151. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

86E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 16koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2020-2021 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duena.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 33. artikuluak ezartzen duenez, ehiza aprobetxamendua antolatzeko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urtero onetsiko ditu aprobetxamendugai izan daitezkeen espezieak ehizatzeko debekualdiei buruzko xedapen orokorrak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.

Halaber, foru lege beraren 7.d) artikuluak xedatzen du debekualdiei buruzko xedapen orokorrari eta Ehiza Antolatzeko Planari jarraikiz egin beharko dela ehiza Nafarroan.

Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren artikulu bakarraren bidez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zen.

Haren 2.2 artikuluan ezartzen denez, debekualdiei buruzko xedapen orokorra urtero onetsiko da, eta hartan ezarriko da zer espezie, azpiespezie edo populazio ehizatzen ahal diren.

Bestalde, foru dekretu horren 29. artikuluak ezartzen du nola banatzen ahal dituzten eremuak Ehiza Antolatzeko Planek.

Azkenik, 52. artikuluan ezartzen da ezen Nafarroako Foru Komunitatean bi eskualde egonen direla ehizaren ondorioetarako: iparraldekoa eta hegoaldekoa.

Lege agindu horiek betetzeko asmoz, bidezko da 2020-2021 kanpainan ehiza arautzen duen xedapen orokorra onestea.

Hori horrela, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak proposaturik, eta Ehizako Aholku Batzordearen eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren txostenak ikusirik, eta Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 33.1 artikuluak emandako eskumena erabiliz.

AGINTZEN DUT:

1. Onestea ehizako debekualdiei buruzko xedapen orokorra 2020-2021 denboraldirako (eranskin gisa erantsi da).

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta eranskina (ehizako debekualdiei buruzko xedapen orokorra 2020-2021 denboraldirako).

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

ERANSKINA

Ehizako debekualdiei buruzko xedapen orokorra 2020-2021 denboraldirako

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroan 2020-2021 kanpainako ehizari buruzko araudi berariazkoa finkatzea.

2. artikulua. Ehizaldiak.

Foru agindu honek, oro har, Nafarroako ehiza barrutietarako ehizaldiak finkatzen ditu; horrek, dena dela, ez du zertan eraginik izan Ehiza Antolatzeko Planetan ageri diren beste jarduera batzuetan. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legetik eratortzen ahal diren ehiza modalitate berriak aurreikusita egonen dira Ehiza Antolatzeko Planean, edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak espresuki baimendu beharko ditu.

3. artikulua. Eskualdeak.

Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 52. artikuluan ezartzen da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeko iparraldea eta hegoaldea bereizten dituen marra; izan ere, foru dekretu horrek Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zuen.

II. KAPITULUA

Ehiza-espezieak eta izurri diren espezieak

4. artikulua. Ehizatzen ahal diren espezieak eta izurri diren espezieak.

1. Ehizatzen ahal diren espezieak.

Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoak dira 2020-2021 denboraldian ehizatzeko Nafarroan baimentzen diren espezieak; foru dekretu horren bidez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zen.

2. Izurri diren espezieak.

Foru agindu honetan baimendutako edozein ehiza-espezie ehizatzeko denboran, ehizatzen ahalko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 20ko 351/2010 Foru Aginduaren 2.d) artikuluko espezieak. Foru agindu horren bidez, basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzen dira.

III. KAPITULUA

Ehizaldiak

5. artikulua. Ehiza garaiak eta ehiza egunak.

1. Kapitulu honetan finkatutakoak dira ehizaldiak eta ehiza egunak, ehizaldia irekitzeko eta ixteko egunak barne. Ehiza barrutiren bat herri zenbaitek osatua baldin bada, herri haietariko bateko jaia hautatu beharko da, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari haren berri eman, aldez aurretik.

2. Oro har, ehizan aritzeko ordutegia eguzkia sortu baino ordu bat lehenago hasi eta sartu eta ordu batera bukatuko da. Almanakatik hartuko dira sortzearen eta sartzearen orduak.

6. artikulua. Basurdea.

1. Baimena ematen da basurdea ehizatzeko, 2020ko abuztuaren 15etik 2021eko otsailaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, su armaz uxaldietan eta mendi-ehizaldietan, eta arkuz uxaldietan, mendi-ehizaldietan, bakarka eta zelatan.

2. 2020ko abuztuaren 1etik 2021eko abuztuaren 1era, basurdea egunero ehizatzen ahalko da su armaz edo arkuz, zelatan eta gaueko itxaronaldietan. Apartatu honi dagozkion modalitateetan jarduteko, aprobetxamenduaren titularrak 48 lehenago abisatu beharko die eskualdeko basozainei.

Gaueko itxaronaldiak egiteko, Ehiza Antolatzeko Planean baimendutako postuak erabiliko dira. Zelata-ehizan aritzeko ere postu horiexek berak erabiliko dira.

Gaueko itxaronaldietan, segurtasun arrazoiak direla eta, baimena ematen da su armari edo arkuari lotutako linternak erabiltzeko, tiroa egin edo gezia bota aurre-aurreko unerako bakarrik. Eraginkortasun arrazoiak direla-eta, baimenduta dago substantzia usaintsuak erabiltzea, petrolioaren eratorriak ez badira, gehienez 10 cm x 10 cm-ko azaleran zabalduta.

3. Nekazaritzako laboreetan kalteak izateko arriskua dagoen ehiza barrutietan, uxaldian ehizatzen ahalko da, Ehiza Antolatzeko Planean adierazitako uxalekuetatik kanpo.

7. artikulua. Orkatza.

1. Baimena ematen da orkatza uxaldietan eta mendi-ehizaldietan ehizatzeko, 2020ko abuztuaren 15etik 2021eko otsailaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Epe horretan berean baimenduta dago zelatan edo bakarka ehizatzea asteko egun guztietan. Horretarako, ehiztariak 24 ordu lehenago abisatu beharko die eskualdeko basozainei, eta adieraziko die zer zenbaki duen erabiliko den besokoak, baita eskatzen zaion beste edozein datu ere. Ez daude horretara behartuak ehiza egunetan ehizazaina duten barrutiak, zaindari horrek koordinatuko baitu jarduera, eta bere gain hartuko baitu bakarkako zelata-ehizan dabiltzan ehiztarien eta erabilitako zigilu zenbakien eguneroko kontrola. Kasu horretan, eskatzen zaizkion datu guztiak emanen dizkie ehizazainak eskualdeko basozainei, eskatzen zaizkion unean. Ehiza Antolatzeko Planean zehaztutako kupoak beteko dira.

Erabilitako besokoen gordekinak, baita eme eta kumeen besoko erabili gabeak ere, 2021eko martxoaren 14a baino lehen aurkeztu beharko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoetan.

2. 2021eko apirilaren 1etik uztailaren 31ra arte, egunero ehizatzen ahalko dira, bakarka, Ehiza Antolatzeko Planeko kupoaren barrenean sartu baina denboraldian ehizatu ez ziren orkatz arrak, baita baimenduriko modalitateetan otsailaren 28ra arte ehizatu ez ziren orkatz arrak ere. Orobat, arrak, emeak eta kumeak ehizatzen ahalko dira aldi horretan, zenbait barrutitan; hain zuzen, besoko neutroak esleiturik dituztenetan, kalteak izateko arriskua dela eta. Besoko horietan ez da zehazten aleen sexua eta adina. Horretarako, ehiztariak 24 ordu lehenago abisatu beharko die eskualdeko basozainei, eta adieraziko die zer zenbaki duen erabiliko den besokoak, baita eskatzen zaion beste edozein datu ere. Ez daude horretara behartuak ehiza egunetan ehizazaina duten barrutiak, zaindari horrek koordinatuko baitu jarduera, eta bere gain hartuko baitu bakarkako zelata-ehizan dabiltzan ehiztarien eta erabilitako zigilu zenbakien eguneroko kontrola. Kasu horretan, eskatzen zaizkion datu guztiak emanen dizkie ehizazainak eskualdeko basozainei, eskatzen zaizkion unean. Ehiza Antolatzeko Planean zehaztutako kupoak beteko dira.

Erabilitako besokoen gordekinak eta besoko erabili gabeak ere 2021eko irailaren 1a baino lehenago aurkeztu beharko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoetan.

3. Erabili gabeko besokoak eta erabilitakoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriaren aprobetxamendua egiteko debekua jartzea.

4. Nekazaritzako laboreetan kalteak izateko arriskua dagoen ehiza barrutietan, uxaldian ehizatzen ahalko da, Ehiza Antolatzeko Planean adierazitako uxalekuetatik kanpo.

8. artikulua. Oreina.

1. Baimena ematen da orein arrak bakarkako zelata-ehizan harrapatzeko 2020ko irailaren 13tik urriaren 4ra arte, egunero, Ehiza Antolatzeko kasuan kasuko Planean xedaturikoari jarraikiz. Horretarako, ehiztariak edo barrutiko ehizazainak 24 ordu lehenago jakinarazi beharko die eskualdeko basozainei, Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuari eta Foruzaingoko Babes Ekologikorako Patruilari.

2. Baimena ematen da 2020ko urriaren 12tik 2021eko otsailaren 28ra arte uxaldietan eta mendi-ehizaldietan ehizatzeko, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, Ehiza Antolatzeko Planak ezarritako kopurua betiere.

3. 2021eko martxoaren 14a baino lehen, erabilitako besokoen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu beharko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoetan.

4. Erabili gabeko besokoak eta erabilitakoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriaren aprobetxamendua egiteko debekua jartzea.

9. artikulua. Adarzabala.

Baimena ematen da adarzabala uxaldietan eta mendi-ehizaldietan ehizatzeko, 2020ko urriaren 12tik 2021eko otsailaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

10. artikulua. Azeria.

Baimena ematen da azeria ehizatzeko, honako ehiza modalitateen bidez betiere:

a) Bakarkako jauzi-ehiza: galeperra harrapatzen ahal den egun eta toki beretan ehizatzen ahalko da, debekualdi erdian, eta 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

Untxia epe orokorretik kanpo ehizatzeko baimena dagoen barrutietan, azeria ere harrapatzen ahalko da, jauzi-ehizan, untxia harrapatzeko baimendutako egun eta toki beretan.

b) Uxaldiko eta taldeko modalitateak: 2020ko irailaren 3tik 2021eko otsailaren 28ra arte harrapatzen ahalko da azeria modalitate horietan, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Azeria ez besterik harrapatzeko uxaldietan, perdigoiez egin beharko zaio tiro, eta parte hartzen duten ehiztariek txaleko aski nabarmenak jantzi beharko dituzte.

c) Zelata-ehiza: 2020ko azaroaren 1etik 2021eko otsailaren 28ra arte ehizatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, azeri-zuloen inguruan.

d) Ehiza larriaren uxaldiak eta mendi-ehizaldiak: ehiza larriko modalitate hauetan, balak erabiliz ehizatzen ahalko da azeria, 2020ko abuztuaren 15etik 2021eko otsailaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

e) Bakarkako zelata-ehiza: azeriari balaz tiro egiten ahalko zaio orkatza bakarka ehizatu bitartean, 2021eko apirilaren 1etik uztailaren 31ra arte.

11. artikulua. Eperra.

1. Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak pertsonen mugikortasuna murriztu zuenez, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 37/2020 Ebazpenean ezarritakoari jarraikiz, barrutietako kudeatzaileek ez dute eperraren laginketarik aurkeztu beharko, 2020ko urteko planean aurreikusten bada ere.

2. Eperra ehizatzeko baimena ematen da 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urtarrilaren 31ra arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan. Horiez gain, barrutiak 2019an ugalketarako eperren kopuru nahikoa izan badu –Ehiza Antolatzeko Planean ezarritako ahalmenaren %50 edo gehiago, alegia– ehizatzen ahalko da 3 egun gehiagoz, gehienez ere, barrutiko. Ehiztariak 14:00ak arte aritzen ahalko dira ehizan beranduenez.

3. Ehiztariak gehienez bi eper harrapatzen ahalko ditu egunean. Eperra botatzeko taldeak ez dira inoiz hiru ehiztari baino gehiagokoak izanen.

4. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean eta ehiza-denboraldi bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko, ehizatzen diren unetik beretik.

5. Larreratzeko baimena ematen da 2020ko urriko larunbat eta igandeetan, gehienez ere 4 lumarako txakur edo arrasto-txakur erabilita.

12. artikulua. Erbi iberiarra.

1. Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak pertsonen mugikortasuna murriztu zuenez, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 37/2020 Ebazpenean ezarritakoari jarraikiz, barrutietako kudeatzaileek ez dute erbiaren laginketarik aurkeztu beharko, 2020ko urteko planean aurreikusten bada ere, baldin alarma egoeraren luzaketak espezie honen laginketak egiteko garaia hartzen badu.

2. Baimena ematen da erbi iberiarra harrapatzeko 2020ko azaroaren 1etik abenduaren 27ra arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, Ehiza Antolateko Planari, 2019ko laginketei –edo 2020koei, laginketak egiten badira– eta barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz. Gehienez bi egunez ehizatzen ahalko da eskopetaz barruti bakoitzean. Ehiztariak beranduenez 14:00ak arte aritzen ahalko dira ehizan.

3. Eskopetaz harrapatzen denean, gehieneko kupoa, eguneko eta ehiztariko, hauxe da: erbi bat jauzi-ehizan. Uxaldian erbia botatzeko, kupoa bi erbikoa da ehiztari talde bakoitzeko. Erbia botatzeko taldeak ez dira inoiz hiru ehiztari baino gehiagokoak izanen.

4. Xarlangoz (erbi-txakurrez) egindako erbi ehiza, eskopetarik eta makilarik gabe, gehienez ere bi xarlango askerekin pertsonako edo ehiza taldeko, beste bi xarlango loturekin eta bi arrasto txakur laguntzailerekin, gehienez. Goian adierazitako egunez gain, larunbatetan ere ehizatzen ahalko da, epe horren barnean. Kupoa bi erbikoa izanen da pertsonako edo ehiza taldeko, eta taldea, gehienez ere, 6 pertsonak osatua.

5. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean eta ehiza-denboraldi bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko, ehizatzen diren unetik beretik.

6. Larreratzeko baimena ematen da 2020ko urriko larunbat eta igandeetan, gehienez ere 4 lumarako txakur edo arrasto-txakur erabilita.

13. artikulua. Erbi arrunta.

1. Martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretuak pertsonen mugikortasuna murriztu zuenez, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 37/2020 Ebazpenean ezarritakoari jarraikiz, barrutietako kudeatzaileek ez dute erbiaren laginketarik aurkeztu beharko, 2020ko urteko planean aurreikusten bada ere, baldin alarma egoeraren luzaketak espezie honen laginketak egiteko garaia hartzen badu.

2. Baimena ematen da erbi arrunta harrapatzeko, arrasto txakurrak soilik erabiliz, 2020ko azaroaren 1etik abenduaren 27ra arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, Ehiza Antolatzeko Planari, 2019ko laginketei –edo 2020koei, laginketak egiten badira– eta barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz. Uxaldietan, taldeak gehienez ere 6 ehiztarikoak izanen dira.

3. Erbi bat ehizatzen ahal da egunean, ehiztariko edo taldeko.

4. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean eta ehiza-denboraldi bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko, ehizatzen diren unetik beretik.

5. Baimena ematen da arrasto txakurrekin larreratzeko, 2020ko iraileko, urriko, azaroko eta abenduko ostegun, larunbat eta igandeetan.

14. artikulua. Untxia.

1. Baimena ematen da untxia ehizatzeko 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urtarrilaren 31ra arte, ostegun eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, Ehiza Antolatzeko Planari eta barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz.

2. Udako ehizaldia: Ehiza Antolatzeko Planetan horretarako ezarritako tokietan 3 untxi larriko IKA (kilometroko ugaritasun indizea) duten barrutietan, era antolatuan ehizatzen ahalko da, 2020ko abuztuaren 15etik irailaren 27ra arte, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Horretarako, aldez aurretik, laginketa bat aurkeztu beharko da, ehizazain batek sinatua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan ehiza egin behar den egunetan, baita ehizazainaren kontratazioa ere, udako ehiza egin behar den egunetarako.

15. artikulua. Hegazti urtarrak.

1. Baimena ematen da antzara hankagorrizta, zertzeta arrunta, basahatea, kopetazuri arrunta, hegabera eta istingor arrunta ehizatzeko 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. Basahatea 2020ko abuztuaren 15etik irailaren 13ra arte ere ehizatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Hegoaldeko eskualdean, aipatu epean, Ehiza Antolatzeko Planek baimendutako eremuetan bakarrik ehizatzen ahalko da.

16. artikulua. Oilagorra.

1. Baimena ematen da oilagorra ehizatzeko 2020ko urriaren 12tik 2021eko urtarrilaren 31ra arte, egunero, egunsentian hasi eta ilundu baino ordubete lehenagora arte, basoan, ohiko txintxarria duten txakurrak erabiliz, non dauden jakiteko eta beste erabiltzaile batzuekin gerta daitezkeen istripuak saihesteko. Armarik gabe larreratzeko baimena ematen da oilagorraren ehiza barrutietako basoetan, otsaileko egun guztietan, betiere lumarako lau txakurrekin gehienez.

2. Ehiztariak gehienez hiru ale harrapatzen ahalko ditu egunean. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean eta ehiza-denboraldi bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko.

3. Debekatua dago oilagorra itxaronaldietan eta uharketan ehizatzea.

4. Ezohiko egoera meteorologikoetan (hotz boladak), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak zori egun gisa deklaratzen ahalko du epe hori, ehiza debekatuz, eta hedabideen bidez jakinarazi beharko du.

5. 2020-2021eko ehiza-denboraldian, debekaturik egonen da oilagorra merkaturatzea.

17. artikulua. Birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia.

1. Baimena ematen da birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia jauzi-ehizan harrapatzeko 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

2. 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urtarrilaren 31ra arte, birigarroa ehizatzeko postuetan ere ehizatzen ahalko da, asteko egun guztietan.

3. Uso migratzaileen postu baimenduetatik ere botatzen ahalko dira 2020ko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, usotarako baldintza beretan.

18. artikulua. Galeperra.

1. Baimena ematen da galeperra harrapatzeko:

a) Nafarroako hegoaldean, 2020ko abuztuaren 15etik irailaren 13ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, Ehiza Antolatzeko Planetan ezarritako eremuen barnean.

b) Nafarroako iparraldean, 2020ko abuztuaren 15etik irailaren 13ra arte, ostegun, larunbat, eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza barruti guztietan eta zuhaitzik gabeko eremuetan soilik.

2. Bestetik, eper gorriarentzako barruti bakoitzean baimendutako egun berberetan harrapatzen ahalko da galeperra.

3. Iparralderako zein hegoalderako gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 10 ale harrapatzen ahal ditu.

4. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean eta ehiza-denboraldi bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko, ehizatzen diren unetik beretik.

19. artikulua. Usapal arrunta.

1. Baimentzen da usapal arrunta ehizatzea, 2020ko abuztuaren 23tik irailaren 13ra arte, igandeetan.

a) Nafarroako hegoaldean, galeperrak ehizatzeko tokietan eta usoen postuetan soilik.

b) Nafarroako iparraldean, ehiza barruti guztietan, zuhaitzik gabeko eremuetan.

2. Iparralderako zein hegoalderako gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 2 ale harrapatzen ahal ditu.

3. Ehiza barrutietako adjudikaziodunek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean eta ehiza-denboraldi bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko, ehizatzen diren unetik beretik.

20. artikulua. Mika, bele txikia eta belabeltza.

Baimena ematen da mika, bele txikia eta belabeltza ehizatzeko foru agindu honetan beste edozein espezie harrapatzeko ezarritako garaietan, baldintza beretan.

21. artikulua. Pagausoa eta txoloma.

1. Baimena ematen da pagausoa eta txoloma botatzeko, 2020ko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, baimendutako postu eta txaboletan, asteko egun guztietan.

2. Pagausoa ehizatzeko baimena ematen da, 2020ko abuztuaren 15etik irailaren 13ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

a) Hegoaldeko eskualdeko barrutietan, jauzi-ehizan soilik, galeperrak ehizatzeko eremuetan eta usoen postuetan.

b) Iparraldeko eskualdeko barrutietan, jauzi-ehizan soilik, zuhaitzik gabeko eremuetan.

3. Halaber, baimena ematen da jauzi-ehizan aritzeko, 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

22. artikulua. Faisaia.

Faisaia ehizatzeko baimena ematen da, 2020ko urriaren 1etik 2020ko urtarrilaren 31ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Faisaia ehizatzeko gaitutako eremutzat hartuko dira uztailaren 6ko 11/2012 Foru Aginduan araututakoak. Foru agindu horren bidez, baimena ematen da faisaiak jare uzteko Nafarroako barrutietan eta Ehiza Antolatzeko Planean horretarako ezarritako eremuetan.

IV. KAPITULUA

Ehiza larriaren uxaldietarako eta lasterkako ehizaldietarako arauak

23. artikulua. Baimendutako txakurrak.

1. Debekatua dago heltze txakurren bidezko ehiza.

2. Debekatua dago, uxaldietan edo mendi-ehizaldietan, honako txakur arraza hauek eta haien arteko mestizoak erabiltzea: dobatxakurra, bulldoga, pitbulla, rottweilerra, boxerra, dobermana eta Kanarietako heltze txakurra.

3. Uxaldietan, arrasto txakurrekin batera, gehienez, arraza hauetako edo haien hibridoetako bi zakur erabiltzen ahalko dira: alanoa, artzain txakur alemana eta mastina.

V. KAPITULUA

Xedapen bereziak

24. artikulua. Ereindako ehiza.

Ehiza Antolatzeko onetsitako Planetan ezarritako eremuetan eta uztailaren 6ko 11/2012 Foru Aginduan ezarritakoetan baizik ezin izanen da praktikatu ereindako ehiza. Foru agindu horren bidez, baimena ematen da faisaiak jare uzteko. Eremu horiek erabiltzeko epea honako hau izanen da: 2020ko abuztuaren 15etik 2021eko otsailaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.

25. artikulua. Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuak, Frantziako ehiza elkarteekin konpartituak. Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuetan, Frantziako ehiza elkarteekin konpartitzekoetan, Frantzian dauden baldintza berberetan egin behar da ehiza udazkeneko migrazioan, baina bakar-bakarrik Nafarroan baimendutako espezieak harrapatzen ahal dira.

26. artikulua. Ehizako kirol-txapelketak.

Ehizako kirol-txapelketak egiteko beharrezkoa izanen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren aldeko txosten bat, aldez aurretik emana. Foru agindu honetan ezarritako kopuruak gainditzen ahalko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aldez aurretik onetsitako ehizako kirol-txapelketetan.

Ehizako kirol-txapelketak Nafarroako Ehiza Federazioak baizik ezin ditu antolatu.

27. artikulua. Ehizakiak.

Ehizakiak etxera eraman baino lehen lumatzen edo larrutzen badira, burua eta hankak kendu gabe eduki behar dira, identifikatu ahal izateko.

28. artikulua. Inurri hegaldunak.

Debekatua dago inurri hegaldunak harrapatu, eduki edo merkaturatzea, baita beita gisa erabiltzea ere.

29. artikulua. Segurtasun neurriak.

1. Ehiza larriaren uxaldiak eta mendi-ehizaldiak:

Behar diren seinaleak jarriko dira, bideetan eta sarbideetan. Segurtasun neurri gisa, ehiztariek eta uxatzaileek txaleko aski nabarmenak jantzi beharko dituzte.

Eite handiko nekazaritzako laboreetan egiten diren uxaldietan, postuak goratuak egonen dira, lurraren gorabeherak aprobetxatuz, edo egitura berariazkoen gainean.

Tiro egiteko postuen diseinuan eta kokaeran, hobetsiko dira animaliari uxalekuetatik kanpo eta arma-lerroa pasatuta dagoenean tiro egiteko kokalekuak.

Ehiztari bakoitzak su arma edo arku bakar bat eramaten ahalko du.

2. Birigarroa eta usoa ehizatzeko baimentzen diren postuak:

Ehiza-postuak finkoak izanen dira, eta debekatua dago eskopetekin batetik bestera ibiltzea eta postuetatik kanpora armak zorrotik aterata eramatea, postutik hurbil eroritako usoren bat biltzeko izan ezik. Horrelakoetan, arma kargaturik eramaten ahal da. Birigarroaren kasuan, arma deskargaturik eraman beharko da.

30. artikulua. Zigiluak.

Nahitaezkoa izanen da zigilu zenbakidunak erabiltzea, harrapatutako orein eta orkatzei paratzeko, Ehiza Antolatzeko dagokion Planean ezarritako kupoen arabera.

Plastikozko zigilu bakoitzak bere zenbakia izanen du, baita egunak, hilabeteak eta urteak identifikatzeko moduko zenbakia ere, zein egunetan harrapatu zen markatu ahal izateko, kasuan kasuko zenbakiak eta datuak erauziz.

Zigiluak sistema bat izanen du hura itxi ondoan ireki ezin izateko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak emanen ditu zigiluak, ehiza barrutia kudeatzeko arduradunak eskatuta.

Ehizan ateratzen den bakoitzean, harrapatu nahi diren animaliak adina zigilu eraman behar dira gutxienez.

Animalia harrapatu ondoren, ezin da handik mugitu harik eta zigilua paratu eta harrapaketaren eguna markatu arte. Uxaldietan edo mendi-ehizaldietan soilik, eta ehizaldiaren arduradunari jakinarazi ondoan animalia harrapatu dela, hura zigilurik gabe eramaten ahalko da hurbilen dagoen mendiko pistaraino, eta bertan jarriko zaio zigilua. Hori ez da aplikatuko bakarkako zelata-ehizan.

Eseki-lekuko tendoiaren eta hankaren artean paratuko da zigilua; ondoren, itxi eta, erauziz, zein egunetan harrapatu den markatuko da. Adarrak dituzten animalien kasuan, zigilua errosetaren gain-gainean paratuko da, baldin eta harrapatutako animalia aski handia bada (zigilu itxia adarretik ez ateratzeko adinakoa).

31. artikulua. Mugak eta debekuak.

2020-2021 kanpainan Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean ezarritako gainerako debeku eta mugak aplikatuko dira, bai eta foru lege hori garatu eta betearazteko Erregelamenduan ezarritakoak ere (ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretua).

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iragarkiaren kodea: F2006187