147. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

529/2020 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak onesten baitira oinezko transhumantziarako “de minimis” araubideko laguntzak emateko, eta 2020ko laguntza deialdia ere onesten baita. DDBN identifikazioa: 510373.

Joan den martxoaren 15ean, Espainiako Gobernuak onetsi zuen lurralde nazional osoan alarma egoera deklaratzea, COVID-19 koronabirusak eragindako osasun larrialdiko egoerari aurre egiteko asmoz. Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan alarma egoera deklaratu zen hamabost egun baliodunez, luzatzeko aukerarekin. Horiek horrela, Diputatuen Kongresuak agindu zuen, 2020ko apirilaren 9ko Ebazpenaren bidez, argitara zedila errege dekretu horretan deklaratutako alarma egoeraren luzapena baimentzeko akordioa. Egoera hori 2020ko apirilaren 26ko 00:00ak arte luzatu zen, eta ezarri zen aurrekoen baldintzak berberak bete behar zirela, alegia, honakoetan ezarritakoak: martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan, zeina martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatu baitzuen; eta martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuan, zeinak luzatu baitzuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma egoera COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Orobat, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretu horrek epemugak bertan behera uzten eta epeak eteten ditu sektore publikoko entitateen prozedura administratiboak tramitatzeko (3. xedapen gehigarria).

Epemugak bertan behera uzteko eta epeak eteteko arau orokorraren salbuespen gisa, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak baimena ematen dio organo eskudunari beharrezko antolaketa eta instrukzio neurriak har ditzan, arrazoiak emanez, kalte larririk ez egiteko prozedurako interesdunaren interes eta eskubideetan, eta epeak eten ez ditzan, interesdunak adierazten badu ados dagoela. Kasuan-kasuan eta arrazoiak emanez erabaki behar da beti salbuespen hori, kontuan hartuz jokoan dauden interesak eta dirulaguntza guztiak ematearen atzean dagoen interes publikoa.

Aintzat hartu behar da nekazaritzako elikagaien kateak funtsezko eginkizuna duela COVID-19ak eragindako osasun krisian, eta nekazariek berebiziko bultzada ematen diotela kate horri. Kateko begi guztiak batera ari dira lanean, eta, horri esker, elikagai hornidura ez da eten une zail hauetan. Krisi honetan, nekazarien eta abeltzainen lana agerian jarri da, produktu freskoak ekoizten eta merkaturatzen ari baitira, industria eta banaketa hornitu eta guztiok elika gaitezen. Alarma egoera dela-eta ezarri diren mugen gainetik katea babestu izanak erakusten du zer-nolako garrantzia duten nekazariek eta abeltzainek. Horrela, bada, martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-dekretuak, zeinaren bidez, COVID-19aren aurkako borrokaren testuinguruan herritarren mugikortasuna murrizteko asmoz, ordaindutako baimen berreskuragarri bat arautu baitzen funtsezko zerbitzuak ematen ez dituzten besteren konturako langileentzat, eranskinean, funtsezko sektoreen kategorian sartu zituen, “bai merkatuaren hornidura-katean parte hartzen duten jarduerak, bai premiazko ondasun eta zerbitzuak (elikagaiak, edariak, animalia elikadura eta beste barne) ekoizteko zentroetako zerbitzuen funtzionamenduan parte hartzen dutenak, eta, ondorioz, horien banaketa baimentzen da, jatorritik hasi eta azken destinoraino”. Azkenik, laguntza hau behar den denboran eta moduan onesteak eragotziko luke Nafarroako abeltzainei kalte egitea. Izan ere, beharrezkoa da araua ahalik eta lasterren argitaratzea, abeltzainek jarduerari eusteko nahikoa likidezia izan dezaten.

Hori dela eta, aurreko ekitaldietan bezala, transhumantziako abeltzaintzaren oinarrizko funtzionamendurako funtsezkoa da laguntza hauek eragozpenik gabe onestea, halako epeen etenaldia kenduta, eragozpenik izan ez dadin abeltzaintzako jarduera horri lotuta dagoen prestazio ekonomikoaren garapen zuzenean. Zehazki, laguntza horiek bide ematen dute azienda lekualdatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen barnean larreak urtaroaren arabera aprobetxatzeko asmoz, eta komunikazioen sare bat garatzen dute, gaur egun oraindik erabiltzen dena. Sare horrek “igarobide ekologiko” batzuk ditu, honako alderdi hauek babesten laguntzen dutenak: bertako arrazak, migrazioa, banaketa geografikoa, eta basa espezieen truke genetikoa. Laburbilduz, jarduera hori ezinbestekotzat jotzen da abeltzaintzaren lehen sektorearen oinarrizko funtzionamendurako.

Bestalde, abelbideak transhumantzia bideak dira, ohiko artzaintza tokiak lotzen dituztenak artzainek eta abeltzainek aukera izan dezaten ahuntz, ardi, behi eta zaldi aziendak larre onenetara eramateko: eguraldia bare dagoela aprobetxatuta, udan mendateetara edo goi-mendiko larreetara, eta neguan, berriz, eguraldi epela dutenetara. Hasierako hartzaileak Zaraitzuko eta Erronkariko abeltzainak dira, gaur egun Errege Bardean barrutiak dituztenak. Dena den, egiaztatu da abeltzain gutxi batzuek baino ez dutela egiten oinezko transhumantzia. Halaber, badaude zenbait ustiategi, udan Erriberan edo Nafarroako beste eskualde batzuetan dituzten instalazioetatik Urbasa-Andiara oinez doazenak. Azken batean altxonbideak dira sareko bide nagusiak; ibilbide luzea dute, eta oro har iparraldetik hegoalderantz doaz, larre hauek lotuta: iparraldeko goi-mendiko larreak, udan erabiltzen direnak, eta hegoaldeko tokiak (hau da, Ebroko Erriberakoak eta Errege Bardeakoak), negua pasatzeko erabiltzen direnak. Altxonbide ospetsuenei dagokienez, azienda transhumanteek horiek erabiltzen jarraitzen dute haien ibilbidearen zati batean.

Dirulaguntzak, egoera berezi honetan, baliabide garrantzitsuak dira, administrazio publikoek erabil ditzaketenak osasun arloko krisi honen eragin soziala eta ekonomikoa leuntzeko.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Hortaz, bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuarekin, espedientea hau bideratu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, ezinbesteko prozedura bat delako abeltzaintzaren arloko zerbitzuen oinarrizko funtzionamendurako. Lehen sektorea funtsezkoa da krisi honetan elikagaien hornidura bermatzeko; hala aurreikusten du martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 15. artikuluak, agintaritza eskudunak behartzen baititu neurriak hartzera hura bermatzearren. Funtsezkotzat jo daitezke transhumantziako abeltzaintzarentzako laguntza hauek, funtsezko neurriak baitira, jardunean mantentzen dituztenak transhumantziako abeltzaintzako ustiategiak, herritarrei bermatzen dietenak elikagaien hornidura, artzainek azienda larre hoberenetara eramaten ahal duten neurrian, eta aukera ematen dutenak udan aprobetxatzeko goi-mendietako mendateak eta larreak, eta klima epelagokoak neguan. Izan ere, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak zehazten duen moduan, konpentsazio bat ematen da oinezko transhumantziako animalia bakoitzeko, altxonbideak mantentzeko asmoz. Prozedura hori, beraz, ezinbestekotzat jotzen da transhumantziako abeltzaintzaren jarduerarako eta lehen sektore horren oinarrizko funtzionamendurako.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinezko transhumantziarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasota daudenak, eta ebazpen honen II. eta III. eranskinak onestea. Laguntzak “de minimis” araubidearen araberakoak dira.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea. Eredua helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

3. Oinezko transhumantziarako laguntzak emateko 2020ko deialdia onestea. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen araberakoak izanen dira.

4. Bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin, espediente hau eta dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko guztiak bideratu eta tramitatuko dira epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, ezinbesteko prozedurak direlako lehen sektoreko zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduarentzat, abeltzaintzako jarduera eta elikagaien hornidura bermatzen dituztenak.

5. Laguntza hauetarako 85.000 euroko gastua baimentzea, 2020rako Aurrekontu Orokorretako “Transhumantziarako laguntza” izeneko 710004-71310-4700-412207 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

7. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 11n.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, oinezko transhumantziarako “de minimis” araubideko laguntzak emateko

Lehena.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea Nafarroan oinezko transhumantziarako “de minimis” araubideko laguntzak emateko.

Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laugarren oinarri arautzailearen arabera aurkezten den dokumentazioan datu batzuk adieraziko dira, eta datu horiexei jarraikiz zehaztuko da ematen den laguntzaren zenbatekoa. Hona hemen horren sariak:

• 1,5 euro umetarako ardi edo ahuntz bakoitzeko, 40 eta 80 kilometro bitarteko ibilbideetarako.

• 2,5 euro umetarako ardi edo ahuntz bakoitzeko, 80 kilometrotik gorako ibilbideetarako.

• 6 euro 24 hilabetetik gorako behi bakoitzeko eta 36 hilabetetik gorako zaldi bakoitzeko, 40 eta 80 kilometro bitarteko ibilbideetarako.

• 9 euro 24 hilabetetik gorako behi bakoitzeko eta 36 hilabetetik gorako zaldi bakoitzeko, 80 kilometrotik gorako ibilbideetarako.

2. Ibilbide diruz lagungarriak gehienez bi izanen dira ustiategiko: joana eta etorria.

3. Gehienez ere 5.000 euroko laguntza emanen da transhumantzia oinez egiten duen ustiategi bakoitzeko.

4. Dirulaguntzen deialdi hau “de minimis” araubidearen menpean dago (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa). (2013ko L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa).

5. Edozein onuraduni gehienez ere 20.000 euroko laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko epean, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. atalean xedatutakoaren arabera; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori.

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak izaten ahalko dira ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradun, baldin eta laguntza ematen denean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribaturik dagoen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen.

b) Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak zehazten dituen osasun eskakizunak betetzea.

2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren Internet atariko zerbitzuen katalogoan (www.navarra.es) eskuratzen ahal da.

3. Eskabideekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Deskripzio-memoria, II. eranskinaren araberakoa dena eta honako hauek adierazten dituena:

–Egin beharreko ibilbidea, adierazita egunak, datak, udal-mugarteak, herriak, alderdiak eta egunero eta guztira egiten diren kilometroak.

–Berariaz adieraztea transhumantzia igotzekoa edo jaistekoa den. Bi memoria aurkeztuko dira, bata joanerako eta bestea itzulerarako, kasua bada.

–Oinezko transhumantzia eginen duten abelburuen kopurua eta azienda mota.

b) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten eskatzaileentzat.

c) Adierazpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, zeinak aipagai baititu aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez daudela dioen aitorpena.

e) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena:

“Nik, ........................., nire izenean/......................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ................. ekitaldian, Nafarroan .................... laguntzak tramitatzeko prozeduran, nik/ordezten dudan entitateak zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela egiaztatzeko”.

g) Lehenagoko e) atalarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharren eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

h) Horietako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datuak aztertzeko baimena eman beharko dio.

Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen puntuazioaren arabera banatuko dira, honako baremo honen arabera:

2.1. GPS motako geolokalizazio-gailuak dituzten abereen taldearen titularrek egindako eskaerak, Administrazioak taldearen oinezko transhumantziako mugimenduen berri izan badezake gailu horien bidez: 20 puntu.

2.2. 2020ko urtarrilaren 1ean, nahitaezko urteko zentsuan gutxienez 700 ugaltzetarako ardi dituzten abeltzaintzako ustiategien eskaerak: 20 puntu.

2.3. Ogibide nagusia nekazaritza duten titularren izenean dauden ustiategien eskaerak, titularra pertsona fisikoa denean; eta lehentasunezko ustiategienak, titularra pertsona juridikoa denean: 10 puntu.

3. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak puntuazioaren arabera finantzatzeko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da eskatzaileak hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren egiaztatuko du Animalien Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.

3. Dirulaguntza eman baino lehen, onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, zeinaren aipagai izanen baitira aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte horrek ez duela berekin ekarriko onuradun bati emandako “de minimis” araubideko laguntzen zenbateko osoak gainditzea 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 EE Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta, orobat, frogatu arte aipatu erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Aurkeztu den memorian ezarri bezala egitea transhumantzia.

2. Laguntza emateko kontuan hartu diren betebeharrak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea organo emailearen aurrean, larreetara egindako mugimenduei buruzko osasun gidak aurkeztuz eta oinezko transhumantzia dela adieraziz.

3. Administrazioko teknikariei ustiategi transhumantera iristeko erraztasunak ematea, hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez egiazta dezaten.

4. Ibilbidea GPS edo eguneko kokapenen bidez justifikatzea, zeinak adieraziko baitira egunen araberako ibilbidearen deskribapenean (II. eranskina): Egin beharreko transhumantziaren deskripzio-memoria.

5. Onuradunak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz komunikatu beharko dizkio egunen araberako ibilbidearen inguruko aldaketak, gertaeraren berri izan eta 10 eguneko gehieneko epean. Ibilbide hori oinezko transhumantziaren deskripzio-memorian adierazten da, laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko horretan.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Ezertan galarazi gabe onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Abeltzainei abereen taldearen transhumantziaren gastuen zati bat estaltzeko eman beharreko laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, transhumantzia egin dela frogatu ondoren. Hori justifikatzeko, larreetara egindako mugimenduei buruz egiten diren osasun gidak egiaztatuko dira, non oinezko transhumantzia zehaztuko baita. Egiaztatuko da laguntza emateko baldintzak betetzen direla pagatu baino lehen.

2. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa jasotzeko, onuradunek, eskaeraren urteko urriaren 15ean beranduenez, ordainketa-eskaera (III. eranskina) aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta.

3. Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Laguntzen helburua (hau da, transhumantzia) bete dela justifikatzeko, administrazio kontrolak eginen dira: geolokalizaziorako GPSak analizatuko dira, oinezko ibilbidea zehazten duten transhumantzia gidak egiaztatuko dira, eta ikuskapenak eginen dira bertatik bertara.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, betiere errespetatzen badira Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritako mugak (erregelamendu horrek zehazten du nola aplikatu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei nekazaritza sektorean).

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eginen dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

II. ERANSKINA

Egin beharreko transhumantziaren deskripzio-memoria (PDFa).

III. ERANSKINA

Jarduera bukatu izanaren komunikazioa Ordainketaren eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2006030