143. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

28/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 16koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, “Memoria duten paisaiak” III. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia eta haren oinarriak onesten dituena eta 2.000 euroko gastua baimentzen duena.

Nafarroako Artxibo Garaikidearen Atalak, txosten batean, proposatzen du “Memoria duten paisaiak” III. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia egitea, Nafarroako eskola-paisaiei buruz. Lanak aurkezteko epea irailaren 6an amaituko da. Hori helburu, eskatzen da onets daitezela III. argazkilaritza-lehiaketaren oinarriak, zeinak argitaratuko baitira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kultura Departamentuaren web-orrian: www.culturanavarra.es/eu. Guztira, 2.000 euroko gastua ezartzen da: deialdiaren oinarrien arabera, kopuru horretatik 1.500 euro (BEZa barne) lau sari ordaintzeko dira, eta 500 euro (BEZa barne) epaimahaikideei pagatzeko. Epaimahaikide horiek dira lanak ebaluatzeko izendatutakoak, deialdiaren oinarrietako 6. puntuan jasotakoarekin bat.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea “Memoria duten paisaiak” III. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia, Nafarroako eskola-paisaiei buruz, eta haren oinarriak. Oinarriak foru agindu honen eranskinean daude.

2. Guztira, 2.000 euroko gastua baimentzea: 1.500 euro sariak ordaintzeko eta 500 euro epaimahaikideei pagatzeko. Diru kopuru horiek honela banatuko dira: Saridunei ordaintzekoak diren 1.500 euro “Memoria duten paisaiak III. argazkilaritza-lehiaketaren sariak” izeneko 21002 A2220 4809 332100 partidaren kargura, eta epaimahaikideei ordaintzekoak diren 500 euro “Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordea” izeneko A21002 A2200 2279 332100 partidaren kargura. 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak dira bi partida horiek.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren webgunean (http://www.culturanavarra.es/eu) ere egonen dira eskuragai.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

MEMORIA DUTEN PAISAIAK III. ARGAZKILARITZA-LEHIAKETA

“Nafarroako eskola-paisaiak”

Antolatzailea: Nafarroako Artxibo Garaikidea.

Nafarroako Artxibo Garaikideak “Memoria duten paisaiak” proiektua berritu du, eta III. argazkilaritza-lehiaketa antolatu, aurten “Nafarroako eskola-paisaiak” gaiari loturik, herritarrak irudien bidez sentsibilizatzeko, bai eskola-eraikin zaharrek duten ondare-balioaren gainean (horietako batzuek gaur bestelako erabilerak dituzte), bai Nafarroako instalazio eta ikastetxe berriek dutenaren gainean.

OINARRIAK

1.–Gaia.

Aurkezten diren argazkiek lotura izan beharko dute eskola-eraikinekin edo hezkuntzako instalazio eta zentroekin, baina eraikuntza horiek zerikusia izan beharko dute Nafarroan XX. mendearen hasieratik hona izan den paisaia aldaketarekin.

2.–Lehiatzaileak.

18 urtetik gorakoek hartzen ahal dute parte.

Antolakuntzarekin zerikusia duten pertsonek ezin izanen dute parte hartu, ezta haien ahaideek ere.

Lehiakide bakoitzak gehienez ere hiru irudi aurkezten ahalko ditu: irudi original eta argitaragabeak.

3.–Aurkezpena.

Dokumentazioa gutun-azal itxian aurkeztuko da; gutun-azal bat lehiaketara aurkezten den argazki bakoitzeko. Hartan adieraziko da lehiaketara aurkezten den argazkiaren izenburua eta, gainera, bi gutun-azal izanen ditu barruan:

1. gutun-azala:

Kanpoko aldean, argazkiaren izenburua agertuko da bakar-bakarrik.

Barruan DIN A4 neurriko orri bat sartuko da, datu pertsonalak izanen dituena (izen-deiturak, NANa, jaioteguna, helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa); gainera, han adieraziko da lehiaketara aurkezten den irudia zer tokitan egina den (helbidea, herria...).

2. gutun-azala:

Kanpoko aldean, argazkiaren izenburua agertuko da bakar-bakarrik.

Gutun-azalaren barruan, aurkezten den argazkia egonen da. Argazkiaren euskarriaren atzealdean, aukeratutako izenburua agertuko da, ez besterik.

Argazkia izengabea izanen da, eta ez da egonen gutun-azalaren barruan ez kanpoan argazkiaren egilea identifikatzen ahal duen inolako daturik, salbu eta izenburua bera.

Argazkiak honelakoak izanen dira: argazki-paperaren gainean dauden originalak; zuri-beltzekoak edo koloretakoak; 30 x 40 cm-ko neurria dutenak eta markorik gabeak.

Argazki bakoitza egonen da euskarri zurrun batean ezarrita (luma-kartoia edo horren antzekoa), zeinak 30 x 40 cm-ko neurria izanen baitu nahitaez.

4.–Epea.

Lanak aurkezteko epea 2020ko uztailaren 1ean hasiko da, eta irailaren 6an bukatuko, 14:30ean.

5.–Non aurkeztu.

Lanak behar bezala babestuko dira, materialak kalterik izan ez dezan, eta bertara joanda edo posta ziurtatuaren bidez aurkeztuko dira, Kultura eta Kirol Departamentuaren Erregistroan (Navarrería kalea 39 - 31001 Iruña) edo Nafarroako Artxibo Garaikidearen egoitzan (Superser eraikina; Zaragozako errep., 3. km, 3. solairua - 31191 Cordovilla, Galar). Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.

Antolakuntzak emanen du hartu izanaren agiri bat.

6.–Epaimahaia.

Entitate deitzaileak izendatuko du epaimahaia, eta hura osatuko dute argazkilaritzako bi profesionalek eta Nafarroako Gobernuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko bi kidek. Aurkezten diren argazkiak baloratzean, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

–Lehiaketaren helburuak betetzen diren.

–Argazkigintzako teknika.

–Konposizioaren originaltasuna.

7.–Sariak.

Epaimahaiak egindako balorazioaren arabera emanen dira sariak, eta haren erabakia apelaezina izanen da.

Lehenbizikoa: 700 euro.

Bigarrena: 400 euro.

Hirugarrena: 200 euro.

Epaimahaiak eman gabe utz dezake sari bat, edo bat baino gehiago, hala iruditzen bazaio.

Argazki sarituak eta lehiaketara aurkezten diren beste argazki hautatu batzuk erakusketa batean erakutsiko dira, osasun inguruabarrek uzten badute behintzat. Bestela, Nafarroako Artxiboak webgunearen bidez eginen da erakusketa.

4. sari bat ere egonen da, 200 eurokoa, eta emanen zaio ikusleek –erakusketako 15 argazki aukeratuen artean– botoen bidez hautatzen dutenari; esan bezala, erakusketa hori eginen da fisikoki (ikusleak bertara joanda) eta sare sozialen bidez.

Epaimahaiaren epaia Nafarroako Gobernuaren atarian jarriko da, http://www.culturanavarra.es/eu, 2020ko irailaren 18an. Bertan adieraziko da non eta noiz emanen diren sariak, eta noiz hasiko den erakusketa; halaber, “ikusleen saria” hautatzeko botoak zer epetan eta nola eman azalduko du. Azken sari hori erakusketa bukatutakoan emanen da.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoak %19ko atxikipena izanen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

8.–Obrak eta egile-eskubideak.

Parte-hartzaileen ardurapekoak izanen dira aurkezten diren obren egiletza eta originaltasuna; halaber, haien ardura izanen da ez egotea hirugarren pertsonen eskubiderik argazkien gainean.

Lehiaketa honetan esku hartzen dutelarik, parte-hartzaileek atxiki eginen dituzte aurkeztutako obren gaineko beren eskubideak. Sustapen ekintza guztietan adierazi eginen da nortzuk diren erabilitako argazkien egileak.

Nafarroako Artxibo Garaikideari baimena ematen zaio hautatako argazkiak eta haien egileak argitaratzeko bere webguneetan, sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen dituen bide guztietan.

Finalera iristen diren argazki guztiak sartuko dira Nafarroako Artxibo Garaikidearen funtsetan. Hautatzen ez diren argazkiak jasotzen ahalko dira Nafarroako Artxibo Garaikidearen egoitzan (Zaragozako errepidea, 3. km, 31191 Cordovilla, Nafarroa) astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.

9.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Artxibo Garaikideak konpromisoa hartzen du bere eginkizunetan betetzeko datu pertsonalen babesari buruz indarra duen araudia; bereziki, apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua , Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta gainerako xedapen osagarriak.

Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikuluan eta Datuak Babesteko Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hau jakinarazten zaie lizitatzaileei:

–Lehiaketan parte hartzean eman dituzten datuak Nafarroako Artxibo Garaikideak hartuko dituela tratatzeko, haien parte-hartzea kudeatzeko eta etorkizunean ere parte-hartzailearekin komunikatzeko.

–Haien datu pertsonalak ez zaizkiela hirugarrenei lagako aldez aurretik horretarako berariazko baimenik eman gabe.

–Harremanetan jar daitezkeela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko datuak babesteko ordezkariarekin, Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzaren bidez, zeina Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago.

–Datu pertsonalak jakinaraztea legezko baldintza dela lehiaketan onartua izateko; egin ezean, kanpo geldituko direla.

–Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, eskubidea dutela datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko; eta, horretarako, idatzizko eskaera zuzendu behar zaiola datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, legeria indardunak ezarritako moduan.

–Datuak indarreko araudi administratiboak eskatzen duen arte gordeko direla.

–Datuak babesteari dagokionez, eskubidea dutela datuen babesari buruzko erreklamazioa egiteko Datuak Babesteko Bulegoan.

10.–Oharrak.

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek osorik onartzea.

Informazio gehiago, hemen:

Nafarroako Artxibo Garaikidea.

Zaragozako errepidea, 3. km. 31191 Cordovilla (Nafarroa).

Telefonoa: 848429721.

Helbide elektronikoa: archivo.administracion.informacion@navarra.es

Webgunea: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Turismo+ocio+y+cultura/Archivos/Archivos/Archivo+Administrativo+de+Navarra/Donde+estamos.htm

Iragarkiaren kodea: F2006164