147. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

87/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren18ko 54/2019 Foru Agindua, zerga berezien xedeko produktuen kontabilitatea nola eraman arautzen duena.

Koronabirusak (COVID-19) sortu duen osasun krisiak ekarri du, 2020ko martxoaren erditik, hainbat neurri hartzea, hurrenez hurren. Neurri hauek askotarikoak dira eta haien xedea da krisiak Espainiako gizartean eragin dituen ondorioak arintzea.

Zergen arloan, Nafarroako Foru Komunitateak foru lege-dekretu batzuk onetsi ditu, zeinen bidez neurriak sartu baitira koronabirusak (COVID-19) sortu duen osasun krisiaren ondorioak arintzeko. Hartu diren neurrien artean, bat izan da zerga arloko zenbait epe etetea, baita zenbait zerga aitorpen eta autolikidazio aurketzeko eta diru-sarrerak egiteko epea luzatzea ere.

Hala ere, beharrezkoa da beste neurri batzuk ezartzea, zergapekoek haien zerga eginbeharrak borondatez betetzen segi dezaten, kontuan harturik COVID-19ak eragin dituen ondorioek eragozpenak ekarri dituztela egoera ekonomiko eta sozialean, eta eragozpen horiek, askotan, galarazten dutela aipatu eginbeharrak betetzea.

Alarma egoera deklaratzeak ekarri ditu mugitzeko zailtasunak eta zenbait sektoreren eta eragile ekonomikoren gelditzea. Horrek, zalantzarik gabe, zailtasun zuzen bat suposatu du kontabilitateko idazpenak bidaltzeko eginbeharra betetzeko (uztailaren 7ko 1165/1995 Foru Dekretuak onetsi zuen Zerga Berezien Erregelamenduaren 50. artikuluak ezartzen du eginbehar hori) Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez.

Beraz, azaroaren 18ko 54/2019 Foru Agindua aldatzen da (zerga berezien xedeko produktuen kontabilitatea nola eraman arautzen duena), 2020. urteari dagozkion kontabilitateko idazpenak bidaltzeko epea handiagotzeko, eta aipatu foru aginduaren 6. artikuluak ezartzen duen aukera gauzatu ahal izateko, kontabilitateko idazpenak bitarteko elektronikoen bidez bidali ahal izateko, zergapekoek daukaten barne-kontabilitatearen sistematik abiaturik.

Kontabilitateko idazpenak bidaltzeko epea nabarmen zabaltzeak, foru agindu honetan biltzen den bezala, ezin du ekarri zerga administrazioaren kontrol-eskumenak txikiagoak izatea; beraz, idazpenak epe zabalduan bidaltzeko asmoa duten zergapekoei malgutasun handia ematen zaienez eginbehar hori betetzeko, beharrezkoa da, bitarteko aldian, 2019ko abenduaren 31ra arte indarra duten kontabilitateko betebeharrei eustea, baita 2020. urtean zehar eragiketa-aitorpenak aurkezteko betebeharra ere. Horrekin bat etorriz, azaroaren 18ko 54/2019 Foru Aginduaren lehen xedapen iragankorra aldatzen da.

Nafarroak foru agindu hau onesteko duen eskumena Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan oinarritzen da. Hitzarmen Ekonomikoaren 35.5 artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, Foru Komunitateari dagozkion zerga berezien ordainarazpenean, Estatuko lurraldean unean-unean indarra duten oinarrizko printzipioak, arau substantiboak eta formalak aplikatuko ditu, eta, zerga berezien arloko arauak eman arte, honakoak aplikatuko dira Nafarroan: Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea, eta Zerga Berezien Erregelamendua, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Ekonomia eta Ogasunaren kontseilariaren azaroaren 18ko 54/2019 Foru Aginduaren lehen xedapen iragankorra aldatzea , (foru agindu horrek zerga berezien xedeko produktuen kontabilitatea nola eraman arautzen du).

Azaroaren 18ko 54/2019 Foru Aginduaren lehen xedapen iragankorrak testu hau izanen du:

“Lehen xedapen iragankorra.–2020. urteari dagozkion kontabilitateko idazpenen bidalketa egiteko betebeharra.

1. Kontabilitatea Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez eramateko betebeharra duten establezimenduek 2020ko ekainaren 1etik 2021eko urtarrilaren 15era bitarte egin beharko dute 2020. urteari dagozkion kontabilitateko idazpenen bidalketa.

2. Aurreko apartatuan xedatutakoaz baliatzen direnek bete beharko dituzte Zerga Berezien Erregelamenduaren 50. artikuluan aurreikusitako kontabilitateko betebeharrak, 2019ko abenduaren 31n indarra zuen artikulu horren idazketaren arabera, bai eta erregelamendu horren 44.5 artikuluan aurreikusitako eragiketen gaineko aitorpena aurkeztu ere. 2020ko abenduaren 31ra arte edukiko dute horretarako. Bestela, erregelamenduzko kontabilitatea Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez eramaten dutenek likidazio epea amaitzen denean bete beharko dituzte betebehar horiek, baldin eta epe hori 2020ko abenduaren 31 baino lehenago bada.

Ondorio hauetarako, hauek izanen dira erregelamenduzko kontabilitatea Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez eramaten dutenak: 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako eragiketa eta prozesu guztiei dagozkien kontabilitateko idazpen guztiak zerbitzu elektroniko horien bidez bidali dituztenak.

3. Kontabilitatea Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez eramateko betebeharra duten eta 1. apartatuan xedatutakoaz baliatu nahi duten establezimenduek, foru agindu honen 6. artikuluan aurreikusten den aukera gauzatzen ahalko dute 2020ko irailaren 30era arte.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako eraginekin.

Iruñean, 2020ko ekainaren 29an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2006878