150. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

206E/2020 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak emana,zeinaren bidez onesten baita Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2020ko deialdia. DDBN identifikazioa: 510941.

Artisautza sektorearen berezitasuna kontuan izanda, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren ustez ezinbestekoa da hainbat neurri hartzea sektoreko enpresa txiki eta ertainek egiten dituzten inbertsioei laguntzeko, haien azpiegiturak eta ekipamendua hobetzearren, enpresa horien lehiakortasuna bultzatuz.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du dirulaguntzak emateko hurrenkera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2020ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 25.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntza deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da: 830001-83130-7701-431400, “Artisautzako enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak. Inbertsioak tailerretan”.

4. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 15ean.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2020ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako artisautza enpresei dirulaguntzak emateko araubidea zehaztea dute xede oinarri arautzaile hauek, haien lehiakortasuna bultzatzearren. Horretarako, inbertsioak egiteko laguntzak emanen dira, artisau tailerrak modernizatu eta egokitzeko eta haien ekipamendua hobetzeko.

Laguntza honen xedea da artisautzako enpresak eta haien produktuak bultzatzea, sektorea dinamizatzeko eta suspertzeko; izan ere, beharra dago artisautzako jarduera bizirik mantentzeko eta dinamizatzeko, aberastasun kulturala ematen baitio gizarte guztiari, eta Nafarroako ondare ez-materialaren funtsezko atal bat baita. Sustatu nahi da artisautza behar den bezala aintzatestea, eta aitortzea hari loturik dagoen tradizioa eta kalitatea: produktu jatorrak, bakarrak eta originalak diseinatu eta eskuz egiten dira, beste produktu mota batzuk ez bezala, zeinak ekoizten baitira era industrialean, katean edo mekanizazioa baliatuz.

2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.

25.000 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, honela zehaztuta, diruz laguntzen ahal diren jarduketa moten arabera:

JARDUKETA MOTA

ZENBATEKOA

Artisau tailerrak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea

10.000 euro

Artisau tailerren ekipamendua, COVID-19aren ondoriozko inbertsioak eta online dendak ezartzea.

15.000 euro

Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, beste jarduketa motako eskaerei erantzuteko erabiliko da.

3. oinarria.–Inbertsioak gauzatzeko epea.

Inbertsioak 2019ko azaroaren 12tik 2020ko azaroaren 9ra gauzatu beharko dira, biak barne. Ondorio horietarako, inbertsioak egin direla ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu direnean.

4. oinarria.–Enpresa onuradunak.

1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

1.2. Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. Pertsona fisiko edo juridikoen elkarte bat eratzen duten eskatzaileek edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko egoeraren batean daudenek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskabidean zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

Gainera, berariazko beharkizun hauek bete beharko dituzte:

1.4. Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan izena emanda egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik. Erregistro hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari atxikirik dago.

1.5. Dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunean Nafarroako artisautza enpresa bat dela egiaztatzen duen txartela indarrean izatea. Artisautza enpresa izateko eskatzen diren betebeharrak, betiere, bete beharko dira deialdiaren arabera diruz lagungarriak diren jarduerak egiteko ezarritako epe osoa bitartean. Horrenbestez, artisautza enpresek betebehar horiek betetzen dituzten epean egindako inbertsioak baizik ez dira onartuko.

1.6. Hala badagokio, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik aurkeztu izana artisautza enpresaren izaera berritzeko eskabidea.

2. Eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla, eta laguntzak kudeatzen dituen organoak ziurtatuko du berariazko baldintzak betetzen direla.

5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Jarduketa diruz lagungarriak.

1.1. Honako jarduketa hauetatik heldu diren inbertsioak dira diruz lagungarriak:

a) Artisau tailerrak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea.

Lehendik dauden artisau tailerretan zein lokal berrietan horrelako tailerrak ezartzeko egiten diren obrek eta egokitze jarduketek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, beharrezkoak badira artisautzan jarduteko.

Etxebizitza partikularrean eta artisau tailerrean eragina duten obren kasuan, artisautzako jarduera profesionalerako diren eta artisautzarekin zuzenean eta bete-betean lotuta dauden eraikin eta inbertsioen zati proportzionalak bakarrik jasoko du dirulaguntza.

Kontzeptu diruz lagungarrien artean, proiektu teknikoaren prestaketa eta obra zuzendaritza sartzen dira. Obrek etxebizitza partikularrean ere eragina izanez gero, kontzeptu horien zati proportzionala bakarrik onartuko da, hau da, artisau tailerrari egozten zaion inbertsioari dagokiona. Kontzeptu horiengatik, inbertsio onargarrien aurrekontuaren %20 onartuko da gehienez, diruz lagungarria izateko. Ehuneko hori bera izanen da kontzeptu horiengatiko dirulaguntza ordaintzeko orduan aplikatuko dena.

b) Artisau tailerren ekipamendua.

Artisautzan aritzeko berariazkoak, premiazkoak eta ezinbestekoak diren makinak, tresnak eta lanabesak eskuratu, muntatu eta instalatzeko emanen da dirulaguntza.

c) Inbertsioak COVID-19arengatik.

Diruz lagungarriak izanen dira artisau tailerra egokitzeko inbertsioak, beharrezkoak badira jarduera egokitzeko osasun agintariek emandako gomendio eta neurrietara, koronabirusak eragindako osasun krisia dela-eta; esaterako, babes itxiturak instalatzea, hesi eramangarriak jartzea, desinfekziorako ekipamendua erostea, etab.

d) Online denda ezartzeko inbertsioak.

Honako hauek diruz lagungarriak izanen dira: merkataritza elektronikoko (e-commerce) webguneak garatzea eta ezartzea, edo lehendik dauden webguneak egokitzea funtzio hori txertatzeko.

Merkataritza elektronikoa abian jartzea:

–Sistema estandarretan garatu beharko da, eta gailu mugikorretara egokitua egon beharko du.

–B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

1.2. Kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

–Lokala edo tailerra erosteko inbertsioak.

–Dirulaguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ezta eskuratzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jarduketaren emailea ere, edo antzeko kasuak, non autofakturazioa izan daitekeen.

–Ondasun suntsigarriak eta lehengaiak eskuratzea, edo produktuaren elaborazioan parte hartzen duten gastuak.

–Bigarren eskuko makineria eta ekipamendua erostea.

–Artisautza prozesuarekin zerikusia ez duten altzari, ekipamendu edo tresnak erostea, non ez diren hartarako guztiz ezinbestekoak.

–Etxebizitza partikularrean eta artisau tailerrean eragina duten obren kasuan, artisautzako jarduera profesionalerako ez diren eta artisautzarekin zuzenean eta bete-betean lotuta ez dauden eraikin eta inbertsioen zati proportzionalari dagokion gastua.

–Etxebizitza partikularrean eta artisau tailerrean eragina duten obren kasuan, proiektu teknikoaren idazketaren eta obra zuzendaritzaren zati proportzionalari dagokion gastua, artisau tailerrari ezin egotzi zaion inbertsioagatik.

–Ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, telefono mugikorrak.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.1. Diruz lagungarria den inbertsioaren %50 (BEZik gabe) izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa. Jarduketa mota bakoitzerako, honako hau izanen da gehieneko zenbatekoa:

–Artisau tailerrak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea: 5.000 euro.

–Artisau tailerren ekipamendua: 3.000 euro.

–Inbertsioak COVID-19arengatik: 2.000 euro.

–Online denda ezartzeko inbertsioak: 2.000 euro.

2.2. Jarduketa mota bakoitzerako, honako hau izanen da gutxieneko zenbatekoa (BEZik gabe):

–Artisau tailerrak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea: 6.000 euro.

–Artisau tailerren ekipamendua: 500 euro.

–Inbertsioak COVID-19arengatik: 500 euro.

–Online denda ezartzeko inbertsioak: 1.000 euro.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak nola aurkeztu.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Comercio+y+artesania (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide elektronikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

b) Pertsona fisikoen kasuan.

Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetan.

3. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den inprimakia erabiliz eginen dira eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.

4. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizitan eskaneaturik eta behar bezala identifikaturik):

4.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskaera egiteko inprimakiak honako aitorpen hauek ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko betetzen direla 4.1. oinarrian eskatutako baldintza orokorrak.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta de minimis laguntzei buruzkoa (12. oinarrian aipatzen dira).

c) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zuzendua (Diruzaintza Atala), enpresa eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen baditu laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.

4.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

a) Memoria teknikoa eta ekonomikoa, 2019ko azaroaren 12tik 2020ko azaroaren 9ra arteko epean egindako edo aurreikusitako jarduketak deskribatuko dituena eta honako alderdi hauen gaineko informazio zehatza bilduko duena:

–Egindako edo aurreikusitako inbertsioen kontzeptuak eta zenbatekoak, exekuzioaren faseak, zer egoeratan dauden dirulaguntza eskatzen den unean eta haiek gauzatzeko aurreikusten den egutegia.

–Zergatik den komenigarria inbertsio horiek egitea eta noraino diren baliagarriak artisautza produktuak prestatzeko prozesuan.

b) Fakturen kopiak (inbertsioak dagoeneko egin badira) edo aurrekontuak, proiektuak edo proformako fakturak, aurreikusitako inbertsioak justifikatzen dituztenak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

c) Diruz lagungarria den gasturen bat 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuaren kasuan (artisau tailerrak instalatu, lekuz aldatu, berritu eta hobetzea), edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo-ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak emateko kasuetan (artisau tailerren ekipamendua, COVID-19aren ondoriozko inbertsioak eta online dendak ezartzea), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez eskaera egiteko inprimakian dagoen “Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa” atalean.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada eta, laguntzak kudeatzen dituen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

4.3. Jarduketa baloratzeko dokumentazioa.

Diruz lagundu behar den jarduketa baloratzeko 7. oinarriko 3. irizpideari jarraikiz (“Artisau tailerra jendeari irekitzea, bisitariei harrera egiteko”), aurkeztu beharko dira oinarri horretako 2. apartatuko c) letran adierazitako agiriak. Ezin izanen da irizpide hori baloratu baldin dokumentazio hori ez bada aurkezten dirulaguntza eskaerarekin batera.

5. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osatugabea bada, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, 10 egun balioduneko epean zuzen dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, jarduketa mota bakoitzeko eskaeren artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, jarduketa bakoitzerako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, beste jarduketa motako eskaerei erantzuteko erabiliko da, behar izanez gero.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira. Hala ere, eskatzaileren bati ezin bazaio osorik eman dagokion laguntza, kreditu aski ez dagoelako, 10 eguneko epea emanen zaio adierazteko ados dagoela dirulaguntza txikiagoa jasotzearekin. Berariaz uko eginez gero, hurrengo eskatzailearengana joko da, lehentasun hurrenkerari jarraikiz.

Ez da inoiz 250 eurotik beherako dirulaguntzarik emanen.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) 1. irizpidea. Enpresaren tamaina: Kontuan hartuko da enpresak bere eskaeran adierazi duen tamaina, eta puntuak honela emanen dira:

ENPRESAREN TAMAINA

PUNTUAK

Mikroenpresa

8

Enpresa txikia

4

b) 2. irizpidea. Kontuan hartuko da ea 2016., 2017., 2018. eta 2019. urteetan laguntzarik eskuratu den Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen deialdietan. Honela emanen dira puntuak:

HARTUTAKO DIRULAGUNTZEN ZENBATEKOA

PUNTUAK

Ez zen dirulaguntzarik jaso

14

1.000 euro edo gutxiago

12

1.001 eurotik 2.000 eurora

10

2.001 eurotik 3.000 eurora

8

3.001 eurotik 4.000 eurora

6

4.001 eurotik 5.000 eurora

4

5.001 eurotik 6.000 eurora

2

6.000 eurotik gora

0

c) 3. irizpidea. Artisau tailerra jendeari irekitzea, bisitariei harrera egiteko. Artisau tailerrean bisita orduak egotea baloratuko da, baita turistak, bisitariak eta bezeroak hartzeko aukera ematea ere. 2 puntu emanen dira ezarritako egutegi bat edo irekiera ordutegi argi, zehatz, egonkor eta egiaztagarri bat dagoenean, artisau tailerra urtean 20 egunez irekita egoteko bidea emanen duena, gutxienez. Hori frogatzeko, honako hauek aurkezten ahal dira: agiriak, publizitate euskarriak, iragarkiak, artisautza enpresaren webgunea eta abar, salbu eta informazio hori Nafarroako Gobernuaren turismoko webgunean eskuragarri badago (https://www.turismo.navarra.es/eus/home/).

3. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

a) Nafarroako Artisau Enpresen Erregistroan lehenago inskribatu ziren eskatzaileak.

b) 2. irizpidean puntuaziorik altuena duten eskaerak.

c) Dirulaguntza eskaera aurkeztean inbertsio guztiak bukatuta zituzten eskatzaileak.

8. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua) aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiari dagokio dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena.

Ebazpenak honako hau jasoko du, gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda, jarduketa mota bakoitzeko, lortutako puntuazioaren hurrenkeran 7. oinarriari jarraikiz, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da, lehenik, zegokien dirulaguntza osorik kobratu ez duten eskaerei erantzuteko, eta ondoren, behar adina aurrekontu ez egoteagatik ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

Laguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, beste epe batzuk finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko, baina betiere 2020. urtearen barnean.

9. oinarria.–Inbertsioak justifikatzea.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Noiznahi aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2020ko azaroaren 9an.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 6.2 oinarrian aurreikusitako modu berean aurkeztuko da, laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuz gero, laguntzen fitxaren bidez aurkeztuko dira; fitxa horretan lotura bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak justifikatzeko erregistrora.

3. Egindako inbertsioak frogatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (telematika bidez aurkeztuz gero, dokumentu bereizitan eskaneaturik eta behar bezala identifikaturik):

a) Azken txostena, egindako jarduketa guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta adierazita IFK, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.

c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa erantsitako fakturak aurkeztea eskaerarekin batera.

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Ordainketa onuradunak eginen du, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainagiritzat hartuko da finantza entitateak egin eta enpresaren kontuan zordundutakoa. Ez da onartuko eskudirutan egindako ordainketarik edo hartze-agiririk.

Ordainagiri bakoitzarekin batera, dagokion faktura aurkeztuko da.

e) Artisau tailerraren kanpoko nahiz barneko argazkiak, aurreko egoera eta jarduketak egin ondokoa egiaztatzeko aukera ematen dutenak, edota diruz lagundutako aktibo finkoenak.

f) Dirulaguntza jaso dela agerian jartzeko erabili den webgunearen helbidea, edo, bestela, hori frogatzen duten agiriak edo argazkiak.

g) Etxebizitzan eragina duten obren kasuan, ziurtagiri tekniko bat aurkeztuko da, obra zuzendaritzak edo horren parekoak emana, frogatzeko egindako inbertsioetatik zer zenbateko egozten zaion artisau tailerrari.

h) Adierazpena, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Aitorpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

Ordaintzeko ebazpena 2020ko abenduaren 31 baino lehen emanen da.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzak hartzen dituzten enpresek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazten zaienetik hilabete pasatu baino lehen dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztea (aitorpen hori irailaren 11ko 59/2013 Dekretuak arautzen du).

Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkeztu ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egitea eta justifikatzea.

c) 2021eko otsailaren 1a baino lehen abiaraztea dirulaguntzaren xede diren inbertsioak, edo, kasua bada, artisau tailerra martxan jartzea.

d) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, baldin eta diruz lagundutako jarduketa ez bada gauzatu behar 3. oinarrian horretarako ezarritako epean.

e) Baimena eskatzea diruz lagundutako inbertsioan aldaketa funtsezkoak egiteko. Eskaera behar bezala frogatu beharko da, eta aldaketak egin aurretik aurkeztu beharko da.

f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, baldin beste diru-sarrera, dirulaguntza edo babesletza bat lortzen bada deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako.

g) Dirulaguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 2 urtez edukitzea etenik gabe enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, dirulaguntza ordaintzeko ebazpena ematen denetik hasita. Ondasunak erregistro publiko batean inskribatzen ahal badira, epea gutxienez 7 urtekoa izanen da, eta epe horretan enpresak jarraitu beharko du Nafarroako Artisau Enpresen Erregistroan.

h) Agerian jartzea dirulaguntza jaso dela, onuradunaren webgunean testu hau jarriz: “Artisau enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, artisau enpresen inbertsioetarako 2020ko deialdian”. Testu hori 2 urtez eduki beharko da, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen denetik hasita.

Enpresak webgunerik ez badu, kartel bat jarri beharko da artisau tailerrean, ikusteko moduko toki batean, laguntzaren fitxan dagoen ereduari jarraikiz, eta baita tailerra jendearentzat irekitzen denean edo bisitariak joaten direnean ere.

i) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen duen irudirik jarduketetan, publizitate euskarrietan eta diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

j) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) Justifikazio agiriak aurkezten badira 9. oinarrian ezarritako epea iragan ondoren baina 2020ko azaroaren 25a baino lehen, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da. Justifikazioa beranduago aurkezten bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

b) Diruz lagundutako jarduketak gauzatzen badira uste zena baino merkeago, murrizketa hauek eginen dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50 eta 75 artean badago, dirulaguntzaren azken ordainketa %50 murriztuko da.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50 baino gutxiago bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

c) Ez badira betetzen oinarri honetako 1.g) apartatuan ezarritako epeak, zenbat denbora falta den betetzeko, horren proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

d) Artisau tailerra ez bada martxan jartzen 2021eko otsailaren 1a baino lehen, jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko dira, behar diren berandutze interesekin batera.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta de minimis laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak jarduketa beretarako ematen dituen bestelako dirulaguntzekin.

Hala ere, bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuek, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

14. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2006097