entitate bakoitzak banaka edo toki entitate batzuen artean antola ditzake jarduketak. Azken kasu horretan, toki entitate bat ordezkari izendatuko da ondorio guztietarako, eta entitate bakoitzak bere gain hartutako exekuzio konpromisoak adieraziko dira.

Toki entitateek ezin izanen dute proiektu bat baino gehiago aurkeztu, ez banaka ez beste batzuekin batera.

Bosgarrena.–Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarriak dira aurkeztutako proiektuaren garapenarekin zerikusia duten eragiketa arruntetatik heldu diren jarduketak; zehazki, hauek:

a) Laguntza teknikoa. Diruz lagundutako jarduketaren dokumentazio teknikoa prestatzen duten pertsona fisiko edo juridikoen kontratazioari emanen zaio dirulaguntza.

b) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien edo aurkezpenen ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

d) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo proiektuari lotutako jarduerak garatzeko beharrezko material suntsikorrarenak.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, eta abar).

f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

g) Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren %20 arte egozten ahalko zaie zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, betiere behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

2. Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta jardueraren bat gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnenak.

b) Toki entitatearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

3. Deialdi honetan, 2020an, gehienez 150.000 euro emanen dira guztira.

Dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da dirulaguntzaren xede diren ekintzek sortutako gastuaren %90: gehienez ere 20.000 euro izanen den jarduketa bakoitzeko.

Lortutako puntuazioaren arabera lagunduko dira jarduketak, handienetik txikienerako hurrenkeran, deialdiaren zortzigarren oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera, aurrekontu erabilgarria agortu arte.

Azken proiektu edo jarduketarako behar beste kreditu ez badago horrentzat onartutako aurrekontuaren %90 emateko, gelditzen den dirua emanen zaio.

Aurkeztutako eskaerak aztertu ondoren aurrekontuan kreditua badago, hilabeteko beste epe bat irekitzen ahalko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, deialdiaren baldintzak betetzen dituzten eskaera berriak aurkezteko.

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak dirulaguntza eskatzen duen toki entitateko alkatetzak edo lehendakariak sinatu beharko ditu.

Toki entitate batek baino gehiagok batera aurkezten dituzten proiektuen kasuan, eskaerak toki entitate eskatzaile guztietako alkate edo lehendakariek sinatuko dituzte.

3. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus).

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

6.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

1. Diruz lagungarria den jarduketa deskribatzen duen dokumentazioa, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

2. Erantzukizunpeko adierazpena, norberak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez duela agertzeko.

3. Eskatutako beste laguntza batzuen erantzukizuneko aitorpena, IV. eranskinaren arabera.

6.3. Eskaera zuzentzea.

Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu edo aginduzko agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

Zazpigarrena.–Ebaluazio organoak eta ebazpena.

1. Deialdi honen ondorioetarako, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 8. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu erakunde onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien.

3. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunek gardentasunaren adierazpena aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz (dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak), baita Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz ere. Onuradunak gardentasunaren betebeharra bete behar ez badu, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Zortzigarrena.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Norgehiagokako araubideari jarraikiz esleituko dira dirulaguntzak, lortutako puntuazioaren arabera eta aurrekontuko kreditua agortu arte. Honako irizpide hauei jarraikiz emanen da puntuazioa:

1. Proposatutako jarduketa (60 puntu gehienez). Baloratuko dira proposamenaren koherentzia eta egokitasuna deialdiaren xedeari eta helburuei dagokienez, eta haren justifikazioa lurralde eta hiri garapen jasangarrirako.

2. Udal mailako jardueraren izaera berritzailea eta taktikoa (20 puntu gehienez). Baloratuko da ikuspegi berriak ematea ohikoak diren edo lehendik dauden konponbideen aurrean, baita jarduketak tokian bertan duen eragina ere. Era berean, jarduketa hori antzeko baldintzak edo beharrak dauzkaten udalerrietan errepika daitekeen baloratuko da.

3. Parte-hartze prozesua (20 puntu gehienez). Aurreikusitako prozedura eta tresnak ebaluatuko dira, eta tokiko gobernantza hobetzea eta herritarrek erabakiak hartzeko aktiboki parte hartzea sustatzen dutela baloratuko da.

Ez dira diruz lagungarriak izanen 40 puntu baino gehiago lortzen ez dituzten proiektuak, nahiz eta horretarako aurrekontua izan.

Bederatzigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Diruz lagundutako jarduketa bukatu ondoren, entitate onuradunek egin dituzten gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2020ko abenduaren 15a baino lehen:

a) Kontratuaren lizitazioaren eta esleipenaren aurrekontua, aplikatutako BEZa adierazita.

b) Kontratuaren esleipen-hartzailearen izena edo sozietate-izena eta identifikazio fiskala.

c) Diagnostiko-dokumentua entregatu izanaren kopia edo ziurtagiria, eta entitatearen ziurtagiria, zabalkunde-ekintzak egin direla adierazten duena.

d) Entitateko idazkariaren ziurtagiria, honako hauek adierazten dituena:

–Ekintzen finantzaketa, berariaz adierazita beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emandako edo ebatzi gabeko dirulaguntzak.

–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla.

–Udalak ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu dirulaguntza honi dagozkion zeharkako zerga ordainduak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

–Udalak betetzen dituela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan aurreikusitako betebeharrak.

e) Bankuko ordainketen frogagiriak.

f) Egindako gastuak justifikatzen dituzten fakturen kopiak.

g) Jardunaldi, tailer edo informazio saioetan, parte hartzeko saioetan edo diruz lagundutako jarduera zabaltzeko saioetan parte hartu dutenen bertaratze ziurtagiriak.

h) Amaierako egoeraren planoak.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, dirulaguntza zati proportzionalean gutxituko da.

Epe hori bete ezean, emandako dirulaguntza galduko da.

Egiaztagiriak azterturik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen memoria aurkeztuko da.

Hamargarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzen xede den jarduketaren finantzaketaren publizitatea, jarduketa horren ondoriozko dokumentutatik heldu diren ekintzetan edo zabalkundean. Dokumentu horiek erakutsi beharko dute Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

b) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

c) Betetzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

d) Dirulaguntzen deialdi honen babesean egindako proiektu edo ekintza guztiek genero-ikuspegia eta hizkera inklusiboa izanen dituzte.

Dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izango du gainditu entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, entitate onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9.d) artikuluan xedaturikoarekin bat.

Era berean, entitate onuradunak dirulaguntza ez den beste edozein diru-sarrera edo finantzabide jakinarazi beharko du, diruz lagundutako jarduketaren gainfinantzaketa izan ez dadin.

Hamabigarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Toki entitateek kontratatzen dituzten lanak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeari jarraikiz eginen dira.

Hamahirugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen entitate onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hamalaugarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hamabosgarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Laguntza-eskabidearen eredua.

III. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuradun izateko debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

IV. ERANSKINA

Eskatutako beste laguntza batzuen erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2005800